Joanes Leizarraga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Joanes Leizarraga
Datu pertsonalak
Jaio 1506
Beskoitze ( Lapurdi)
Hil 1601
Bastida ( Nafarroa Beherea)

Joanes Leizarraga[1] (Beskoitze, 1506 - Bastida, 1601) kalbindar artzaina eta euskal idazlea izan zen, Itun Berria euskaratu zuen lehena.

Biografia

Higanot bihurtu aurretik, seguru asko apaiz katolikoa izan zen. 1567eko apirilaren 15ean egin zen artzain Pauen, eta Bastidako herrira igorririk, hil zen arte han gelditu zen. Joana III.a Albretekoa Nafarroako erreginak, kalbinismora konbertitu zelarik, bere gortean Elizaren erreformaren aldeko pentsalariei babesa eman zien eta protestantismoa erresumako lurraldeetan barna hedatu nahi izan zuen. Ideia erreformazaleen arabera, testu sakratuak herri xehearen hizkuntzan jarri behar ziren. Hala bada, erreginak euskarazko eta gaskoierazko itzulpenak egiteko bitartekoak eta diru-laguntzak eman zituen. 1563ko martxoaren 14an egin zen Bearnoko protestanteen sinodoan (batzarra), Leizarraga izendatu zuten euskarazko itzulpena egin zezan. Eredu moduan, Leizarragak Vulgata eta frantsesezko itzulpenak erabili zituen. Lau laguntzaile izan zituela dirudi, bera taldearen zuzendari izanik: Sanz Tartas (batzuen ustez Joan Tartas idazlearen osaba-aitona izan zitekeena), Piarres Landetxeberri eta Tardetz zuberotarrak eta Joanes Etxeberri lohitzundarra petit basque goitizenarekin ezagutua zena. Leizarragaren Biblia 1571ko irailean inprimatu zen, Arroxelan. Testamentu Berriaren itzulpenarekin batera (Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria), kristauak hezitzeko testu didaktikoak inprimatu ziren, orduko argitaratze protestanteetan ohiko zen bezala.

Joanes Leizarragak gidatu zuen Bibliaren Itun Berriaren lehen euskal itzulpena. IESVS CHIST GVRE IAVNAREN TESTAMENTV BERRIA 1571. urtean argitaratu zen.

Kritika

  • Itzultzailearen meritua da, gehienbat, kritikoek Leizarragaren lanean azpimarratzen dutena. Ezagutzen ditugun bere garaiko idazle bakarrak Bernart Etxepare eta Joan Perez Lazarragakoa dira. Beraz, ia eredurik gabe jardun beharrak egiten du handi haren itzulpen-lan erraldoia. Erabili zuen eredua berak asmatu zuen. Desberdintasun batzuk aurkitu izan dira itzulpenaren eta testu originalen artean.
  • Menpeko proposizoak erabili beharrak, hizkuntza erromanikoen erako prosara eraman zuen. Latinaren eragina duten egitura sintaktikoak dira horren lekuko. Dena den, esaldietan, perpaus luze eta laburren arteko jokoan eta orekan maisutasuna erakusten du.
  • Iparraldeko euskaldunentzat idatzi zuela igartzen zaio. Nafarroa Behereko eta Lapurdiko euskaren ezaugarriak darabiltza, erreformak jomuga zituen euskaldunak horiek baitziren. Testamentu Berriaren amaieran, zuberotarren lagungarri izateko hiztegi labur bat jartzeak, argiago uzten du zein eremutan jokatu nahi zuten, bai erreginak eta bai Leizarragak berak. Bere laguntzaileekin elkarlanean, Ipar Euskal Herriko euskaldunei zuzendutako koiné edo euskara batu bat osatu zuela dirudi, Lapurdiko euskara kostatarra oinarri harturik. Lapurdiko herrialdea, Nafarroako Erresumaren zati ez bazen ere, ekonomia eta biztanleria aldetik Nafarroa Beherea baino esangura handiagokoa zen garai hartako Euskal Herrian. Hortaz, kulturaren alorrean ere erreferentziazko gunea zen. Normala da beraz, Leizarragak bere hizkuntza ereduaren oinarri Lapurdiko euskara hartzea. Federiko Krutwig euskaltzainaren iritziz, euskararen batasuna XVI. mendeaz geroztik lortua zen, eta batasun hori Leizarragak egin zuen.
  • Hizkuntza jasoaren alde eta itzulpen ahalik eta zorrotzena egin nahian, latinetik hartutako hitz asko darabiltza, euskarazko ordainak baztertuz. Bide kultista da, beraz, aukeratzen duena. Esate baterako, giza pescadore idazten du, giza arrantzale beharrean.
  • Zahar-kutsua dario Leizarragaren euskarari. Hitzetan berritzaile, baina soinuetan eta morfologian arkaiko; antzinako euskararen arrastoak ohiko dira XVI. mendeko eta aurreko idazleetan, Leizarragaren testuan ere ikusi dugunez. *ezan eta *edin errodun perfektibo zaharreko formak darabiltza, Joan Perez Lazarragakoak bezala: ilki zedin eta erran ziezon, jeiki zen eta erran zion esanahiarekin, adibidez. Gainera, euskal literaturan oso gutxitan agertzen diren NOR-NORI-NORK motako adizkiak ageri dira, non objektu zuzena ez den hirugarren pertsonakoa: gommendatzen cerauzquiotet (Nik zu haiei, egungo euskaran behintzat ezinezkoa dena). Adizki horien kasuan, zalantza dago Leizarragaren asmakuntza diren, ala benetan herriak erabiltzen zituen.

Aita Gurea

Deigarria da Aita Gurea itzuli zuelarik, Jainkoari hika zuzendu zitzaiola.

Leizarraga Gaurko grafian Gaurko Aita Gurea
Gure Aita ceruëtan aicena,
Sanctifica bedi hire Icena.
Ethor bedi hire Resumá.
Eguin bedi hire vorondatea,
ceruän beçala lurrean-ere.
Gure eguneco oguia
iguc egun.
Eta barka ietzaguc gure bekatuac,
nola guc-ere offensatu gaituztenér
barkatzen baitrauëgu.
Eta ezgaitzala sar eraci tentationetan,
baina deliura gaitzac gaitzetic.
Amen.
Gure Aita zeruetan haizena,
Sanktifika bedi hire Izena.
Ethor bedi hire Resuma.
Egin bedi hire borondatea,
zeruan bezala lurrean ere.
Gure eguneko ogia
iguk egun.
Eta barka ietzaguk gure bekatuak,
nola guk ere ofensatu gaituztener
barkatzen baitrauegu.
Eta ez gaitzala sar erazi tentazionetan,
baina delibra gaitzak gaitzetik.
Amen.
Gure Aita zeruetan zaudena,
santu izan bedi zure izena.
Etor bedi zure erreinua.
Egin bedi zure nahia,
zeruan bezala lurrean ere.
Emaguzu gaur egun
honetako ogia.
Barkatu gure zorrak
geuk ere gure zordunei
barkatzen diegun bezala.
Eta ez gu tentaldira eraman
baina atera gaitzazu gaitzetik.
Amen

Erreferentziak

Bibliografia

  • (Alemanez)Azurmendi, J.: "Die Bedeutung der Sprache in Renaissance und Reformation und die Entstehung der baskischen Literatur im religiösen und politischen Konfliktgebiet zwischen Spanien und Frankreich" In: Wolfgang W. Moelleken (Herausgeber), Peter J. Weber (Herausgeber): Neue Forschungsarbeiten zur Kontaktlinguistik, Bonn: Dümmler, 1997. ISBN 978-3537864192
  • Intxausti, J. 1995: Leizarraga eta leizarragatarrak (1563-1571) Erreforma-Kontrarreformetako ilun-argitan, RIEV 40/1: 119-160.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Leizarragaren lanak

Arroxelan bost liburu hauek jasotzen dira. Guztiak itzulpenak dira: