Afganistan

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Afganistango Estatu Islamiarra
د افغانستان اسلامي دولت
(Da Afghanistan Islami Dawlat)
دولت اسلامی افغانستان
(Dawlâteh Eslamiyeh Afghanistan)
Afganistango bandera
Bandera

Afganistango armarria
Armarria

Goiburua: Ez du
Nazio ereserkia:
Soroud-e-Melli
Afganistan: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Kabul
34°30′N 69°10′E
Hizkuntza ofiziala(k) Paxtuera, Persiera (Dari)
Gobernua
Presidentea
Presidenteordea
2. Presidenteordea
Errepublika islamiarra
Hamid Karzai
Mohammed Fahim
Karim Khalili
Independentzia
Erresuma Batutik

1919ko abuztuaren 19a
Eremua
• Guztira
• Ura

647500 km² (41.)
% -
Biztanleria
• Zenbatespena (2010)
• Dentsitatea

Herritarra

29121286 (42.)
43,5 biztanle/km² (150.)

afganistandar, afganiar
Dirua Afghani (Af) (AFN)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
UTC (UTC +4:30)
Ez (UTC +4:30)
Interneteko domeinua .af
Telefono aurrezenbakia +93

Afganistan Erdialdeko Asian dagoen errepublika islamdarra da, Himalaia eta Kaspiar Itsasoaren arteko eremuan kokatutakoa.

Hiriburua Kabul da eta honako hirietan 200.000 biztanletik gora daude: Kandahar, Mazar-e-Sharif, Herat eta Jalalabad-en. Munduko herrialde pobreenetakoa da, are gehiago, azken urteotako gerrateen ondorioz.

Mugakideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldean, Iran du mugakide; hegoaldean, Pakistan; iparraldean, Turkmenistan, Uzbekistan eta Tadjikistan; eta ipar-ekialdean, Txina.

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kokapena dela-eta, era askotako zibilizazioen topalekua izan da betidanik Afganistan. Biztanle gehienak nekazariak dira, eta leinuetan eta klanetan daude banatuta. Lau talde etniko handi daude: paxtunak, biztanleen gehiengoa osatzen dutenak eta bi taldetan banatuak, duranioak eta ghilzaiak; tajikoak, irandar etniakoak; uzbekoak eta hazarak. Afganistanek inoiz baino demografia hazkunde handiagoa du, emakumeko batez besteko haur kopurua 6,64 delako (munduko altuenetakoa) nahiz eta haurren heriotza tasa handia izan. bizi itxaropena 43 urtekoa da. Biztanleriaren erdia, gutxi gorabehera, nomada edo erdi nomada da. Oinarrizko hezkuntza doakoa eta nahitaezkoa bada ere 7 eta 15 urte bitarteko haurrentzat, biztanleen % 36 dago alfabetatua.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Persiar Inperioaren garaian gaur egungo Afganistango mendebaldea Drangiana izeneko eskualdean zegoen, hego-ekialdea Gandharan zegoen bitartean. Islamaren hedapena honaino 637 eta 709 urteen artean gertatu zen.

Erdi Aroan bestela, Mongolen Inperioaren sasoian Ilkhanerri izeneko lurraldea osatzen zuen gaurko ia herrialde osoak.

Erbesteko hainbat inperioren mende egon ondoan, XVIII. mendean (1748) osatu zen Afganistango lehen erresuma burujabea. XIX. mendean, Britainia Handiak halako protektoratu moduko bat ezarri zuen Afganistanen, errusiarrak iparraldetik bultzatzen ari ziren hedapen politika galaraztearren. 1921. urtean lortu zuen askatasuna Amanullah Khan emirraren eskutik, eta monarkia ezarri zen. Bigarren Mundu Gerran neutrala izan ondoan, Nazio Batuen Erakundearen partaide bihurtu zen. 1964an egin ziren lehen hauteskunde demokratikoak, Mohammed Zahir sha edo erregeak bideraturiko konstituzioaren ondorioz, eta 1973an errepublika ezarri zen Mohammed Daoud Khan printzeak egin zuen estatu kolpe batez. Beste estatu kolpe batek Daoud islamiarra eraitsi eta Nur Muhammad Taraki, Afganistango Alderdi Komunistaren sortzaileak hartu zuen gobernuaren kargua. Sobietar Batasunarekiko harremanak zirela eta, gobernu berriko partaideen artean sortu ziren susmoek eta, batez ere, sozializazio neurrien kontra, xiitak eta sunnitak elkar harturik, altxatu zen oposizioak ekarri zuten Sobietar Batasuneko gudarostearen inbasioa, Hafizullah Aminek Taraki hilez egindako kolpearen ondoan. Sobietar Batasunaren babespean betiere, Babrak Karmalek aginpidea hartu eta, baketzeko politika baterako pausoak emanagatik, gerra zibil bortitz gogorra piztu zen. Estatu Batuek, Pakistanen bidez, bultzatzen zituen gerrilla islamiarren eta Sobietar Batasunak laguntzen zuen gobernu ofizialaren arteko gerrak, herria odolustutzea, gobernua ahultzea eta, bederatzi urte luzez higatu ondoan, Sobietar Batasunaren armada erretira eraztea (1989) ekarri zuen; islamiarren gobernu proposamenek nazioartean ez dute eskaintzen halako fidagarritasunik, beren arteko koalizio gobernurik ez baitute onartzen gainera inola ere. Sobietar Batasunaren eta Estatu Batuen ageriko interes geopolitikoez gainera, oraindik giro erdi-feudalean bizi diren herri desberdinen arteko tirabirek zerikusi handia dute Afganistan barneko tentsio giro horrekin.

SESBeko gudarosteak Afganistandik erretiratuta, gerra zibilak aurrera segitu zuen. Bestalde, nahiz eta Afganistan ez zen jadanik Gerra Hotzaren gune, inguruko herrialdeentzat (Pakistan, India, Iran, Errusia, Uzbekistan) garrantzi handiko lekua bihurtu zen, oso inguru estrategikoan baitago. 1992an, matxinatuek Najibullah aginpidetik kendu eta Kabul hartu zuten; Burhanuddin Rabbani izendatu zuten behin-behineko presidente. Erabaki hori urte berean batzar berezi batek onetsi zuen, baina indar politiko-militarren arteko borrokak bere horretan iraun zuen. Indar horiek egitura etniko-erlijiosoa dute, eta horien artean nagusia paxtunek osatu zuten, harik eta 1994an talibanen taldea sortu zen arte. 1993an Hekmatyarrek Lehen Ministro kargua zin egin zuen, eta urte horretan bertan gerrillako buruzagiek behin-behineko konstituzio bat onartu zuten; baina 1994an borrokak sortu ziren hiriburuan, Rabbani presidentearen aldekoen eta Hekmatyar Lehen ministroaren aldekoen artean. 1994ko ekainaren bukaeran, Afganistango beste lurralde batzuetara zabaldu zen borroka, eta 2.500 lagunetik gora hil ziren: eta garai horretako kaos politikoaz baliatuta, Kabul aldera abiatu ziren talibanak; 1995eko otsailean, Kabul ingurura iritsi eta 1996an hiriburua hartu zuten. Talibanak Kandahar eskualdeko (Afganistan hegoaldeko) teologia ikasleak dira, paxtun etniakoak. Beren helburuetako bat islamaren inguruko beren ikuspegi murriztailea zabaltzea da: jendaurrean sexuak elkarrengandik erabat banatzea, emakumeei lanpostuak lortzeko debekua ezartzea, zigorrei buruzko legegintza aldatzea, lege zorrotzagoak erabiltzeko, eta abar. 1997an, Afganistango Islamiar Emirerri bihurtu zen ofizialki herrialdea. Izen horren bidez, Mohamed Omar emirraren aginpidea sendotu egin zen. 1998ko otsailean, urteetako gerrak ekarri zituen ondorio latzei herrialdearen iparraldean izan ziren lurrikararenak gehitu zitzaizkien: 5.000 lagunetik gora hil ziren.

2001ean, Estatu Batuek, nazioarteko koalizio baten laguntzaz, herrialdea okupatu eta erregimen talibana eraitsi zuten, New Yorken 2001eko irailaren 11n izandako atentatuen erantzun gisa. 2004an, lehendakaria hautatzeko hauteskundeak egin ziren, eta Estatu Batuek Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluari baimena eman zioten nazioarteko talde bat sortzeko, Hamid Karzai afganistandar lehendakariari laguntzeko. Neurri horiek, ordea, ez dute herrialdeko egoera egonkortzerik eta liskar etengabeetan murgilduta dago oraindik ere.

2014ko uztailaren 8an, Afganistango presidentetzarako hauteskundeetan, Axraf Ghanik bozen %56,44 jaso zituen, atariko lehen zenbaketak igorritako datuen arabera. Abdullah Abdullahek, berriz, bozen %43,56 lortu zituen; hala adierazi zuen Hauteskunde Batzorde Independenteak (IEC). Abdullahek, baina, bere burua irabazletzat jo zuen jarraitzaileen aurrean. Ohartarazi zuen ez zituela emaitzok onartuko, eta milaka jarraitzaile atera ziren Kabulgo kaleetara haren alde eta hauteskunde batzordearen erabakiaren kontra. 8.109.493 boz zenbatuta, 4,5 milioi Ghanirentzat izan ziren, eta Abdullaherentzat, berriz, 3,5 milioi[1].

2014ko abuztuaren 8an, Abdullah Abdullah eta Axraf Ghani Afganistango presidentetzarako hautagaiak akordio batera iritsi ziren: "Ghanik eta biok batasun gobernu bat eratzea adostu dugu, egonkortasun politikoaren eta Afganistango segurtasunaren alde", esan zuen Abdullah-ek Tolo News telebistak jasotako prentsaurreko batean. John Kerry AEBetako Estatu idazkariarekin bildu ondoren iritsi ziren akordio horretara. Abuztu amaierarako espero zuten hauteskundeen emaitza ofizialean berri izatea, presidente nor hautatu zuten jakiteko. Horren ondotik, "elkarlanerako konpromisoa" hartu zuen Ghanik[2].

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Afganistango probintziak»

34 probintziak osatzen dute gaur egungo Afganistan: Badakhshan, Badghis, Baghlan, Balkh, Bamijan, Daikondi, Farah, Fariab, Ghazni, Ghor, Helmand, Herat, Jowzjan, Kabul, Kandahar, Kapisa, Khost, Kunar, Kunduz, Laghman, Logar, Nangarhar, Nimruz, Nuristan, Oruzgan, Paktia, Paktika, Panjshir, Parvan, Samangan, Sar-e-Pol, Takhar, Wardak eta Zabul. Afganistan monarkia izan zen 1973 arte, baina urte horretan erregea eraitsi zuten eta errepublika ezarri. 1977an aldarrikatu zen konstituzioan ahalmen guztiak ematen zitzaizkion presidenteari: alderdi bakarreko erregimen bihurtu zen eta islama izendatu zen estatuko erlijio. Konstituzio hori, ordea, 1978an deuseztatu zen estatu kolpe baten ondorioz. 1987an gobernu komunistak, sobietar gobernuaren laguntzaz, konstituzio berria osatu zuen, lehendakaria zazpi urtez behin hautatzea erabakitzen zuena. 1989an sobietar gudarostea Afganistandik irten zen eta 1992an erregimen komunista indargabetu zenean, behin-behineko batzorde batek hartu zuen aginpidea. 1992an, lehendakari berria hautatu zen. Hala ere, Afganistanek 1994az geroztik bizi duen gerra egoera dela-eta, ez dago gobernu erakunde finkoez hitz egiterik.

Hona probintziak edo wilayatak:

Afganistango probintzien mapa

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afganistan munduko herrialde pobreenetako bat da; nekazaritza eta abeltzaintza (ardiak eta ahuntzak) dira ekonomiaren oinarria. Afganistango ekonomia, dena dela, gerraren gorabeheren mende egon da. Gerra garaian, biztanleriaren herenak utzi zuen Afganistan, eta Pakistan eta Iranera joan zen ihesi (6 milioitik gora). Biztanle gehienek arazoak dituzte jana, jantziak, etxea eta medikuak lortzeko. Gobernua saiatu da kanpoko inbertsioak erakartzen, baina ez du halakorik lortu. Garia, artoa, arroza, garagarra, barazkiak eta intxaurrak lantzen dira batez ere. Ardiaren hazkuntzatik lortzen den haragia nahikoa da biztanleriaren beharrak asetzeko, eta artilea eta larrua esportatu egiten dira (1990. urte hasieran 14 milioi arditik gora zeuden). Karakul ardiaren larrua oso preziatua da eta animalia horren hazkuntzak garrantzi handia du.

Urre, zilar, kobre, berilio eta lapis lazulia betidanik ustiatu dira, kopuru txikitan, Afganistango mendialdean. Afganistango gas naturaleko hobiak sobietarren laguntzari esker ustiatu dira. 1960-1980 bitartean, bestalde, asko hazi zen Afganistango industria. Lantegi nagusiak hiriburuan daude, eta ehungintzaren eta zapatagintzaren alorrekoak dira gehienak. Langabezia eta langile eta funtzionario publiko gaituen gabezia dira lanaren inguruko arazo nagusiak.

Merkataritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo merkataritza gehiena gobernuak kontrolatzen du, eta hala ez denean gobernuaren mendeko monopolioen esku dago. 1993. urtean, urteko esportazioak 1.066 milioi dolarretik gorakoak izan ziren, eta inportazioak 1.984 milioi dolarrekoak. Esportatzen diren gai nagusiak gas naturala (% 42), fruitu lehorrak eta intxaurrak (% 26), kotoia, alfonbrak eta karakul larruak dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Afganistan Aldatu lotura Wikidatan