Pasaiako portuko kanpo ditxoa

Wikipedia, Entziklopedia askea


Jaizkibelgo labarra, kanpo portua egin nahi den tokia

Pasaiako portuko kanpo ditxoa, Pasaiako kanpo portua edo Pasaiako kanpo kaia Pasaiako Portuko Agintaritzak Jaizkibelgo itsaslabarrean —Pasaiako udalerrian— eraiki asmo duen portu instalazioa da. Eztabaida handia eragin du, ea inbertsio handi hori egiteko beharrik ba ote den, eta ea Europar Batasuneko garrantzizko leku izatea proposatzeko eta Natura 2000 sarean sartuta izateko adinako natura balioak dituen toki hori[1] zenbateraino hondatuko lukeen.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pasaiako Portuko Agintaritzak Pasaiako portuko kanpo ditxoa deritzo proiektu horri; proiektuaren aurka gehien nabarmendu den ekologista taldeak (Jaizkibel Bizirik) Pasaiako kanpo kaia deritzo;[2] hedabideetan, berriz, Pasaiako kanpo portua, Pasaiako superportua edo Jaizkibelgo superportua izenekin agertu ohi da, nahiz eta Pasaiako Portuko Agintaritzako lehendakari den Miguel Buenek superportua denik ukatu duen;[3] era berean, 2010ean proiektuari eman zitzaion tamaina txikiagoa dela eta, badirudi superportu izenak oinarria galdu duela kritikoen artean ere.[4] Ekoportua ere deitu zion Pasaiako Portuko Agintaritzak, 2008ko dokumentu batean.[5]

Proiektuaren azalpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010eko urtarrilean Donostialdeko Lurralde Plan Partzialaren hasierako onespenerako aurkeztutako kanpo-ditxoaren bertsioetako bat.

Kanpo portua egiteko lehenengo asmoak XX. mendearen bukaeran azaldu ziren arren, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Pasaiako Portuko Agintaritzako lehendakari zela eman zitzaion bultzada proiektuari, Juan Jose Ibarretxe buru zuen Eusko Jaurlaritzaren babesarekin,[6] Espainiako Erresuman portuetako azpiegituren eraikuntzak neurriz gaineko hazkundeko burbuila bat izan zuen garaian.[7] Pasaiako portua txiki geratu zela eta badia barruan tokirik geratzen ez zela argudiatuz, Espainiako Sustapen Ministerioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz Jaizkibelgo itsaslabarrean portu berria eraikitzeko proiektua lantzeari ekin zion. Egitasmo horren bitartez, Jaizkibelgo itsaslabarrean kaiak eraikiko lirateke, eta Pasaiako badia barruko kaietan beste jarduera ekonomiko batzuk egingo lirateke: besteak beste, kirol portuak, etxebizitzak, parkeak, dendaguneak eta bestelakoak eraikiko lirateke, gaur egun portuarenak diren lurretan. Halaber, bi tunel egingo lirateke Jaizkibel mendiaren pean, kanpo portura errepidez eta trenez heldu ahal izateko.[8] Pasaiako Portuko Agintaritzaren asmoa da kanpo ditxoa egiteko lanak 2013. urtean hasi eta 2020an burutzea.[9]

Miguel Buenek 2010eko otsailean eginiko adierazpenen arabera, kanpo ditxoa egiteak gizarteari ekarriko dizkion abantaila nagusiak bi dira:[3]

  1. Hotsa, hautsa eta arriskua dakarten jarduerak hirigunetik aldentzea.
  2. Lanpostuak sortzea: urtean 5.000 lanpostu, eraikuntza lanek iraungo duten 10-15 urtean; eta 1.500 lanpostu berri.

Kostuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010. urtearen erdialderaino lantzen aritu ziren diseinuarekin, kostua 1500 milioi euro izango zela kalkulatu zen, portuak azalera lehorreko 200 hektarea izanik eta 3.200 metroko babes dikea izanik. Portu jardueraren «aurreikuspen baikorregiak» erabili zituztela eta, ordea, 2010eko ekainean, Pasaiako Portuko Agintaritzako Administrazio Kontseiluak erabaki zuen kanpo ditxoa txikiagoa egitea: azalera lehorreko 100 hektarea eta 2.800 metroko babes dikea. Diseinu berriarekin, kostua 750 milioi euro izango dela kalkulatu da.[9]

Administrazio Kontseiluko kideen artetik, kanpo ditxoa egitearen alde daudenak izan ziren aldaketa horren alde bozkatu zutenak: PSE-EE, EAJ eta Hamaikabat alderdietakoak —dela Aldundiko ordezkarien, dela udaletako ordezkarien bidez—, bai eta Eusko Jaurlaritzako, ADEGIko eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberako ordezkariak ere. Kanpo portua egitearen aurka daudenak izan ziren aldaketaren kontra bozkatu zutenak: ELAko ordezkaria, LABeko ordezkaria eta Lezoko alkatea.[9]

Kanpo ditxoa egitearen ingurumen kostua, berriz, urteko 172 milioi euro izango da, ingurumenaren gaineko eragin txikiena aurresaten duen hipotesia betetzen bada; eragin handieneko hipotesia betez gero, ordea, urtean 535 milioi euro izango da ingurumen kostua. Hala zehaztu da Euskal Herriko Unibertsitateko, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko eta Balear Uharteetako Unibertsitateko bost irakaslek eginiko azterketan.[10]

Pasaiako Portuko Agintaritzaren txostena (2010eko iraila)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pasaiako Portuko Agintaritzak, 2010eko irailean, proiektuari buruzko txostena aurkeztu zuen. Bost hautabide aztertu ziren:[11]

  • Zero hautabidea (esku-hartzerik ez): Pasaiako portuko oraingo konfigurazioa eta jarduteko era ez luke aldatuko, eta oraingo portu jarduera osorik mantenduko luke.
  • Lehenengo hautabidea (beste portuekiko lankidetza): hiri ingurunearekin bateragarri ez diren jarduera hauts-sortzaileak eta gogaikarriak inguruko beste portu batzuetara eramango lituzke, bereziki Bilboko eta Baionako portuetara.
  • Bigarren hautabidea (oraingo portua hobetzea eta ondoan jarduera logistikorako eremua eratzea): Pasaiako portua oraingo toki berean mantenduko luke, oraingo trafikoekin lan egingo luke, eta portuaren inguruan jarduera logistikorako eremua eratuko luke, portuari laguntzeko eta oraingo biltegi ahalmena handitzeko.
  • Hirugarren hautabidea (portu berria, Jaizkibelgo itsasbazterrean, 170 hektareakoa): Pasaiako Portuko Azpiegituren 2008ko Plan Zuzendariaren testuan (IBERINSA enpresak idatzia) proposatutako hautabidea.
  • Laugarren hautabidea (portu berria, Jaizkibelgo itsasbazterrean, 100 hektareakoa): IBERINSA enpresak 2010ean idatzitako Modificaciones al Estudio de Agitación y Maniobras de una 1ª Fase de la dársena exterior de Pasaia dokumentuan aurkeztua eta Pasaiako Portuko Agintaritzako Administrazio Kontseiluak 2010eko ekainean onartua.

Txostenak laugarren hautabidearen alde egiten du, ekonomia onurarik handiena hautabide horrexek ekarriko duela irizten baitio.

Proiektua onartzeko izapideen egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Ingurumen Ministerioak ingurumenaren gaineko eraginari buruzko onarpena eman zain dago orain proiektua.[6] 2009. urtearen hondarrean, ministerio horrek Pasaiako Portuko Azpiegituren Plan Zuzentzailearen Ingurumen Ebaluazio Estrategikorako Erreferentzia Dokumentua eman zuen. Dokumentu horretan oinarrituta, Portuko Agintaritzak Ingurumen Sostengagarritasunaren Txostena eman zuen 2010eko irailean (ikus aurreko atala); eta, txostena aztertuta, Ingurumen Ministerioak bere irizpena eman behar du orain, ea kanpo ditxoaren proiektua behin betiko onartzen duen.[12]

Espainiako Ingurumen Ministerioaren irizpenetik jakin ahal izan denez, kanpo ditxoa egitearen oso aurkakoa da.[13] Ingurumen Ministerioak dioenez, «ez dirudi portuko trafikoak kanpo ditxoa egitea justifikatzen duenik»;[14] kanpo ditxoa egiteak eragin «nabarmena eta ezin itzulizkoa» izango luke Jaizkibelen dauden Europar Batasunaren garrantzizko lekuetan; eta eragiketa «sostengaezina» da, ekonomiaren ikuspegitik.[13] Ondorio gisa, Ingurumen Ministerioaren irizpenak esaten du bigarren hautabidea dela egokiena (hau da, oraingo portu instalazioak hobetzea, Lezo-Gaintxurizketan plataforma logistikoa eratzea, eta Herrera onbideratzea): «itsasoko eta lehorreko jabaria babestearen ikuspegi hertsitik, komenigarri deritzogu bigarren hautabidean sakontzeari. Izan ere, itsasbazterreko kanpo lur zerrendan aurrez dagoen egoerari aldaketarik gabe eusteko aukera ematen du, badia onbideratzen laguntzen du, eta portu jarduera garatzearekin bateragarri diren trafiko bolumenak (2030. urtea) lortzearen alde egiten du».[13][14]

Antxon Olabe ekonomialariaren ustez, «mahai gainean jarri den gogoeta sailarekin, pentsatzekoa da ingurumen balioztapena proiektuaren aurkakoa izango dela. Nire ustez, horixe litzateke ekonomia arrazionaltasunaren, ingurumen sostengagarriasunaren eta herri honi buruzko etorkizunezko ikuspegi modernoaren garaipena. Gipuzkoako lurralde historikoaren eta Euskal Herriaren oparotasunerako oinarriek ez dute zer ikusirik kostaldeko gune baliotsuenetakoa eta ongien kontserbatu direnetakoa zementuz estaltzearekin. Hobe da okerreko noranzkoan apustu egiten ez jarraitzea».[14]

Proiektua egin edo ez, Gipuzkoako Aldundiaren erabakia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martin Garitano buru duen Gipuzkoako gobernuak erabakiko du kanpo ditxoa egin edo ez

Espainiako Ingurumen Ministerioaren txostena kontra izan arren, une hartan Gipuzkoako ahaldun nagusi zen Markel Olanok esan zuen, hala ere, proiektua inoiz baino indartsuago zegoela eta «oztopoak ingurumen eskakizun guztiak betez» gaindituko zituela. «Azken ingurumen oztopoa gaindituko dugulako ziurtasuna agertu nahi dut», adierazi zuen Olanok. Haren iritziz, bateragarriak dira kanpo ditxoa eraikitzea eta ingurumen eskakizunak betetzea.[15]

2011ko ekainaren hasieran, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak duela Pasaiako Portua Antolatzeko Plan Berezia izapidetzeko eskumena. Izan ere, Pasaiako eta Lezoko alkateek errekurtsoa aurkeztua zuten, eskumena udalena zela onartzea eskatzeko.[16] Bien bitartean, ordea, Gipuzkoako gobernua EAJren eskuetatik (Markel Olano buru zela) Bilduren eskuetara igaro zen (Martin Garitano buru dela); hau da, kanpo portua egitearen aldeko izatetik, kontrako izatera pasatu zen.

2011ko urriaren 5ean, Gipuzkoako Batzar Nagusiak Pasaiako kanpo kaiaren proiektuen alde (eta Euskal Y-aren alde) azaldu ziren, EAJk, PSEk eta PPk horren alde bozkatu baitzuten; «horrela, Pasaiako badia erabat berritzeko eta portuko jarduera ekonomikoari eusteko aukera legoke» adierazi zuten.[17][18] Bi egun geroago, ordea, Gipuzkoako Aldundiak adierazi zuen ez dituela proiektu horiek abiatuko, «herrialdea ekonomikoki jota utzi dutelako. [...] Kanpo kaia eta antzeko makroproiektuak ez dira inola ere behar, baina Gipuzkoako ekonomia horretan oinarritu nahi izan dute. Ez da onargarria krisi garaian horrelako azpiegitura handiak proposatzea. PP, EAJ eta PSEk lehengo akats bera egin dute». Diputazioaren ustez, «interes ekonomiko pribatuak» daude horrelako azpiegituren atzean, eta horretarako diru publikoa erabili nahi dute. Gipuzkoako gobernuarentzat, beste batzuk dira lehentasuneko egitasmoak; Pasaiaren kasuan, badiaren berreskuratzea, «bertako herritarren erabakiak errespetatuta».[19]

Erakunde publikoen jarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo portuaren kokalekua izango litzatekeena: Jaizkibelgo labarra. Atzealdean, Pasaiako badiako sarrera ageri da.

Hasieratik, proiektuaren alde izan dira Eusko Jaurlaritza (nahiz Juan Jose Ibarretxe, nahiz Patxi Lopez lehendakari izanik) eta Gipuzkoako Foru Aldundia (2011ko ekainaren 23raino, nahiz Roman Sudupe, nahiz Joxe Joan Gonzalez de Txabarri, nahiz Markel Olano ahaldun nagusi zirenean), eta proiektuaren aurka Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila (Sabin Intxaurraga sailburu zenean), Gipuzkoako Foru Aldundia (2011ko ekainaren 23tik, Martin Garitano ahaldun nagusi izanik), Lezoko Udala eta Pasaiako Udala.[6][20] Beraz, alderdi politikoez den bezainbatean, proiektuaren alde ageri dira EAJ, Hamaikabat eta PSE-EE; eta proiektuaren aurka ageri dira Aralar, Bildu, EA, Ezker Batua - Berdeak eta legez kanpo utzi den ezker abertzalea.[21][6][22][23][24][25][18]

Espainiako Gobernuak, berriz, ez du joera jakinik (nahiz eta bere Ingurumen Ministerioak, gorago aipatu denez, proiektua ingurumenerako oso kaltegarritzat eta ekonomiarako sostengaezintzat jo duen behin baino gehiagotan), eta Gonzalez de Txabarri aldekotasun horixe lortzearren aukeratu omen zuten Pasaiako Portuko Agintaritzako lehendakari:

« La elección del ex diputado general de Gipuzkoa en julio de 2007 ya supuso una apuesta del Gobierno de Ibarretxe por la nueva dársena pasaitarra.

Con amplia experiencia como diputado y bien considerado en Madrid, el anterior Ejecutivo autonómico buscó aprovechar las buenas relaciones de González de Txabarri con el Ministerio para relanzar el proyecto.

»
Miguel Angel Mata: «Miguel Buen, nuevo presidente del puerto de Pasajes»[6]

Erakunde publiko horietatik guztietatik, Gipuzkoako Aldundiak du Pasaiako portuko kanpo ditxoa egingo den edo ez erabakitzeko eskumena.[16] Bada, Gipuzkoako ahaldun nagusiaren kargua hartzeko hitzaldian, Martin Garitanok hauxe esan zuen:

« Pasaiako kanpo kaiaren egitasmoak Gipuzkoako jendarte sektore zabalen, eragile sozial eta politikoen aurkakotasuna jaso du. Gure ustez, amortizatua dagoen eta egun izan dituen gorabehera guztien ondorioz sinesgarritasunik ez duen egitasmoa da. Gipuzkoarren gehiengoak egitasmo hori bertan behera uzteko eskaria egiten du.[26] »

Ekologisten eta hainbat gizarte talderen kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat elkarte proiektu horren aurka azaldu da hasieratik, Jaizkibelgo itsaslabarrak BGL izendaturik eta Natura 2000 sarean sarturik daudelako, kanpo portua horrekin bateragarri ez delako, eta kanpo portuak kalte handiak eragingo lituzkeelako bai mendian bertan, bai itsaspean. Talde horietako batzuek Jaizkibel Bizirik elkartea osatu zuten 2003. urtean. Besteak beste, informazio gehiago eskatzen diete Administrazio publikoei; eta, proiektuak ingurumenari dakarkion kaltea eta eskatzen duen dirutza handia aintzat hartuta, erreferendum bidez erabaki dadila proiektua egingo den ala ez.

2007ko otsailean, Jaizkibel Bizirik elkarteak salatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak isilpean gorde zuela 2006ko martxoan bukatutako txosten bat, Documento de reflexiones sobre el Esquema de Ordenación Territorial de Pasaialdea y el Corredor Intermodal del Jaizkibel izenekoa. Txosten horretan azaltzen diren datuak aztertuta, kanpo portuaren ekonomia bideragarritasuna ez dago bermatuta; gainera, milioi bat metro koadro okupatu beharko dira kanpo portuak eskatzen dituen azpiegitura guztiak egin ahal izateko, eta horrek «Oiartzualdea kolapsatuko du».[27][28]

Jaizkibel Bizirik elkarteak dio arazoa ez dela toki falta, Pasaiako Portuko Agintaritzak egiten duen kudeaketa txarra baizik. Ekologista talde horrek dioenez, Pasaiako portuaren oraingo edukiera aski da orain arte neurtu den trafikorik handienaren bikoitza ere kudeatu ahal izateko, eta kanpo portuak izango lukeen edukiera baino handiagoa da. Jaizkibel Bizirik elkartearen ustez, Pasaiako Portuko Agintaritzak nahita eragiten ditu trabak eta oztopoak, kanpo portua justifikatzearren; arazoa da gaur egungo portu instalazioak ez direla ondo aprobetxatzen. Izan ere, txatarraren eta siderurgiako gaien biltegi erraldoitzat erabiltzen da, bi hilabetez baino luzaroago gordetzen baitira hor.[29] Beraz, kanpo kaia egitea «diru publikoa xahutzea» dela deritzo ekologista elkarte horrek.[30]

ELA, LAB, EHNE eta ESK sindikatuek ere kritika gogorrak egin dizkiote kanpo kaiaren proiektuari:[31]

  • Egungo portua aski da: «Ohikoa da Portuan ainguratutako itsasontzi gutxi ikustea eta kaiak hutsik ikustea, denbora luzez pilatutako zamekin». Proposatzen den portuaren «neurri izugarria» ez dator bat ez edukiontzien gaur egungo trafiko «eskasarekin», ez eta «itsas autopistarekin» ere. Ideia horrekin bat etorrita, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde izandako Ibon Galarraga ekonomialariak dio Pasaiako Portu Agintaritzak kanpo ditxoa ekonomikoki bideragarria dela esateko egindako azterketak ez duela inolako oinarririk —adibidez, Pasaiako zentral termikorako ekartzen den ikatz kantitatea bikoiztuko dela aurreikusten du (egiaz, ikatz kantitate hori gutxitzeko planak egin dira)—, eta diru hori bestelako inbertsioetara bideratzea askoz onuragarriago litzatekeela pasaiatarrentzat eta gainerako euskal herritarrentzat.[32]
  • Kanpo kaiaren eraikuntzak «negozioa» du helburu bakar, eta salgaien biltegi eta jarduera kutsatzaileen kokaleku izango da.
  • Kanpo kaiak lanpostuak sortzeko aurreikuspenak «faltsuak eta oinarririk gabekoak» dira. Horretan bat dator Javier Belza ingurumen ekonomialaria.[33]

Greenpeaceren esanetan, kanpo portua egiten baldin bada, portu espekulazioko beste kasu bat litzateke, hau da, gutxi batzuek irabazi handia egingo lukete, lurzorua bereganatuz eta hor eraikiz. Ekologista talde horrek dioenez, ez dago kanpo portuaren bideragarritasuna oinarritzen duen ekonomia arloko daturik, eta Sustapen Ministerioak aukera bakarra baizik ez luke aintzat hartu behar: zero hautabidea, hots, kanpo porturik ez eraikitzea eta oraingo portu eremua berrantolatzea.[34] Gainera, Greenpeacek dioenez, kanpo portua oso kutsagarria izango da, izango dituen energia instalazioengatik, eta Pasaiako portuak bere abantaila nagusia galduko du: olatuen aurrean orain duen babes naturala. Izan ere, Sustapen Ministerioko Obra Publikoen Azterketa eta Esperimentaziorako Zentroaren (CEDEX) azterlanak ikusirik, olatuek eraginda urtean 79 egunetaraino ere bere jarduera eten beharko du kanpo portuak. Beraz, kanpo portuarekin, trafikoa gehitu beharrean, oraingo trafikoa galtzeko arriskua du Pasaiako portuak.[35]

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak eta Oceana elkarteak (itsasoen kontserbazioaz arduratzen den nazioarteko erakunderik handiena) adierazi dute Pasaiako kanpo portua «legez kanpokoa eta inkoherentea» dela. Pasaiako Portu Agintaritzarekin bat datoz Pasaiako hiri ingurunea oso hondatuta dagoela, batez ere salgaien joan-etorriak egiten duen hotsagatik, zama lanetan botatzen den hautsagatik, eta zentral termikoak sortzen duen kutsaduragatik; eta lehenbailehen esku hartu behar dela egoera sostengaezin horri aurre egiteko. Hala ere, arrazoitu dute Pasaiako Portu Agintaritzak aukeratutako proiektuak ez duela justifikaziorik, eta ingurumenaren babeserako Europar Batasuneko arauak eta nazioarteko hitzarmenak urratzen dituela.[36]

Jaizkibel Bizirik elkarteko kideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo portua ez egitearen aldeko taldeen artetik, Jaizkibel Bizirik nabarmendu da bereziki. Kide hauek ditu: WWF/Adena Gipuzkoa; Haritzalde Natur Taldea; Eguzki; Ekologistak Martxan; Superportuaren aurkako Taldea; Berdeak EG; Mutriku Natur Taldea; Itsas Enara Ornitologi Elkartea; Club Vasco de Camping; Jaizkibel Mendi Taldea; Badia; Lezoren Alde; Aukera; Aralar; Ezker Batua - Berdeak; AuB; Batasuna; EHAK; ELA; LAB administrazioa; AHTren aurkako Asanblada; AHT Elkartzen; Lezoko Gazte Asanblada; Gazterri; Gaztaño auzo elkartea; Oiartzualdeko EHE; Lezo Bizirik; Girizi mendi taldea; Batasuna kirol elkartea; Euskal Itsas Elkartea; Oreretako Elkartzen; Arraguako goiko eskola; Lasarte-Oria Bizirik; Tiñelu elkartea; Zintzilik Irratia; Txintxarri.[37]

Jaizkibelgo eta Uliako itsas eremua babesteko proposamena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak, Euskal Izurde eta Balezaleen Elkarteak eta Oceana itsasoen kontserbaziorako nazioarteko elkarteak proposamen zientifikoa aurkeztu dute, Uliatik (Donostia) Biarritzeraino bitarteko kostaldeko itsas eremua babes dadin, Natura 2000 Sarean itsasoko igarobide ekologikotzat sartuta. Proposamen horren barruan, Ulia eta Jaizkibel bitarteko itsaslabarrei, zehazki, berebiziko balioa aitortu diote, eremu horretan —Euskal Herriko itsasbazterraren alderik gehien-gehienetan ez bezala— natura inguruneak gizakiaren ia eraginik gabe iraun duelako, artifizial bihurtu gabe, egoera erdi-birjinean, urbanizatze jarduera oso txikiarekin; eta horri esker Europar Batasuneko eta nazioarteko legeetan babestu beharrekotzat jotzen diren hainbat aberastasun dituelako. Proposamen horrekin, habitatak oneratzea eta itsas espezieak (bai arrantzakoak, bai babestuak) ugaritzea lortuko litzateke.[38]

Txostenean ageri da Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua beren helburuak betetzetik oso urruti dabiltzala, itsasoko bioaniztasuna babesteari buruz, Euskal Autonomia Erkidegoan, Europar Batasunean eta nazioartean natura babestearren onartu diren arauak eta hitzarmenak aintzat hartuta. Bada, eremu hori babesteak helburu horiek betetzen lagunduko luke.

Pasaiako kanpo portuko aferaren kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pasaiako kanpo portuko aferak honako kronologia izan zuen:[39]

  • 2012. Kanpoko kaia egiteko plana bertan behera uzteko eskatu zuen aldundiak urtarrilean.
  • 2014. Pasaiako portuko kanpo ditxoa egiteko proiektua erretiratu egin zuen Portuko Agintaritzak.[40]. Urte berean, irailaren 25ean, Pasaiako Portu Agintaritzako administrazio kontseiluak Azpiegituren Egitasmo Zuzentzailea bertan behera uztea erabaki zuen, beraz, ez zuten kanpo porturik edo superporturik egingo Pasaian[41].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Natura 2000 Sarea EAEn: Jaizkibel, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurugiro Saila.
  2. Kanpo kaiaren mehatxua, Jaizkibel Bizirik taldearen webgunea.
  3. a b Entrevista con Miguel Buen en Suplemento Especial El Diario Vasco (06.02.2010) para el Consejo Europeo de Competitividad», Pasaiako Portuko Agintaritzaren webgunetik hartua.
  4. Xabier POMBO GONZALEZ (Ezker Batua - Berdeak alderdiaren zinegotzia, Pasaiako Udalekoa): «De 'superpuerto' a 'txiki puerto'», Noticias de Gipuzkoa, 2010-07-16.
  5. «La Autoridad Portuaria de Pasajes presenta al Consejo de Administración las alternativas de desarrollo futuro», Pasaiako Portuko Agintaritzaren webgunetik hartua.
  6. a b c d e Miguel Angel MATA: «Miguel Buen, nuevo presidente del puerto de Pasajes», Diario Vasco, 2009-06-17, Pasaiako Portuko Agintaritzaren webgunetik hartua.
  7. María FERNÁNDEZ: «Los puertos pagan sus excesos», El País, 2014-10-17.
  8. Pasaiako portuko kanpo dartsenara sartzeko informazio estudioa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean.
  9. a b c Fernando SEGURA: «Aprobado el puerto reducido», Diario Vasco, 2010-06-24, Pasaiako Portuko Agintaritzaren webgunetik hartua.
  10. David HOYOS, Pere RIERA, Javier FERNANDEZ-MACHO, Carmen GALLASTEGUI eta Dolores GARCIA: Valuing environmental impacts of coastal development projects: a choice modelling application in Spain, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Aplikatua III (Ekonometria eta Estatistika) Saila, 2008. ISSN: 1134-8984.
  11. Informe de Sostenibilidad Ambiental del Plan Director de Infraestructuras del Puerto de Pasaia, Pasaiako Portuko Agintaritza, 2010eko iraila.
  12. Pepe SIMANCAS: «Medio Ambiente insta a que el Plan Director detalle la regeneración de la bahía pasaitarra»[Betiko hautsitako esteka], Noticias de Gipuzkoa, 2009-10-28.
  13. a b c Mikel ORMAZABAL: «El Ministerio de Medio Ambiente da un varapalo al puerto exterior», El País, 2011-04-26.
  14. a b c Antxon OLABE: «Dársena exterior de Pasaia. Más cemento no, gracias», El País, 2011-05-09.
  15. «Espainiako Ingurumen Ministerioak Pasaiako kanpoko portuaren aurkako txostena egin du»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2011-04-26.
  16. a b «El TSJPV falla que la Diputación es competente en el puerto de Pasaia»[Betiko hautsitako esteka], Gara, 2011-06-04.
  17. «Gipuzkoako Batzar Nagusiak AHTaren eta Pasaiako kanpo kaiaren alde azaldu dira»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2011-10-05.
  18. a b «Batzar Nagusiek AHTa eta Pasaiako portua nahi dituzte»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2011-10-06.
  19. «Gipuzkoako Aldundiak ez ditu "herrialdea ekonomikoki jota" utzi duten proiektuak abiatuko»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2011-10-07.
  20. Mikel ORMAZABAL: «Un estudio de la Diputación cuestiona la necesidad del puerto exterior de Pasajes», El País, 2005-01-23.
  21. Mikel ORMAZABAL: «EA rechaza el puerto exterior de Pasajes y propone coordinarse con Bilbao y Bayona», El País, 2010-01-23.
  22. Nagore BELASTEGI: «Pasaiako kanpo portua ez eraikitzeko sinadura bilketa jarri dute abian»[Betiko hautsitako esteka], Gara, 2010-07-01.
  23. «H1! Oarsoaldeak ezker abertzalearen udalen paralizazioa salatu du»[Betiko hautsitako esteka], Hamaikabaten webgunetik hartua.
  24. A. URIONA eta M. ORMAZABAL: «Todavía a tiempo de salvar la costa», El País, 2008-01-10.
  25. Sabin INTXAURRAGA: «Pasaia: ¿Es necesario el puerto exterior?», 2004-04-07. Ekologistak Martxan taldearen webgunean eskuragarri.
  26. «Intervención íntegra de Martin Garitano», Gara, 2011-06-23.
  27. «Denuncian que por el puerto exterior se ocupará 1 millón de m2 para transporte», Diario Vasco, 2007-02-10. Txostenaren azalpen laburra.
  28. Osina Talde Ekologista: «Un estudio de la Diputación confirma que el puerto exterior colapsara Oarsoaldea». Txostenaren azalpen luzea.
  29. Jaizkibel Bizirik: «Konponbidea, barneko portua bateragarria izatea»[Betiko hautsitako esteka] panela.
  30. Jaizkibel Bizirik: Gure 10 arrazoiak, kanpo kaiaren aurka eta suntsiketarik gabeko biziberritzearen alde egoteko.
  31. Aitzol ZABALETA: «ELA, LAB, EHNE eta ESK sindikatuek ez dute kanpo kairik nahi»[Betiko hautsitako esteka], Oarsoaldeko Hitza, 2009-02-19.
  32. Ibon GALARRAGA: «Puerto exterior de Pasaia: argumentos para un no», Diario Vasco, 2011-11-11.
  33. «El puerto exterior de Pasaia es ilegal y no asegura puestos de trabajo», Oceanak, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak eta Pasaiako Udalak antolatutako adituen arteko bilerari buruzko prentsa oharra, 2010-12-15.
  34. Greenpeace (2010): Destrucción a toda costa 2010, Euskadi[Betiko hautsitako esteka].
  35. Greenpeace: «A la Dirección General de Costas»[Betiko hautsitako esteka], 2009-08-24.
  36. Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala eta Oceana: «El Puerto de Pasaia: 12 razones por las que es ilegal e incoherente».
  37. «Jaizkibel Bizirik hace publico un estudio de la Diputacion que considera de alta prioridad incluir los fondos marinos en el espacio protegido de Jaizkibel», Jaizkibel Bizirik elkartearen webgunetik hartua.
  38. Xavier PASTOR (proiektuaren zuzendaria): Protección de la zona marina frente a Jaizkibel y Ulia, Euskadi, Oceana, 2010eko uztaila.
  39. «Kronologia. Iritzi kontrajarrien egitasmoa», Berria, 2014-07-30
  40. «Pasaiako kanpoko portua egiteko proiektua erretiratu egingo du portu agintaritzak», Berria, 2014-07-30
  41. «Pasaiako kanpo portuaren proiektua bertan behera geratu da», EiTB, 2014-09-25

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]