Kenenisa Bekele

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kenenisa Bekele
Kenenisa Bekele
Datu pertsonalak
Jaio 1982ko ekainaren 13a
Bejoki (Etiopia) ()

Kenenisa Bekele (Bejoki, Oromiako eskualdea, Etiopia, 1982ko ekainaren 13a - ) distantzia luzeetako etiopiar atleta da. Momentuko mundu errekorrak ditu 5.000 eta 10.000 metrotan. Bi aldiz izan da txapeldun Olinpiar Jokoetan 10.000 metroko proban eta behin 5.000koan. Historian izan den fondista hoberenetakotzat jotzen da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kenenisa Bekele Parisen 2006an

Bekele Etiopiako lurralde garaietatik datorkigu, munduko distantzia luzeetako korrikalari hoberenak atera diren tokitik, alegia. 2.000 metrora jaio zen, Arsi eskualdean 1982ko ekainaren 13an.

Aitaren etxaldean egin zuen lan, abereak zaindu eta oiloek jarritako arrautzak salduz.

« Eskolan kirola oso gustuko nuen. Futbolean ari nintzen norbaitek ikusi eta entrenatzen hasteko aholkatu zidanean. Horixe izan zen aholkurik hoberena!  »

.

15 urte zituen orduan. Haile Gebrselassie izan zuen eredu, 90eko hamarkadako lasterketari nagusia, eta haren ondorengo izatea lortu du. Anaia gazteagoa du Tariku Bekele, nazioarteko atleta hura ere.

Ez da dena erraza izan Bekelerentzako. 2005eko urtarrilean, bere andregaia zen Alem Techalek kolapso bat izan zuen biak entrenatzen ari ziren bitartean eta hil egin zen.

« Urte osoa eman nuen bihotzeko minez. Ezin nuen pista zapaldu. Entrenatzera joaten nintzen edonon, haren gogoeta egiten nuen, ezin burutik kendu. Lasterketa pare bat galdu nituen kontzentrazio faltagatik.  »

.

8 hilabete geroago, 1,65 m eta 56 kg-ko korrikalariak inork egin dituen 10.000 metro azkarrenak egin zituen, gaur indarrean dagoen errekorra lortuz.

Karrera eta lorpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kenenisa Bekele Osakan 2007an
Kenenisa Bekele Berlinen 2009an

2000n hasi zen Europako pistetan gailentzen.

2001ean, munduko txapeldun bihurtu zen Ostenden eta bigarren egin zuen kros laburrean.

Hurrengo urtean, 19 urte zituen eta Dublinen zegoen, kategoria orokorrean Munduko Txapelketa eskuratuz, bai kros luzean eta baita laburrean ere. Lehena izan zen dobletea egiten. Orpazurdaren lesio batek udako tenporada gehiena galarazi zion ordea.

2003an, Pariseko Mundu Txapelketan izan zen eta garaipena lortu zuen 10.000 metrotan eta hirugarren postua 5.000koan. 10.000koan, Haile Gebrselassie (zilarra) eta Sileshi Sihine (brontzea) etiopiarrak garaitu zituen eta triplete etiopiarra izan zen lehen aldiz mundialetan. Urte horretan marka ederrak lortu zituen: 12.52.26 Osloko 5.000 metrotan eta 26.49.57 Parisko 10.000koan.

2003an Lausanan, 2004an Bruselan, 2005ean Saint-Étiennen eta 2006an Fukuokan dobletez doblete aritu da, historia izan den kros korrikalari hoberenaren izena hartuz.

2004ko hartan denek zeuden errekorraren zain eta horrelaxe izan zen, 5.000 eta 10.000 metrokoak lortuz -eta Haile maisuari kenduz- aste berean. Urte itzela izan zen Bekelerentzat. Maiatzaren 31n, munduko errekorra hautsi zuen Hengelon 5.000 metrotan (12.37.35) eta, astebete geroago, gauza bera egin zuen Ostravan 10.000koan (26.20.31). Haile Gebrselassie etiopiarrak 1998an lortuak zituen aurrez.

Atenasko Olinpiadetan urrea egin zuen 10.000koan (27.05.10) eta zilarra 5.000koan, Hicham El Guerrouj marokoarraren atzetik.

2005aren hasieran, Alem Techale andregaia hil zitzaion Etiopian entrenatzen ari ziren bitartean. Hasiera batean, ezinezkoa ematen bazuen ere, lortu zuen lehiaketetara itzultzea. Abuztuaren 26an, bere mundu errekorra hautsi zuen Bruselan (26.17.53) 10.000 metrotan.

Atletismoko Nazioarteko Federazioak 2004 eta 2005eko atletarik hoberena izendatu zuen.

2007an, Munduko Kros Txapelketak alde egin zion Mombasan. Zersenay Tadesseren atzetik eta bero ikaragarriak itota, ezin izan zuen lasterketa bukatu. Hala ere, hilabete batzuk geroago, urrea lortu zuen Osakako Mundu Txapelketan (27:05.90)

2008an, berriro lortu zuen garaipena Edimburgon eta, Pekineko Olinpiadetan ezin izan zuen inork garaitu; bietan lortu zuen errekorra: 12:57.82 eta 27:01.17.

2009a ere oso urte ona izan zen, garaile izan baitzen 10.000koan (26:40) eta 5.000koan (13:17) Berlingo Mundu Txapelketan. Golden Leaguen ere nagusitu zen 6 probak irabaziz eta milioi dolarreko saria eskuratuz.

2010ean, 28 urteko gazteak lehiaketei uko egin behar izan zien, orpazurdaren lesioa zela-eta. Haile bezalaxe, maratoia prestatzeko asmoz omen da.

Marka pertsonalak eta lorpen nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 10.000 metro - 2 urre Olinpiadetan (2004 eta 2008)
  • 5.000 metro - urre bat Olinpiadetan (2008) eta zilar bat (2004)
  • 12 k - 6 aldiz garaile Campo Traviesako Mundu Txapelketan
  • 4 k - 5 aldiz garaile Campo Traviesako Mundu Txapelketan
  • 10.000 metro - 5 aldiz garaile Mundu Txapelketan (2003, 2005, 2007, 2009)

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kenenisa Bekele Aldatu lotura Wikidatan