Erasmo Rotterdamgoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Erasmo Rotterdamgoa
Erasmo Rotterdamgoa
Erasmo Rotterdamgoa, Hans Holbein Gaztearen margolan batean.
Datu pertsonalak
Izen osoa Desiderius Erasmus Roterodamus
Jaio 1466/1469ko urriaren 27a
Rotterdam
(Borgoinako Herbehereak)
Hil 1536ko uztailaren 12a
Basilea (Suitza)

Erasmo Rotterdamgoa edo Desiderio Erasmo[1](latinez: Desiderius Erasmus Roterodamus; Rotterdam, Herbehereak, 1466/1469ko urriaren 27a - Basilea, Suitza, 1536ko uztailaren 12a) Pizkunde garaiko humanista, filologo, teologo eta filosofoa izan zen.

Bere garaian jakintsu handitzat hartua izan zen. Idazle oparoa, bere lanak latin garbi eta jantziaz idazteaz gainera, antzinako filosofiaren ezagutza handia zuen. Italiar humanistek erabilitako metodo filologikoak baliatuz, iraganaren azterketa historiko-kritikoa egiteko oinarriak ipini zituen, bereziki Testamentu Berri grekoari eta Elizako Gurasoei buruz egin zuen azterlanetan. Hezkuntzazko idatzien bidez, klasikoen alde egin zuen ikasketa eskolastikoaren plangintza zaharra ordezkatzeko. Elizaren gehiegikeriak kritikatu zituen: aspaldiko iraganaren hobea seinalatu zuen eta erreforma sakon baten behar larria azpimarratu zuen. Laster gauzatuko zen berrikuntza hori, bai Erreforma Protestantean, bai Kontrarreforma katolikoan. Oinarri horretatik, benetako kristautasun baten alde saiatu zen bere teologia lanetan.

Bizitza

Apaiz baten sasiko semea zen, eta fraide agustindarrek hezi zuten. Teologia ikasi zuen [Herbehereetan eta Parisen, eta 1506an eskuratu zuen doktore gradua Turinen. Irakasle pribatua zelarik, pedagogiako testuak prestatzen zituen bere dizipuluentzat, denborarekin europar kulturako testu liburuak izango zirenak. Lorenzo Valla italiar humanistaren ikasle ideala izan zen, eta bere garaiko humanista nagusiekin harremanetan egon zen Ingalaterran eta Italian; bidaia haietan hasi zen grekoa ikasten. Bere Enchiridion militis christiani liburuarekin («Soldadu kristauaren eskuliburua», Anberesen argitaratua 1503. urtean) tolerantzian eta bake unibertsalean oinarriturik, elizaren berriztatzearen ordezkari bihurtu zen. Venezian, Aldo Manuziok gonbidatuta, Adagia (1508idatzi zuen, autore klasikoen hiru milatik gora esaera dakarren bilduma.

Ingalaterrara itzulita, Thomas Moreren etxean zegoelarik idatzi zuen bere obra nagusia, Encomium Moriae seu laus stultiae («Eromenaren gorespena», 1511). Satirazko lana da, ez oso gogorra, munduaren eromenari kontrajartzen diona -gauza suntsikorren bila baitabil beti mundua-, kristautasunaren fedearen eromena, etsaien barkamenera eta ondasunak ematera bultzatzen duen hura. 1516an argitaratu zuen Institutio principis christiani, gobernatzeko moduari buruzko eskuliburua, zeinean, Makiaveloren Printzea idazlanean ez bezala, politikari kristau morala nagusitzen baitzaio; ikasle zuen Karlos V.arentzat idatzi zuen.

Erasmo Rotterdamgoaren estatua, Rotterdam hirian.

Erasmoren obrarik garrantzitsu eta eraginkorrena ordea Testamentu Berriaren grekozko lehen argitalpena da, latinezko bertsio berri batekin batera kaleratu zena; eskandalu handia sortu zuen, tradizioak kodeturiko baina eskuizkribuetan agertzen ez ziren bertso batzuk falta zituelako. Erasmoren argitalpenak, ikuspuntu filologikotik gaur egun baliagarria ez den arren, Testamentu Berriaren kritika modernorako bidea zabaldu zuen, Vulgata ez dela beti fidagarria frogatu baitzuen. San Jeronimoren Epistolarioa (1516-1520), eta Ebanjelioaren parafrasiak (1524), Testamentu Berriaren komentario bikainaren argitalpenarekin jarraitu zuen Erasmoren lan filologikoak.

Erreformak egoera larrian ipini zuen idazlea, tolerantziari buruz egiten zituen predikuek ez baitzuten jarraitzailerik. Luteroren doktrinatik aldendu zen De libero arbitrio idatziarekin (1524), Erreformak Basilean ideia erradikalak eta ikonoklastak zabaldu zituenean (1529). Hala, urte hartan, Basileatik alde egin eta Alemaniako Friburgon hartu zuen babeslekua. Lehenago, Colloquia familiarra (1522) argitaratu zuen, bere garaiko apaizen ohiturak eta eginak biziki kondenatzen zituena. Katolikoen eta protestanteen arteko iskanbilak bizi-bizian zeudela, Diatriba de Libero arbitrio («Aukeramen askeari buruz», 1524) saiakera, predestinazioaren kontrako jarrera zuena (gerora, Luterok De servo arbitrio liburuaz erantzun zion), eta De sarcienda Ecclesiae concordia liburua idatzi zituen.

Erasmo, XVI. mendeko humanista ospetsuena, elizaren eta gizartearen berrikuntzaren aldezle izan zen, eta kristautasunaren jatorriraino eta Antzin Aro klasikoko giza eredu handietaraino jo zuen horretarako; berrikuntza hori, Erasmoren aburuz, hezkuntzaren bitartez egin behar zen. Eliza Katolikoarekiko loturak inoiz hautsi ez zituen arren, Erreforma protestantearen bultzatzailetzat hartu izan da. Hil arte izan zuen bokazio pedagogikoa, eta bokazio horren lekukotasuna eman zuen bere epistolario zabalean: 3.000 gutunetik gora dira, bere garaiko pertsonaia nagusiei bidaliak, literatura balio handia, eta bere garaiko historia aztertzeko garrantzi erabakigarria dutenak.

Baina Erasmok, Erreformak ekarri zituen erlijio eztabaida gogorretan, bere independentziari eutsi zion beti: uko egin zion bai Luteroren predestinazioaren doktrinari, bai Aita Santuak beretzat nahi zituen aginpideei eta, hori zela eta, bi aldeetako kide sutsuenen arerio bihurtu zen eta askatasuna ortodoxiaren gainetik jartzen zutenen eredu.

Erreferentziak

  • Azurmendi, Joxe (2015): "Nafarroatik Nafarroara" in Pruden Gartzia: Nafarroako auziaz, Donostia: Elkar. ISBN 978-84-9027-443-9
  • Gartzia, Pruden (2015): "Aitasantu negargarri baten buldak" in Nafarroako auziaz, Donostia: Elkar. ISBN 978-84-9027-443-9
  • Rico, Francisco (1994): "Hitzaurrea" in Erasmo Rotterdamgoa: Eromenaren laudorioa, Bilbo: Klasikoak.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Erasmo Rotterdamgoa Aldatu lotura Wikidatan