Gennady Golovkin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gennady Golovkin

Bizitza
JaiotzaKaraganda1982ko apirilaren 8a (42 urte)
Herrialdea Kazakhstan
Hezkuntza
HeziketaKaraganda State University (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakboxeolaria
Pisua72 kilogramo
Altuera178 zentimetro
Jasotako sariak

Facebook: gggboxing Twitter: GGGBoxing Instagram: gggboxing Edit the value on Wikidata

Gennady Gennádievich Golovkin (Karagandy, Kazakhstan, 1982ko apirilaren 8) kazakhstandar boxeolari profesionala da. 2004 urtean zilarrezko domina irabazi zuen Atenaseko Joko Olinpikoetan pisu ertainean (75 kg). Gaur egun WBA (World Boxing Association), WBC (World Boxing Council) , IBF (International Boxing Federation) eta IBO (International Boxing Organisation) erakundeek antolatutako txapelketen munduko txapelduna da pisu ertaineko kategorian.

Pisu ertaineko historiaren K. O. portzentaia altuena duen boxeolaria da,% 86,8ko K. O. bataz bestekoarekin[1]. Pisu ertaineko kategoriako boxeolari indartsuenetako bat da. Gainera, inork ez du lortu Gennady Golovkin lurrera botatzea bere karrera amateur eta profesional osoan zehar. “Urteko boxeolari” izendatu zuen The ring aldizkariak 2013 urtean[2] eta gaur egun, The Ring aldizkariak egiten duen liberaz liberako sailkapenaren arabera munduko boxeolaririk hoberena omen da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gennady Golovkinek lau anaia ditu. Bere aita errusiarra da eta ikatz meategi batean egiten zuen lan Errusian eta bere ama korearra da eta laborategi kimiko batean laguntzaile gisa egiten zuen lan. Bere bi anaia nagusiek, Sergeyk eta Vadimek bultzatu zuten boxeolari izatera. Izan ere, Gennady ume bat zenean bere anaia nagusiek kalean zeudela beldurrik bazuen galdetzen zioten. Gennadyk ezetz erantzuten zuen beti eta bi anaiek mutil gazteekin borrokatzera eramaten zuten.

Gennadyk zortzi urte zituela bere bi anaia nagusiak armada errusiarrean sartu ziren. Urte berean, Vadim gerran hil zen eta lau urte geroago, 1994an Sergey. Gobernuak ez zuen heriotzen azalpenik eman eta ezin izan zuten bi mutikoen hileta ospatu. Hau oso kolpe latza izan zen Gennady eta bere familiarentzako eta borrokan jarraitzera bultzatu zuen.

Karrera amateurra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gennady Golovkinek 2002 urteko azaroan beka bat lortu zuen “Olympic Solidarity”-k antolatutako programa baterako. Hurrengo urtean, 2003an, Munduko Boxeo Amateur Txapelketa ospatu zen Bangkoken eta urrezko domina irabazi zuen. Boxeolari arrakastatsu asko garaitu zituen txapelketa hartan. Hala nola, Matvey Korobov errusiarra, Andy Lee, Lucian Bute (K. O.), Yordanis Despaigne eta azkenik finalean Oleg Mashkin.

2004ko Atenasko Joko Olinpikoetan izan zituen lehenengo bi borrokak irabazi zituen Ramadan Yasser Abdelghafar eta Andre Dirrellen aurka. Baina finalean Gaydarbek Gaydarbekoven aurka galdu zuen eta hala, zilarrezko domina lortu zuen. Urte berean Puerto Princesa hirian, Filipinetan Asiako Boxeo Txapelketa irabazi zuen. Txapelketa hartako finalean Christopher Camat boxeolari filipinarra garaitu zuen.

Lorpenak amateur gisa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2000 urtean Munduko Junior Txapelketa irabazi zuen Budapesten, Hungarian, superwelter kategorian. Garaipenak:

2002 urtean Asiako Boxeo Txapelketa irabazi zuen Busanen, Hego Korean, superwelter kategorian. Garaipenak:

2003 urtean Munduko Boxeo Amateur Txapelketa irabazi zuen Bangkoken, Tailandian, pisu ertaina kategorian. Garaipenak:

2004 urtean zilarrezko domina irabazi zuen Atenasko Joko Olinpikoetan pisu ertaina kategorian. Kazakhstaneko selekzio olinpikoko kide gisa hartu zuen parte. Garaipenak:

Gaydarbek Gaydarbekov errusiarraren aurka galdu zuen finalean.

Karrera profesionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Universum-ekin kontratua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amateur gisa karrera paregabea egin ostean, Gennady Golovkinek munduko pisu ertaineko boxeolari onena izateko gogoa zuenez, Kazakhstan utzi eta Alemaniara abiatu zen bizitzera. Bertan Universum izeneko boxeo promotorearekin sinatu zuen kontratua eta bere lehen 19 borrokak irabazi zituen, haietatik 16 KO bidez. 2010eko urtarrilean bukatu zen kontratu hau Gennady bere egoeraz kexatu ostean. Izan ere, bere ustez Universum promotoreak ez zuen bere karrera hobetzeko asmorik eta beste boxeolari batzuetaz kezkatzen zen, bera alde batera utzita.

K2 eta Abel Sanchez[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Golovkinek K2 Promotions-ekin sinatu zuen kontratua eta Big Bear-era, Kaliforniara, abiatu zen entrenatzera Abel Sanchez entrenatzaile mexikar handiarekin. Golovkinen talentuak eta jarrerak harrituta utzi zuen Sanchez elkarrekin izan zuten lehengo bileratik. Abel Sanchezekin boxeo mexikar erasokorra eta Golovkinek zuen teknika amateur sobietarra konbinatzen hasi ziren. Hasiera batean Golovkin piska bat lotsatia zen, baina ring gainean zuen jarrera eta inteligentziak harrituta utzi zuten entrenatzaile mexikarra, eta txapeldun bat bihurtuko zela adierazi zuen behin eta berriro prentsan. 2010eko abuztuaren 14an Golovkin pisu ertaineko WBA munduko txapeldun bihurtu zen Milton Nunez garaitzean Panama hirian.

Proskaren aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amerikako Estatu Batuetan egin zuen bere lehendabiziko borroka profesionala Grzegorz Proska boxeolari poloniarraren aurka izan zen bere WBA titulua defendatzeko. Honek 2011 urtean Sebastian Sylbester txapeldun ohia garaitu zuen. Hala ere, borrokan zehar Golovkin izan zen nagusi eta azkenean KO tekniko (TKO) bidez garaitu zuen Proska bosgarren roundean.

Rosadoren aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Golovkinen hurrengo borroka New Yorkeko Madison Square Garden aretoan izan zen Gabriel Rosado boxeolari estatubatuarraren aurka izan zen. Honek bere azken zazpi borrokak irabazi zituen eta haietatik bost KO bidez. Borrokan zehar Rosadok ezin izan zuen jarrera erasokorrik erakutsi Golovkin teknikoki oso gainetik zegoelako. Golovkinen kolpe gogorrek zauri handi bat ireki zioten Rosadori bekainean eta horrexegatik borroka zazpigarren roundean amaitu zen. Hala, Golovkinek bere titulu mundiala mantendu zuen eta baita 25 garaipen eta 0 porroteko rekorra.

Ishidaren aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013ko martxoaren 30ean Golovkinek bere tituluak defendatu zituen Nobuhiro Ishida boxeolari japoniarraren aurka. Borroka hasi bezain laster Golovkinen nagusitasuna bistakoa zen eta hirugarren roundean kokotzean kolpe gogor batek lurrera bota zuen boxeolari japoniarra eta bere karrera profesional osoan lehenengo aldiz KO bidez galdu zuen.

Macklinen aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Golovkinek munduko tituluaren zortzigarren defentsa Matthew Macklin boxeolari ingelesaren aurka egin zuen uztailaren 29an. Borroka hasi bezain pronto izan zen Golovkin nagusi eta hirugarren roundean ingelesak kolpe bortitz bat jaso zuen gibelean eta erori egin zen. Ezin izan zen altxatu eta horregatik Golovkinkek segidan KO bidez irabazten zuen hamalaugarren borroka izan zen.

Stevensen aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso ospetsua ez zen boxeolari estatubatuar batek, Curtis Stevensek, Golovkin deitu zuen borrokatzeko. Estatubatuarrak KO bortitz baten bidez irabazi zuenez bere azken borroka Golovkinek proposamena onartu zuen. Borroka azaroaren 2an izan zen New Yorkeko Madison Square Garden aretoan. Borroka hasieran Golovkin izan zen nagusi, baina Stevensek hirugarren roundetik aurrera kolpe oso onak jo zizkion Gennadyri. Hala ere, zortzigarren roundean kolpe konbinazio bikain batek egoera txarrean bidali zuten estatubatuarra atsedenaldira. Horregatik borrokatzen ez jarraitzea erabaki zuen. Ondorioz, Gennady Golovkinek segidan KO bidez irabazten zuen hamabosgarren borroka izan zen.

Adamaren aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014ko otsailaren 1ean Golovkinek berriro borrokatu zuen Osumanu Adama izeneko Ghanako boxeolariaren aurka Monakon bere WBA eta IBO tituluak defendatzeko. Borroka osoan zehar Golovki izan zen nagusi eta hainbatetan bota zuen Adama lurrera. Azkenik zazpigarren roundean berriro ere Adama lurrera erortzean epaileak borroka gelditu zuen. Adamak KO bidez galtzen zuen lehendabiziko aldia izan zen.

Gealeren aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014ko uztailaren 26an Gennady Golovkin eta Daniel Geale boxeolari australiarra borrokatu ziren. Golovkinek Geale amateur gisa garaitu zuen jada. Lehenengo eta bigarren roundetan ez zen egon ez bata ez bestearen nagusitasun argirik. Hala eta guztiz ere, hirugarren roundean Golovkinek oso kolpe gogor bat jo zion Gealeri masailean eta egoera kaskarrean erori zen lurrera. Beraz, epaileak borroka gelditu zuen eta Golovkinek segidan KO bidez irabazten zuen hamazazpigarren borroka izan zen.

Rubioren aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriaren 18an Golovkin eta Marco Antonio Rubio boxeolari mexikarra borrokatu ziren Kaliforniako Stubhub Center-ean WBC munduko txapelketako tituluagatik. Borrokan zehar Golovkin izan zen nagusi argi eta garbi. Izan ere, bigarren roundean kolpe konbinazio gogor batek lurrera bidali zuten mexikarra eta epaileak borroka amaitutzat eman zuen. Golovkinek segidan KO bidez irabazten zuen hamazortzigarren borroka izan zen eta gainera munduko WBC txapelduna bihurtu zen.

Murrayren aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2015eko otsailaren 21ean Golovkin eta Martin Murray boxeolari britaniarra borrokatu ziren Montecarlon. Murray oso ospetsua zen boxeolari handien aurka lortutako emaitza onengatik. Adibidez Sergio Martinez edota Felix Sturmen aurka. Borrokan zehar Golovkin izan zen nagusi baina britaniarrak bere defentsa aparta eta erresistentziari esker ia borroka osoa aguantatzea lortu zuen. Baina hamaikagarren roundean, hau da, azkenaurrekoan, epaileak borroka gelditzea erabaki zuen Murrayk ez zielako erantzuten Golovkinen kolpeei.

Monroeren aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maiatzaren 16an Gennady Golovkin eta Willie Monroe Jr estatubatuarra borrokatu ziren Kalifornian. Borroka hasieran Monroek oso jarrera erasokorra erakutsi zuen kolpe asko jaurtitzen baina bigarren roundetik aurrera Golovkin hasi zen nagusitzen eta hainbat alditan bota zuen lurrera boxeolari estatubatuarra. Hala era, Monroe ez zen beldurtu eta gogor borrokatzen jarraitu zuen. Baina seigarren roundean uppercut gogor batek eta segidan konbinazio indartsu batek hirugarren aldiz bidali zuten Monroe lurrera eta borrokatzen ez jarraitzea erabaki zuen.

Lemieuxen aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriaren 17an Golovkin eta David Lemieux boxeolari kanadiarra borrokatu ziren New Yorkeko Madison Square Garden aretoan. Kirolariak IBF tituluagatik borrokatu ziren eta baita Golovkinek bere tituluak defendatzeko. Borroka honetan Golovkin ez zen oso erasokorra izan hasiera batean baina hirugarren roundetik aurrera borroka itxiagoa izaten hasi zen. Hala ere, zazpigarren roundean Golovkinen nagusitasuna nabaria zen eta ezker-kolpe gogor batek Lemieux ia-ia lurrera bota zuen, baina zutik mantendu zenez Golovkinek jotzen jarraitu zuen eta epaileak borroka gelditzea erabaki zuen. Hala, Gennady Golovkin munduko IBF txapelduna bihurtu zen eta bere tituluak modu arrakastatsuan defendatzea lortu zuen.

Waderen aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2016ko apirilaren 23an Gennady Golovkinek oraindik inork garaitu ez zuen Dominic Wade boxeolariarekin borrokatu zuen. Borroka hasi bezain laster Golovkinen nagusitasuna nabaria izan zen. Izan ere, lehenengo roundean Wade lurrera botatzea lortu zuen eskuinkada gogor baten bidez. Eta bigarren roundean Golovkinek birritan bota zuen lurrera Wade berriz ere eta KO gogor batekin amaitu zen norgehiagoka. Hala, Golovkinek segidan Knock Out bidez irabazten zuen hogeita bigarren borroka eta Waderen errekorra apurtzea lortu zuen.

Brooken aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irailaren 10ean Golovkin eta Kell Brook boxeolari ingelesa borrokatu ziren Londresen. Borroka osoan zehar Golovkin nagusi izan zen. Hala ere, boxeolari ingelesak kolpeak defendatzeko gaitasun handia erakutsi zuen eta kontraeraso gogorrak jo zizkion Golovkini. Baina Golovkinen kolpe indartsuek Brook-en begia zauritzea lortu zuten eta ingelesaren izkinak borroka gelditzea erabaki zuen. Hala, Golovkinek KO bidez segidan irabazten zuen hogeita hirugarren borroka lortu zuen eta Brook-en rekorda hautsi zuen.

Jacobs-en aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2017ko martxoaren 18an Gennady Golovkin Daniel Jacobs boxeolari nokeatzailearekin borrokatu zen New Yorkeko Madison Square Garden aretoan. Borroka honetan Golovkinek ez zuen inolako jarrera erasotzailerik erakutsi eta bakarrik laugarren roundean lortu zuen bere aurkaria lurrera bidaltzea, baina ez zuen nokeatzerik lortu. Borroka amaierara arte iritsi zen eta Golovkinek lortu zuen garaipena puntuetan ahobateko erabakiaren bidez. Horrexegatik, Gennady Golovkinek 2008 urtetik hasi zuen KO bolada amaitu zen.

Canelo Álvarezen aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2017ko irailaren 16an Gennady Golovkin Saúl Canelo Álvarez boxeolari ospetsu mexikarrarekin borrokatu zen T-Mobile Arena aretoan Las Vegasen. Borroka hau antolatu baino lehen boxeolari mexikarrak hainbat boxeolari arrakastatsu garaitu zituen eta Golovkini erronka egitea erabaki zuen. Norgehiagoka oso berdindua izan zen baina mexikarra izan zen nagusi lehenengo hiru roundetan eta hurrengoetan Golovkin nabarmendu zen pixka bat gehiago. Bi boxeolariek beren kalitatea eta indarra erakutsi zuten borroka osoan zehar, biek kolpe gogorrak jaso eta jo baitzituzten. Azkenik, borroka amaierara iristean epaileek ez zuten inoren garaipen argia ikusi eta berdinketa zela erabaki zuten.[3] Hori dela eta, bi boxeolariak 2018ko maiatzean borrokatu behar ziren berriro baina norgehiagoka bertan behera geratu zen mexikarrak anti-doping kontrol batean positibo eman zuelako “clembuterol” izeneko substantzian. Azkenean, borroka 2018ko irailaren 16rako hitzartu zuten. Borroka hori nahiko estua izan zen, baina azkenean Canelok puntuen bidez irabazi zuen.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Science, Boxing. «Analysing Gennady Golovkin - Boxing News» www.boxingnewsonline.net (Noiz kontsultatua: 2021-02-22).
  2. «RingTV.com poll: Fighter of the Year: Gennady Golovkin» The Ring 2013-12-30 (Noiz kontsultatua: 2021-02-22).
  3. (Gaztelaniaz) «Las tarjetas del Canelo vs Golovkin | Solo Boxeo» www.soloboxeo.com 2017-09-17 (Noiz kontsultatua: 2021-02-22).
  4. (Gaztelaniaz) «Resultados y resumen del Canelo - Golovkin II» AS México 2018-09-16 (Noiz kontsultatua: 2021-02-22).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]