Euskal Herria erromatarren garaian

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Euskal Herriko historia
Lauburu harria.jpg
Historiaurrea eta Antzinaroa
Erdi Aroa
Aro Modernoa
Aro Garaikidea
Kronologiak


Euskal Herria erromatarren garaian bi probintziatan banatuta zegoen, eta lurraldearen zati bakoitza handiagoa zen unitate batean sartua zegoen. Horrela hegoaldea Tarraconensisen barruan zegoen eta Ipar Euskal Herria, Akitania erromatarra edo Novenpopulania zen.

Hainbat hiri sortu zituzten erromatarrek, gehien bat aurretik zegoen herrixkak birsortuz, besteak beste, Pompaelo (Iruñea), Lapurdum (Baiona), Veleia (Iruña-Veleia) eta Oiasso (Irun ?). Adierazgarria da euskarazko izenak iru(n) erroa dutela, hiri-ren baliokidea.

Euskal tribuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriak dokumentu zaharretan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontuan hartu ohi diren idatzizko iturriak eta herri jakin bati edo besteri dagozkion hiri edo biziguneei buruzko datu zehatzak, baita geografian horiek kokatu ahal izateko bestelako informazio erabilgarriak ematen dituzten obrak ere, erromatarren agintaldi beteko autoreek idatziak dira, gure aroko I. eta II. mendeetakoak, hau da, Erromaren administrazio, antolakuntza, txertatze eta hiri eraikitzaile ekinaldia Iberiar Penintsulan gehien nabaritu zen garaikoak. Historiaren ikuspegitik, beraz, ez da zuzena gure aroko I. eta II. mendeetako datu horiek, besterik gabe, konkista aurreko herri edo talde etniko batek zituen mugak ezartzeko erabiltzea, zeren eta egoera ezagun eta jakin batetik hiru edo lau mende lehenagoko egoera ateratzen ari baita. Jarraian, eremu honi buruzko berriak idatzi zituzten autoreak azaltzen ditugu.

  • Estrabonek Geographia izenburuko obra idatzi zuen. Bertan agertzen diren datu asko aurreko iturrietatik hartu zituen (Posidonio, Asklepiades eta Artemidoro). Horregatik, egiten duen deskribapena, neurri handi batean, ez dagokio bere garaiari (Augusto eta Tiberioren agintaldiei), eta bai lehenagoko garai bati. Izan ere, Posidoniok K. a. 100.urtearen inguruan ezagutu zituen Galia eta Iberia dira bertan azaltzen direnak. Nolanahi ere, konkista ondoko berriak ere eskaintzen ditu.

Estrabonek honakoa esaten zuen garai hartan euskaldunei buruz:

«

Menditar hauek neurrikoak dira guztiak. Ez dute ura baizik edaten, eta lurrean egiten dute lo. Adats luzea eramaten dute emakumezkoen erara, nahiz eta gudukatzeko orduan zirrindara batez lotu kopetean. Aker-okela jaten dute gehien bat. Aresi sakrifikatzen dizkiote akerrak, baita gatibu eta zaldiak ere. Biktima-espezie bakoitzeko hekatonbeak egin ohi dituzte, greziarren usadiora, eta Pindaroren eran esateagatik, “espezie bakoitzeko, ehuneko bat inmolatzen dute”. Tropa arin, hoplita eta zaldizkoentzat lehiaketak antolatzen dituzte halaber, pugilatu, lasterketa, guduxka eta zelaiko konbaterako trebatzen. Menditarrak urtearen lautatik hirutan ez dira ezkurrez baizik elikatzen: ihartu eta birrindu ondoren, irin bihurtzen dituzte, denbora luzez irauten duen ogi moduko bat egiteko. Arruntki garagardoa edaten dute, inoiz gutxitan ardoa, eta lortzen duten urria, berehala ahitzen da, senideen arteko orritsetan. Olioaren ordez gurina erabiltzen dute. Eserita egiten dituzte euren oturuntzak: kide bakoitzari pareten luzeran eraikitako eserlekuetan toki bana gordetzen zaio, bertan adinaren eta duintasunaren arabera lerrokatzen direlarik; gero, janariak eskuz-esku pasarazten dituzte. Edaten hasi orduko, gizonezkoek dantzari ekiten diote, orain goraka jauzi eginez eta belauniko eroriz, arteka. Bastetanian emakumezkoak ere dantzatzen dira gizonezkoekin nahasian, elkarri aurpegia emanez, eskutik helduta. Gizonezkoak beltzez jantzita ibiltzen dira guztiak, gehez jantzita ibiltzen dira guztiak, gehienek sagos delako daramatelarik. Honetaz estaltzen dira lo egiteko ere beren lastozko etzantzetan. Keltatarren antzera, argizarizko ontzietaz baliatzen dira. Emakumezkoek arruntki soingainekoak eramaten dituzte eta kolore biziez brodaturiko soinekoez janzten dira. Herri batzuk, moneta gisa, (…) baliatzen dira; oso barrukaldean aurkitzen direnek, aldiz, produktuen trukea praktikatzen dute, edota zilarrezko xaflak ematen ebakita ordain bezala. Hiltzera zigortuak amildu egiten dituzte, eta parrizidak harrika hiltzen, baina mendi eta iturburuetatik kanpo. Ezkondu, greziarren antzera ezkontzen dira. Eriak, antzina egipziarren artean egiten zen legez, bideetan jartzen dituzte, lehenago eritasun bera nozitu dutenengandik tratamendu aholkuak jaso ditzaten. Brutusen konkista aurretik, larruzko txalupetaz baino ez ziren baliatzen itsas gorak uzten zituen lakuak eta zingirak zeharkatzeko; orain, ordea, apenas ikusten diren zuhaitz-enbor batez egindako piraguak ere. Beren gatza kolore gorrikoa da, baina, ehotuz gero, zuri bihurtzen da. Halan bizi dira, esan bezala, menditar horiek, alegia. Iberiako ipar itsasaldean kokaturiko horiek hots: Callaici direlakoak, Astureak eta Kantauriarrak, Baskoinen lurralde eta Pirineoraino, guztiak bizimolde berekoak baitira. Ez naiz herrion zerrenda luzeagotzen arriskatuko, izenen transkribaketak suposatuko lukeen asperrari amore emanez; izan ere, nori suerta dakioke atsegin, Pleutauroi, Bardietes, Allotriges eta antzeko beste zenbait izen oraindik itsusiago eta ezezagunagorik entzutea?

Beren zakartasun eta basatitasuna ez zaizkie zor beren gerra-ohiturei soilik, baita beren urruntasunari ere, zeren lur horietara daramaten bideak luzeak baitira, eta harreman zailtasun honek galerazi baitie soziabilitate eta gizatasun guztia. Halere, gaur egun gaitza ez da hain larria, bakeari eta erromatarrekin duten eguneroko tratuari esker, nahiz eta bi abantailok eman ez direneko tokietan izakera uzu eta basatiagoa mantentzen den. Ulertzen da, bestalde, lurralde hauen urrunari eta mendien presentziari darraion premia horrek izan duela zerikusirik ohituren bitxikeria hori areagotzeko orduan.

 »

—Estrabon, Geogr. III, 3, 7, 8.[1]

Ptolomeok egindako munduaren deskribapenaren arabera, XV. mendean inprimatutako mapa (1482, Johannes Schnitzer, irarlea).
  • Tito Livio Ab urbe condita izenburuko obra garrantzitsuaren autorea izan zen, zatika besterik ezagutzen ez dugun arren. Estrabonen garaikidea izan zen eta, besteak beste, Posidonio eta Polibio izan ziren Tito Livioren kontakizunen iturri. Konkistaren eta lurralde horietako hasierako hiri antolaketaren inguruko datu garrantzitsuak ematen ditu.
  • Julio Zesarrek, Erromako jenerala zela, bi obra idatzi zituen: Galia konkistatzeko gerraren ingurukoa bata (De Bello Gallico, Galiako Gerraz) eta Hispanian Ponpeioren aurkako borrokei buruzkoa bestea (De Bello Civile, Gerra Zibilaz). Bi gerretan esku hartu zuen, eta Erromaren etorrerari eta konkistari buruzko datuak azaltzen ditu.
  • Ponponio Mela Hispaniako hegoaldean jaio zen K. o. I. mendearen erdialdean. Klaudioren garaietan Chorographia izenburuko obra idatzi zuen, baina Estrabonen kasuan bezala aurreko iturriez baliatu zen.
  • C. Plinio Segundok procurator kargua izan zuen Hispania Citerior Tarraconense izeneko probintzian, Vespasianoren garaietan. Naturalis Historia izenburuko obran K. a. 22-K. a. 14 urteei dagokien probintzia zerrenda ematen du. Haren erreferentzietako asko aurreko aldi bati dagozkio (Agripa eta Varroni hartuak), baina geroagoko informazioak ere erabiltzen dituela. Horrenbestez, nahasketa sortzen da hamarnaka urteko aldea dagoelako zenbait informazioren artean.
  • Klaudio Ptolomeo, Alexandriako geografoak Geographia izeneko obra idatzi zuen K. o. II. mendearen erditsuan. Toki izendegia da, eta toki horiek dagozkien latitude eta longitude koordenatuetan daude kokaturik. Ordurako gauzatua zuen Erromak bere administrazio antolamendua. Autore honek Erromako probintziez eskaintzen dizkigun berriak etnia izenen zerrendak eta dagozkien hiriek osaturik daude.

Konkista aurrera joan ahala eta erromatarrek beretutako lurraldeetan denbora gehiago pasa ahala, herrien kokalekuak hobeto ezagutuz zihoazen, eta haien xehetasun handiagoko deskribapena egiten zuten.

Herrien izena eta kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal tribuen kokapena erromatar geografoen arabera, gorriz leinu aurreindoeuroparrak eta urdinez zeltak

Antzinako iturriei fede emanez gero, populi gisa azaltzen diren gizataldeen mendeko eremuak txikiagoak ziren Pirinioez iparraldean (Estrabonek herri txikiez dihardu), hegoaldean baino. Horren arrazoia, batetik, herrien beren bilakaera historikoa izan daiteke, eta bestetik, erromatarrek lurraldea antolatzerakoan izan zuten jokaera desberdina.

Pirinioez iparraldean akitaniak zeuden eta, haien artean, Pirinioetatik eta Aturri ibaitik hurbilen zeuden Akitaniako bederatzi herri historikoak hauek dira Zesarren narrazioaren arabera (BG, III., 26-28):

Aurrekoei beste zenbait erantsi behar zaizkie, Euskal Herriko lurraldetik aski urrunekoak[2]:

  • benearnenses edo venearni (Leskarre), Biarnon;
  • consoranni (Saint-Lizier), Pirinioetatik hurbil, baina Garona ibaiaren iturburu aldean zeudenak;
  • auscii (Auch);
  • lactorates (Lectoure), Garonatik hurbil zirenak, ibaiaren erdialdeko ibilguan eta eskuineko ertzean
  • vasates edo vocates (Bazas), eta
  • boiates, kostaldetik hurbil, Garonaren estuarioaren hegoaldean.

Hegoaldeaz ari garela, nabarmendu beharra dago jatorrizko baskoi leinua izenekoari dagokionez, gizatalde horiei buruz egindako lanek, klasikoek bideratu dituzten datu geografiko eta historikoetan oinarriturik, modu orokorrean, kantauriar eta baskoi hitzak modu orokorrean erabiltzen dituztela lehen momentuan. Hala, penintsulako iparraldean, mendebaldetik ekialderaino, Pirinioen hasieraino, herri hauek kokatu zituzten: galaikoak, asturiarrak eta baskoiak, edo galaikoak, asturiarrak, kantauriarrak eta baskoiak. Eta baskoi talde hori, autrigoi, karistiar, barduliar eta baskoiek osatzen zuten. Hirugarren aldian, beste autore batzuek kantauriar edo baskoi taldeetatik kanpo sailkatzen dituzte autrigoi, karistiar eta barduliarrak, batzuk eta besteak bereiziz.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldean, Ptolomeoren datuen arabera, autrigoiak mendebaldean zeuden, karistiarrak erdialdean, barduliarrak egungo Euskal Autonomia Erkidegoko ekialdean, eta beroiak (berones) Arabako Errioxan ziren. Baina ez dira beti horrela agertzen. Ptolomeoren datuak ez datoz bat Estrabon, Mela eta Pliniok, besteak beste, ematen dituztenekin. Estrabonek eta Melak kostaldeaz egiten duten deskribapenean autrigoiak bertan kokatu ez zituztenez, garai hartan (K. o. I. mendea) eta aurreko garaietan ere, horiek barnealdean bakarrik zeudela ondorioztatu dute, eta ondoko garaietan bakarrik (Pliniok eta Ptolomeok hala jasotzen dute) izan zituztela kokalekuak kostaldean.

Baina ez da hori azalpen bakarra, zeren eta Kantabria izen orokorra izan zitekeen hasieran, eta kantauriarren aurreneko leinu nagusi haren barneko borrokek zatiketak ekarri gero. Bestalde, herrien berri ematerakoan ageri diren hutsune horiek Iberiar penintsulako Iparraldeko topografia etnikoaren ezagupen eskasagatik ere gerta zitezkeen. Plinioren bidez, halaber, autrigoiek K. o. I. mendearen bigarren erdian kostaldean kokaturik zeudela jakin dugu.

Plinio karistiarrak aipatzen dituen lehen autorea ere dugu. Conventus cluniensis delakoa deskribatzerakoan, carietes eta vennenses izenekoak aipatzen ditu, beren mendean bost hiri dituztenak, Veleia haietako bat. Carietes horiek eta Ptolomeoren karistiarrek (II., 6, 8 eta III., 6, 64) jende bera izan behar dute. Carietes-ak epigrafia iturrietan ere agertzen dira, cohors carietum et veniaesum (cohors, erromatar gudarostearen laguntza taldea zen) baten aipamena egiten duen idazkunean. Carietes horiek aipatzen diren hiru aldietatik bitan, vennensesekin batera agertzen dira. Horrela azaltzeak bi taldeon hurbiltasun etnikoa iradokitzen du, eta hori beste zenbait datuk berretsia dela ematen du. Pliniok ez ditu bi taldeak bereizten dagozkien civitatesen kopurua aipatzerakoan, bost guztira. Gainera, askotan auzoko edo elkarren ahaide ziren bi talderekin osatzen zituzten laguntza talde horiek.

Vennense haiek, karistiarren auzoak hegoaldetik, egungo Arabako probintzia gehiena okupatu behar zuten, Ebrorainoko guztian. Iturrietatik ondoriozta daitekeenez, carietes eta vennenses horien artean hurbiltasun handia zegoen, eta litekeena da gure aroko I. eta II. mendeetan zehar bien arteko batasun prozesua gertatu izana.

Egile modernoek pentsatzen dutenez, eremu horretako herriek muga eta zabalera aldakorrak izan zituzten erromatarrak etorri aurretik, baita erromatarrak iritsi eta egon zireneko lehen hamarraldietan ere. Alabaina, ez dirudi Estrabonen iturrien denboratik Ptolomeoren garaira herri haiek lekuz aldatu zirenik. Egokiago litzateke, agian, eztabaida horren objektu nagusi diren autrigoi, karistiar eta barduliarrei buruzko ezagutza geroz eta hobea izango zutela klasiko haiek, ezagutza hori ez baita jaso iturri idatzietan, ez zuzenean ez zeharbidez. Eta ez dirudi, behin lurralde horiek erromatarren praxi politiko-administratiboaren barnean gertatu ondoren, herri autoktonoen kokatzean aldaketa garrantzitsuak gertatu zenik. Alabaina, litekeena da karistiarrek, vennenses-en kaltetan, beren lurraldea hedatzea I. mendearen (Pliniok aipatzen ditu) eta II. mendearen artean (Ptolomeok jadanik ez ditu vennenses herria aipatzen).

Baskoi historikoek, Antzinateko iturrien arabera, K. o. II. mendean eremu hau okupatzen zuten: Gipuzkoako ipar-ekialdeko muturra, egungo Nafarroa eta Ebro ibaiaren eskuineko ertza egungo Errioxako Autonomia Erkidegoaren lurraldean (Calahorratik Alfarora), Huescako mendebaldeko zati bat (iaccetani, Jaka hiriburu zutenak) eta Cinco Villas, ia Zaragozaraino. Ez dakigu, erromatarrak etorri aurretik, jatorriz zein zen haien mendeko lurraldea, baina itxuraz K. a. II. eta I. mende bitartean hedatu egin zuten lurralde hori beste zenbait herriren mendeko lurraldearen kaltetan: iaccetani (data ezin zehaztu), suessetani (87. urtean jadanik allavonenses (Alagon) baskoi gisa azaltzen ziren idazkun batean), eta berones zeltiberiarraren zati bat (Calahorra aldea), Sertorioren gerra gertatu eta zeltiberiarrena zen Calahorra suntsitua izan ondoren.

Litekeena da ustezko hedapen hori Erromaren jardueraren beste ondorio bat izatea, besterik gabe, herri batzuen lankidetzaz eta haien neutralitateaz baliatu zirelako, batez ere zeltiberiarrei gudu egiteko.

Herrien arteko mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako herriez ari garela, zaila da haien mugak zehaztea, zeren eta kultura materialari buruzko datuek, beren izaeragatik eta berez, ez baitute erantzun garbirik ematen. Horregatik, literatura iturrietara (denek ezagutzen ditugun zehaztasun arazoekin),epigrafia iturrietara eta baita, zenbaitetan, hizkuntza eremuen banaketak ematen dituzten datuetara ere jo behar da. Baina, kasu askotan, egungo hizkuntza eremuen hedadurak ez du zerikusi handirik erromatarren aurreko errealitate etnikoarekin eta, bestalde, Antzinaroari dagokionean, ez da zuzena herria = hizkuntza = kultura materiala ekuazioa proposatzea.

Horregatik, bidezko gauza dirudi herri horien arteko mugen inguruko erreferentzia garbiz osaturiko sail bat finkatzea.

Aizkorri mendilerroa, karistiar eta barduliarren arteko muga.
  • Autrigoien eta karistiarren arteko muga

Erreferentzia-puntu hauek hartu behar dira: Nerbioi ibaiaren bokalea eta ibaia bera Urduña haraneraino eta Baia ibaiaren ibarreraino, Trebiño toponimora (Trifinium) iritsi arte, Portillo mendialdetik berriro Ebrora atereaz.

  • Karistiarren eta barduliarren arteko muga

Iparraldean, karistiarrek Nerbioi eta Deba ibaien arteko kostaldea okupatzen zuten. Hauek dira barnealdeko erreferentzia puntuak: Azkarateko mendatea eta Bergarako mendebaldeko aldea, Aizkorri mendialdea, Elgea mendialdea eta Arlaban mendatea, gero Arabako lautada zeharkatuz, sortaldean Dulantzi (Tullonium. Ptol. II., 6, 65) eta sartaldean Arkaia (Suestatium. Ptol. II., 6, 64) alde batera utiz, Trifiniumera (Trebiño) iritsiz.

  • Barduliarren eta baskoien arteko muga

Barduliarren mendeko kostaldea karistiarrekiko muga zen Deba ibaiaren bokaletik, baskoiekiko muga zen Urumea eta Oiartzun ibaietako uren banalerroraino heltzen zen. Muga honek, gainera, Cesaraugustanus eta Cluniensis conventus (barruti juridikoak ziren conventus-ak) arteko mugarekin bat egiten du alde horretan. Baskoien lurraldean eta iparraldetik hegoaldera, erreferentzia puntuak hauek dira: Oeasso (Irun), Estrabon, Plinio eta Ptolomeok aipatua, Aracaeli, 34. bideko (Astorgatik Bordelera) mansio bat, Albatik XXI miliara, eta Pliniok (NH III., 26) eta Ptolomeok (II., 6, 9) barduliarrena dela diotena, Uharte-Arakilekin identifikatu da, eta Curnonium, Erdi Aroko Cornoinorekin identifikatua, Mendavia ondoan, Ebroaren ezkerreko ertzean.

Ez dirudi Arabaren eta Nafarroaren arteko gaurko muga antzinako barduliarren eta baskoien arteko muga zenik, baina Burunda, Lana ibarra, eta Ega ibaiaren goi ibilgua eta Arabako ekialdea, herri berarenak zirelako ideia ez da alde batera uztekoa.

Erromatar idazkunen azterketak agertarazi duenez, Nafarroako mendebaldeko hilarriak eta Arabako sortaldekoak estu loturik daude, apainketaren eta onomastikaren ikuspuntutik. Alderdi horretan hilarriak egiteko lantegiren bat izateak forma antzekotasunak argi ditzake, baina onomastikako antzekotasunak ezin dira hain erraz azaldu. Hortaz, zilegi litzateke eskualde horiek barduliarren lurraldearen barne zeudela pentsatzea. Hala beraz, barduliarren lurraldearen barnean leudeke: Nafarroako Burunda Etxarri Aranatzeraino, Lana ibarra (Gastiain, Ulibarri, etab.) eta Egako goi ibarra (Aguilar Kodes, Marañon).

  • Autrigoien eta barduliarren hegoaldeko muga, beroiekin

Geografiaren eta arkeologia datuen arabera, autrigoiek eta barduliarrek beroiekiko zuten muga hegoaldetik, Toloñoko mendilerroa zen (hesi naturala). Berones horiek, beraz, Arabako probintziaren hegoaldea, hau da, egungo Arabako Errioxa okupatzen zuten (muga proposamen honen arabera, Trifinium autrigoi, karistiar eta barduliarren mende uzten da), nahiz eta zenbaiten ustetan muga hori Ebro ibaiaren ubideak markatu behar zuen.

  • Baskoien eta beroien arteko hegoaldeko muga

Ez da muga bera K. a. I. mendean (Sertorioren gerrak) eta K. o. II. mendean (Ptolomeoren berriak). Ez dirudi Ebro ibaia inoiz berezko hesia izan denik. K. a. I. mendean Alfaro baskoia zen, baina ez Calahorra, hura 70. urteetan hasi baitzen baskoi izaten, Sartorioren gerran suntsitua gertatu ondoren.

K. o. II. mendean Calahorra, Alfaro eta Cascante hirietako lurraldeek ezarriko zuten Ebroko hegoaldeko muga, Alagon hiria ere (Zaragoza) barne zegoela.

  • Baskoien eta iberiar herrien arteko muga ekialdean

Jakari dagozkion lurraldeak, Huesca eta Zaragozako hego-mendebaldeko mugak eta K. o. II. mendean baskoiak ziren Cinco Villas delakoak markatzen dute muga hori. Antza denez, Gallego ibaiak muga funtzioa zuen.

Erromatarren konkista eta kolonizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromak lurraldeok beretu zitueneko prozesua Hispaniaren (Iberiar penintsula) eta Galiaren (egungo Frantzia baino gehixeago) konkista zabalaren barne ulertu behar dago.

Ebroko erdialdeko harana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromako gudarosteek, Bigarren Gerra Punikoa zela eta, K. a. 218. urtean Empúriesen lehorreratu ondoren, aski goiz menderatu zituzten Behe Ebrotik Zaragozarainoko herriak. Izan ere, ez zuten erresistentzia handirik aurkitu, eta Ebroren sakonunea izan zen Hispaniako operazio militarren gune nagusia.

Haraneko herrien zatiketa aprobetxatuz, K. a. 178. urte inguruan burutu zuen Erromak erdialdeko haraneko konkista, Tiberio Sempronio Grakoren bidez. Ezkerreko ertzean zehar gehiago aurreratu ziren K. a. 218tik K. a. 195era, bertako erliebea hain malkarra ez zelako, eta bertakoen eta erromatarren arteko harremanak areagotuz eta sakonduz joan ziren. Erromatarrek Ilurcis izena zuen bertako hiriaren lekuan Alfaro hiria (Gracchuris) eraikitzerakoan, konkista aldia itxi egin zen, eta Ebroko haranean bi komunitate desberdin elkarrekin bizitzeko lehen saioa abiatu zen. Grakoren ekintzaren ondorioz, bezeriak moldatzen hasi ziren, ondoko aldian haran horretan oso garrantzitsuak izango zirenak.

Ilurcis izeneko hiri hura, erromatarrak iritsi aurretik iberiarra zena, Grakoren ekintzaren ondoren baskoitzat hartzea arrazoizkoa dela ematen du. Izan ere, hori zen estrategiaren ikuspegitik egokiena, zeltiberiarrak erabat konkistatu ez zituztenez, komunikabide lotunea kontrolpean edukitzeko eta zeltiberiarren aurkako gotorleku gisakoa izan zedin. Hala, Sertorioren gerran, hiri horrek Pompeioren alde jokatu zuen, Sertorioren aldeko Calagurris zeltiberiarraren aurka.

Oso goizetik ekin zion Erromak Ebroko haranaren ustiakuntza sistematikoari, hiru era hauetara: gari kopuru handiak bidaltzen zituzten Erromara, jeneralek zilarra bideratzen zuten kopuru handitan Erromara, argentum oscense izen adierazkorra ematen ziotela, eta gero eta gehiago biltzen zituzten bertan soldatapeko gudariak.

Etorkin italikoak edukiz beti kolonietan, lurraldeen oinarri ekonomikoak aldatzen lagundu zuen Erromak. Ebroko Graccurris, Guadalquivirreko Italica, hegoaldeko kostaldeko Carteia hiriez gainera, estatus juridiko berezirik gabeko beste zenbait herrigune ere baziren. Haietan guztietan bilduz zihoazen etorkinek harreman estuak zituzten herri autoktonoen gizarte maila nagusiekin, gerora tokiko oligarkiak izango zirenak osatuz.

Ebroko erdialdeko haranean gertaturiko bigarren borrokaldi garrantzitsua Sertorioren gerra izan zen. Erromako nobilitas banatua zegoen bi alderdien (optimates eta populares) arteko guda zibilek, bi aldeetako erromatar asko erakarri zituzten Hispaniara, eta hispaniarrak Italiar penintsulako egoerarekin harremanetan sartzen hasi ziren. Bereziki adierazgarria da Ascolumeko gertakaria: Ponpeio Estrabonek, Zesarren etsaia izango zen Ponpeio Handiaren aitak, erromatar hiritartasuna eman zien hogeita hamar zaldun iberiarri K. a. 89. urtean. Jatorriz Ebroko erdialdeko haranekoak ziren, eta Turma Salluitana izenekoan zeuden gudari. Harrezkero, K. a. II. mendeko bezeria zaharrek bide ematen diete Pompeioren aldeko bezeria berriei.

Ebroko haranean, gudu zibil horien funtsezko aldia Sertorioren eta Ponpeioren arteko aurkakotasunari dagokio. Orduan deitu zieten erromatarrek lehen aldiz bertakoei beste erromatarren aurka joateko, ez beste talde autoktonoen aurka. Sertoriok lotura estuak zituen haraneko herriekin, bertan egona baitzen Erromatik erbesteratu zutenean. Goi mailetako erromatarren eta bertakoen haurrei irekitako eskola famatu bat sortu zuen Huescan. Ponpeiok, berriz, bere aitak hiritartasuna emana zien zaldun haien sorlekuetan bildu zituen aliatuak, eta baskoiekin aliatu zen. Baskoiak burujabeak ziren ordu arte, baketsuak eta Erromaren aurka jazarri ez zirenak. Ponpeiok Pompaelo hiria sortu zuen (K. a. 75. urtean), Sertorioren mendeko eremutik kanpo eta kokagune pribilegiatua zuena, behar izanez gero, Ponpeioren gudarosteak Akitaniatik hornitu ahal izateko. Hiri hura lehendik zegoen beste baten ondoan eraiki zen, eta bere jeneralaren izena hartu zuen, Hispanian ohi zen bezala. Ponpeiok (optimate) irabazi zuen, baina iberiar sakonuneko jendeak Sertoriori zion fideltasunak azkeneraino iraun zuen, ez bakarrik Oscan (Huesca), baina baita zeltiberiarrena zen eta erraustu zuten Calagurrisen (Calahorra) eta Tutelan (Tutera) ere, garaituak izan arte luzaro setiatu behar izan baitzituzten.

Ekintza horiek gauzatzen ziren aldi berean, italiar kolonoak kokatu bide ziren haraneko hirietan. Gertakari hau, beti ere, egiaztatzen zaila da, ez baitago erreferentzia zuzenik, salbu eta Graccuris eta Pompaelori dagokienez. Alabaina, zeharkako datu batek gertaera hori ondorioztatzeko bidea ematen du: Ilerdako (Lleida) guduan (Zesarren eta Ponpeioren artean), K. a. 49. urtean, eskualdeko 6.000 kolono beren familia eta bezeroekin etorri ziren Zesarrekin bat egiteko (Zesar, De Bello civile I., 60).

Pompeio eta bere semeen (optimates) eta Zesarren (popular) arteko etsaitasuna bi taldeon bezerietara pasa zen. Hura izan zen gerra zibilaren azken atala. Zesar irten zen garaile. Armetan zeuden gudari eta gudari zahar ugariri bizilekua eman eta haien artean lurrak banatu beharrak fundazio sail bat ekarri zuen, Ebroko behe haranean. Zesarrek erromatar hiritartasun eskubidea eman zion Celsari (Velilla de Ebro), eta kolonia mailara igo zen K. a. 42. urtean. Dertosak (Tortosa) ere kolonia estatutu hori beretu zuen, zehaztu gabeko datan. Azkeneko fundazioa, eta garrantzitsuena, colonia inmunis Caesaraugusta (Zaragoza) izan zen K. a. 24-K. a. 23. urtean, Octavio Augustok egina, Kantabriako frontean esku hartu zuten legioekin. Hori ere antzinako hiri baten gainean (Salduie) eraiki zuten.

Iturrien datuengatik ezin dugu jakin noiz arte izan ziren independenteak baskoien eta kantauriarren (barduliar, karistiar eta autrigoien) arteko lurraldeak. Azken horiek, autrigoiak gutxienez, erromatarren mendean bide zeuden Kantabriar Gerrak hasi zirenean (K. a. 27. urtea), zeren eta Floro historialariak (II., 33, 47) gerra horiek abiatzeko ematen dituen arrazoietako bat zera da, kantauriarrek maiz vacceo, turmogo eta baita autrigoien lurraldeetan ere egiten zituzten erasoak.

Eskualde honetako herriek jasandako beste porrot bat ikusi nahi izan da Zesarren pasarte batean (De Bello Gallico III., 23). Bertan kontatzen denez, Zesarren erasoa jasaten zuten akitaniarrek ordezkariak bidali zituzten Hispania Citerior probintziara laguntza eske. Zesarren bigarrena zen Publius Licinius Crassusek garaitu zituen, eta "erromatarren aurka bildu ziren 50.000 akitaniar eta kantauriarretatik, laurden batek bakarrik salbatu zuen bizia".

Akitania[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galiaren konkista Hispaniarena baino azkarragoa eta gorabehera gutxiagokoa izan zen. K. a. 125. urtean (Hispaniako bi probintziak sortu eta hirurogeita hamar urte geroago) Narbonensis probintzia sortu zuten erromatarrek hegoaldeko muturreko lurraldean. Bigarren konkista unea Julio Zesarren jarduerarekin lotua dago. K. a. 49. urtearen amaieran, Zesarrek Galian oraino burujabe zen lurraldea (Gallia Comata) beretzea erabaki zuen, bere kontakizunaren arabera (De Bello Gallico I.,1) hiru zati zituena: Aquitania, Gallia Celtica eta Belgica.

Baina ez zuen Erromak konkistatu Galia, Zesarrek berak baizik. 43 urte zituela, Zesar populares taldeko buruzagietakoa zen, eta kontsulatu gogoangarri bat amaitu berria bazuen ere, karrera militarra aski iluna zuen, batez ere bere arerio nagusiak (Pompeiok) egina zuen ibilbide ospetsuarekin alderaturik. Hala, beraz, aginpide militarraren premia zuen iritzi publikoaren aurrean sendo agertu, finantza baliabide autonomoak lortu eta bere konfiantzazko indar armatua eratzeko. Galiaren konkista, hartara, Erromako barne politikako arazo bilakatu zen.

K. a. 56. urtean, Labieno, Zesarren ondokoak, menderatu berria zuen Atlantiko aldeko Galia (Akitania barne). K. a. 50.ean, Galiako azken erresistentzia guneak garaitu zituen Zesarrek eta, harrapakin ondasunez aberasturik, omen handiaren jabe zela, Erromako aginpidea konkistatzeari ekin zion. Zesarrek, konkistari begira, K. a. 46 eta K. a. 45ean bildu zuen gudaroste handiarekin, helburu hirukoitza erdietsi nahi zuen: gudari zaharrak kokatzea, herrialdea okupatzea eta erromatartze prozesuari ekitea.

Horrek Zesarren pertsonari atxikia zegoen bezeria handia bildurik jarraitzea bideratu zuen. K. a. 118. urtean, lehengo Narbonako kolonia (Colonia Narbo Martius) fundatua zen, eta beste zenbait kolonia berri sortu zituzten hegoaldean, Béziers (Baeterrae), Fréjus (Forum Julii), eta Arlesen (Arelate). Beste zenbait gudari Orange (Arausio) eta Valencen (Valentia Julia) kokatu ziren, hots, gero Augustok kolonia mailara igo zituen guneetan. Hiriak handitu eta lur sailak birmoldatu egin zituzten.

K. a. 39. urtean, Agripak, Augustoren suhi eta ondokoa zenak, Gallia Comatako gobernari zelarik, azpiegitura administratibo eta materialaz hornitu zuen Galia, Lyondik (Lugdunum) lau norabidetara zabaltzen zen bide sistema barne: Mediterraneo aldera, hegoaldetik; Mediolanum Santonum (Saintes) aldera eta Galia Akitaniara, mendebaldetik; Mantxako kanalera, Amiensen zehar, ipar-mendebaldetik, eta Rhin aldera, ipar-ekialdetik.

Baina baziren oraindik erresistentzia gune batzuk. K. a. 39. urtetik aurrera, Agripak hego-mendebaldean akitaniarren aurka eta ipar-ekialdean iparraldeko belgikar leinuen aurka borrokatu behar izan zuen, bide sare hartako ardatz nagusietako bi defendatzearren. Hamar urte geroago, baziren oraindik matxinadak, baina Valerio Mesalaren kanapainek azkena eman zioten akitaniar herrien erresistentziari. Erabatekoa zen Erromatar Bakea.

Civitates erromatarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, hemen aztertzen ari garen eremuari ezin dakioke civitas kontzeptua aplikatu erromatarren etorreraren aurretik. Izan ere, uneren batean gehienbat zeltiberiarra izan zen Ebroko erdialdeko harana salbuespena da: Ptolomeok baskoitzat ematen dituen civitates batzuetan (Alaun, Ba(r)scunes (Iruñea?), Caiscata, Calagoricos, Iaca eta Segia) dirua egiteko etxeak zeuden, eta arkeologia aztarnategietan (La Hoya, Nafarroako Cortes eta beste gune zeltiberiar batzuetan) hirigintza hondakin garbiak azaldu dira. Horrek hiri garapenaz mintzatzea ahalbidetzen du, baina, oro har, Erromaren garaikoak dira politika eta hirigintzaren garapena.

Civitas hori (gune politiko-administratiboa, ez derrigorrez hiritartua, eta haren administraziopeko eskualdea) Erromako antolamendu politiko-administratiboaren oinarrizko elementua zen. Konkistatutako lurralde guztiak, are urrutienekoak edo atzeratuenak ere, modu horretara antolatu zituzten.

Baina civitas-en ezarrera ez zen berdina izan toki guztietan, ezta euskal lurraldean ere. Lehendik existitzen ziren biziguneetan, edo haien ondoan hiriak sortzea, konkistarekin batera gertatu zen prozesua da: Graccurris, K. a. II. mendean; Pompaelo, K. a. 70 inguruan eta, zenbait urte geroago Calagurris baskoi berria, zeltiberiarra zen Calagurris suntsituaren gainean eraikia. Prozesu hori, alabaina, behin lurralde guztiak kontrolatu ondoren egin eta konplitu zen, K. o. I. mendean eta Goi Inperioan, lurraldeen artean ageriko desberdintasunak baziren ere.

Pirinioetatik hurbileko Akitania aldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lugdunum Convenarumeko (Saint-Bertrand de Comminges) erromatar termen aztarnak.

Goian ikusi dugunez, antzinako autoreen arabera Akitaniako herriak ez ziren hedadura handikoak eta, hortaz, ez zuten civitas bat baino gehiago izaten. Zesarrek herriak aipatzen ditu, ez hiriak, Pliniok bezala, inolako estatus juridikoren aipamenik egin gabe, nahiz eta Augustok, Estrabonen berrien arabera, zuzenbide latinoa eman zien Akitaniako zenbait herriri. Horien artean, autore horrek zehazten duenez, ausci eta convenae deiturikoak ziren. Convenae horiek hiri bakarra zuten, koloniari dagokion estatutuaren jabe zena, Lugdunum Convenarum (Ptolomeok adierazi zuen eran). K. a. 22. urtea arte hiri hori hegoaldeko probintziaren (Narbonensis) barne zegoen eta, antza denez, Augustok emana zion hiritartasun eskubidea, berak sortutako Akitania probintzia berrian kokatu aurretik. Geroago, kolonia estatutua jaso zuen. Augustok emandako hiritartasuna ez zen orokorra, Neronek Itsasaldeko Alpeetan edo Vespasianok Hispanian egin zuen bezala, baizik eta herri jakin batzuei egindako emaitza (Estrabon).

Augustoren eta haren ondokoen garaietan fenomeno bikoitza gertatu zen: bertakoen independentziaren sinboloa ziren oppida haiek arian-arian alde batera utzi zituzten, harremanei eta trukei irekitako guneetan bizitzeko. Horrek hirien sorrera ekarri zuen, Hispanian gertatu zenaren antzera. Ptolomeok antzinako hiru hiriren berri ematen digu: tarbelli-en Aqua Augusta (Akize), estatutu juridiko ezezagunekoa, 34. bideko mansio zena; Augusta (Auch seguruenik), ausci-en hiria, zuzenbide latinoa Augustorengandik jaso zuena, eta Lugdunum colonia (Saint-Bertrand de Comminges), convenae-i zegokiena, Augustorengandik zuzenbide latinoa jaso zuena, eta kolonia estatutua geroago (Ptolomeok K. o. II. mendean aipatua).

Bideetako mansio zenbait ere (bidarientzako hiriak, seguruenik), tarbelli-enak ziren, hala nola Immus Pyrenaeus (Donazaharre), Iluro (Oloroe), Beneharnum, agian Plinioren benarni zirenak eta 400. urte inguruko Notitia Galliarumeko civitas Benarnesium, geroago jatorrizko izena (Lascurris, Leskarre) berreskuratu zuena, eta Zesarren zein Plinioren arabera bigerri-en hiria zen Turba (Tarbe), baita Lapurdum (Baiona) ere.

Kantauri Mendiez iparraldeko kostaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Forua, erromatar herrixkaren hondakinak.

Itsasertzean kokatzen diren antzinako hirien artean, Pliniok eta Ptolomeok aipatutako Flaviobrigaz, gero Castro Urdialesekin identifikatu den hiriaz, goi estatutu juridikoa zuela besterik ez dakigu, koloniari zegokiona, eta Vespasianok eman zuela. Kostaldeko eremuaren zati handi baten gunea izango zen seguruenik.

Gainerakoak, agian, civitates peregrinae horietakoak ziren, baina ezin da haien artean zergaz libre zirenak (liberae) eta zergapekoak (stipendiariae) bereizi. Haietakoak dira: Olarso (baskoiak), Menosca, Morogi eta Vesperies (barduliarrak) mendebaldean, denak Pliniok aipatuak. K. o. II. mendean. Ptolomeok, ordea, Oeasso eta Menosca bakarrik hartzen ditu hiritzat (póleis grekeraz).

Olarso/Oeasso, oinarri arkeologikoak, baita berme linguistikoren bat ere, lagun ditugula orain, Irun dela esan daiteke aski ziur. Pliniok kostaldeko barduliarren oppida direlakoen artean kokatzen duen Menosca, Ptolomeorentzat barduliarrek itsasertzean duten bakarra da. Duela gutxi Getariako San Salbador elizaren azpian sigillata eta erromatarren hilobiak aurkitu izana, eta Lapurdiko Getariarekin agertzen duen homofonia, beronetan gazitegiak eta erromatar inskripzioak agertu direlarik, argibide seguruak gerta daitezke identifikatu ahal izateko.

Morogi eta Vesperies ez ditu aipatzen Ptolomeok. Ez dira azaltzen ahaztu dituelako, edo K. o. I. eta II. mendeen artean gertaturiko lurralde berrantolaketaren ondorioz? Harrigarria dirudi erromatarrek hain kostalde eremu zabaleko itsas merkataritza, Castro Urdialesetik Donostiarainokoa, hiru gune politiko-administratibo soiletan biltzea, hots, Flaviobriga kolonia eta Menosca eta Oeasso civitates direlakoetan, azken horiek elkarren hurbil eta Castro Urdialesetik urrun zirela. Azken urteotan Gernikako itsasadarrean (Forua eta inguruan) egindako lan arkeologikoek, agian, Vesperies civitas hori alde horretako gune erromatarrekin identifikatzeko aukera eman lezakete.

Saltus vasconum[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baskoien lurraldeko iparraldean eta mendialdean civitas horren ezarpena txikiagoa zen, eta 34. bidearekin zerikusia zuen soilki. Iruñea-Leire-Irunberri lerrotik iparraldera aurkitzen zen mansio bakarra Iturissa zen, bide horretako mansio bat, Pompaeloren eta Summo Pyreneoren (Ibañeta gaina) artean. Egun egiten ari diren indusketek seguruenik Aurizberrirekin idenfikatzeko bide ematen dute[3], baskoien lurraldean diren erromatar hirietan iparraldekoena eta Pompaelo baino lehenagokoa izango ez dena.

Hegoaldeko eremua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zalantzarik gabe, civitasen ezarpen handieneko eremua da, oinarrizko bi adarren inguruan antolatua: 34. bidea, Arabako Lautadan, Nafarroako sartaldean eta Ebroko erdialdeko haranean zehar zihoana, eta Italiako bidea, Mediolano-tik (Milan) Legio-rakoa (Leon), baskoien lurraldeko hegoaldeari zegokiona.

Bertan bi eremu bereiz daitezke: Arabako lurraldea, Nafarroako erdialdea eta Cinco Villas, non segurtasunez ezin ematen ahal diogun civitates horietako ezeini udal estatutua, eta Ebroko erdialdeko harana, non hiri kopuru esanguratsua biltzen zen. Haietako hiruk, gainera, udal maila zutela erromatar inperioaren aurreneko garaietatik.

Lehen azpieremuan, agian goi mailako estatutu juridikoa izango zuten civitates hiriak hauek dira: Veleia (Iruña Okako erromatar oppiduma), Andelos (Muruzabal Andion), Pompaelo (Pamplona, Iruñea) eta Tarrega (Los Bañales, Uncastillo[4]).

Fitxategi:03. Erromatarren kolonizazio aroa 0 2.jpg
Teseo eta minotauroa, Iruñean aurkitutako II. mendeko erromatar mosaikoa.

Agian aukerarik garbiena Pompaelori dagokio, K. a. II.-K. a. I. mendean jadanik garrantzitsua baitzen, eta eremu horretan zilarrezko dirua egiten zuten etxeak (Ba[r]scunes, Bengoda eta Bentiam) aurkitzen ziren. Haien hondakin arkeologikoek, idazkunek eta Maria Angeles Mezkiritzek proposaturiko zenturiazioak flaviotarren (K.o. I. mendearen amaiera - II. mendea) ondoko goi estatutu juridikoaren bideragarritasuna erakusten dute.

Andelosko hiria stipendiaria zen, hots, zergapekoa, Plinioren arabera. Muruzabal Andioneko erromatar aztarnategiarekin identifikatu da. Bertan Trajano edo Hadrianoren garaiko urtegi eder baten hondakinak aurkitu dira. Halaber, idazkun batzuk ere agertu dira, haien artean nabarmentzekoa den brontzezko taula bat, bi edilek (kale, eraikuntza publiko, merkatu eta ikuskariak zaintzeko ardura zuten magistratuek) Apolo jainkoari egiten dioten eskaintzarekin, Augusteo deitzen diotela, enperadorearen gurtzarekin zerikusia duena beraz. Halako magistratuak bertan izanik, zuzenbide latinoko udalerria zela pentsatu dute zenbait autorek, Vespasianok K. o. 73-74an Hispania guztira zuzenbide latinoa zabaldu ondokoa.

Veleia (Iruña-Trespondeko oppiduma), Pliniok, Ptolomeok, Antoninoren Ibilbideak eta Ravenatek aipatzen dute. Garrantzi estrategiko eta aberastasun arkeologiko ohargarriaren jabe bada ere, nabarmentzekoa da oppidumetik at aurkitzen den antzokia, eta aurkitzekoa dena seguruenik asko bada ere, halako eran non civitates batzuen hiriburu gunea dela pentsa dezakegun, ez dago inolako daturik civitas honentzat estatutu juridiko pribilejiozkoa iradokitzen duenik.

Los Bañales (Uncastillo): erromatar akueduktoaren zutabeak.

Badakigu, Plinioren bidez, Tarrega hiria foederata zela, hau da, hitzarmena zuela Erromarekin eta ez ziola zerga ordaindu behar, nahiz ez dakigun horretarako arrazoia zein zen. Ibilbideetarainoko tartea eta aberastasun arkeologikoak (tenplua, termak eta foroa, eta Atilioen Mausoleoa) direla eta, Los Bañalesko (Uncastillo, Sádaba ondoan, Zaragozako probintzia) monumentu aldearekin identifikatu da.

Baina multzo horretan batez ere civitates peregrinae (liberae edo stipendiariae) zeuden, erromatarren aginpidea gauzatzen zen oinarrizko administrazio zelulak. Horrek ez dakar berarekin, derrigorrez, salbuespenak badira ere, hirien garapena, garapen hori ez baita ezinbestekoa funtzio politiko-administratiboak betetzeko.

Autrigoi, karistiar eta barduliarren eremuko hegoaldean (Araban), maila horretako civitates hauek aurkitzen dira: Deobriga (Ebroko igarobidean, 34. bidean, Larrate edo Artze); Tullica, Ptolomeok jaso zuena eta gaurko Tuyorekin identifikatu dena, egungo eta antzinako toponimoen homofonia oinarri bakarra direla identifikazio horretarako; Gebala, Ptolomeok aipatua eta Gebararekin identifikatua, bi toponimoen homofoniagatik eta bertan erromatarren aurrekoa ere baden aztarnategia dagoelako; Gabalaeca, Ptolomeok aipaturikoantzinako hiriaren izenaren eta egungo Galarreta toponimoaren homofonia dela eta, identifikatu egin dira hartarako zehaztasun arkeologikorik ez bada ere; Tullonium, polis Ptolomeorentzat eta 34. bideko mansioa, Arabako Dulantzi herrian kokatua, arkeologiari, epigrafiari eta toponimoen homofoniari (Tullonium-Dulantzi) dagozkien arrazoiengatik; Alba, civitas Plinio eta Ptolomeorentzat eta 34. bideko mansioa, lehen baskoi eremukoa, Albeirumendi aldean kokatu da bertan aurkitu epigrafe multzoagatik eta arkeologiazko ondorioengatik (termak, terra sigillata hispana asko, etab.), Durruman; Segontia Paramica (Ptolomeo II., 6, 65) Arabako sortaldean, kokalekurako Kontrasta eta Okariz artean duda egiten dela, Segontius antroponimoa duten idazkunen multzo handirekin; Tritium Tuboricum, egungo Mutrikurekin identifikatua, toponimo bien antzagatik, Ptolomeok ematen duen barnealdeko finkalekua gorabehera eta erromatar garaiko hondakin arkeologikorik ez badu ere; Tabuca, Ptolomeok berak barnealdean kokatua, eta Tobera edo Tolosarekin identifikatu dena.

Seguruenik, estatutu berekoak izango ziren Vxama Barca (Gaubeako Osma, bertakoen eta erromatarren kokaleku bikoitza zuena), eta Suessatium (Kutzemendiko kastroa, Olarizu, eta Otazibarrako erromatar aztarnategia, Arkaia, Araba). Bi civitas horietako pertsonei dagozkien idazkunak badira ere, historialariren batek pentsatu du kontuan hartzeko elementua dela, ezaugarri horiez hornituriko hiri bati udalerriaren estatutua emateko Goi Inperioaren garaian (nahiz eta gehienak iritzi horretakoak ez diren).

Baskoien eremuko civitates peregrinae direlakoen artean, bi talde bereiz daitezke: Pliniorentzat zergapekoak direnak batetik eta bestetik Ptolomeok bakarrik jaso dituenak eta, horregatik, zailak direnak kokapena eta estatutu juridikoa ezagutzeko. Lehenengoen artean, lehen aipaturiko Andelos eta Pompaelo horiez gainera, hauek daude: Plinioren aracellitani direlakoak, antza denez, Hidazioren Kronikako bagaudae aracellitani berak, Aracielgoak (Corella); Iaca, egungo Jaca, Ptolomeok ere aipatua eta Ravenako Anonimoan mansio gisa azaltzen dena (K. o. I. eta III. mende bitarteko erromatar aztarna asko dauzka), eta Iluberri, Irunberrirekin identifikatua.

Bigarrenen artean hauek daude: Bituris, Bidaurretarekin identifikatua, Iruñeko hego-mendebalera; Curnonium (Hoya de Coranaba, Urantziatik hurbil, Barranco de Cornaba, Vianan, edo Erdi Aroko Cornoino, Mendaviako iparraldean); Ergavica, kokapen zailenekoa agian, Erguti Ravenako Anonimoko mansioarekin erlazionatu da, eta Nemanturissa, Jaca inguruko lekunetan kokatua.

Ebrotik hurbilagoko baskoien eremuan, biztanleriaz ongi horniturik, estatutu juridiko gorena duten guneak aurkitzen dira:

  • Graccurrisek (Alfaro), zuzenbide latino zaharrekoa zelarik Plinioren obran, municip. Gracurris hitzez hornituriko dirua egin zuen, baina Tiberiorekin bakarrik, seguru aski berak udal izendatuko zuelarik.
  • Cascantum (Cascante). K. a. II. mendearen erdian diru iberiarra egin zuen. Pliniok zuzenbide latino zaharrekotzat hartzen ditu bertako biztanleak. Tiberioren garaikoak diren eta municip. Cascantum hitzak daramatzan as eta semis txanpon sailek berresten dute udal estatutu hori. Goiz eta sakonki erromatartu zen Tutera aldeko Erriberako administrazio eta merkataritza trukerako gunea zen.
  • Calagurris (Calahorra). Arkeologia hondakinek (akueduktoa, gurtza ofizialeko tenplua, etab.), idatzizko iturrien datuek eta idazkunek hiriaren garrantziaz ohartarazten digute. Zesarrek onartu zuen bertako bezeria eta Octaviok bertakoek osaturiko gudari zaintzaileen talde bat izan zuen eta udal mailako hiritartasuna eman zion. Augusto eta Tiberioren garaiko txanponengatik bertako 28 dunviro eta 4 edil ezagutzen ditugu.

Ibaitik hurbilen aurkitzen diren gainerako hiriak orain:

  • Muskaria, Ptolomeok bakarrik aipatua eta hiru kokalekurekin identifikatu dena: Mosquera izeneko eraikuntzarik gabeko gunea, Tuteraren eta Fontellasen artean, Graccurrisetik aski mendebaldera dagoen eremu bat eta Ejea de los Caballerosetik ipar-mendebaldeko beste bat, hiri horren eta Santacararen artean.
  • Cara, zergapeko populus bat Pliniorentzat eta mansio bat Ravenako Anonimoan. Jatorria adierazten duen bertako idazki bat ezagutzen dugu, Vxama Barca eta Suessatium-en ikusi dugun bezala. Bertako barrutian dauden miliario batzuek eta beste zenbait hondakinek egungo Santacararekin identifikarazi dute.
  • Segia (Ejea de los Caballeros), K. a. I. mendetik ezaguna, Turma Salluitanako zaldunen artean Ponpeio Estrabon jeneralarengandik hiritartasuna hartu zuten 9 gudari bertakoak zirelako. Dirua egin zuen K. a. II. mendetik I. mendearen erdia arte. Pliniok eta Ptolomeok aipatzen dute eta Ravenako Anonimoan agertzen da.
  • Alabona (Alagón), Ptolomeok eta Antoninoren Ibilbideak aipatua, K. a. 87. urteko dokumentu epigrafiko baten bidez ezaguna da. Antza denez, K. a. I. mendearen hasieran nolabaiteko garrantzia izan zuen, baina gero, arian-arian, beherantza joan zen, Caesaraugusta Ebroko erdialdeko hiriburu bihurtzen zen bitartean.

Bagaudak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Bagaudak

Bagaudak II. mendetik V. mendera jauntxo handien eta Erromatar inperioaren aurka altxatu ziren Galia eta Hispaniako probintzia erromatarretako nekazari-taldeak zien. Bagauden matxinada nagusia V. mendearen lehen partean izan zen, Euskal Herriko lurraldeetan.

Latifundisten gehiegikerien eta agintari erromatarrek ezarritako zergak ordaintzearen aurka asaldatu ziren nekazariak, baina ez zuten arrakastarik izan eta altxamendu bakoitzean zapaldu egin zituzten. Baskoien lurraldeetan gertatu ziren bereziki bagauden altxamenduak: Pirinioen bi aldeetako Euskal Herrian urte askotan iraun zuen matxinadak, 269. urtean hasi eta 285ean Diokleziano enperadoreak amaiera eman zion arte. Bagauden matxinada nagusia V. mendearen lehen partean izan zen, Euskal Herriko lurraldeetan (iparraldean nahiz hegoaldean). Erromatar inperioa gainbehera zetorren aipatu mendean eta bisigodoen presioa gogortuz; aldi berean egonezin soziala areagotu egin zen; euskaldunak beren askatasunaren alde borrokatu ziren. Asterio jeneral erromatarraren aurka 441ean borrokatu ondoren, 443an Merobaudesen tropa erromatarren aurka galdu zuten bagaudek Aracaelin (gaur egungo Uharte Arakil). Ondoko urteetan militar erromatar (Basilio jenerala) nahiz bisigodoekin (Teodoriko II.aren tropekin) borrokan jarraitu behar izan zuten, 456 arte.[5]

Kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. O. GAMBOA, M. RUIZ. "Euskaldunen irudia Antzinaro eta Erdi Aroko testu historiko eta literarioetan". Kondaira 5.
  2. Luis NÚÑEZ ASTRAIN: El euskera arcaico Books.google.es
  3. Alberto BARANDIARAN: Iturissa, Aurizberrin? Paperekoa.berria.info
  4. Javier CABELLO, Miguel Angel ZAPATER: Cinco Villas: de la Prehistoria a la Edad Media Aragon.es
  5. «bagauda», Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]