Giuseppe Di Stefano
Giuseppe Di Stefano (Catania, Sizilia, Italia, 1921eko uztailaren 24a - Milan inguruan, Italia, 2008ko martxoaren 3a) italiar tenorra izan zen.
Biografia [aldatu]
Bere herriko Bellini Kontserbatorioan ikasi ondoren, Milanera eta Erromara joan zen, opera-ikasketak egitera. Gerraosteko urte latzetan, Arturo Toscaniniren laguntza jaso zuen, eta 1946an kantatu zuen lehen aldiz, Masseneten Manon opera. Arrakasta itzela izan zuen, eta harrezkero, 1950eko eta 1960ko hamarraldietako opera-kantari onentzat hartu zuten, Mario del Monacorekin batera.
Munduko opera-antzoki nagusietan, eta bere garaiko opera-kantari handienekin kantatu zuen: Renata Tebaldirekin, Anita Cerquettirekin eta batez ere Maria Callasekin. Obrarik ezagunenetako protagonista izan zen: Donizettiren L'elisir d'amore eta La Favorita; Masseneten Manon eta Werther; Verdiren Rigoletto eta La Traviata, eta, oro har, obra liriko guztietakoa. 1991n, omenaldia egin zioten Milango Scalan; garai hartako abeslaririk onenek parte hartu zuten bertan.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.