Euskal Herriko historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Euskal Herriko historia
Lauburu harria.jpg
Historiaurrea eta Antzinaroa
Erdi Aroa
Aro Modernoa
Aro Garaikidea
Kronologiak


Euskal Herriko historia Europako herrialde horren historia da. Euskal Herria, historikoki, euskaldunen eta euskararen lurraldea da, Pirinio mendien mendebaldean kokatua, Frantzia eta Espainiaren arteko muga egiten duen mendilerroan, eta Bizkaiko golkorantz zabaltzen dena. Euskal Herriko historiak, beraz, bere kokapen geografikoaren eta inguruko herrialdeen eragina jasan du.

Eduki-taula

Antzinaroa [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko historiaurrea

Paleolitoa [aldatu]

Behe-Paleolitoa [aldatu]

Atxeliar kulturako bifaz bat.

Behe-Paleolitoa orain dela 1.500.000tik 100.000 urtera luzatzen den aldia da. Garai honetan Euskal Herrian atxeliar kultura garatu zen eta Homo neanderthalensisa bizi zen. Garai honetan ez dira aurkitu hezurrik[1] baina bai hainbat harri landu. Urbasako iturri batzuetatik gertu, Koskobilon eta Diman hainbat aztarna aurkitu dira.[2] Euskal Herrian orain dela 200.000tik hasten da kontatzen, lehenagoko aztarnarik ez baita aurkitu. Euskal Herrian, garai hartan, kobazuloak erabiltzen ziren babesteko. Kobazulo hauetatik gertu beharrezkoak ziren gauza guztiak egon behar ziren: janaria, ura, egurra...

Euskal Herritik gertuko lekuetan Homo antecessorren hezurrak aurkitu dira, batez ere Atapuercan. Bertan aurkitutako hezurrez gain bifazak eta antzeko tresnak aurkitu dira eta hauek ere Euskal Herrian badira.

Aurkitutako aztarnategirik garrantzitsuenak Lezetxiki, Urrunaga, Gatzolatz, Irikaitz eta Iruñean daude.

Erdi-Paleolitoa [aldatu]

Erdi-Paleolitoa orain dela 100.000 urtetik orain dela 35.000 urtera luzatzen den aldia da. Garai honetako aztarna ugari aurkitu dira, guztiak Neanderthalarekin harremanetan. Garai hartako gizakiak biltzaileak eta ehiztariak ziren eta lehenengo aldiz euren hildakoak lurperatzen zituzten. Arrasateko Lezetxikin aurkitu dira Euskal Herriko hezurrik zaharrenak.

Garai honetan landarez eginiko janzkerak erabiltzen zituzten[3], eta animalien tendoiak eta ileak gehiago erabiltzen ziren. Honek ehizaren gehikuntza egon zela adieraz dezake.

Aztarnategi gehienak ibaien inguruan daude, urak garrantzi handia baitu. Aurkitutako aztarnategi garrantzitsuenak hauek dira: Arrillor, Axlor, Olha eta Amalda. Garrantzi pixka bat txikiagoarekin garai honetan Isturitz, Koskobilo eta Lezetxiki daude.

Goi-Paleolitoa [aldatu]

Ekaingo margoen eskema
Zonalde Franko-Kantauriarrean dauden labar-arteadun kobazuloak agertzen den mapa

Goi-Paleolitoa orain dela 35.000 urtetik 10.000 urtera luzatzen da mundu osoan, baina Euskal Herrian pixka bat luzatu daiteke, neolitoaren sarrera beranduago izan baitzen. Epe honetan Neanderthaleko gizakia Homo sapiensarengatik aldatu zen, gaur egungo gizakia. Euskal Herrian 15-20 pertsonako taldez osatutako leinuak bizi ziren[3], kobazulo txikiagoetan eta askotan lautadatan ere.

Garai hau oso hotza izan zen, azkeneko glaziazioarekin bat. Itsasoa gaur baino 100-120 metro beherago zegoen. Garai honetan hilobiratzeak eta musika bezalako portaera sinbolikoak agertu ziren.

Garai honetan aztarnategi ugari daude, baina garrantzitsuenak hauek dira:

Isturitze
Nafarroa Behereko Donamartirin kokatuta aztarnategirik garrantzitsuena da, hainbat aztarnaz gain munduan aurkitutako txirularik zaharrena dago bertan.
Gatzarria
Zuberoako Züharan kokatuta Chatelperroniar kulturatik Gravette kulturara doazen teknikak aurkitu dira.
Koskobilo
Nafarroako Olaztin, hainbat aztarna, baina gaur egun apurtua dago harrobiaren eraginez.
Bolinkoba
Bizkaiko Abadiñon, Gravette, Solutre eta Madeleine kulturaren hainbat aztarna aurkitu dira.
Labeko Koba
Arrasaten, Gipuzkoa. Gaur egun apurtua dagoen arren 1987tik 1989ra hainbat aurkikuntza egin ziren bertan.
Ekain
Deban (Gipuzkoa), labar aldeko hainbat margo oso interesgarri aurkitu dira bertan, Madeleine kulturaren aldikoak.
Aitzbitarte
Gipuzkoan, Errenterian. Bost kobazulo dira guztira eta horietatik hirutan hainbat aurkikuntza garrantzitsu egin dira.

Epipaleolitoa [aldatu]

Epipaleolitoa Euskal Herrian orain dela 10.000 urtetik 6.500 urtera doan epea da. Epe honetan hobekuntza klimatiko handia egon zen eta horregatik kobazuloetatik lautadetara bizitzera joateko aukera zabaldu zen. Garai honetan jantziak animalia larruekin eta landareekin egiten ziren, jada botoi eta joskurekin.

Garai honetan labar-artea galdu zen eta arte eroangarria ia-ia desagertu. Hala ere hilobiratze sinbolikoak geroz eta ugariagoak dira eta honek beste mundu baten sineskera egon daitekeela esan nahi dezake.[3].

Aztarnategi garrantzitsuenak hauek dira:

Antton Koba
Oñatin dagoen kobazulo honetan Azil aldiko aztarnak aurkitu dira.
Santimamiñe
Kortezubin. Urte askotan garrantzi andiko aztarnategia izan zen, bertan aurkitutako material kopuruagatik eta labar-arteagatik. Bertako IV eta V mailetan aurkitu dira Epipaleolitoko aztarnak.
Fuente Hoz
Anuzitan dago gaur egun gauza gehien aurkitu diren aztarnategia, epipaleolitotik neolitora doana.
Zatoia
Abaurregainan kokatua Pirinioaldeko aztarnategi garrantzitsua da, Azil aldiko aztarnategi zaharrak aurkitu dira.

Neolitoa [aldatu]

Neolitoa K. a. 3. milurtekoan iritsi zen Euskal Herrira, baliteke zelten inbasio batekin batera. Garai honetan antzinako ilargia eta Mariren gurtza alde batera utzi zen eta eguzkia eta Urtzi pertsonaiak agertu ziren gurtzan.[4]

Neolitoaren ezaugarria lehenengo aldiz nekazaritza eta abeltzaintza agertzea izan zen. Euskal Herrian garia, artatxikia, oloa... agertu ziren eta zakur, zaldi eta ardiak domestikatu ziren. Bi bizimodu horien agerpenarekin jendartea bi zatitan banatu zen: mendietan abeltzainak bizi ziren, batez ere lur komunaletan oinarritzen zena, eta, beste aldetik, nekazaritza, jabetza pribatuan eta sedentarismoan oinarritzen zena.[4]. Horrekin bi kultura bereizi ziren: alde batetik megalitismoetan oinarritutakoa, hasiera batean trikuharriekin eta gero harrespila eta menhirrekin. Bestetik lehenengo herriak sortu ziren, etxebizitza finkoekin.

Aztarnategi nagusienak hauek dira:

Herriko Barra
Zarautz, Gipuzkoa. Orain dela 6.000 urteko nekazaritza aztarna aurkitu zen bertan, ezagutzen den zaharrena.[3]
Kobaederra
Kortezubi, Bizkaia. Nekazaritza eta abelazkuntzako aztarnak.
Peña Larga
Kripan, Araba. Zeramikaz gain abereak agertu dira.
Los Cascajos
Urantzia, Nafarroa. Herrixka oso bat aurkitu da, nekazaritzan guztiz sartua.

Horretaz gain ehunka trikuharri eta bestelakoak daude Euskal Herrian, batez ere Pirinio aldean eta Aralar mendilerroan. Beste batzuk, ordea, lautadetan daude.

Kobre eta Brontze Aroak [aldatu]

Kobrea eta urrearen erabilpena, beste metal batzuekin batera ez zen hasi Euskal Herrian K.a. XXVI. mendera arte. Metalgintzaren hasierarekin lehenengo leku finko urbanoak sortu ziren, eta horietan garrantzi handikoa da Araban dagoen La Hoya. Baliteke hau Portugal eta Okzitaniaren arteko elkartrukea bideratzen zuen zentro bat zela. Hala ere oraindik ere kobazuloak erabiltzen jarraitu zuten.

Neolitotik zegorren demorazio gabeko zeramikak oraindik jarraitu zuen ahalik eta Kanpai Erako Koparen kultura iritsi zen arte, batez ere Ebro bailaran ezarri zena. Brontze Aroa arte oraindik ere megalitoen eraikuntzak jarraitu zuen.

Akitanian Artenaziar kulturaren presentzia egon zen, Garonatik hedatu zen kultura berri bat. Brontze Aro berantiarrean Hego Euskal Herrian abeltzaintzako Cogotas I kultura iritsi zen.

Burdin Aroa [aldatu]

Burdin Aroan zeltak euskal lurraldeen inguruan ezarri ziren, herri indoeuropar bat. Honek influentzia ekarri zuen eta zeltiberiarren eta euskararen arteko harremana zein ote zen oraindik-orain eztabaidagai dago. Dirudienez urte askotan elkar harremanetan egon ziren bi kultura ezberdinak. Urna Zelaiaren kultura Ebrotik gora egin zuen eta Hallstatt kultura ezarri zen Euskal Herrian.

Hala ere aztarnategi askok lur eremu zabalak utzi eta berriro mendietan daude aztarnak, baliteke arrazoi defentsiboak zirela eta. Epe honetan nekazaritzak balioa irabazi zuen abeltzaintzaren gainetik. Garai honetan agertu ziren harrespil eta menhirrak.

Garai klasikoa [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herria erromatarren garaian

Tarraconensis eta Akitania erromatarra (Novenpopulania).

Hiri nagusiak: Pompaelo (Iruñea), Lapurdum Baiona, Veleia (Iruña-Veleia) eta Oiasso (Irun ?).

Euskal tribuak erromatarren garaian [aldatu]

Gaur egungo Euskal Herrian bizi ziren tribuen kokalekua, erromatar geografoen arabera. Gorriz, aurreindoeuropar leinuak; urdinez, zeltak

Zaila da dauden erreferentziekin jakitea ea zein leinu ziren euskaldunak eta zein ez. Zehatzago dakigu, ordea, zein ziren aurreindoeuroparrak eta zein zeltak. Horrek arrastoren bat ematen du, zelta herriak ez baitziren euskaldunak.

Gaur egungo Nafarroan batez ere baskoiak bizi ziren, nahiz eta Goiko Aragoi ibaiaren inguruan, hau da Jakaaldean ere hedatzen ziren. Esan daiteke Pirinioetako tribu bat zela.[4]. Mendebaldean autrigoi, karistio eta barduliak bizi ziren, eta iparraldean tarbeli, auski, sibuzateak (gaur egungo Zuberoan) eta gainontzeko akitaniarrak. Dakigunez ere, Akitanian bizi zirenen hizkuntza aitzineuskararen oso antzekoa litzateke, edo agian hizkuntza bera ere, eta, beraz, Garona ibaia arte bizi ziren leinuek harreman handia zuten aitzineuskaldunekin.

Aipatzekoak dira Pompaelo (Iruñea), Lapurdum Baiona, Veleiako eta Oiassoko erromatar hiriak.

Dirudienez erromatarrrek ez zuten kontu handirik menditarrekin; lautadak ziren (latifundioak) haien helburua, baita ere komunikabideak: lautadetan eta Pirinioko zehar galtzadak eta portu zenbait. Erromatarrentzat Pirinioak ziren aproposak Galia eta Hispaniako haien probintziak mugatzeko, hau da Euskal Herriaren zehar.

Kulturari buruz latina ta kristautasuna zabaldu ziren

Bagaudak [aldatu]

III. mendetik aurrera Erromatar Inperioa gaizki zegoen batez ere germaniarren inbasioagatik. Bagaudak III. mendetik V. mendera jauntxo handien eta Erromatar inperioaren aurka altxatu ziren Galia eta Hispaniako probintzia erromatarretako nekazari-taldeak ziren. Latifundisten gehiegikerien eta agintari erromatarrek ezarritako zergak ordaintzearen aurka asaldatu ziren nekazariak, baina ez zuten arrakastarik izan eta altxamendu bakoitzean zapaldu egin zituzten. Baskoien lurraldeetan gertatu ziren bereziki bagauden altxamenduak: Pirinioen bi aldeetako Euskal Herrian urte askotan iraun zuen matxinadak, 269. urtean hasi eta 285ean Diokleziano enperadoreak amaiera eman zion arte.

Bagauden matxinada nagusia V. mendearen lehen partean izan zen, Euskal Herriko lurraldeetan (iparraldean nahiz hegoaldean). V. mendeko hasieran suebo, vandalo eta alanoak inperioan sartu zirenean Erromatar Inperioa gainbehera zetorren, eta haien aurka bisigodoak bidali zituzten erromatarrek. Era berean, egonezin soziala areagotu egin zen; euskaldunak beren askatasunaren alde borrokatu ziren. Asturio jeneral erromatarraren aurka 441ean borrokatu ondoren, 443an Merobaudesen tropa erromatarren aurka galdu zuten bagaudek Aracaelin (gaur egungo Uharte Arakil). Ondoko urteetan militar erromatar (Basilio jenerala) nahiz bisigodoekin (Teodoriko II.aren tropekin) borrokan jarraitu behar izan zuten, 456 arte.[5]

Erdi Aroa [aldatu]

Erromatar Inperioaren gainbehera eta herri barbaroen inbasioak [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Herri barbaroen inbasioak Euskal Herrian eta Baskoniako dukerria

Herri "barbaroen" inbasioak V. eta VI. mendeen artean izan ziren Euskal Herrian, Erromatar Inperioaren gainbeherarekin batera.

Sueboak Iberiar penintsulako ipar-mendebalean finkatu ziren, eta bisigodoak ekialdean, Pirinioetako bi aldeetan. Baina frankoek bisigodoak Galiatik kanporatu zituzten, eta bisigodoak penintsulako alde gehienetara zabaldu ziren.

Bisigodoek sueboak menperatu zituztenean, VIII. mendea baino lehenago, Iberiar penintsulan kristau erresuma zegoen, bisigodoez gobernatua eta Euskal Herria franko eta bisigodoen artean geratu zen. Une hartan, gar egungo Euskal Herriko lurraldean baskoiak ziren nagusi (besteak ez ziren aipatu).

frankoek Euskal Herria menperatzeko Baskoniako dukerria egin zuten (autonomian gisa kontrolpean egoteko)

Musulmanen okupazioa [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Musulmanen okupazioa Euskal Herrian
Baskoniako dukerria Poitiersko guduaren ondoren (734-743)

VIII. mendean (711ean) musulmanak Gibraltartik Iberiar penintsulara sartu ziren. Ia penintsula osoa hartu zuten, eta bisigodo nobleak edo menpean geratu edo Asturias aldean ezkutatzera behartu zituzten. Musulmanak ez ziren kokatu gaur egungo Euskal Herriko lurralde gehientan, hainbat arrazoiengatik: ez zen haientzat erakargarria, menditsua zen, eta haientzat klima desegokia zeukan, oso hezea zelako. Hala ere, musulmanek euskal lurraldearen hegoaldea konkistatu zuten, haientzat lurralde mota egokia eta kontrolatzeko erosoagoa zelako. Nafarroako Ebro erriberatik musulman haiek Iruñera eta Arabara hainbat espedizio egin zituzten, horko lurren aberastasunak bereganatzeko asmoarekin.

Musulmanek XI. mendean utzi zuten euskal lurraldea (eta XV.ean Iberiar penintsula osoa, Errege-erregina Katolikoak (Fernando eta Elisabet) penintsulaz jabetu baitziren).

Orreagako gudua [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Orreagako gudua
Errolanen heriotza Orreagako guduan, 1455-1460eko eskuizkribu irudiztatu baten arabera.

Orreagako gudua 778an gertatu zen nafar Pirinioetako Orreagako haitzartean. Bataila honetan Errolan, Bretainiako Markako prefeta eta Carolus Handiaren loba, euskaldunek garaitua izan zen.

Gudu hau Carolus Handiaren Iberiar Penintsula menderatzeko lehen kanpainaren amaiera izan zen. Berak Bartzelona eta Iruñea menderatu zituen, baina Zaragozan gelditua izan zen. Penintsulatik joan behar izan zuen saxoien matxinada menperatzeko. Atzeguardia Errolanen agindupean utzi zuen, bera armada nagusiarekin Rhinerantz abiatzen zen bitartean. Erretretan Carolus Handiak Iruñeko harresia eraitsi zuen. Ekintza honek seguru aski Errolanen aurkako erasoa eragin zuen. Euskaldunek arma txarragoak zituzten, baina lurraren abantailak profitatu zituzten. Errolanen armada guztiz suntsitua izan zen. Hauxe izan zen Carolus Handiaren porrot handi bakarra.

Iruñeko erresuma [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Iruñeko Erresuma
Leon 1030.png

Iruñeko Erresuma 824. urtean sortu zen Iruñearen inguruan. Eneko Aritza izan zen bertako lehen erregea, baskoien lurraldeetan sortua. Mendebaldeko Pirinioak lurralde estrategikoa zen, Pirinioak igarotzeko toki aproposa baitzen, Ekialdeko Pirinioekin batera.

Karolingiar inperioak behin baino gehiagotan erakutsi zuen lurraldeaz jabetzeko nahia, baina ez dago batere argi eragina zenbaterainokoa izan zen, Iruñean ere ez, garaiko hiri handiena zena. Ezaguna da 778ko abuztuaren 15ean gertatutakoa, Carolus Handiak Iruñeko harresiak eraitsi ondoren, euskal tribuek armadaren atzealdea ezdeustu zuten Orreagako guduan.

806 eta 812 urteetan, badirudi Iruñea frankoen menpean zegoela. Hala ere, enperadore frankoek ezin zuten inperioz haraindiko lurraldeak behar bezala zaindu, etxean zuten arazoak zirela-eta. Horrela, apurka-apurka eskualdea inperioaren eraginetik ateratzen joan zen eta bertako dinastia indartzen. 824. urtean, Eneko Aritza buruzagia bertako errege izendatua izan zen, Iruñeko errege-erreginen aitzindari.

Tuteran ezarri zen Banu Qasi erresuma musulmanaren aliatua izan zen.

Nafarroako erresuma [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Nafarroako Erresuma

Iruñeko erresumaren ondorengoa izan zen, hiriburu nagusia Iruñean zuela. Maila gorenera Antso III.a iritsi zen. Errege honek euskal lurralde guztiak Koroa beraren menpe jarri zituen. X. mendean izan zen hori.

1512an Fernando Katolikoaren tropek Nafarroako Erresuma eraso, konkistatu eta Gaztelara batu zuen. Hala ere, Nafarroa Garaiak ez zuen erresuma titulua galdu 1839ra arte. Urte hartan probintzia soil bilakatu zen.

Nafarroa Behereak erresuma independente gisa iraun zuen, 1589 urtera arte. Urte hartan, Henrike III.a Nafarroako Erregea ezkontza bitartez Frantziako errege bihurtu zen. Ordutik aurrera Frantziako erregeek "Frantziako eta Nafarroako errege" titulua eraman zuten.

Araba-Bizkaia-Gipuzkoa Gaztelako Erresuman [aldatu]

V. eta VIII. mendeen artean Baskoien erresuma sortu zen, azkenean zatiketa bat sortuz euren artean. Batzuk Frantziara lotu ziran eta beste batzuk Iruñeko erresuma sortu zuten. 1200an Euskal probintziak Nafarroako erresumatik irten eta Gaztelako Erresumara elkartu ziran. Horren truke Gaztelako erregeak lege berezi batzuk eman zizkien: foruak.

Foruak: Urte askotan zehar arauak ahoz transmititzen ziren. Testuak idazten hasi zirenean, XIII. eta XIV. Mendeetan, legeak idatzi egin ziren foruak eratuz.

Ezaugarriak:

  • Lurralde administrazioa, bertako erakundeekin.
  • Gaztelako erregeari ez jakon zergarik ordaindu behar.
  • Soldadutza egitetik libratzen ziren.
  • Kaparetasun unibertsala, hau da; denak ziran hidalgoak.
  • Zergarik gabeko merkataritza eremu bat sortzea.
  • Maiorazkoa ezartzea, hau da, oinordetza guztia seme-alaba nagusiari uztea.
  • Salgaien eta arrantzaren zergak ezartzea.

Foruek autogobernu bat eman zien euskal lurraldeei baina Gaztelako erregea onartu behar zuten horren truke. Erregeak ezin ziren lege horren aurka joan foruen kontra joaten zelako.

Bizkaian foru zaharrak 1452. urtean onartu ziran eta foru berriak 1526an. Araban Aiarako forua ezarri zen 1373an eta Gipuzkoan 1696an argitaratu zen Gipuzkoako forua.

  • Ordenantzak: Udal ordenantzak herrietako agintariek ematen zituzten gizarte eta ekonomia arautzeko. Ordenantza horiei ezker Euskal lurraldeek lege eta zuzenbide esparrua eduki zuten.
  • Euskal erakundeak: Administrazioa gobernatzeko sortutako erakundeak dira.
  • Korrejidorea: Errege erreginen ordezkaria zen, probintziak berak aukeratuta. Justizia administratu ahal zuen eta administrazio gaietan parte hartu ere.
  • Batzar Nagusiak: Probintzietako batzarrak ziren eta botere legegilea eta betearazlea zuten baita justizia administratzeko ere. Bertan batzarkideak elkartzen ziran zergak ezartzeko, administrazioa gobernatzeko, etab. Batzarkideak izateko gizonezkoa izan behar zen, jabetzak eduki behar zuen eta gaztelaniaz berba egiten eta irakurtzen jakin behar zuen. Batzarkide kopurua ez zen berdina probintzia guztietan gehiago ziran landa ingurukoak.
  • Ermandadeak: Herriek edo merkatariek sortutako elkarte edo erakundeak ziran, Etsaiei aurre egiteko eta bertako kideen interesak babesteko. Lehen ermandadetako bat 1296.urtean sortu zen, Kantauriko ermandadea. Ermandadeek euren karguak zituen, legeak ezartzen zuten eta politika eta ekonomia arloetan esku hartzen zuen. Ermandade garrantzitsu batzuk: Getariako Ermandadea (1375), Gipuzkoako Ermandadea (1397) eta Arabako Ermandadea (1463).

Hiribilduen fundazioa [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Hiribildu

Hiribilduak XII. mendetik aurrera sortzen hasi ziren, faktore batzuei esker: Ekonomiaren susperraldia, Barne eta kanpo merkataritzaren bizkortzea eta Done Jakue bidea indartzea.

Errege-erreginek fundatzen zituzten hiribilduak hiri gutunaren bidez, hau da, komunitate bati herri bat sortzeko baimena ematen zion dokumentu baten bidez. Dokumentu horretan honako hauek zehazten ziren:

  • Eskubide eta betebeharrak.
  • Mugak.
  • Eskumenak.
  • Jabetzak.
  • Zergak.
  • Pribilegioak.

Hiribilduak sortzeko hiru helburu nagusi zeuden:

  • Arrazoi estrategiko edo militarrak: Hiriak etsaiengandik babesteko edo mugak ezartzeko. Adibidez: Gasteiz (1181).
  • Arrazoi ekonomikoak: Merkataritza errazteko. Adibidez: Gesaltza Añana (1140).
  • Arrazoi demografikoak: Biztanleei babesa emateko. Adibidez: Elgoibar (1346).

XII-XIV. mendeen bitartean 69 hiribildu sortu ziren euskal lurraldean.

  • Araba: XIII.mendean eta ia gaur egungo egitura zuen.
  • Bizkaia: XIV. Mendean Bizkaiko lurraldea asko zabaldu eta hedatu zen.
  • Gipuzkoa: XIIV. mendea arte Gipuzkoa haranetan banaturik zegoen.

Ahaide Nagusien arteko gerrak [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Ahaide nagusiak

Ahaide Nagusiak dorre edo jauregietan agindu zuten etxeko-jauntxoen edo etxekoandreen alde edo aurka borrokatzen zuten pertsonak ziren. Bereziki, Gipuzkoa, Nafarroa eta Araban izan ziren banderizo gehien.

Ahaide Nagusien arteko bi bando handi zeuden: oinaztarrak eta ganboatarrak. Istorioaren arabera prozesio batean egon zen liskarrak sortu zuen bi bandoen sorrera. Antza alde batekoek kandelak lepoan (ganboan) eraman nahi zuten eta besteek behean (oinean). Lehenengoaren defendatzaileak Ulibarrikoak ziren eta bigarrenak Muruakoak ziren.[6]

Gaur egun egindako ikerketatan argi geratzen da hau kontakizun bat baino ez dela eta kultura, ekonomia eta bestelako gaiak zeudela bi bandoak sortzeko garaian. Ganboatarrak normalean ekonomia berriarekin lotu dira, hiribildu eta merkataritzarekin. Oinaztarrak, berriz, nekazaritza eta abeltzaintzarekin, eta beraz Lur Edegiarekin. Era berean Ganboatarrek Debabarrena eta Debagoienan eraikitako hiribilduen aurka zeuden gipuzkoar nekazariek ere oinaztarren bandoa osatu zuten, bailaraz baila batekin edo bestearekin lerrokatuz[6].

Aro modernoa [aldatu]

XV. mendea Pizkundea Euskal Herrian [aldatu]

XVI. mendea [aldatu]

Euskaldunak eta Amerika [aldatu]

XIII. eta XIV. Mendeetan foruekin batera maiorazkoa sartu zen Euskal Herrian, hau da, oinordetza seme nagusienari ematea. XVI. Mendean berriz, aberastasun falta zela eta, bigarren semeak, Ameriketako espedizioetan eta lur konkistetan parte hartzen zuen. Espedizio ugari egin zirelarik, euskaldunak nabigatzaile eta esploratzaile trebelez nabarmendu ziren. Honek izan ziren ezagunenak:

  • Domingo Martinez Irala: Bergaran jaio zen, 1509an. Buenos Airesen sorreran eta Paraguaiko eta Paranako ibaien esplorazioan parte hartu zuen. Indigenekin harreman onak izateaz gain, herri berriak sortu eta zenbait esplorazio antolatu zituen.
  • Juan Garai: Urduñan jaio zen 1528an. Argentina eta Paraguai esploratu zituen eta honekin batera Santa Fé hiria sortu eta Buenos Aires sortu zituen.
  • Juan Zumarraga: Durangon jaio zen eta frantziskotar monjea izanik Mexikoko elizan lan egin zuen indigenen eskubideak bultzatzearekin batera.
  • Lope Agirre: Oñatin jaio zen 1510ean eta garai horretako Peruko gatazka odoltsuetan zuzenean parte hartu zuen. Geroago zoratu egin zen eta El Doradora egineko espedizioetako burua hil eta Filipe II.ari gerra deklaratu zion.
  • Migel Lopez Legazpikoa: 1505ean Zumarragan jaiotako esploradorea, Mexikora joan zen administraziorako karguak betetzeko. Filipinak ere esploratu zituen eta zati handi bat konkistatzeaz aparte Manila hiria sortu zuen.

Espedizioetara joandako esploradoreak, mita eta enkomienda praktikatzen zuten, hau da, esploradoreak indegenak ustezko kristau bihurtzen zituzten euren esklabotzaren truke.

XVII. mendea [aldatu]

XVIII. mendea [aldatu]

Frantziako Iraultza [aldatu]

Aro garaikidea [aldatu]

Gerra napoleonikoak [aldatu]

Karlistaldiak [aldatu]

Karlistaldiak edo Karlista Gerrak XIX. mendeko hiru garaitan Espainian gertatutako guda zibilak izan ziren.

Euskal Herrian eragin handia izan zuten, herritar gehienek Karlos erregegaiaren alde egin baitzuten. Bigarren Karlistaldia Katalunian nabarmendu zen; gurean, berriz, bereziki Hirugarren Karlistaldia nabarmendu zen.

Lehen Karlistaldia [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Lehen Karlistaldia

Fernando VII.a hil zenean, batetik, gerra zibila sortu zen absolutisten eta liberalen artean, 1840 urtera arte iraun zuen eta bestetik, Elisabet II.a adingabea zenez Maria Kristina erreginaordea izan zen eta Baldomero Espartero jenerala erregeordearen esku egon zen erregetza. Orduan, Espainian Estatu liberalen oinarriak finkatu zituzten: botere legegilea martxan jarri zuten, agindu guztiak gorteetatik etortzeko; batasun juridikoak berezitasuna galdu zuen eta liberalismoa, denak berdinak zirela pentsatzen jarraitu zuten.

Karlistaldi hartan Karlos Maria Isidro infantearen jarraitzaileak (karlistak) eta Elisabet II.aren jarraitzaileak (Isabeldar edo Kristinoak) aurrez aurre aritu ziren. Karlistek batetik, absolutismoa monarkikoa eta foru tradizionalak baztertu zituzten. Karlistak behe mailako apaizteria eta nekazaritzako noble txiki lurjabeak ziren baina sistema liberala ezarri zenean nekazari gehiengoak kaltetuenak izan ziren. Karlistek, Karlos M. Isidroren tronurako eskubideak ezartzea nahi zituzten.

Isabeldar edo kristinoak, liberalismoaren ezartzearen, legeak bateratzearen eta zentralizazioaren alde zeuden. Honako hauek ziren: burgesiako kideak, funtzionarioak, armada, goi mailako nobleak eta hirietako herritar gehienak. Isabeldarrak Isabelen eskubideak tronuan jartze nahi zuten.

Hego Euskal Herrian, XIX. mendearen hasieran, herri lurrak eta esplotazioak saldu ziren eta ondorioz, lurjabeei eta burges aberatsei onura ekarri zien.

Gatazkan, elizaren desamortizazioak zerikusia izan zuen. Karlismoan adibidez, zutabe nagusia apaizteria zen lelo honekin: Jainkoa (erlijio katolikoa), Aberria (nazioa) eta Erregea (euskal foru sistema). Eta absolutismo monarkikoa defendatzen zuten.Baina denak karlismoaren aldekoak ez zirenez, Donostiako burgesak ideologia liberal progresista zuten. Gatazkan, foru erakundeak haien kontrolpean zeuden eta herritar asko Elisabet II.ari laguntza ematearen onurez ohartzen hasi ziren. Liberalismoa berriz, Estatuaren erradikalizazioa eta zentralizazioa nahi zuten.

Gerra honetan hainbat fase egon ziren eta lehenengo fasea 1833 eta 1835 urteen bitartean gertatu zen. Fase honetan Tomas Zumalakarregi zen protagonista. Zumalakarregik karlista gudaroste erregularra osatu eta zuzendu zuen. Karlistek gerrillen taktika erabili zuten eta ondorioz liberalek landa inguruetan arreta jarri behar zuten. Hiri gehienak liberalen kontrolpean zeuden. Bigarren fasean, 1835 eta 1837 bitartean, Zumalakarregi hil zenetik (Bilbo inguruan) karlistek hegoalderantz egin zuten: Gomez jenerala Andaluziaraino iritsi zen, atzeraka egin baitzuten. Armada liberala berriz, indarrean joan zen, elizaren desamortizazioarekin eskuratutako baliabideei esker.

1839an azkeneko fasean, bi taldeak bat etorri ziren. Liberalak ohartu ziren onura gehiago ekarriko zietela foruen liskarra eta Don Karlosen bereizketa. Karlistek liberalarekin negozioan prest zeuden, Maroto karlista jeneralak eta Espartero liberalistak, Bergarako Ituna sinatu zuten 1839an eta gerrari amaiera eman zioten.

Hitzarmenaren arabera, Marotok erregina izateko eskubidea onartu zion Elisabet II.ari, eta hark armadan karlista ofizialen mailari eusteko hitza eman zion. Orduan, on Karlosek Espainiarik alde egin zuen, militarren laguntzarik ez zuelako.

Gatazkaren ondorioak Hego Euskal Herrian eta Espainiako lurraldeetan, Aragoi, Katalunian eta Castellonen eragina izan zuten eta gaztakaren ondorioz konstituzio eta foru erregimen mistoa ezarri zuten.

Hirugarren Karlistaldia [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Hirugarren Karlistaldia

Abertzaletasunaren sorrera [aldatu]

Lehen Mundu Gerra [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Lehen Mundu Gerra Euskal Herrian
Lehen Mundu Gerra hastearen albistea, Eskualduna astekariaren 1914ko abuztuaren 7ko zenbakian.

1914-1918. urteen bitarteko gerra hartan, Frantziarekin borrokatzera joan behar izan zuten Ipar Euskal Herriko gizon askok. Alde batetik, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan «belaunaldi oso bat desagertu zen», soldadu joan behar izan zuten 6.000 euskal herritar hil baitziren, Iñaki Egaña historialariak dioenez;[7] bestetik, ipar euskalerritarrak frantsestu zituen: Frantziaren propaganda mezuak barreneraino sartu ziren Ipar Euskal Herrian.[8]

Gerra hark frantses sentiarazi zituen Ipar Euskal Herriko euskaldun gehienak. Anitzek desertore izateko bidea hautatu zuten; Nafarroako mugatik hurbil zirenek, bereziki. Baina gehienek gerra egin zuten, eta haiek biziki frantses itzuli ziren lubakietatik. Gainera, euskaldun anitz frantsesa ez jakiteagatik hil ziren, aginduak ez zituztelako ulertzen. Ondorioz, euskara jakitea «kaltegarria» zela pentsatu zuten. Horrek ere euskaldunen frantsestea erraztu zuen. Gauza bera jasan zuten bretainiarrek eta korsikarrek ere.[8]

Geroztik, euskararen transmisioan etenaldi luze bat izan zen Ipar Euskal Herrian. Ez bakarrik gerraren ondorioz, baina euskaldun izatea zama gisa bizi izan zuten anitzek.[8] Lehen Mundu Gerrak Frantziako Iraultzak baino eragin handiagoa izan zuen euskal nortasunaren zutabeetan.[7]

Espainiako Gerra Zibila [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Gerra Zibila Euskal Herrian
Eibarren 60 pertsona hil zituen bonbak utzitako zuloa.

Espainian 1936 eta 1939 urteen artean gertatu zen Gerra Zibilak bere partea izan zuen Hego Euskal Herrian. Bertan, Espainian eztabaidan zeuden printzipio sozio-ekonomikoei eta ideologikoei gehitu behar zaio abertzaletasunaren inguruko eztabaida. Gauzak honela, 1936ko uztailaren 17an Francisco Franco jenerala Melillan altxa zenean berarekin bat egin zuen Iruñean zegoen Mola jeneralak eta beraren alde zeuden nafar karlista guztiek. Araban ere Jose Luis Oriol kazike karlistak bere eraginaz baliatuz altxamenduaren alde jarri zuen probintzia ia osoa. Bizkaia errepublikaren alde agertu zen eta Gipuzkoan zalantza uneak izan ziren hasiera batean. Honela, laster Hego Euskal Herria bitan zatitu zen.

1936ko urriaren 8an Gernikako Juntetxean Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzaren lehendakari kargua zin egin zuen. Gobernuak bederatzi hilabete iraun zuen. Batasun gobernua sortu zuen nazionalista, komunista errepublikazale eta sozialistez osatua. Beronen ekimena praktikan estatu independente batena izan zen halabeharrez gerrak bultzatuta: unibertsitatea, txanpona, armada, etab.

1937an bonbardaketak egon ziren Euskal Herriko hainbat herriren aurka eta horrelako ekintza militarrak egiten ziren lehen aldia zen. Otxandio eta Durangon hasi ziren, martxoaren 31n, eta italiarren abioiek 300 pertsona hil zituzten. Gero munduan ezaguna egin zen Gernika bonbardatu zuten alemaniarrek, apirilaren 26an. Eta handik bi egunetara sartu ziren tropa frankistak herrian. Hilabeteko erresistentzia bortitza suntsituta gelditu zen.

Bigarren Mundu Gerra [aldatu]

1940ko maiatzeko eta ekaineko alemaniarren erasoak denbora gutxian garaitu zuen frantziar armada. Azkenean, armadan sartu ziren milaka euskaldunek eta gainerako frantziarrek antzeko bukaera izan zuten: lehenik atxiloketa eta gero presoaldia Alemaniako preso-eremuetan, lan behartua, eta soilik batzuetan, ihesa eta etxera buelta, sarritan abentura arriskutsuak pasatu ondoren. Ipar Euskal Herriko biztanle gehienei, batez ere sufrimendua ekarri zien gerrak, Alemanian preso zeuden ahaide eta lagunengatik. Behe Pirinioetako departamenduko 13.500 lagunetatik, 5.000 inguru Ipar Euskal Herrikoak ziren. Hemen ez zen borrokarik izan, frontea urrun samar zegoelako. Kontuak horrela, 1940ko ekainaren 22an sinatutako armistizio-klausulei jarraiki okupatu zuten Ipar Euskal Herria. Klausula horien arabera, frantziar estatuko lurraldea bi zatitan banatua geratzen zen, benetako muga egiten zuen “demarkazio-linea” baten bitartez: alde batetik "zonalde okupatua" zegoen, non okupazio-tropek aginte zuzena baitzuten, eta bestetik, zonalde ez-okupatua, edo “zonalde librea” ere deitzen zutena, Pétainen gobernu kolaborazionistaren agintepean.

Euskal Herri kontinentala ere naziek kontu handiz zaintzen zuten linea horrek zatitu zuen. Linea Arnegitik abiatu eta Donibane Garazira zihoan, eta handik gora Donapaleuraino, Saliesen irteteko.

1940ko ekainaren 27an, lehen unitate motorizatu alemaniarrak iritsi ziren Baionara. Hurrengo egunetan euskal kostaldera inguratu ziren, eta baita barrualdera ere. Muga zaintzen zuten aduanako alemaniar tropez aparte, eta poliziaz aparte –bereziki Gestapokoak–, Ipar Euskal Herrian gelditzen ziren tropa naziak atseden hartzera etorritako unitateak izaten ziren beti, frontetik horretara propio etorriak, edo bestela denboraldi baterako berrantolatzera bidaliak. Inoiz ere ez ziren bertan denbora luzean geratzen.

Bi estatuen arteko muga zeharkatzea bihurtu zen Ipar Euskal Herrian nazismoaren aurkako Erresistentzian zebiltzanen jarduerarik inportanteenetakoa, estatuetako bata formalki neutrala (Espainia) izaki. 1944ko martxoaren 27an, Ipar Amerikako “Liberator” hegazkinek Miarritze eta Angelu bonbardatu zituzten. Parmako aireportua eta tren-geltokia zituzten jomuga. Hala ere, biktima gehienak zibilak izan ziren: Miarritzen 90 hil zituzten eta Angelun 41. Horixe izan zen gerrako gertakaririk lazgarriena Ipar Euskal Herrian. 1943an zehar Erresistentzia-mugimenduak sendotuz joan ziren, izan ere, beren artean koordinatu nahian ibili ziren, batu nahian, Londresetik bultzatuta.

Aliatuen Normandiako lehorreratzeak, 1944ko ekainean, defentsiban jarri zituen naziak Frantzian. Hegoaldean egindako bigarren lehorreratzeak –Proventzan, 1944ko abuztuaren 15ean– Hego-mendebaldeko tropa naziei Iparralderantz alde eginarazi zien, su-lerro biren artean harrapaturik geratu baino lehen. Abuztuaren bigarren zatian, naziek arrapataka egin zuten ihes Pirinio aldetik, altxamendu orokorraren erdian talde armatuak gertutik erasoka zituztela. Liskar batzuen ondoren, Atharratzeko alemaniar goarnizioa errenditu egin zen abuztuaren 23an. Horixe izan zen armekin lotutako gertaera nagusia Euskal Herri kontinentalaren askapenean. 1944ko abuztuaren 22 eta 24 bitartean amaitu zen, hain zuzen, okupazioa. Abuztuaren 24an, arratsaldean, Maule, Nabarrengose, Kanbo eta beste leku batzuetatik etorritako erresistentziako kideak kamioiz sartu ziren Baionan. Hala ere, Ipar Euskal Herria askatu arren, gerra zortzi hilabete pasa luzatu zen, eta Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako euskaldunek modu aktiboan hartu zuten parte borrokan, ia erabat askatuta zegoen Frantziako azken zokoetatik naziak botatzeko ahaleginean.

Alemaniarrek Frantzia okupatu zuten garaian, frantziar lurraldean errefuxiatutako penintsulako euskaldun ugari Erresistentzian eta makian ibili ziren. Horietako asko Espainiako Batasun Nazionalaren (UNE) barruan egin zuten borroka, hots, Espainiako Alderdi Komunistaren erakunde frontista baten barruan. Erakunde horren helburua zera zen: behin Pirinioetako mugako zonaldea askatu ondoren, gerrillari-taldeak batu eta Espainia frankista inbaditzeko prestatzea.

Frankismoa [aldatu]

ETAren sorrera [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Euskadi Ta Askatasuna

1952an, Francoren diktadura garaian, Ekin isilpeko taldea sortu zen Bilboko unibertsitatean. Hiru urte geroago talde hau EGIrekin elkartu zen eta 1959an Euzko Alderdi Jeltzalearekin harremanak hautsi zituen, Euskadi Ta Askatasuna izena hartuz. Hasiera batean EAJren pasibitateari erantzuteko sortua izan zen, eta burutu zituen lehen ekintzak euskal kulturaren zabalkundekoak izan ziren nagusiki.

1960ko hamarkadan ETAk erakutsi zuen euskal gizartea bizirik zegoela eta, frankismo latza jasan arren, gai zela bere identitate nazionala berreskuratzeko. Garai hartan mugimendu politikoa zen, baina euskararen aldekoa ere bai: “gure helburua ez da botere politiko propioa duen Euskadi bat bakarrik, horrekin ez da nahikoa. Botere politiko hau hizkuntza eta kultura arrotz baten zerbitzura egongo balitz, gure helburuetan porrot egingo genuke”.

Taldeko zuzendaritzako partaide Eneko Irigarai, Lopez Dorronsoro, J.L. Alvarez Enparantza Txillardegi, Benito del Valle, J. Manuel Agirre, Patxi Iturriotz eta Julen Madariaga izan ziren. 1960an Francoren poliziak lehenengo atxiloketak egin zituen eta uztail hartan hasi zen erakundea ekintza armatuak egiten: Francoren gudari ohiez betetako tren bat burdinbidetik ateratzen ahalegindu zen. Ekintzak huts egin arren, atxiloketa ugari izan zen eta Madariaga, del Valle, Irigarai eta Elosegi atzerrira joan ziren. 1961eko uztailaren 18an Donostian bi Espainiako bandera erretzeak 100 militante baino gehiagoren atxiloketak ekarri zituen eta askoren erbesteratzea, barne antolaketa deseginik geratu zelarik.

Urte guzti hauetan euskal erakundeak ikurriñak jarri zituen kableetan, salatariak mehatxatu zituen eta ehundaka plaka frankista hautsi zituen. Baina ekintza zuzenekin hasi zirenean, beraien lehen biktimak iritsi ziren. 1968ko ekainaren 7an, Olarraingo (Tolosa) errepide kontrol batean Xabier Etxebarrieta burkidea hil eta Iñaki Sarasketa atxilotu zuen Goardia Zibilak. Honi erantzunez, ETAk Melitón Manzanas polizia hil zuen Irunen. Era honetan erakunde armatua izatera pasa zen. Lehenengo armak Txekoslovakiari erosi zitzaizkion, tanke errusiarrak Pragan sartzen ari ziren garaian.

Autonomia Estatutuak [aldatu]

Nafarroan

Autonomia eratu ondoren, Gabriel Urralburu buru zuen PSNk gobernatu zuen Nafarraoa, batzuetan, UPNren laguntzarekin. Hala ere, Nafarroan UPN eta AP (oraingo PP) batutakoan, lehendabiziko indar politikoa bilakatu ziren, eta Juan Cruz Alli Nafarroako Gobernuburua izan ahal zen (1991). Nolanahi ere, Juan Cruz Alli bera alderdi politikotik aldenduz joan zen, batik bat Alfredo Jaime, garaiko Iruñeko alkate alderdikidearekin izandako ika-mikengatik. Azkenean UPN utzi eta CDN osatu zuen. UPN erdibituta, 1995eko hauteskundeek aldaketa politikoa ekarri zuten, eta PSN, CDN gehi EA alderdiek Javier Otano presidente zuten gobernua eratu zuten, IUN-NEBaren aldizko babesarekin. Gobernu horrek, ordea, ez zuen luze iraun, 1996an desegin baitzen Otano Auzia zela eta. Izan ere, Javier Otano presidenteari Suitzan diru-kontu sekretuak izatea leporatu baitzioten.

Javier Otanok dimititu eta politika utzi zuen. PSN ohiz kanpoko biltzarrak kudeatzen zuen, zeinek UPNri aldizko laguntzak eskaini zizkion gobernua osa zezan. Miguel Sanzek 1996tik aurrera izan du boterea Nafarroan. Alabaina, 2007ko hauteskundeetan, gobernu alternatiboa antolatzeko gehiengoa atera zen. PSN, Na-Bai eta IUN-NEBen arteko gobernua ez zen gauzatu, eta Miguel Sanzek jarraitu zuen agintean, oraingo honetan PSNren aldizkako babesarekin. Horrek, ordea, UPN eta PPren arteko bereizketa ekarri zuen 2008an, nahiz eta erkidegoko gobernantzan inolako eraginik ez izan.

1990ko hamarkadaren ondorengo historia [aldatu]

Erreferentziak [aldatu]

  1. Prehistoria Euskal Herrian - hiru.com
  2. PEÑALVER, XAVIER. "Orígenes". Txalaparta, 2005. Orrega. ISBN 84-8136-328-6
  3. a b c d Historiaurrea Euskal Herrian - hiru.com
  4. a b c "Euskal Herriko historia". Gaiak argitaletxea. 1. atala.
  5. Harluxet Entziklopedia.
  6. a b http://www.banderizoak.net/bibando.html
  7. a b (Euskaraz) Iñaki EGAÑA: «Mort pour la patrie», Berria, 2011-11-06.
  8. a b c Eneko BIDEGAIN: «Euskaldunak frantsestu zituen gerla», Berria, 2008-11-11.

Ikus, gainera [aldatu]

Kanpo loturak [aldatu]

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Euskal Herriko historia
Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herriko historia