Paraguai

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Paraguaiko Errepublika
República del Paraguay
Tetä Paraguáype
Paraguaiko bandera
Bandera

Paraguaiko armarria
Armarria

Goiburua: Paz y justicia
( Bakea eta Justizia )
Nazio ereserkia:
Paraguayos, República o Muerte
( Paraguaiarrak, Errepublika eta Hil )
Paraguai: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Asunción
25°16′S 57°40′W / 25.267°S 57.667°W / -25.267; -57.667Koordenatuak: 25°16′S 57°40′W / 25.267°S 57.667°W / -25.267; -57.667
Hizkuntza ofiziala(k) Gaztelania eta Guaraniera
Gobernua
Presidentea
Presidenteordea
Demokrazia ordezkatzailea
Federico Franco
-
Independentzia
- Aldarrikatua
Espainiatik
1811ko maiatzaren 14a
Eremua
• Guztira
• Ura

406.752 km² (59.)
% 2,3
Biztanleria
• Zenbatespena(2005)
• Dentsitatea

Herritarra

6.347.884 (100.)
15 biztanle/km² (161)

paraguaiar
Dirua Guarani (PYG)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
UTC (UTC -4)
Bai (UTC -5)
Interneteko domeinua .py
Telefono aurrezenbakia +595

Paraguai[1] (izen ofiziala: Paraguaiko Errepublika, eta gaztelaniaz: República del Paraguay) Hego Amerikako erdialdeko estatua, itsasbazterrik gabekoa, Paraguai ibaiaren bi ertzetan kokatua. Mugakide ditu Argentina hego eta hego-mendebaldean, Brasil ekialdean eta Bolivia ipar eta ipar-ekialdean. Hiriburua Asuncion da.

Herrialdearen izenak "itsasora doan ura" esan nahi du guaranieraz, hitz hauetatik eratorria: para (itsasoa), gua (-ra, -tik) eta y (ura). Guaranieraz, Asuncion hiriburua bakarrik izendatzeko erabiltzen da; gaztelaniaz, aldiz, herrialde osoa izendatzeko.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paraguai bitan zatitzen duen Paraguai ibaia.
Chaco eskualdeko landaredia.

Paraguai ibaiak lurraldea bi eskualde geografikoki desberdinetan banatzen du: ekialdeko eskualdea (Paraguay Oriental) edo Paraná ibaiaren eskualdea, eta mendebaldeko eskualdea (Paraguay Occidental) edo Chaco Handia eskualde idorra. Chaco Handiko ibai nagusia Pilcomayo da, Paraguai ibaiaren adar nagusia eta Paraguairen eta Argentinaren arteko hego-mendebaleko muga eratzen duena. Behe-ibilguan istingadi zabal bat eratzen du Pilcomayok. Gainerako ibai gehienak Chacoko lur irazkorretan barneratzen dira, itsasoratu gabe.

Ekialdeko eskualdean zabaldiak daude, baina mendi garaiak ere badira, batez ere Brasilgo mugan: Amambai eta Mbaracaiu mendikateak (880 m). Gran Chaco, aldiz, lautada handi batek osatzen du, estatuaren %60 hartzen duena. Ibai nagusiak Paraguai eta Paraná dira, eta haien ibaiadarrekin estatuan mugak eta komunikabide nagusiak osatzen dituzte. Paraguaiko hirien gehiengoa, hiriburua barne, ibaiertzetan daude, eta ibai-portu nagusiak dira.

Paraguai ibaia Hego Ameriketako ibai handienetako bat da: iparraldetik hegoaldera mila kilometro inguru egiten ditu Paraguaiko lurraldean zehar, eta Parana ibaian isurtzen du ura, hegoaldeko mugatik hurbil. Oso gainezkaldi luzeak izaten ditu, eta urpean geratzen diren eremu zabalak zingira bihurtzen dira. Iparraldean eta hegoaldean Paraguaiko iparraldeko eta hegoaldeko muga egiten du Paraguai ibaiak. Parana ibaiak, berriz, Paraguairen eta Brasilen arteko muga-lerroa egiten du ekialdean eta hegoaldean. Parana ibaiaren egitura dela eta, haitzarte estuan sartua, indarretxe handiak eraiki dira haren ibilguan. Parana ibaia, Paraguai eta Pilcomayo ibaiak bezala, ontziz ibiltzeko egokia da, eta, horri esker, itsasorako aterabidea du Paraguaik.

Ekialdeko eskualdean klima subtropikalaa da. Gran Chaco eskualdean, aldiz, klima tropikala da nagusi, urtaro lehor eta euritsuarekin. Paraguaiko klima beroa eta euritsua da udan (urria-martxoa), eta samurra eta lehorra, berriz, neguan (apirila-iraila). Nolanahi ere, alde handiak izaten dira lurraldearen alderdi batetik bestera. Oro har, iparraldea hegoaldea baino beroagoa eta ekialdea mendebaldea baino euritsuagoa dira. Hala, udako tenperatura 25-40 Â°C bitartekoa izaten da, eta negukoa, berriz, 10-20 Â°C artekoa. Euriari dagokionez, urtean zehar 1.700 mm euri izaten dira Parana ibaiaren inguruan, 1.200 mm Paraguai ibaian zehar, eta 500 mm edo gutxiago Chaco aldean, ipar-mendebaldean.

Euria bezala, landaredia ere urrituz doa ekialdetik mendebaldera. Oihan tropikalak hartzen ditu ekialde hezeko muino eta mendiak, eta Chaco aldeko ekialdea. Oihanean, besteak beste, zedroa, kaoba, Schinopsis lorentzii, palmondoak eta Ilex paraguaiensis edo mate-arbola hazten dira. Lautadetan sabanak hartzen du oihanaren tokia, zuhaiztiekin batera alderdi batzuetan, eta zingiretan, berriz, belar luzeak, iratzeak eta uretako landareak hazten dira. Chaco aldeko mendebaldean estepa da nagusi, lehorrera egokitutako landare eta zuhaixka arantzatsuekin.

Nekazari eta abeltzain handiak basoa soiltzen ari dira, eta, horren ondorioz, habitatak suntsitzen. Bereizketarik gabeko ehiza eta zuhaitz-mozketa direla-eta, 14 ugaztun-mota, 11 hegazti-mota eta 2 narrasti-mota desagertzeko zorian daude. Ur zikinak inolako tratamendurik gabe isurtzen dira leku batzuetan, eta kutsadura-arazo handiak daude.

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inguruko herrialdeen artean, dentsitate txikiena duena da Paraguai (11,4 biztanle kilometro karratuko). Biztanleen banaketan alde handiak daude leku batetik bestera: paraguaiarren % 96 baino gehiago ekialdean bizi dira, eta % 4 baizik ez mendebaldean. Hiri nagusiak, hiriburuaz gainera, San Lorenzo (133.300 biztanle), Ciudad del Este (133.900 biztanle), Concepcion (25.600 biztanle), Juan Pedro Caballero (80.000 biztanle) eta Fernando de la Mora (95.287 biztanle) dira. Paraguaiko biztanleen %56 hirietan bizi da, gehiengoa hiriburuko eskualdean.

Etnikoki, kulturalki eta sozialki, Paraguai Latinoamerikako gizarte homegeneoetakoa da. Biztanleriaren % 95 mestizoa da (batez ere espainiar eta guaranien oinordekoak). Biztanleen % 75 gaztelaniaz hitz egiten du, eta % 90ek guaraniera ulertzen du[erreferentzia behar], estatuko bi hizkuntza ofizialak. Badira ere alemaniarren, japoniarren, korearren, txinatarren, arabiarren eta brasildarren oinordeko ugari, han kokatu eta beren hizkuntzak gorde dituztenak. Guaraniera etxean erabiltzen da, eta merkataritza-harremanetan gaztelania. Milioi bat paraguaiar atzerrian bizi da, haietarik 200.000 inguru, arrazoi politikoengatik erbesteratua. XX. mendearen erdialdean, Paraguaiko biztanleen % 35 analfabetoa zen; egun, % 8. Bizi-itxaropena, XX. mendearen bukaeran, 69 urtekoa zen.

Paraguaiko biztanleria (milakotan)

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako espedizioak gaur egungo Paraguaiko lurraldera iritsi baino lehen, guaraniak bizi ziren Paraguai eta Parana ibaien artean. Portugaldarrak iritsi ziren lehenbizi, 1524an, Brasildik barrena Aleixo Garciaren gidaritzapean. Bi urte geroago, Sebastian Cabot italiar itsasgizonak Parana ibaian gora egin zuen harainoko bidea. 1537an Juan Salazar de Espinosa espainiarrak Santa Maria de la Asuncion gotorlekua eraiki zuen Paraguai ibaitik hurbil. Asuncion hiria Hego Ameriketako espainiar konkistatzaileen erdigune bilakatu zen. Domingo Martinez de Irala gipuzkoar konkistatzailearen gobernupean, Asuncionetik abiatu ziren Santa Fe, Corrientes, Villarrica, Santa Cruz de la Sierra eta beste hiri batzuk sortu zituzten espedizioak, eta 1580an Buenos Aires berriro eraikitzera abiatu zena, mestizoz eta espainiarrez osatua.

XVII. mendean, jesuitek beren gain hartu zuten indiarrei kristau-ikasbidea erakusteko eta Espainiaren aginpidera makurrarazteko agindua. Eginkizun horretarako, Jesusen Lagundiak 32 barruti (reducciones) sortu zituen mende eta erdi batean. Guztira, 100.000 indiar inguru bizi izan ziren autonomia osoa izatera iritsi ziren barruti horietan. Asunciongo lurjabeek, ordea, lur eta langile gehiago nahi zituzten. Hori zela eta, gerra piztu zen lurjabeen eta jesuiten artean, jesuitei indiarrekiko nagusitasuna kendu nahi baitzitzaien. Gerrak 1721etik 1735era iraun zuen. Jesuitak atera ziren garaile zortzi mila guaranik Buenos Airesko gudarosteari Asuncion hartzen lagundu baitzioten. Nolanahi ere, 1750ean Espainiak eta Portugalek lurralde horiek bi herrialdeen artean banatzea erabaki zuten, Espainiak beldurra baitzion jesuitek iritsitako ahalmenari. Geroago, Espainiak bere aginpideko lurralde guztietatik jesuitak egotzi eta frantziskotarrei eta koroaren ordezkariei utzi zizkien jesuiten mendean ziren lurrak. Harrezkero, lur horien oparotasuna gainbehera etorri zen. Guaraniak, edo lurjabeen mendean geratu, edo oihanera joan ziren ihes. Jesuiten jokaerari esker, guaraniera ez zen galdu, Ameriketako beste herrietako bertako hizkuntzekin gertatu zenaren kontra.

1776an Espainiak Rio de La Platako errege-ordezkaritzaren hiriburua izendatu zuen Buenos Aires, eta Asuncion hiriburu berriaren mendean geratu zen. 1810ean Buenos Airesek burujabetasuna aldarrikatu zuenean, Asuncionek uko egin zion hiri harekiko morrontzari eta, portugaldarren laguntzarekin, aurre egin zien Buenos Airestik hiria hartzeko bidalitako gudarostearen erasoei. 1811ko maiatzean, Paraguaik burujabetasuna aldarrikatu zuen. Asunciongo batzordeak José Gaspar Rodríguez de Francia legegizona izendatu zuen Paraguaiko errepublikako diktadore. Francia diktadoreak, Gorena deitua, hil arte izan zuen aginpidea (1840). Urte horietan, Paraguaik ez zuen ia harremanik izan kanpoko herrialdeekin nazioaren izaera eta askatasuna sendotzearren, baina nekazaritzaren erreforma egin zen, eta heziketa hedatu. 1844an, Carlos Antonio Lópezen lehendakaritzapean, Paraguaiko lehen konstituzioa onartu zen. Urte horietan kanpo-harremanak sendotu ziren, lehen industriak sortu eta gudarostearen azpiegitura indartzeko lanak egin ziren: burdinbidea, merkataritza eta gerra-ontzidia, telegrafoa, gotorlekuak eta soldaduentzako erietxeak. Brasilek, 1844an, eta Buenos Airesek, 1852an, Paraguairen burujabetasuna onartu zuten.

Aliantza Hirukoitzaren Gerra (1864-1870)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Aliantza Hirukoitzaren Gerra

C. A. López 1862an hil zenean, haren seme Francisco Solano Lópezek hartu zuen lehendakaritza. Uruguaiko zurien eta gorrien arteko gerra zibila zela eta, Brasil, aginpidea lortzeko matxinatu ziren gorrien alde, Uruguain sartu zen. Paraguaik gudarostea bidali zuen Uruguaiko zuriei laguntzera, baina Argentinako gobernuak igarobidea ukatu zionean gerra piztu zen. Brasilek, Argentinak eta Uruguaik gorriak garaile zirelarik bat egin zuten Paraguairen aurka. Oso gerra latza izan zen, eta horren eta bien bitarteko kolera izurritearen ondorioz, Paraguaiko biztanleria oso urritu zen. Brasilgo gudarostea 1876an atera zen Paraguaitik. Gerra ondoren, bi alderdi nagusi eratu ziren: Alderdi Gorria, kontserbadore eskuindarra, eta Alderdi Liberala. Mende-bukaera bitartea,n alderdien arteko liskarrak, gerra zibilak eta estatu-kolpeak izan ziren Paraguain. Gorriak 1887tik 1904ra izan ziren aginpidean. Urte horretan bertan, matxinada baten bidez, liberalek hartu zuten aginpidea, gero hogeita hamar urtez gorde zutena.

Chacoko Gerra (1932-1935)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Chaco lurraldeko mugak zehaztu gabe zirela eta, Boliviak, itsasorako aterabidea bilatu nahian, Paraguai ibairaino zabaldu nahi izan zituen bereak. Bi herrialdeen gudarosteak, indiarrez osatuak gehienbat, hiru urtez borrokatu ziren Chacon. 100.000 paraguaitarretik gora hil ziren gerran. Gerra hasi baino urte batzuk lehenago, petrolioa aurkitu zuten Chacon, eta, Estatu Batuek, hango hobiak ustiatzeko zituzten interesak zirela eta, esku hartu zuten gerra amaitzeko. Paraguaik Chaco lurraldearen hiru laurdenak gorde zituen. Gerraz gero, gudarosteak esku handia izan du Paraguaiko gobernuan.

1936tik aurrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936an Rafael Franco koronelak hartu zuen aginpidea. 1939ko hauteskundeetan Estigarribia, Chacoko gerrako heroia, atera zen garaile. 1940an, hegazkin-istripu batean hil zen Estigarribia, eta hurrengo urteetan diktadore askoren mendean izan zen Paraguai. XX. mendearen erdialdetik aurrera Paraguairen eta Brasilen arteko harremanek hobera egin zuten. XX. mendearen lehen erdian, 31 urtean 32 lehendakari izan ondoren Paraguain, 1954an Alfredo Stroessner jeneralak indarrez hartu zuen aginpidea. Stroessnerrek oposizio legala baizik ez zuen onartu. Askotan, berak hautatzen zituen oposizioko buruzagiak, eta zazpi aldiz hautatu zuten lehendakari, azkenekoz 1988ko otsailean. Stroessner alemaniar jatorrikoa zen, nazismoaren mireslea, eta Europatik ihes egindako gerra-kriminalak babestu zituen. 1985 inguruan, jeneralaren erregimena Hego Ameriketako diktadura luzeena bakarrik geratzen hasi zen, demokrazia bidea hautatu zuten Hego Ameriketako beste herrialde batzuen artean, eta oposizio indartsua sortu zen: Langileen Sindikatu Arteko Mugimendua, indiarren aldeko erakundeak, Lurrik gabeko Nekazarien Batzar Iraunkorra, eta Nekazari Emakumeen Koordinadora, besteak beste. Eliza katolikoa ere aldaketa eskatzen hasia zen. 1989ko otsailaren 3an, Andrés Rodríguez jeneralak kargutik bota zuen Stroessner, eta berak hartu zuen aginpidea. Berehala, hauteskundeetara deitu zuen, maiatzerako. Eta agindu bezala egin ziren.

1989tik aurrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1989ko maiatzaren 1eko hauteskundeetan oposizio guztiak parte hartu zuen, alderdi komunistak izan ezik, legez kanpo baitzegoen oraindik. Rodríguez jeneralak (inguru hartako droga-trafikoaren giltza nagusietako bat) irabazi zituen hauteskundeak, botoen % 68 eskuratuta. Oposizio-talde nagusiak Alderdi Erradikal Liberal Benetakoak botoen % 21 eskuratu zituen. Hauteskundeetan Alderdi Gorriak, aginpidea zuenak, iruzurra egin zuela salatu eta frogatu bazuen ere, oposizioak demokratizazio-prozesu baten abiapuntutzat hartu zituen hauteskundeak. Ekonomian, nazioarteko enpresak soja eta kotoiaren handizkako produkzioan hasi ziren. Atzerritik joandako enpresa eta kolono gehienak Brasilgo mugan daude bilduta, 1.200 kilometro luze eta 65 kilometro zabal den lur-zerrenda batean. Han portugesez hitz egiten da, eta Brasilgo dirua erabiltzen da. Uste da 350.000 brasildar inguru daudela mugaldean bizitzen. Caazapa eta Caaguazu aurrerabidean jartzeko proiektuak, Mundu Bankuaren laguntza duenak, indiarren lurrak okupatzea eta abeltzaintzarako eremu bihurtzea dakar, indiarrak leku jakin batzuetara zokoratzen baititu. Hamabi bat indiar elkartek Biltzar Nazional Konstituziogilean ordezka zitzala eskatu zioten Central Unitaria de Trabajadores (CUT) sindikatuari. Biltzar horretarako diputatuak hautatzeko hauteskundeetan, 1991ko abenduan, CUTek Konstituzioa Denontzat mugimenduari eman zion botoa. Brasilgo mugan eraiki zen Itaipuko urtegi erraldoia martxan jartzeak bi herrialdeen arteko loturak estutu zituen. 1991ko ekainean, lehen hauteskunde libreetan, Alderdi Gorriak atzera egin zuen, eta indar politiko berri bat azaldu zen indartsu: Asuncion Denontzat mugimendu independentea. Mugimendu horretako buruzagiak, Carlos Filizzola medikuak (31 urte zituen), CUTen eta zenbait gizarte-erakunderen babesa zuen. Carlos Filizzola Asunciongo alkate hautatu zuten, botoen % 35 baino gehiago eskuratuta. Bere karguaren jabe egitean, hiriko sektore herrikoien alde egingo zuela hitz eman zuen. Biltzar Nazional Konstituziogilerako hauteskundeetan, abenduan, Alderdi Gorriak botoen % 60 eskuratu zituen; Domingo Lainoren Alderdi Liberal Erradikal Benetakoa bigarren geratu zen, botoen % 29 eskuratuta, eta Konstituzioa Denontzat mugimenduak, Filizzolaren gidaritzapean, hirugarren lekua lortu zuen. 1992ko ekaineko Konstituzioak 1967koa —hau da, Stroessnerrena— ordezkatu zuen. Errepublikako presidentea, Auzitegi Gorenekoa eta Kongresukoa ez ziren konstituzio berria aldarrikatzeko ekitaldira agertu. Konstituzio berriak giza eskubideak babesteko legeak onartzen zituen, eta delitu arruntak heriotzaz zigortzea debekatzen. Armadaren barruan behin eta berriz ustelkeria-salaketak zirela eta droga-trafikoa zela eta, besteak beste, ikerketak hasi ziren. Armadako komandanteburu nagusia atxilotu zuten.

1992ko abenduan, Paraguaik, Argentina, Brasil eta Uruguaik merkatu komun bat (Mercosur) sortzeko ituna egin zuten. Ituna 1995ean gauzatu zen. 1992an guaraniera hizkuntza ofizial izendatu zuten. 1993ko maiatzeko hauteskundeetan, ustelkeria-salaketen eta Alderdi Gorria aginpidean egotea eskatzen zuen armadaren mehatxuen erdian, hautagai ofizialistak, Juan Carlos Wasmosyk, botoen % 40 eskuratu zuen. Botoa emateko eskubidea zuten 1,7 milioi paraguaitarren % 75ek eman zuen botoa. Armadak, mugan jarrita, Argentinan eta Brasilen bizi zirenei sarrera eragotzi zien. Alderdi Liberal Erradikal Benetakoak botoen % 33 eskuratu zuen, eta Bategite Nazionalak (enpresaburuen aldeko koalizio bat zen) botoen % 25. Wasmosy Paraguai independentearen 182 urteetako lehen lehendakari hautatu zibila bihurtu zen. Kongresuak aginpide zibilari eman zion aparatu militarraren kontrola. Irailean, Juduen Mundu Kongresuak Wasmosyri gobernu-artxiboak zabaltzeko eskatu zion, Bigarren Mundu Gerran Paraguain babes hartutako naziak bilatzeko. 1994an, militarrek politikan parte ez hartzeko lege bat onartu zuen Legebiltzarrak. Gobernuak eta armadak legea konstituzioaren aurkakotzat jotzeko ekintzak abiatu zituzten berehala. Hori zela-eta, oposizioak gorriekin zuen laguntza-ituna hautsi zuen. Estatu Batuek behartuta, Wasmosyk Ramón Rozas Rodríguez izendatu zuen drogaren aurkako borrokaren buruzagi nagusi.

1994an, Lino Oviedo jenerala tartean nahasten zituen txosten bat aurkeztera zihoala, Rozas hil egin zuten. Urte hartan borroka gogorrak izan ziren nekazarien eta polizien artean herrialdeko zenbait eskualdetan. Elizaren erakundeak, sindikatuak eta oposizioko alderdiak nekazarien alde egin zuten. Maiatzean greba orokorra egin zen, soldata-igoeraren eta nekazaritzaren erreformaren alde eta konpainia estatalak pribatizatzearen aurka. Gobernuak onartu egin zuen erosteko ahalmena % 42 txikitu zela azkeneko bost urteetan, eta soldaten % 35eko igoera onartu zuen. Baso-galera ikaragarriari aurre egiteko, abenduan zur-esportazio guztiak debekatu ziren. 1995eko urtarrilean, Giza Eskubideen Batzorde Nazionalak jakinarazi zuen Stroessnerren garaiko krimen asko zigorrik gabe zeudela oraindik, eta nekazari-hilketak ez zirela eten. 1996ko apirilean, lehendakariak goi-mailako zortzi militar erretirarazi zituen. Oviedo jeneralak ez zuen agindua bete, eta ofizial gazteen talde batekin kuartelean bildu zen erasorako prest. Estatu Batuetako enbaxadako bere babeslekutik, Wasmosyk defentsa-ministro izendatu zuen Oviedo, krisia amaitu nahiz, baina bere erabakia baliogabetu zuen aurrerago. Maiatzean, Alderdi Gorriak eta oposizioak militarren jarduera politikoa debekatzeko hitzarmena egin zuten. 1997ko irailean, Alderdi Gorriko barruko hauteskundeetan, Lino Oviedo hautatu zuten lehendakaritzarako hautagai (botoen % 36,8); Luis María Argañak botoen % 35 eskuratu zuen, eta Wasmosyren hautagaiak, Carlos Facettik, % 22,5.

Urrian Oviedo atxilo hartu zuten, matxinadaz akusaturik. 1998ko apirilean, auzitegi militar batek hamar urteko kartzela zigorra ezarri zion. Zigorrak ezinegona sortu zuen militar batzuen artean. Egoera politiko zalantzazkoak krisi ekonomikoa areagotu zuen, eta guaraniak % 35eko balioa galdu zuen dolarraren aurrean. Maiatzeko hauteskundeetan, Oviedo espetxean zela, Alderdi Gorriak (Raúl Cubas eta Luis Maria Argaña) botoen % 46,8 eskuratu zuen, eta Laino eta Filizzolaren Aliantza Demokratikoak, berriz, botoen % 38,3. Lehendakariaren lehenengo neurria Oviedo jenerala askatzea izan zen. Estatu-botereen arteko borroka areagotu egin zen, eta 1999ko martxoan lehendakariari epaiketa politikoa egiteko prest zegoen Legebiltzarra. Hilaren 23an, baina, uniformez jantzitako ezezagun batzuek Argaña lehendariordea hil zuten. Asunciongo kaleetan astebetez izandako borroka gogorretan hainbat pertsona hil ziren.

Cubasek karguaren dimisioa eman zuen, eta Brasilen hartu zuen babesa. Lino Oviedok, berriz, Argentinara ihes egiteko baimena lortu zuen. Kongresuko lehendakariak, Luis González Macchi-k, hartu zuen lehendakaritza bere gain, eta Alderdi Gorriko eta oposizioko kideak hartu zituen ministro izateko. 2000an, Julio César Francok irabazi zituen lehendakariorde izateko hauteskundeak. 2003an Nicanor Duarte Frutos bihurtu zen lehendakari, baina, handik bost urtera, 2008an, Alderdi Gorriak galdu egin zuen lehendakaritza, hirurogei urtez agintean egon ondoren. Fernando Lugo apezpiku ohiak hartu zuen haren ondoren lehendakaritza. 2012ko ekainaren 22an Senatuak Fernando Lugo presidente kargutik kendu zuen. Federico Francok hartu zuen haren lekua. Argentina, Ekuador, Bolivia, Dominikar Errepublika, Venezuela, Txile, El Salvador eta Costa Ricak ez zuten presidente berria onartu eta estatu kolpea izan zela salatu zuten[2].

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paraguaiko ekonomia lehen sektorean oinarritzen da, nekazaritzan eta abeltzaintzan (barne-produktu gordinaren % 26,7 eta biztanleria aktiboaren % 48,6), nahiz eta lurren zati txiki bat baino ez den lantzen. Nekazari-leku garrantzitsuenak hiriburuaren ingurua, Parana eta Paraguairen elkargunea, eta burdinbidea igarotzen den eskualdea Villarica eta Encarnacion artekoa dira: mandioka, artoa, azukre-kanabera, platanoak, kotoia eta soja lantzen dira batez ere, tabakoa, kafea, arroza eta mate belarraz gainera. Paraguai munduko soja-ekoizle eta esportatzaile handienetakoa da; soja gehiena Alto Parana eta Itapua departamentuetan egiten da, ekialdean. Abeltzaintza-leku nagusiak, berriz, Concepcion eskualdea hego-ekialdean, eta Chacoko ekialdea eta ipar-ekialdea dira. Basogintzak ere garrantzi handia du, eta zur gogorreko zuhaitz tropikal klase asko botatzen dira. Besteak beste, quebracho zuhaitza, taninoa ematen duena, eta Ilex paraguaiensis landarea, mate belarra ematen duena, ustiatzen dira. Lurpeko mea-baliabideak, berriz, ez dira oso aberatsak. Dena dela, aipagarriak dira Emboscadako manganeso hobiak, feldespato eta mikakoak Concepciónen, talko eta piroflitakoak Concepcionen eta San Migelen, eta malakita eta azuritakoak. Paraguaiko ibaien ezaugarriak ezin hobeak dira energia hidroelektrikoa sortzeko. Bi urtegi handi daude Paraguain, Acaraykoa (1976) eta Itaipukoa (1984). Bigarrena munduko zentral hidroelektriko handienetako bat da. Industriari dagokionez, manufakturek ekonomian duten pisua ez da oso handia. Lantegi gehienak Asunciongo eskualdean daude, Central eta Concepcion departamentuetan: haragia, matea, taninoa, kotoia, tabakoa eta larrua dira tradizio handieneko langintzak.

Gobernua eta gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paraguai errepublika bat da. 1976ko konstituzioaren arabera, lehendakariak du botere betearazlea. Lehendakariak Estatu-batzordearen laguntzaz gobernatzen du. Estatu-batzordea ministro-batzordeak eta gizarteko beste alor batzuetako ordezkariek osatzen dute. Lehendakariak aginpide handia du. Legegintza Kongresuari dagokio. Kongresuak bi ganbera ditu: 60 diputatu batean eta 30 senatari bestean. Kongresuko kideak, lehendakariarekin batera, bost urtez behin hautatzen dira bozka bidez. Hauteskundeetan garaile ateratzen den alderdiari Kongresuko aulkien bi herenak dagozkio. Administrazioari dagokionez, Paraguai 20 departamendutan banatua dago.

Paraguaiko biztanleek gizarte-laguntzaren babesa dute (diru-laguntza eta zerbitzu medikoak) eri direnean, haurdunaldian eta lan-istripuetan. Halaber, estatuaren laguntza jasotzen dute zaharrek, ezinduek eta umezurtzek. Osasun-zerbitzuek hobera egin dute, hirietan batez ere, baina, hala ere, osasun-egoera txarra da Paraguain: bizkarroiek eragindako eritasun kutsakorrak, elikadura-urritasunarekin batera, dira osasun-arazo nagusiak. Edateko uraren, zabor-bilketaren eta ur zikinetarako hornikuntzaren azpiegitura hiriburuaren erdialdean baino ez dago aurreratua. Haurren heriotza-tasa Ameriketako handiena da. Hezkuntza dohain eta nahitaezkoa da 7-14 urte bitartekoentzat. 1990. urteko datuen arabera, 15 urtetik gorako biztanleen % 88 alfabetatua dago. Haurren % 85ek egiten ditu lehen mailako ikasketak, baina % 20k bakarrik bigarren mailakoak. Bi unibertsitate daude. Gero eta ikasle gehiago ari da nekazaritza- eta albaitaritza-ikasketak egiten.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Paraguairen banaketa administratiboa
Paraguaiko departamenduak

Paraguai 17 departamenduk eta hiriburuak osatzen dute:

  1. Alto Paraguay (Fuerte Olimpo)
  2. Alto Paraná (Ciudad del Este)
  3. Amambay (Pedro Juan Caballero)
  4. Asunciongo Hiriburuko Barrutia (Asuncion)
  5. Boqueron (Filadelfia)
  6. Caaguazu (Coronel Oviedo)
  7. Caazapa (Caazapa)
  8. Canindeyu (Salto del Guaira)
  9. Erdialdeko departamendua (Aregua)
  1. Concepción (Concepción)
  2. Cordillera (Caacupe)
  3. Guaira (Villarrica)
  4. Itapua (Encarnación)
  5. Misiones (San Juan Bautista)
  6. Ñeembucu (Pilar)
  7. Paraguari (Paraguari)
  8. Presidente Hayes (Pozo Colorado)
  9. San Pedro (San Pedro)

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paraguai errepublika demokratiko, ordezkatzaile eta presidentzialista da, non presidentea estatuburua eta gobernuburua den, alderdi anitzeko sisteman. Presidenteak botere betearazlea du, eta Kongresu Nazionalak botere legegilea, bi ganberatan banatua. Botere judiziala independentea da.

Presidenteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2003 - 2008: Oscar Nicanor Duarte Frutos, Partido Colorado.
  • 2008 - : Fernando Armindo Lugo Mendez (j. 1951), Alianza Patriotica por el Cambio, sindikatu ezkertiarrak eta nekazarien eta indigenen ordezkariak batzen dituen koalizioa.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paraguaiko kultura guaranien eta espainiarren ekarriez osatua da. Literaturak, XIX. mendeko bakartasuna eta gerrak zirela eta, XX. mendearen erdialdea arte ez du garrantzi handirik izan. Aipatzekoak dira Oscar Ferreyro, Gabriel Casaccia eta, batez ere, Augusto Roa Bastos idazleak. Jesuitak Paraguain izan ziren urteetan, eliza eta etxe ederrak eraiki ziren, baina gutxik iraun dute gaur egun arte. Jesuitek, Espainiako moldeez gainera, indiarren kulturaren ezaugarriak ere erabili zituzten, apainketan gehienbat.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Paraguai Aldatu lotura Wikidatan

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Amerikako herrialde eta lurraldeak
Ipar Amerika eta Karibea
LocationNorthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu BatuakAntigua eta BarbudaBahamakBarbadosBelizeCosta RicaKubaDominikaDominikar ErrepublikaEl SalvadorGrenadaGuatemalaHaitiHondurasJamaikaKanadaMexikoNikaraguaPanamaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakTrinidad eta Tobago


Dependentziak: Groenlandia (Danimarka) • GuadalupeMartinikaSaint BarthelemySaint MartinSaint Pierre eta Mikelune (Frantzia) • Aruba · Holandarren Antillak (Herbehereak) • Aingira · Bermuda · Birjina uharte britainiarrak · Kaiman uharteak · Montserrat · Turkak eta Caicoak (Erresuma Batua) • Puerto Rico · Birjina uharte amerikarrak (Ameriketako Estatu Batuak)

Hego Amerika
LocationSouthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: ArgentinaBoliviaBrasilTxileKolonbiaEkuadorGuyanaParaguaiPeruSurinamUruguaiVenezuela


Dependentziak: Guyana Frantsesa (Frantzia) • Falklandak (Erresuma Batua)