Bernart Etxepare
| Datu pertsonalak | ||
|---|---|---|
| Izen osoa | Mosen Bernart Etxepare | |
| Jaio | 1480 | |
| Sarasketa |
||
| Hil | 1545 | |
| ???? (????) | ||
Bernart (Bernat edo Beñat) Etxepare (Sarasketa, 1480 - 1545) euskarazko lehen liburu inprimatuaren idazlea izan zen.
Nafarroa Behereko Garaziko eskualdekoa zen. Sarasketan jaio zela uste da, XV. mendearen azken hamarkadetan (1480an ?), eta bizitza gehiena ere Garazi aldean eman zuen, Eiheralarreko erretore eta Donibane Garaziko bikario izan baitzen.
Nafarroako erreinuan 1512tik aurrera izan ziren gerrak eta istiluak gertutik bizitzea egokitu zitzaion: poema batean aitortzen duenez, espetxean ere egon zen. Atxilotzearen arrazoiak ez daude oso garbi: batzuen iritziz, garai hartako gatazkan Gaztelako erregearen alde jokatu izana leporatuko zioten; beste batzuek, ordea, arrazoi politikoak bainoago, moralak izango zirela uste dute.
Hala ere, Etxeparek ozenki aldarrikatu zuen bere errugabetasuna. Harez gero, bere poema liburua idatzi zuenean, argitaratu zioten. Sasoi hartarako ez zen gutxi, euskarazko lehenbizikoa zela kontuan izanik. Bordelen plazaratu zen 1545ean liburua, Linguae vasconum primitiae izenburuarekin. Tituluan bertan, hitzaurrean eta amaierako poemetan agerian uzten du Etxeparek lehen euskal idazlea dela. Euskarari "kanpora, plazara dantzara" irteteko agintzen dio, eta euskaldunek ere bide berriak urra ditzatela nahi du, moldiztegiaren bitartez, euren burua erakutsiz.
Amaierako kontrapasaren hasierak honela dio:
- Heuscara ialgui adi campora
- Garacico herria
- Benedica dadila
- Heuscarari eman dio
- Behar duyen thornuya.
- Heuscara
- Ialgui adi plaçara
- Berce gendec vste çuten
- Ecin scriba çayteyen
- Oray dute phorogatu
- Enganatu cirela.
- Heuscara
- Ialgui adi mundura
Hamabost poemaz osatutako bilduma bat da, 52 orrialde guztira, eskaintza moduko hitzaurre labur batekin. Lehenengo bi poemetan gai erlijiozkoa darabil, hurrengo hamarretan amodiozkoa, sarri gordintasun betean azaldua; hamahirugarren poema autobiografikoa da (kartzelako egonaldia), eta azken bietan euskararen goraipamena egiten du, lehen aldiz inprimategira eramaten zelako bozkarioz betea. Euskara Garazikoa da ia oso-osorik, eta neurkerari dagokionez, gehienetan, 15 silabako bertso-lerro luzeak ontzen ditu bi ataletan banatuak. Bertso-moldea eta gaien erabilera herrikoia da erabat, eta antz handia du lirika herrikoiarekin. Ikertzaile askok parekotasunak bilatu dizkiote Hitako artzapezarekin, baina, eraginei dagokienez, ezin dira ahaztu beste zenbait poeta, François Villon, Clément Marot eta Probentzako juglareak esaterako.
[aldatu] Ikus, gainera
- Linguae vasconum primitiae
- Euskal literatura
- Nafarroa Behereko idazleak
- Bernart Etxepare Euskal Institutua
[aldatu] Kanpo-loturak
- Linguae vasconum primitiæ testu osoa (Euskaraz)
- Beñat Dardo nobela osoa (Euskaraz)
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/28 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.