John Keats

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
John Keats.

John Keats (Londres, Ingalaterra, 1795eko urriaren 31 - Erroma, Italia, 1821eko otsailaren 23a) ingeles poeta erromantikoa izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familian arazoak izan zituen, aita gazterik hil baitzen, eta ama berriz ezkondu, eta ezkontza hautsi zuen; azkenik, zaindari baten eskuetan geratu zen, eta hark bultzatuta kirurgialari-laguntzaile gisa hasi zen lanean. 1817an, ordea, beste guztia utzita, literatura lantzen hasi zen.

Keatsen lehen garrantzizko lana Endymion poema luzea izan zen, 1818an argitaratua. Poemak Diana Ilargiaren jainkosa eta Endymion artzainaren arteko maitasuna kontatzen du; munduko edertasunaren maitalearen alegoria da. Urte horretan bertan Fanny Brawne ezagutu zuen, bere bizitza osoko maitasun tragikoa. Maitasun horren eta heriotzara eramango zuen gaixotasunaren eraginpean idatzi zituen Keatsek poema ederrenak (Lamia eta The Eve of St Agnes), oda handiak (On Indolence, On a Grecian Urn, To Psyche, To a Nightingale, On Melancholy eta To Autumn), eta Hyperion poema epikoaren bi bertsioak. Hyperion 1818 eta 1819 urteetan idatzia da: zoritxarreko maitasunaren eta eritasunaren aurrean, berriz ere Greziako mitologian oinarrituz, balio absolutuak eta hilezkortasuna uztartzeko ahalegina da, eta era berean, poeta-sortzailearen alegoria. Poemak, odak eta Hyperion 1820an argitaratu ziren liburu batean. Hurrengo urtean, gero eta eriago zegoela, hegoaldera jo zuen Keatsek, medikuen gomendioz, eta Erroman hil zen 26 urte zituela.

Keatsen obraren baitan ezarri ohi dira, orobat, gutunak, anai-arrebei, adiskideei eta Fanny Brawneri bidaliak; bere obrari buruzko iruzkin aberatsak izateaz gainera, literatura-balio handikoak dira.

Keatsen poesiaren ezaugarriak irudien bizitasuna, sentikortasuna, eta filosofia mitologiaren bidez agertzeko ahalegina dira. XIX. mendeko poetengan eragin handia izan zuen, baina, bereziki, obraren alderdi formalari dagokionez; XX. mendean Keatsen obraren balio teknikoa eta intelektuala aintzat hartu da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: John Keats Aldatu lotura Wikidatan