Domingo Faustino Sarmiento
Domingo Faustino Sarmiento (San Juan, 1811 - Asuncion, 1888) argentinar idazlea eta politikaria izan zen. Rosasen kontra aritzeagatik Txilera erbesteratu behar izan zuen. 1855ean, Argentinara itzuli eta, besteak beste, diputatu (1860), gobernari (1862-1864), eta errepublikako lehendakari (1868-1874) izendatu zuten. Lehendakari izan zen garaian hezkuntzaz arduratu zen bereziki, eta Europako eta Estatu Batuetako irakaskuntza-ereduetan oinarrituriko berrikuntzak egin zituen. Horrez gainera, ekonomia eta garraioak indartu eta Argentinako lehen errolda egin zen haren agintaldian. Sarmientoren idazlanak, haren politika-jarduera bezala, ideia liberaletan oinarrituak dira, eta garai hartako Argentinako bizimoduaren deskribapen bikainengatik dira batez ere aintzat hartuak. Haren lanetako batzuk: Facundo (1845); Viajes (1849); Recuerdos de provincia (1850); eta La vida de Dominguito (1886).
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.