Karlos Martel

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Karlos Martelen eskultura, Jean-Baptiste Joseph Debayk XIX. mendean egina. Versaillesko jauregiko galerian dago.

Karlos Martel[1]latinez, Carolus Martellus— (686ko abuztuaren 23a741eko urriaren 22a) frankoen buruzagia izan zen. Jauregiko Nagusia titulupean, erregearen ordez gobernatu zuen. Ezaguna da batez ere Poitiersko guduan musulmanen aurka irabazi zuelako (732) eta karolingiar leinuaren aitagoi izan zelako. Hainbat historialarik musulmanek Mendebaldeko Europan aurrera egitea galarazi zuela uste dute.

Frankoen gerra zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pepin Herstalgoaren sasikoa zen, eta 714an, aita hil berria zuela, merovingiar frankoen gerra zibilean Kolonian kartzelatua izan zen. Hala ere, askatu eta bere aurkarien kontra armada bat eratzea lortu zuen, baita bere gustuko erregea jartzea ere (Klotario IV.a). Aldiz, Txilperikok gogor egin zion, baita Oto I.a Handia akitaniar dukearen laguntza bilatu ere, baina azkenean Otok eta Martelek bake-itun bat sinatu zuten Txilperikoren kaltetan (718), eta Martel jaun eta jabe geratu zen Austrasian eta Neustrian (frankoen mendeko lurraldeak, Loiratik iparraldera).

Borrokari iparraldean eta ekialdean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

721ean, Al-Andalusko omeiatarrek Tolosa Okzitaniari eraso egin zioten, eta Otok laguntza eskatu zion Marteli, baina honek ukatu egin zion, eta nahiago izan zuen bere aurkaria ahultzen ikusi. Martelek iparraldean gudukatzen jarraitu zuen frisiarren kontra, egungo Herbeheretan eta Belgikan, baita ekialdean ere, eta 723. urterako mendean hartuak zituen Bavaria, Alamaniako lurraldea eta saxoiak. Aldi berean, ordu arteko armada indartsuena osatzen joan zen, behar zuenean horretarako Elizari lurrak eta jabetzak atzemanez.

Akitaniaren kontra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frankoen lurraldeko iparraldean gerra amaituta eta aurkari frankoak menderatuta, Martel Akitaniara begira jarri zen, hura ere bereganatzeko asmoz. 731ean, Oto Pirinio ekialdean finkatu jaun berbere batekin ituna sinatu izana leporatuta, Martelek Loira ibaia zeharkatu zuen, baita Akitaniako zati bat eta Bourges hiria arpilatu ere. Otok Bourges hiria berreskuratu zuen, baina Marteli gudu batean aurre egin eta galdu zuen, baita ahulduta geratu ere.

732an omeiatarrek Baskoniako dukerria indarrez zeharkatu, arpilatu eta suntsitu zuten, eta Poitiers ingurura helduta Martel buru zuen armadarekin borrokatu ziren. Martelek, Oto ere oraingoan aldean zuela, omeiatarrei irabazi zien. Ondorioz, Otok eta Akitaniak men egin zioten formalki frankoei, nahiz eta funtsean independente jarraitu.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

735ean, Oto I. Handia hil berritan, bere seme Hunald Akitaniako duke berriak Karlosi men egiteari utzi zion eta aske aldarrikatu zuen bere burua eta Akitania. Ondorioz, armada boteretsu bat aldean zuela, Martelek Bordeleri eraso egin, hiria azpiratu eta arpilatu egin zuen, bigarrenez lau urteko epe laburrean. Aldiz, Akitaniako konteen armada batek, segur aski Otoren seme Hunald Akitaniakoa buru zuela, gogor egin zion Karlosen 2. espedizio militar bati 736an eta, berari formalki men egitearen trukean, Karlosek Hunalden eskuetan utzi behar izan zuen Akitania.

Berehala Galia hego-ekialdera aldegin zuen 737an, Septimaniako eta Proventzako jaunen eta omeiatarren kontra borrokatzera. Helburu nagusia ez zuen lortu ordea, Narbona bereganatzea eta omeiatarrak botatzea, baina Septimaniako hainbat hiriri eraso egin zien, eta Avignon suntsitu. 739an beste espedizio bati ekin zion Rodano ibaian behera, oraingoan Proventzara zuzenduta, Maurontzio Marseillako konte etsaia menderatzera. Helburua lortu egin zuen, eta Proventzako jaunek men egin zioten. Neustriara itzuli, eta handik gutxira hil zen 741ean, Querzy-sur-Oizen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Karlos Martel Aldatu lotura Wikidatan