Elikadura-piramide

Wikipedia, Entziklopedia askea
"Oinarrizko zazpiak" (Basic Seven), Ameriketako Estatu Batuetako Nekazaritza Sailak garatutakoa.

Elikadura-piramidea edo nutrizio-piramidea triangelu formako diagrama bat da, gizakiok osasuntsu izateko oinarrizko janari multzo bakoitzeko eguneko zenbat anoa jan behar ditugun adierazten duena. Lehen piramidea Suedian argitaratu zen 1974an. Ondoren beste hainbat piramide argitaratu izan dira. Ospetsuenen artean, 1992an Ameriketako Estatu Batuetako Nekazaritza Sailak (USDA) beste piramide bat argitaratu zuen, "Food Guide Pyramid" deiturikoa. 2005ean eguneratu zen, eta ondoren, MyPlate grafikoak ordezkatu zuen, 2011n.[1][2]

WHO eta FAO erakundeek argitaratutako piramidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2002ko WHO/FAO adituen gomendioetatik ondorioztatutako "elikadura-piramide" baten irudikapen sinplifikatua.

Munduko Osasun Erakundeak (WHO) eta Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO), elkarlanean, elikadura-piramide batean irudika daitezkeen gidalerroak argitaratzen dituzte. Gidalerro horiek obesitatea, gaixotasun kronikoak, txantxarra eta beste gaixotasun batzuk saihesteko xedea dute.[3], baina piramide forman baino, taula formatuan ematen dituzte. Taularen egitura, zenbait ikuspuntutatik, USDAren piramidearen parekoa da, baina taulak desberdintasun argiak adierazten ditu gantz moten artean, eta desberdintasun nabarmenagoak ematen ditu karbohidratoen kasuan, azukre askeak eta forma naturalean ageri diren azukreak argi bereizita. Bestalde, piramidearekin alderatuta, zenbait janari bereziki seinalatzen dira, bizitza osasuntsuagoa eskuratzeko xedean inpaktu handiagoa baitute; eta beste gomendio batzuk, berriz, kendu egin dira.

Ikusten denez, piramidearen irudikapena ez da zehatza, eta jatorrizkoarekin desberdintasunak ditu elementu bakoitzaren ehuneko alternatiboengatik, baina atal nagusiak aski ongi irudikatuta daude.

Dieta-faktorea 1989ko WHO gomendioak 2002ko WHO/FAO adituen gomendioak
Gantzak guztira % 15–30 % 15–30
Gantz-azido aseak % 0–10 <% 10
Gantz-azido poliasegabeak (PUFAk) % 3–7 % 6–10
n-6 PUFAk % 5–8
n-3 PUFAk % 1–2
Gantz-azido transak <% 1
Gantz-azido monoasegabeak (MUFAk) Diferentziagatik
Karbohidratoak guztira % 55–75 % 55–75
Azukre askeak % 0–10 <% 10
Karbohidrato konplexuak % 50–70 Gomendiorik ez
Proteinak % 10–15 % 10–15
Kolesterola mg/egun < 300 mg/egun
Gatza (sodioa) g/egun < 5 g/egun (< 2 g/egun)
Fruituak eta barazkiak ≥ 400 g/egun ≥ 400 g/egun
Haziak ≥ 30 g/egun (fruituen eta barazkien 400 g barruan)
Dietako zuntza 27–40 g/egun Janarietatik
NSP 16–24 g/egun Janarietatik

USDAren elikadura-piramidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

USDAren 2005eko elikadura-piramidea.

Ameriketako Estatu Batuetako Nekazaritza Sailak (USDA) 1992an sortu zuen piramidea, eta sei atal horizontaletan zatitu zuen, bakoitzak janari multzo baten zenbait janariren irudiak zituela. 2005ean eguneratu egin zuten piramidea, atal horizontalen ordez triangelu bertikalak sartuta. Sarritan, piramide berri hori janarien irudirik gabe ematen da, diseinu abstraktuagoarekin.

Nutriziorako gidalerroak berregituratzeko ahaleginean, USDAk MyPlate izeneko programa plazaratu zuen 2011n. Diagrama berri horrek plater forma du eta lau zatitan banatuta dago. Zati bakoitzak tamaina desberdina du: fruituek eta barazkiek plateraren erdia inguru hartzen dute, eta zerealek eta proteinek beste erdia. Zerealek eta barazkiek lau zatietatik handienak dira.

Barazkiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barazkiak gizakiak kontsumitutako landare atalak dira, baina oro har, gaziak direnak eta gozotzat hartzen ez direnak. Ez dira barazkitzat hartzen haziak, fruituak edo espeziak. Aldiz, sustraiak, zurtoinak, loreak, etab. barazkitzat hartzen dira. Barazkiek bitamina eta mineral kopuru handiak dituzte; hala ere, barazki bakoitzak elementu horietatik kantitate desberdinak ditu eta, beraz, garrantzitsua da barazki mota asko jatea. Esaterako, barazki berdeek A bitamina asko dute, barazki laranja eta berde ilunek C bitamina eta kruziferoek burdina eta kaltzio asko. Barazkiek gantz eta kaloria gutxi dituzte, baina haiek prestatzean erabiltzen diren beste osagai batzuek gehitu egin ditzakete bai gantzak bai kaloriak.

Zerealak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zerealek energia iturri garrantzitsua diren karbohidrato konplexuak hornitzen dituzte. Janari multzo horren barruan daude garia, artoa, zekalea, arroza eta horien deribatuak: pasta, ogia, etab.

Fruituak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elikaduraren ikuspuntutik, fruituak zapore gozoa duten haziak dira. Zenbaitetan, hazirik ez duten landare zati gozoak ere fruitutzat hartzen dira. Kontuan izan fruitu batzuk, gozoak ez direnez, elikaduraren ikuspuntutik barazkiak direla (adibidez, lekaleak edo tomatea).

Multzo horretan daude sagara, laranja, mahatsa, etab. Fruituek kaloria eta gantz gutxi dituzte eta azukre naturalen, zuntzaren eta bitaminen iturri dira. Fruituak prozesatu eta potoratzen direnean edo zuku bihurtzen direnean, sarritan azukrea gehitzen zaie.

Koipeak eta gozokiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elikadura-piramidearen goiko muturrean gantzak eta gozokiak kokatu ohi dira. Gutxien kontsumitu beharko liratekeen janariak dira, piramidearen arabera. Izan ere, produktu horiek kaloria asko ematen dute baina nutrizioaren ikuspuntutik balio gutxi dute. Multzo horretan daude gurina, azukreak, azukredun freskagarriak, azkenburuko gozoak, etab.

Esnekiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esnekiak ugaztunen esnetik abiatuta sortutako produktuak dira. Multzo horretan daude esnea bera, jogurta eta gazta. Janari interesgarriak dira nutrizioaren ikuspuntutik, kaltzioa, proteinak, fosforoa, A bitamina eta D bitamina hornitzen baitute. Hala ere, esneki askok gantz ase eta kolesterol asko dute, beste janari batzuekin alderatuta. Hori dela eta, ohiko bihurtu da gaingabetutako esnekiak hartzea, alternatiba modura.

Historikoki, pertsona helduek egunean hiru katilu esne hartzea gomendagarria dela esan izan da.[4] Hala ere, ikerketa berriagoak ez dira horren argiak esnekien onuren eta kalteen inguruan. Zenbaitek diote esnekien kontsumoak ez dituela murrizten hezurren hausturak; beste batzuek diote, berriz, hezurren osasunean badutela eragin onuragarririk.[5][6][7]

Okelak eta lekaleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Okela gizakiek kontsumitzeko prestatutako animalia haragia da, gehienetan giharra. Animalia askoren atalik gehienak jangarriak direnez, okela mota asko dago. Proteinen iturri nabarmena da, bai eta burdinarena, zinkarena eta B12 bitaminarena. Multzo horretan daude behikiak, txerrikiak, oilaskoa, arrainak, arrautzak, etab.

Okelen multzoa piramideko atalik handienetako bat da. Multzo horretan sartzen dira, baita ere, okelaren pareko mantenugaiak eskaintzen dituzten beste janari batzuk, esaterako lekaleak, fruitu lehorrak eta tofua bezalakoak.

Elikadura-piramideak dio pertsona helduek multzo horretako 2-3 anoa jan behar dituztela eguneko.

Eztabaida[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nutrizioan adituak diren zenbaitek uste dute 1992ko piramideak ez duela islatzen dietetikan azken urteetan izan diren ikerketak.[8] Bihotzeko gaixotasunei lotutako dieta aukera batzuk, adibidez hanburgesa jatea egunero, teknikoki onartuta zeuden piramidean. Bestalde, piramideak ez zituen bereizten proteina mota batzuk eta besteak (proteinen multzoaren izena zen "Okela, oilaskoa, arraina, lekaleak, arrautzak eta fruitu lehorrak").[9]

1991eko apirilean USDA erakundeak piramidea argitaratzeari utzi zion, esnekien eta okelaren lobby taldeek egindako presioen ondorioz; ez baitzeuden ados beren produktuak nola erakusten ziren gidan. Urtebete itxaron behar izan zen -bertako edukia ikerketa gehiagorekin sostengatu arte- berriro piramidea argitaratzeko. Hala ere, gidaren itxura aldatu behar izan zen elikagaien industriaren oniritzia jasotzeko. Gertaera hori ez zen bakana izan, industriak saiakera asko egin baitzituen gobernuaren dieta gomendioak aldatzeko.[10]

Piramide zaharrak ematen zituen zenbait kantitatek ere kritikak jaso zituen. Adibidez, piramideak zioen proteinen multzoko bi edo hiru anoa hartu behar zirela egunean, baina kantitate horrek gehienekoa izen behar zuen. Frutaren kasuan, bi eta lau anoa artean gomendatzen zituen, baina kantitate horrek gutxienekoa izan behar zuen.

Gantzen multzoa piramidearen goialdean jarria izan da, eta horrek iradokitzen du ahalik eta gutxien kontsumitu behar dela. Haatik, gantzak ezinbestekoak dira gizakiaren iraunkortasunerako, eta horiek ez kontsumitzeak osasun arazoak eragin ditzake.[11][12] Ikerketa berriek iradokitzen dute gantz asegabeek pisua galtzen, bihotzeko gaixotasunak murrizten, odoleko azukrea gutxitzen, eta baita kolesterola murrizten ere, laguntzen dutela.

Zenbait argitalpenetan aipatu izan da janariari eta nekazaritzari lotutako elkarteek eragin politiko nabarmena izan dutela USDAk argitaratutako piramidean. Adibidez, esneari lotutako konpainiei leporatu diete esnekien atalari garrantzi gehiago eman izateko presio egitea. Horren ondorioz, jendeak uste du egunero esne gehiago kontsumitu behar duela.[13] Are gehiago, esnekiak janari multzo sartu izana ere zalantzagarria da, munduan pertsona askok laktosarekiko intolerantzia baitute eta kultura askok ez baitute inoiz esnekirik kontsumitu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Nutrition Plate Unveiled, Replacing Food Pyramid.» The New York Times 2011-06-02 (Noiz kontsultatua: 2018-04-02).
  2. «Food-Based Dietary Guidelines in Europe» EUFIC REVIEW 10/2009 2009-10-01 (Noiz kontsultatua: 2018-04-02).
  3. Joint WHO/FAO Expert Consultation. (2003). Diet, Nutrition and the Prevention of Chronic Diseases. 916 ISBN 978-9241209168. ISSN 0512-3054..
  4. (PDF) 7773-DGA_V7. (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  5. (Ingelesez) .
  6. (Ingelesez) Office of the Surgeon General (US). (2004). Bone Health and Osteoporosis: A Report of the Surgeon General.. PMID 20945569..
  7. (Ingelesez) Feskanich, D; Willett, W. C.; Colditz, G. A.. (2003). «Calcium, vitamin D, milk consumption, and hip fractures: A prospective study among postmenopausal women» The American Journal of Clinical Nutrition 77 (2): 504–511. PMID 12540414..
  8. (Ingelesez) Food Pyramids: What Should You Really Eat?. (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  9. Healthy Eating Plate & Healthy Eating Pyramid. (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  10. Nestle, M. (1993). «Food lobbies, the food pyramid, and U.S. Nutrition policy» International Journal of Health Services 23 (3): 483–496.  doi:10.2190/32f2-2pfb-meg7-8hpu. PMID 8375951..
  11. (Ingelesez) Burr, George O.; Burr, Mildred M.. (1930-04-01). «On The Nature And Rôle Of The Fatty Acids Essential In Nutrition» The Journal of Biological Chemistry 86 (2): 587–621. (Noiz kontsultatua: 20018-04-04).
  12. (Ingelesez) Stoll, A.L.; Locke, C.A.; Marangell, L.B.; Severus, W.E.. (1999). «Omega-3 fatty acids and bipolar disorder: A review» Prostaglandins, Leukotrienes and Essential Fatty Acids 60 (5–6): 329–337.  doi:10.1016/S0952-3278(99)80008-8..
  13. (Ingelesez) Reyes, Raphael. (2008-07-15). Food Pyramid Frenzy: Lobbyists Fight to Defend Sugar, Potatoes and Bread In Recommended U.S. Diet. (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]