Egunkariaren itxiera
Egunkariaren itxiera 2003ko otsailaren 20an izan zen, Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria eta beronen interneterako bertsioa itxi zituenean, Audientzia Nazionaleko epaile Juan del Olmoren aginduz.
Eduki-taula |
[aldatu] Euskaldunon Egunkaria
Astean sei egunetan , astearte eta igande bitartean, kaleratzen zen euskara hutsezko hedabide idatzi bakarra zen. 1990eko abenduaren 6an atera zen estrainekoz, Euskal Herri osoko irakurle euskaldunei zuzendua. Hasi zenekoan 32 orrialde biltzen zituen; zarratu zutenean 60 inguru ziren , aparteko eranskinak kontuan hartu barik. Gainontzeko egunkarien moduko egituraketa zuen: Iritzi saila, Euskal Herriko politika eta gizartea, Nazioartekoa, Ekonomia, Kirolak, Kultura...
[aldatu] Itxiera
2003ko otsailaren 20an, goizean goiz, 300 Guardia Zibilek Egunkariak Andoainen Martin Ugalde kultur parkean zuen egoitza hartu zuten, eta baita Bilboko, Iruñeko eta Gasteizko ordezkaritzak ere. Bulego hauetan guztietan Espainiako erakunde militarrak dokumentazio ugari konfiskatu zuen: idatzizko langaiak, ordenagailuak, softwarea,... Horretaz gain Ikastolen Konfederazioaren, Jakin eta Argia aldizkarien eta Euskalgintza Elkarlanean fundazioaren dokumentazioa ere atxiki zuten.
Lehenago ere, 1998ko uztailaren 14an, argudio berak erabiliz Egin egunkaria eta irratia itxi zituzten, Baltasar Garzon Audientzia Nazionaleko epaile instruktorearen aginduz.
Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Barne Ministerioak, inongo aurrekaririk gabe, elkarrekin idatzitako prentsa oharra kaleratu zuten, operazioak ETA zuela jomugatzat azalduz[1].
[aldatu] Hamar atxilotu
Hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak goiz hartan:
- Martxelo Otamendi (Egunkariaren zuzendaria)
- Iñaki Uria (Egunkariako kontseilari ordezkaria)
- Joan Mari Torrealdai (Egunkariako Administrazio Kontseiluko lehendakaria eta Jakin aldizkariaren zuzendaria)
- Txema Auzmendi (Egunkariako Administazio Kontseiluko kidea eta Herri Irratiaren zuzendariordea)
- Pello Zubiria (Argia aldizkariaren zuzendariaren albikoa eta Egunkariaren zuzendari ohia)
- Xabier Oleaga (Ikastolen Elkartea-Partaideko langilea eta Egunkariaren zuzendari ohia)
- Fermin Lazkano (Plazaguneko kudeatzailea eta egunkariako gerente ohia)
- Inma Gomila (Egunkariako gerente ohia)
- Luis Goya (1951-2006)(zinema ekoizlea eta Egunkaria Sortzenen bultzatzailea )
- Xabier Alegria (Udalbiltzako Batzorde Eragileko kidea)
Bost eguneko inkomunikazioa ezarri zieten, terrorismoaren aurkako legedia aplikatuta. Bost egun horiek pasatuta, hamar lagun horietako bederatzi Audientzia Nazionaleko epailearen aurrera bertaratu zituzten; Pello Zubiria ospitalean zen. Txema Auzmendik ez zuen onartu abokatua ezin aukeratzea eta uko egin zion deklaratzeari. Atxilotuetako askok salatu zuten inkomunikazio garaian guardia zibilek torturatu zituztela: Iñaki Uriak, Xabier Oleagak, Martxelo Otamendik, Xabier Alegriak eta Txema Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean [2]. Espainiako Barne ministroak kereila jarri zuen tortura salaketak egin zituztenen kontra, horrela jokatzea ETArekin kolaboratzea zela egotzita. Iñaki Uriarena izan ezik, auzipetuen tortura salaketak artxibatu egin zituzten . Martxelo Otamendiren salaketaren helegitea Espainiako Auzitegi Konstituzionalak jasota dauka, baina ez dago inongo berririk horren gainean. Uriaren salaketa Donostiako Auzitegiko epaile batek bere gain hartu bazuen ere, 2008an salaketa Madrilgo epaitegi batera eraman zuten. Martxelo Otamendik, adibidez, ETBko kameren aurrean salatu zituen torturak espetxetik atera eta berehala.[3].
Bost eguneko inkomunikazioa amaituta, epaileak Torrealdai, Uria, Auzmendi, Oleaga, Zubiria eta Alegria espetxeratzeko agindua eman zuen. Otamendi, Lazkano, Gomila eta Goia aske utzi zituen.
[aldatu] Erantzuna
Otsailaren 21ean Egunero egunkaria kalean zen, itxieraren gainean informazioa eman zuen 16 orrialdeko monografikoa hain zuzen. Ateratako ale guztiak (50.000) saldu ziren. Eusko Legebiltzarrean EAk, EAJk, EB-IUk eta SAk itxiera salatu zuten, Egunero eskuan.
Kontseiluak deituta otsailaren 22an Donostian inoiz izan den manifestazio jendetsuenak Euskaldunon Egunkariaren itxiera salatu zuen. AB, Aralar, AEK, AuB, Batasuna, Demoak, EA, EAJ, EB-IU, STEE-EILAS, ELA, Elkarri, ESAIT eta LABk bat egin zuten deialdiarekin eta han izan ziren kultura eta euskararen ordezkarien parean.
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ Lorea Agirre, Gezurra ari du. Egunkaria-ren itxieraren kronika, 2004. 181. orrialdetik aurrera.
- ↑ Tortura jaso zutenen testigantzak www.egunkaria.info atarian
- ↑ Martxelo Otamendiren tortura salaketa