Hiri elkargo
Hiri elkargoa (frantsesez Communauté urbaine) frantses estatuko berezko fiskalitatea duen EPCI[1] motako udalerriak elkartzeko egitura bat da. Mota horretako hiru mailetatik gorena da.
Eduki-taula |
Ezaugarriak [aldatu]
1999ko uztailaren 12ko 99-586 legeak[2] araututa, zenbait udalerri elkartzetik sortzen da eta "elkartasun espazio baten barruan hiri garapenerako eta beren lur eremuetarako proiektu komun bat elkarrekin definitzeko" balio du.
Legeak dio 500000 biztanle baino gehiagokoa izan behar duela eta gutxienez 50000 biztanle baino gehiagoko udalerri batek egon behar duela bere baitan; hala ere, egun dauden asko legearen aurretik eratu zirenez, horietako batzuk ez dira inolaz ere heltzen biztanleria hau izatera[3].
Hirigune elkargo eta herri elkargoetatik ez bezala, hiri elkargo batetik udalerri bat ezin da askatasun osoz atera.
Egiteko nagusiak [aldatu]
Sortzen denean kide diren udalerriek zenbait arlotan konpetentziak elkargoari pasatzen dizkiete:
- garapen ekonomiko, sozial eta kulturala: industria eremuak, ekipamenduak...
- espazioaren kudeaketa: hirigintza planak, garraio publikoa...
- etxebizitza sozialaren kudeaketa.
- interes kolektiboko zerbitzuak: ura, saneamendua, hilerriak, hiltegiak, merkatuak.
- ingurumena eta bizitza kalitatea: zaborraren kudeaketa, airearen kutsadura, zarata.
Hamasei elkargoak [aldatu]
Egun, mota honetako 16 elkargo dira; horietatik zazpik baino ez dute 500000ko biztanleria gainditzen. 2006ko urtarrilaren 1ean 7470000 biztanle biltzen zuten, estatuko % 12a.
Ipar Euskal Herrian ez dago halakorik eta hurbilen daudenak Bordeleko hiri elkargoa eta Tolosa Handia dira.
Balizko elkargo berriak [aldatu]
- Erruan inguruan mota honetako beste elkargo bat sortu nahian dabiltza baina momentuz ez dago behar bezalako adostasunik kide izango liratekeenen artean.
- Montpelhièr aldean ere aurreratu dute hiri elkargoa egiteko asmoa.
- Tolon eta Le Havren ere lehen pausoak emanak dituzte.
- Bere tamaina askoz ere handiagoagatik eskema honetatik aparte geratzen den Paris inguruan eztabaidak aparteko arazoak sortzen ditu, hiriburuaren aldirietako udalerriek asimilatuta geratzeko betiereko arriskua somatzen dutelako. Paris Handia, beraz, momentuz ez da existitzen eta bien bitartean hiriaren ekialdetik dauden departamenduetan (Val-de-Marne, Sena-Saint-Denis...) berezko proiektu batekin ari dira.
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ Établissement public de coopération intercommunale, "udalerrien arteko kooperaziorako elkarte publikoa".
- ↑ "Chevènement legea" izenez ezaguna, orduan Barne Ministroa zenarengatik.
- ↑ 1966tik hasiak ziren horrelako esperientziak sortzen; aurretik zeuden guztiek, bete beharreko ezaugarriak izan gabe ere, mantendu zuten estatus hori.
Ikus, gainera [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- (Frantsesez) Barne Ministerioaren udalerrien arteko elkargoei buruzko datu-basea.
- (Frantsesez) Frantziako Hiri Elkargoen Elkartea.