Laser

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Argi-izpi «koherenteak» (maiztasun bereko uhinak eta beti fase berekoak direnak) sortzen dituen argiaren anplifikazio-sistema. Izena Light Amplification by Stimulated Emission of Radiation («erradiazioen igorpen kitzikatuaren bidezko argi-anplifikazioa») terminoaren akronimoa da. Argi-izpi hauek material gogorrenak eta beroaren kontrako erresistentzia handiena dutenak desegin ditzakete. Kristal jakin batean edo gas-nahaste jakin batean dauden atomoak kitzikatuz lortzen da laser-igorpena, kristal horiek garbitasun handikoak baitira (errubia, itriozko granatea eta tungstatoak, eta gasak, berriz, karbono dioxidoa, helioa, argona eta neona). Kimika bidezko laser batean, berriz, kitzikadura-indarra erreakzio kimiko batek sortzen du, edota karbono monoxidoaren errekuntzak, karbono dioxido kitzikatua sortzeko. Laserraren abantaila nagusia da, beste argi igorpenen ondoan, zuzentasuna edo puntu jakin batera zuzentzeko duen gaitasuna, baita koherentzia edo fase berean irautea ere. Argi-izpien maiztasuna oso zehatza da, eta ondorioz barne-interferentziak saihesten dira, eta igorpen garbia lortzen. Einsteinek argi igorpen kitzikatuaren oinarri teorikoak ezarri zituen 1917. urtean, baina 1953. urtea arte ez zen tresnetan erabiltzeko modurik aurkitu. Charles H. Townesek eta A.L. Schawlowek laser-tresna egin zitekeela frogatu zuten, argi optikoak erabiliz. Nikolai Basov eta A.M. Projorov sobietarrek ere proposamenak egin zituzten gaiaren inguruan. 1960. urtean, azkenik, Estatu Batuetako Theodore H. Maiman-ek errubiz egindako makilatxoa erabilita lehen laserra egin zuen. Laserrak erabilera asko ditu industrian eta ikerkuntzan. Medikuntzan, adibidez, sendabide bikaina da. Minbizi-tumoreetako zelula hilak suntsitzen ditu, eta gaixotasuna geldiaraz dezake. Kirurgian ere erabiltzen da, anestesia egiteko. Biologian, berriz, laserra mitosi eta zelula banaketaren prozesuan kromosometan aldaketak eragiteko erabiltzen da. Telekomunikazioetan eta satelite artifizialak jaurtitzeko, laser-izpiaren zuzentasunaz baliatzen dira. Holografia (hiru dimentsioko irudien erreprodukzioa) da laserraren erabilera ikusgarrienetako bat. Lehenik eredua erregistratzen da material fotosentikor batean, eta gero argitu egiten da irudia erliebean osatzeko, behar bezalako indar eta makurdurarekin. Bi prozesuotan laserra oinarri optiko gisa erabiltzen da. Bitxigintzan erabiltzen da diamanteak ebakitzeko, eta zeramikan, neurketa-tresna eta irakurle optiko gisa. Laser-erradiazioak kaltegarriak izan daitezke begientzat, eta horregatik funtsezkoa da behar bezalako neurriak hartzea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]