Araotz

Koordenatuak: 42°59′37″N 2°27′06″W / 42.99368829°N 2.45173667°W / 42.99368829; -2.45173667
Wikipedia, Entziklopedia askea
Araotz
 Euskal Herria
Map
Kokapena
Herrialdea Gipuzkoa
UdalerriaOñati
Administrazioa
Posta kodea
Geografia
Koordenatuak42°59′37″N 2°27′06″W / 42.99368829°N 2.45173667°W / 42.99368829; -2.45173667
Garaiera461 metro
Demografia

Araotz Oñatiko (Gipuzkoa) hego-mendebaldean dagoen harana da, auzo bat egungo izendapenetan, elizate bat tradizionalki[1]. Auzo txikiagoetan bildutako baserriek osatutakoa, mendiek inguratua eta Arabako mugan dagoena.

Herri izaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960an 410 biztanle zituen, herri oso bat kontsidera zitekeen. 2020an, 62 biztanle bakarrik zituen[2]. Izatez, biztanleak hainbat etxe edo baserri ditu haranak (etxe gehiago beharbada)[3], eta oro har bizilagunekin eta zainduta daude.

Bigarren bizileku moduan funtzionatzen dute Araozko baserri gehienek 21. mendearen lehen laurdenean, Oñatin eta oro har Debagoienean kooperatiba eta gainerakoetan lana eta bizibidea topatu dutenentzat; asko Araozkoak jatorriz[4]. Ondorioz, biztanle urriek adieraziko luketena baino biziagoa dirudi haranak; bide, etxe eta inguruak zainduta daude. Larre zainduak ikusten dira, baina oso gutxi nekazaritzarako landuak (ez bada ortu txikiren bat etxeren batek kontsumo propiorako). Abeltzaintza gehiago ikusten da: ganadua, ardiak, behorrak…

Alkate bat badu Araotzek. Lau urtean behin ardura duen alkate horrek proposatzen du hiru laguneko zerrenda bere burua ordezkatzen, eta hiru horiek elkartzen dira euren artean hurrengoa nor izango den adosteko.

20. mendean auzolana oso ohikoa zen, baina istripu larriak eta heriotzak ere izan ziren zenbait lanetan, adibidez frontoiaren 1950eko hamarkadako eraikuntzan. Gaur egunean, kontratupeko lana nahiago dute, eta auzolana egiten denean, aseguru egoki batekin[4].

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabarekiko mugan dugu hegoaldean, zehazki Ozeta, Larrea eta Axpuru herriekin mugan, Elgeako mendilerroak Araotzekin banatzen dituelari: mendi hauei Arabako Mendiak esaten zaie Araotzen hain zuzen[4]. Ekialdean Arantzazu eta iparraldean Urrexola auzo oñatiarrak eta ipar-mendebaldean Mendiola (Eskoriatza) mugakide ditu.

Hain zuzen ere, kokapenagatik bide nagusietakoa zen Arabako Lautada eta Gipuzkoa lotzeko. Halaber, mugalarien bide ohikoa izan zen, batez ere Gerra Zibilaren osteko hamarkadetan[5].

Errepide bidezko sarrera Oñatiko aldetik du, Jaturabe izeneko arroila eta parajetik barneratzen da bidea haranera.

Auzuneak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araotz auzune txikiago hauek osatzen dute:

  • Elizondo: Erdigunea da. Eliza, pilotalekua, bolalekua, eskola zaharra eta elkartea bertan daude. Honen gainean Uriarte eta azpian Jausoro eta Ugaran daude.
  • Ugaran: Perratokia, errota eta zubi interesgarriarekin, garbitoki hondatua dauka errekan. Jausoro eta Zubia artean dago, Elizondoren azpian. Toki Eder, Mantxuena, Zumalde, Errekakoaundia, Elortondo, Errementarikoa eta Errekaondo baserriek osatzen dute.
  • Jausoro: Txantonena eta Txurdiñena baserriekin, Elizondora errepidez igotzeko azken auzunea da. Ugaranen ondoan dago.
  • Zubia: Ugaran eta Madinako bidegurutzearen ondoan. Aitzulorako bidean dugu. Burdinazko gurutzea dago bidegurutze zaharrean, eta aldamenean Errotabarri Saratxo errekaren ertzean dago, Uriarte zerrategia eta atezainaren etxea inguruan dituelarik. Zubia Lopena, Gontzaluena, Zubia Erramuena, Erramuenatxiki, Enparantzakoa, Txantonbalduena, Argiñena eta Gorrena baserriek osatzen dute, Otaloratxiki, Otaloraundi eta Otalorako zelaiekin batera.
  • Madina edo Maiña: Zubia auzotik ekialderantz, Araotz erreka eta Jaturabe urtegiaren buztana zubi batetik zeharkatuz igotzen da Madinara. Madinabeitiazpikoa, Madina Txikia, Azkoitiena, Madinazpikoandia eta Madinagarikotxikia baserriek osatzen dute. Arrikrutz kobazuloen gainaldean dago kokatuta, San Juan Artia eta Mikeleteen etxea zeuden tokiaranzko bidean.
  • Araotz Urruti edo Aratzurti: Araotzeko iparraldean dago, Araozta edo Aitzgainerako bidean. Etxatxo, Txopena, Etxebarritxiki, Amiamena eta Araotzurrutigoitikoa baserriek osatzen dute.
  • Agerre: Elizondo eta Aizkorbetik gora dagoen auzunea da, Santa Krutzeko baselizaren bidean. Bertan dago Elorza jeneralaren jaiotetxea. Agirregoikoa eta Agirrebekoa dira beste bi baserriak.
  • Aizkorbe: Herriaren mendebaldean dago, Andarto mendiaren bidean edo Agerreranzkoan. Elizondotik gora dagoen azken auzunea da. Garbitoki dotorea dauka. Aizkorbegoitikoa, Migelenaundia, Aizkorbe Aldekoa, Untzueta eta Aizkorbeazpikoa baserriek osatzen dute.
  • Uriarte edo Uxarte: Elizondo eta Aizkorbe artean dagoen auzunea da. Txomena, Uriarte Azpikoa, Oruetagaraikoa, Errastikoa eta Uriartegaraikoa baserriek osatzen dute.
  • Gerneta: Herriaren hegoaldean dago kokatuta, gainalde batean.

Inguru naturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auzoaren ingurune naturala oso menditsua da, ohiko abiapuntua izanda iparralderantz Orkatzategi (874 m), hegoalderantz Elgeako Aumategi (1.191 m) eta mendebalderantz Andarto (1.076 m) tontorrera eta Deguria aldera igotzekoa.

Bestalde, aipatzekoak dira haitzean egindako leiho handi ikusgarria, Aitzulo izenekoa, Sandailiko edo Artixa errekako urtegitik gertu dagoena, eta Santa Krutz edo Ugastegiko baseliza.

Arrikrutzeko kobak publiko orokorrarentzat ikusgai daude 2007tik.

Uraren ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako ubideei jarraituz egindako ibilbide ederra da, Araotz inguratzen duena: Hegoaldeko muturrean karobi zahar bat dago, eta aurrera jarraituz gero Elgeako mendietara edo Usabakotxena igarobidera joaten da. Iparralderantz, bidea pasatzen da Espillamendi azpitik, Txirikillalekutik alde batetik Santa Krutz baselizaraino, edo bestetik Ugastegira. Hortik aurrera iparralderago Liñatza eta Orkatzategiko estazio megaltikoa dago, eta ekialderantz Araoztako urtegia (Aitzgain), hortik ubide zaharrak jaisten direla Urrexola auzora bestaldean.

Araoztatik ekialderago Aitzulo ezaguna dago, eta hortik behera Zubia auzunea, Ugaran eta Elizondo. Elizondotik Santa Krutzera igo daiteke zuzenean Agerretik edo Aizkorbetik igaroz, eta hortik Agerrera.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araozko Manuel Goitia[6] (Ahotsak[7] proiekturako)

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Debagoieneko hizkera[8] da bertakoa, mendebaldeko euskalkiaren[7] aldaera. Araozko hizkerak, ordea, herriko hizkeran agertzen ez diren ezaugarri bereziak ditu.

Ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bitoriano Gandiagak, Arantzazuko fraide frantziskotarra, auzoko abestiak, bertsoak eta bestelako ahozko materiala bildu zituen 1965 eta 1968 artea, eta Paulo Agirrebaltzategik liburua kaleratu zuen 2012an ondare honekin, "Araozko kantuak eta kontuak: Bitoriano Gandiagak araoztarren ahotatik batuak".[9] Bost ataletan dago banatuta: "Kantu-kantari", "Kontu-kontari", "Bertso-sortari", "Araoztarren ohiturak eta sineskerak" eta "Araozko pandero-joleen zazpi kanta".

Araozko jaiak Trinitateak dira, data mugikorrekoak, Bergarako Pazkoak izan eta astebetera egiten dira.

San Joan egunez ohitura zen San Migel elizan erruda eta apioa eramatekoa bertara kutun zintzilikario batzuetan sarturik, eta apaizak bedeinkatzen zituen, sorginkeria eta gaiztakeriaren kontra[4].

Eguberrian "Gabon-batzea" izeneko ohitura berreskuratu dute 21. mendean, auzune guztietan zehar egiten den ibilaldia da, Olentzero eta Mari Domingi irudikatzen dituztenekin batera baserriz baserri kantuka joaten dena, trukean jana, edaria eta dirua jasoz.

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Araotzeko urtegia edo Jaturabe: XX. mendearen hasieran egindakoa eta Olateko zentral hidroelektrikoarekin lotuta dagoena. Arrikrutzeko bidegurutzea pasa eta Araotzerantz bidea hartuta, urtegiaren burua 200-300 metrotara dago.

Araoztar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «RELACIÓN DE LOS CURAS DE GUIPUZCOA» www.iztueta.com (Noiz kontsultatua: 2021-08-15).
  2. Eustat. «Biztanleria Gipuzkoako biztanleria-entitateka, sexuaren, adin-taldeen eta naziotasunaren arabera.» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-15).
  3. «Araotz Auzoa » Oñati » Gipuzkoa» b5m.gipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-15).
  4. a b c d e Urkia, Jose Angel; Fernandez, Luistxo. «Araotz eta Oñatiko beste auzo batzuetan» Eibar.ORG | Eibarko peoria (Noiz kontsultatua: 2021-08-15).
  5. «ARAOTZ - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-16).
  6. «Erdara ezin ikasi - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  7. a b «Mendebalekoa - Bizkaiera - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  8. «Debagoienekoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  9. "Gandiagak Araotzen jaso zituen kantu, bertso eta ipuinak argitaratu dituzte" (Berria, 2012/06/28.[Betiko hautsitako esteka]
  10. «Uraren bidea - Gipuzkoa Natura» Gipuzkoa Natura (Noiz kontsultatua: 2021-08-06).[Betiko hautsitako esteka]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa