Avril Lavigne

Wikipedia, Entziklopedia askea
An13saBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 22:28, 22 urtarrila 2016
Avril Lavigne, 2013
Avril Lavigne, 2013
Datuak
EzizenakAv, Avie, Abbey, Pop-punk printzesa
JaioterriaBelleville, Ontario, Kanada Kanada
Jaiotza data1984ko Irailaren 27an (39 urte)
Musika motaPunka, pop rocka, rock alternatiboa
TresnakAhotsa, gitarra, bateria eta pianoa
Urteak1998 — gaur egun
DisketxeakSony BMG, RCA eta Arista (azken hau 2002-2005 bitarte)
Webguneawww.avrillavigne.com

Avril Ramona Lavigne-Whibley (Belleville, Ontario, Kanada, 1984ko irailaren 27a[1]) mundu mailan famatu den abeslari, konposatzaile eta moda diseinatzailea da. 32 milioi album baina gehiago saldu ditu bere karreran zehar, eta kanadiar dirudunetarikoen zerrendetan berehala lortu zuen tokia.

Biografia

Avril Bellevillen jaio zen. Bere aita, John, izatez frantziarra da eta bere ama, Judy, Ontarion finkatutako frantziar batzuen alaba. Bi urte besterik ez zituenean, bere talentua nabaritzen hasi ziren gurasoak, eta bost urte bete zituenean, Napanee herrira aldatzea erabaki zuten, bertan alaba koro batean kantari has zedin. Gitarra bere kabuz ikasi zuen, akorde basikoak besterik ez baziren ere.

1998. urtean Avrilek kanadiar abeslarien txapelketa bat irabazi zuen.

Cliff Fabri izan zen bere lehenengo managerra eta bertako abeslari famatu bat presentatu ondoren, honen koroan abesten hasi zen 2000. urterarte.

Hamasei urte besterik ez zituelarik, Ken Krongard managerrarekin kontratu bat sinatu zuen, eta bere lehenengo diska plazaratu zuen, Let Go, 2001. urtean.

2006ko uztailaren 17an Deryck Whibley abeslari kanadiarrarekin ezkondu zen. 2009ko irailaren 19an, tamalez, dibortziatu egingo zirela plazaratu zuten. Gaur egun, Avrilen bikotea Brody Jenner da. Deryck Whibleyrekin, ordea, ez du harremana guztiz galdu: biok lagun onak dira, eta Deryckek abesti asko idazten lagundu dio azken urteotan, horietariko asko Goodbye Lullabyn argitaratuak izan direnak.

Musika

Let Go (20022003)

Let Go diska (euskaraz, bertan behera utzi) 2002ko ekainaren 4ean plazaratu zen AEBn. Bertan, bigarrengo postua lortu zuen musika zerrendetan; lehenengoa Australia, Kanada, Erresuma Batua eta beste hainbat herrialdetan. Britainia Handian lehenengo postua lortu zuen abeslari gazteena izan zen.

Urrezko eta platinozko diskak lortu zituen album honi esker. Plazaratzea eta sei hilabetetara, 13.197.000 kopia saldu zituen mundu osoan, eta platinozko lau diska lortu zituen. Urteko diska salmenta kopuru handiena izan zen emakumezko abeslarien artean.

Lau single ditu Let Go-k: Complicated, Sk8er Boi, I'm With You eta Losing Grip.

Abestirik famatuena Complicated izan zen, eta mundu osoan zehar lehenengo postu ugari eskuratu zituen. Abesti sarituena, ordea, I'm With You da, AEBtan izugarrizko arrakasta izan baitzuen.

Let Go albumak MTV bideo eta musika sarietan hainbat sari lortu zituen 2002. urtean, eta "Artista berri onena" bezala izendatua izan zen Avril Lavigne honi esker.

Mundu mailako tour bat aurkeztu zuen Avrilek diska honentzat, Try To Shut Me Up Tour deiturikoa.

Under My Skin (20042006)

Avril Lavigne Genevako kontzertuan, Bonez Tourrean, 2005ean.

Avrilen bigarren diska, Under My Skin deiturikoa (euskaraz, nire azalaren azpian), 2004ko maiatzaren 25ean plazaratu zen AEBn. Lehenengo postua lortu zuen diskoarekin AEBn, Alemanian, Japonian, Australian, Kanadan, Mexikon, Argentinan, Espainian, Irlandan, Thailandian, Hego Korean eta Hong Kongen, gutxi batzuk aipatzearren. Lehenengo astean jada 380.000 ale saldu zituen AEBtan.

Bigarren diska hau ez zuen bere kontura atera, abestiak idazten Chantal Kreviazuk abeslariak lagundu baitzion, eta honenbestez Let Go-n erakutsitako pertsonalitatea aldatu zuen, ospea handiagotzeko oztopo izan ez bazen ere.

Bost single plazaratu zituen disko honetan: Don't Tell Me, My Happy Ending, Nobody's Home, He wasn`t eta Fall to pieces, baina lehenengo biek bakarrik lortu zuten merkatuko lehenengo postuetan kokatzea.

Let Gorekin baino sari gutxiago lortu zituen arren, lortutakoak garrantzitsuagoak izan ziren, eta gainera diska ale gehiago saldu zituen guztira munduan.

Kanadan eta AEBn zehar tour arrakastatsu bat egin zuen bere diska aurkezteko: Mall Tourra.

Ondoren, nazioarteko tour globala ere gauzatu zuen, Bonez Tour deiturikoa.

The Best Damn Thing (20062008)

Avrilen hirugarren diska, The Best Damn Thing tituluduna (euskaraz, gauza madarikatu hoberena), 2007ko apirilaren 17an plazaratu zen.

Aurreko bi diskekiko aldaketa handia suposatu zuen The Best Damn Thingek, abeslariak bai bere irudi fisikoa bai bere abestien zentzu nahiz estiloa goitik behera birmoldatu baitzituen. Bere betiko fan ugari dezepzionatu bazituen ere, orain arte bere diska salduena izan da mundu osoan zehar.

Avril Lavigne San Petersburgoko kontzertuan, Black Star Tourrean, 2011ean.

Hauexek dira bilduma honetako lau singleak: Girlfriend, When You're Gone, Hot eta The Best Damn Thing. Girlfriend izan da, orain arte, Avrilen abesti ezagunena, salduena eta famatuena.

Aipatzekoa da Girlfriend abestiaren nahasketa arrakastatsu bat plazaratu zela, bideoklip eta guzti. Birnahasketa hau Avrilek Lil Mama hip hop abeslari estatubatuarrarekin batera gauzatu zuen.

The Best Damn Thingeko tour mundiala The Best Damn Tour izan zen.

Goodbye Lullaby (2008—gaur egun)

Goodbye Lullaby da Avrilen laugarren eta, momentuz, azken diska (euskaraz, agurraren sehaska-kanta).

The Best Damn Thingen gauzatu zuen estilo aldaketari buelta ematen saiatu da azken plazaratze honekin. Bere lehen bi bildumetan zuen estiloa berreskuratzen saiatu da. Lau disken artean, Goodbye Lullaby da akustiko eta melodikoena, dudarik gabe.

Momentuz hiru single dauzkagu Goodbye Lullabyn: What The Hell, Smile eta Wish You Were Here .

Orain amaitu berri du Avril Lavignek munduan zehar Goodbye Lullabyren tourra, Black Star Tour deiturikoa.

Diskografia

Estudio albumak
Extended plays
  • 2003: Angus Drive
  • 2003: Try to Shut Me Up
  • 2004: Live Acoustic
  • 2008: Control Room
DVDak
Singleak

Avril Lavigne Black Star Tourreko Jakartako emanaldian, Indonesian. Abbey Dawn markako kamiseta darama jantzia.

Abbey Dawn

Avril Lavignek bere arropa propioa diseinatu eta saltzen du, bai emakume bai gizonentzat. Markaren izena Abbey Dawn da. Rock arropa urbanoa eta koloretsua da gehienbat, hirietako gazteei zuzendua.

Lurrinak

Momentuz, hiru lurrin merkaturatu ditu Avril Lavignek.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Avril Lavigne Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak

  1. Avril Lavigneren biografia "musicstarx" webgunean: http://www.musicstarx.com/biografias/biografia-de-avril-lavigne