Frantzisko Vitoria

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Francisco Vitoriaren estatua Gasteizen

Frantzisko Vitoria edo Frantzisko Gasteizkoa, latinez izenpetu bezala Francisci de Victoria (Burgos edo Gasteiz, 1483 / 1486 - Salamanca, 1546ko abuztuaren 12a), fraide domingotarra eta teologoa izan zen. Salamancako Eskola izeneko pentsamendu korrontearen sortzailea izan zen, eta garrantzi handia du nazioarteko legearen eta bidezko gerraren teoriei eginiko ekarpenengatik.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1504. urtean domingotarren ordenan sartu zen. Garai hartan eta geroago eragin handia izan zuen.

Duintasuna eta giza izaeraren arazo moralak izan zituen bere obretako ardatz. Haren ekarpenek eragin handia izan zuten, baita haren teologia ikerketek eta ekonomiazko ikuspegi moralak ere. Ez zituen idatzi bere sinadurarekin argitaratutako liburu guztiak; izan ere, Frantziskoren ikasleek eta idazkariek apunteen bidez bildu zuten haren obra guztia.

Parisen artea eta teologia ikasi zituen. 1523an Valladolida joan zen teologia irakastera. 1526. urtean Salamancako Teologiako katedra eskuratu zuen, eta han lortu zuen Tomas Akinokoaren Summa Theologiae teologia liburua oinarrizkoa izatea. Salamancako Unibertsitateak oso itzal handia zuenez, Francisco Vitoriak eragin handia izan zuen Europako hainbat unibertsitatetan.

Pentsaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzisko Vitoriaren estatua Salamancan

Frantzisko Vitoriak inspiratu zuen Salamancako Eskola, eskolastikaren eragin handiko aldaera bat. Eskola horrek, besteak beste, ekonomiari buruz teorizatu zuen moralaren ikuspegitik. Garaiko doktrina katolikoak bekatutzat zuen merkatariek diru irabazi nahi izatea. Beraz, merkatariek Frantzisko Vitoriarengana jo zuten aholku bila, negozioak ixtea edo infernura joatea beste aukerarik ez baitzien ematen Elizak. Horregatik, ekonomiako gaiak jorratzeari ekin zion Frantziskok. Hark zioenez, ordena naturalaren oinarri da gizabanakoen, ondasunen eta ideien joan-etorri librea. Hartara, gizakiek elkar ezagutu dezakete, eta senidetasunezko sentimenduak handitu. Horrek esan nahi du merkatariak ez direla arbuiagarriak moralaren aldetik, baizik eta gizartearen ongizaterako beharrezko zerbitzua egiten dutela. Salamancako Eskolak ekonomiako hainbat teoria landu zuen, besteak beste: bidezko salneurriaren teoria eta diruaren zenbatasunezko teoria.

Botere zibilaren eta Elizaren boterearen mugak eta iturriak aztertu zituen. Erdi Aroko ideiak arbuiatu zituen: hierarkia feudala, enperadore eta aita santuaren gailentasuna. Halaxe, esan zuen botere zibila lotuta zegoela aita santuaren aginpide espiritualari; baina ez, ordea, aita santuaren botere mundutarrari.

De Indis liburuan adierazi zuen zer jarrera zuen Amerikan konkistatutako lurraldeetan egindako neurrigabekeriak zirela eta. Aldeztu zuen indiarrak ez direla beste edozein gizaki baino gutxiago, baizik eta eskubide berdinak dituztela, eta beren ondasunen eta lurren jabe direla. Jendeen Zuzenbidearen hasiera izan zen.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • De potestate civili, 1528
  • Del Homicidio, 1530
  • De matrimonio, 1531
  • De potestate ecclesiae I eta II, 1532
  • De Indis, 1532
  • De Jure belli Hispanorum in barbaros, 1532
  • De potestate papae et concilii, 1534
  • Relectiones Theologicae, 1557
  • Summa sacramentorum Ecclesiae, 1561

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Frantzisko Vitoria Aldatu lotura Wikidatan