Paulette Nardal

Wikipedia, Entziklopedia askea
Paulette Nardal

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFélix Jeanne Paule Nardal
JaiotzaLe François1896ko urriaren 12a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaFort-de-France1985eko otsailaren 16a (88 urte)
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaParisko Unibertsitatea
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakkazetaria, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea eta idazlea
Jasotako sariak

Paulette Nardal (Le François, Martinika, 1896ko urriaren 12aFort-de-France, Martinika, 1985eko otsailaren 16a) Martinikako kazetari eta idazle frantsesa izan zen, eta kontzientzia literario beltzaren garapena ahalbideratu zuten eragileetako bat. Négritude korronte literario eta politikoaren sorreran parte hartu zuen, eta frantziar intelektualei Harlem Renaissance mugimendu kulturaleko kideen lanak ezagutarazi zizkien haien lanen itzulpenak eginda.

Nardal klase ertain altuko familia batean jaio zen. Irakasle ikasketak egin ondoren, 1920an, Parisera joan zen bere heziketa osatzera. Sorbonan ikasi zuen lehen pertsona beltza izan zen. Clamart-en literatura-areto bat sortu zuen zuen, bere ahizpekin batera, Afrikako diasporaren esperientziak aztertzeko xedearekin. Kazetari eta idazle gisa aritu zen. Argitaratu zituen lanek kontzientzia panafrikarra suspertzea zuten helburu, eta haietan azaltzen zuen pertsonek antzeko erronkei egin behar zietela aurre arrazismoak eta sexismoak eragindako auzietan. Feminista sutsua izan arren, ez zen erradikala: emakumeak animatzen zituen egungo gizarte-egituretan lan egitera eragin politikoa lortzeko.

Bigarren Mundu Gerraren hasieran, Nardalek Frantziatik ihes egin zuen. Bidaian, baina, bere ontziak itsaspeko alemaniar baten erasoa jasan zuen eta Nardal zauritua izan zen; horren ondorioz, bizitza osorako ezgaitasuna izan zuen. Martinikara itzuli zenean, erakunde feministak eta egunkariak sortu zituen bertan. Haien helburua zen ikasketak zituzten emakumeen parte hartzea suspertzea gizarte-hobekuntzaren aldeko lanetan. Etxeko prestakuntza ekonomikoa bultzatu zuen eta emakume pobreentzako haurtzaindegiak sortu zituen.

1946an, Gerra amaitutakoan, Karibeko herrien arazoei buruz zuen ezagutza zela eta, Nazio Batuetako ordezkari izendatu zuten arlo horretan aditu gisa lan egiteko. Nardal Nazio Batuetako Lurralde Ez Autonomoen Sailean kargu ofizial bat bete zuen lehen emakume beltza izan zen.

1948an, NBEn lan egin ondoren, Martinikara itzuli zen, eta han, bertako musika tradizioa gordetzeko lanari ekin zion. Uhartean esklabotza abolitu zeneko mendeurrena zela eta, musika estilo tradizionalen historia bat idatzi zuen. Horrez gain, abesbatza bat sortu zuen, bere errepertorioan Martinikako musikaren afrikar sustraiak erakusten zituena.

50 eta 60ko hamarkadetan, Martin Luther King doktorearen eskubide zibilen aldeko mugimenduan lan egin zuen. Paulette Nardal ez zen inoiz ezkondu. Fort-de-France-n hil zen, Martinikan, 1985eko otsailaren 16an, 88 urte zituela.[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak Martinikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Le François-eko udaletxea.

Paulette Nardal 1896ko urriaren 12an jaio zen Le François-en, Martinikan,[2][3] uharteko klase ertain altuko komunitate beltz txikiaren familia batean.[4]

Ama Louise Achille zuen eta aita Paul Nardal. Aita herri lanetako ingeniaria zen, Frantzian ikasia, eta ama piano-irakaslea.[2]

Paul Nardal, Parisko Arts et Métiers ParisTech eskolan beka bat lortu zuen lehen beltza izan zen, eta ondoren, herri lanetako lehen injeniari beltza. Obra Publikoen Zerbitzu Kolonialean jardun zuen lanean 45 urtez.[5] Hainbat lan gainbegiratu zituen, hala nola Évêché urtegikoak, Fort-de-Franceko Absalon zubikoak eta 1903an zikloi batek partzialki suntsitutako Ducoseko elizaren zati batekoak. Matematika eta fisikako irakasle gisa, Martinikako zenbait ingeniari belaunaldi trebatu zituen. Ordre des Palmes académiques eta Ordre national de la Légion d'honneur ordenen aitorpenak jaso zituen, eta prefekturako kale batek bere izena darama.[5] Louise Achille, Paulineren ama, 1869ko uztailaren 2an jaio zen familia mulato batean.[6] Elkarte mutualistetan parte hartu zuen, hala nola Société des Dames de Saint-Louis. Elkarteak 18 eta 50 urte bitarteko emakumeei eta haien seme-alabei laguntzen zien, eta baita Belengo asiloko adinekoei ere. Ouvroir elkarteko kide ere izan zen, gazte umezurtz behartsuei eta La Ruche-ko umezurztegiari laguntza ematen zien erakundea.[5]

Paulette zazpi ahizparen artean zaharrena zen (Jeanne, Lucy, Andree, Alice, Cécile, Emilie eta Paulette bera). Lehen ikasketak Colonial College for Girls ikastetxean egin zituen, eta Mendebaldeko Indietan ingelesa ikasi zuen.[3] Bigarren Hezkuntzan graduatu ondoren, irakasle ikasketak egin zituen, eta maistra aritu zen bere prestakuntza Parisen jarraitzea erabaki arte.[7]

Frantziako urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorbona unibertsitatea.

24 urte zituela, Nardalek izena eman zuen Sorbonan ingelesa ikasteko. Bera eta bere ahizpa Jeanne, literatura ikasten ari zena, izan ziren Sorbonan matrikulatu ziren lehen ikasle beltzak,[6][8] erakunde horretan emakume eta beltz gutxi sartzen ziren garaian. Bertan, Harriet Beecher Stowe idazle eta abolizionista estatubatuarrari buruzko tesia defendatu zuen, 1852an Osaba Tom-en etxola idatzi zuena.[5]

Joséphine Baker

Parisen hiriburuko bizitza kulturala ezagutzeko aprobetxatu zuen: antzokira eta kontzertuetara joateko, erakusketak bisitatzeko... Bal Nègre kabaretera ere joan zen. Hura zen Nardalek bere erreferentzia kulturalak aurki zitzakeen leku gutxietako bat.[9] Bertan, Marian Anderson abeslariaren eta Joséphine Bakerren isuskizunetan izan zen, eta haiei esker piztu zitzaion bere ahizpa Jeannek "kontzientzia beltza" deitzen zuena.[10]

Laster, harremanetan hasi zen Frantziako intelligentsiaren giro artistikoarekin, non Harlem Renaissance-ko (Harlembo Pizkundea) idazleen eragina izango zuen.[4] Nardalek, bere ahizpa Jeanne eta Andrée-rekin batera, literatur areto bat sortu zuen Clamart-en,[11] rue Hébert-eko 7ean, hiru ahizpek partekatzen zuten apartamentuan.[3][12] Bertan Afrika, Karibe eta Ameriketako Estatu Batuetako intelektual beltzak bildu zituen, beltza izatearen eta diasporaren parte izatearen esperientziak eztabaidatzeko.[13]

Ikasketak Parisen burutu ondoren, Nardal Martinikara itzuli zen denbora labur batez, eta irakaskuntzan jardun zuen; baina urtebeteren buruan Parisera itzuli zen, eta han hasi zen kazetari lanetan.[14] Haren idatzietan aurki daitezke, besteak beste, literatura-lanak, kritikak, kolonialismoari buruzko artikuluak eta Guide des Colonies Françaises izeneko gida turistikoa, Antilla Frantsesetako uharteetako gobernuek agindutakoa.

1931ko urrian, La Revue du Monde Noir izeneko aldizkaria sortu zuen[5][15] beste batzuekin batera[3]: bere ahizpak, Jeanne eta Andrée, eta Louis-Thomas Achille lehengusua[5]; Louis Jean Finot, nobelagile frantsesa; Léo Sajous, erudito haitiarra; René Maran, idazle guyanarra eta Clara W. Shepard, irakasle eta itzultzaile afroamerikarra. Aldizkaria frantsesez eta ingelesez argitaratu zen, eta bere helburua "mundu osoko beltzen artean lotura intelektual eta morala sortzea zen, nazionalitatearen bereizketarik gabe, elkar hobeto ezagutzeko, anaiartean elkar maitatzeko, beren interes kolektiboak hobeto defendatzeko eta beren arraza ilustratzeko".[16] Nardalen lana editore eta itzultzaile gisa aritzea eta aldizkaria irakurle panafrikarren artean zabaltzea izan zen.[17] Aldizkariak zailtasun ekonomiko handiak izan zituen, eta horregatik, 1932an utzi zion argitaratzeari, sei zenbaki bakarrik argitaratu ondoren.[5]

Aldizkaria itxi ondoren, Nardal Galandou Diouf diputatu senegaldarraren idazkari gisa hasi zen lanean Frantziako Batzar Nazionalean.[14] 1935ean, Italiak Etiopia inbaditu ondoren egindako manifestazioetan parte hartu zuen,[14] eta 1937an Senegalera joan zen inbasioaren aurkako mugimendura lagun gehiago erakartzeko asmoz.[18] 30eko hamarkada osoan erakunde feministetan ere parte hartu zuen, hala nola, Ad Lucem Per Caritatem-en eta Union Féminine Civique et Sociale-en. Bigarren Mundu Gerraren ondorioz Frantziatik ihes egin behar izan zuenean,[14] Nardalek Gurutze Gorriaren babespean zebilen itsasontzi bat hartu zuen. Ontzia Ingalaterrako kostaldearen parean torpedatu zuten, eta Nardalek bi belaunak hautsi zituen salbamendu-txalupa batera salto eginda. Ingalaterran ospitaleratu zuten, baina inoiz ez zen zaurietatik erabat sendatu.[4]

Martinikara itzultzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ralph Bunche, politologo, diplomatiko eta Bakearen Nobel sariduna.

Ospitalean egon ondoren indarberriturik eta bidaiatzeko moduan zegoela, Nardal Martinikara itzuli zen. Han, Fort-de-France-n bizi izan zen, eta ingeleseko irakasle gisa hasi zen lanean De Gaulle jeneralaren aginduetara borrokatu nahi zuten disidenteekin.[19] Errekrutek Karibeko Antilla Britainiarretan jasotzen zuten trebakuntza militarra, horregatik, entrenamendua jaso aurretik ingelesa ikastea derrigorrezkoa zen.[20]

Bigarren Mundu Gerraren amaiera hurbildu ahala, Estatu Batuetara abiatu zen. Han Ralph Buncheren, 1948 eta 1949 arteko gatazka arabiar-israeldarrean bitartekaritza arrakastatsua burutu zuenaren eskubide zibilen aldeko ekintzailearen idazkari pribatua izan zen.[5]

Gerra amaitu zenean, Nardalek gizartea hobetzeko eta sufragioa lortzeko lan egin zuen. 1944an, Le Rassemblement féminin sortu zuen[21] emakumeak 1945eko hauteskundeetan parte hartzera bultzatzeko, eta 1945ean La Femme dans la Cité aldizkaria sortu zuen, emakumeek politikan eta gizarte-lanean parte hartzea suspertzeko.

1946an, Nardal, Ralph Buncheren eraginez, Nazio Batuetako ordezkari izendatu zuten.[22] New Yorken, Lurralde Ez Autonomoen Saileko aditu gisa lan egin zuen 18 hilabetez.[22] Bera izan zen halako kargu ofizial bat bete zuen lehen emakume beltza.[23] 1948an, Martinikara itzuli zenean, uharteko esklabotzaren abolizioaren mendeurrenaren ospakizunak zirela eta, Nadalek, Alice ahizparekin batera, Martinikaren ondare musikalari buruzko historia bat prestatu zuen.[5] Paulette eta Alice-ren ustez, Bèlè eta bere aldaerak, hala nola gran bèlè, béliya, bouwo, Ladjia eta bere oinarria, afro aja-gbe erritmoak bere lekua aurkitu behar zuten antiliar musikan. Musika tradizionalak jazzaren sorreran eragina izan zuenez, Nardalek hezkuntza hobetu nahi zuen musika tradizioei helduz.[5] Geroago, Joie de chant abesbatza sortu zuen Afrikan errotutako musika tradizionala sustatu eta zaintzeko. Haren errepertorioak abesti herrikoiak, espiritualak, kanta klasikoak eta hegoamerikarrak hartzen zituen barne.[20] La Femme dans la Cité aldizkaria argitaratzen jarraitu zuen 1951 arte. [24]

Fort-de-Francen familiaren etxean bizi zen, aitarekin eta ahizpekin, Schoelcher kalean; ahizpak ez bezala, denak ezkonduak eta amak baitziren, bera ez zen inoiz ezkondu, eta zelibatoan bere independentzia baieztatzeko modu bat aurkitu omen zuen.[6] 1956an, ezezagun batek suzko zuzi bat bota zuen bere etxeko leiho batetik; handik gutxira, familiak, bere bizitzaren beldurrez, bere jarduera politikoa bertan behera uzteko konbentzitu zuen.[6] Paulette Nardal 1985eko otsailaren 16an hil zen Fort-de-Francen, Martinikan.[4]

Kazetari ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere kazetaritza-ibilbidean, Nardalek zenbait argitalpenetarako idatzi zuen, besteak beste, France-Outremer, Le Cri des Nègres,[25] Le Soir eta La Dépêche africaine, eta geroago L'Étudiant noir.[14] Azpimarratzekoa da La Dépêche Africaine-rekin izan zuen lotura; garai hartan, aldizkari askotan jorratzen ziren arraza eta arrazismoarekin zerikusi zuten gaiak, baina La Dépêche Africaine izan zen gai horiekin sexua eta emakumearen perspektiba lotu zituen lehena.[5][26] Nardalek bere ibilbidearen lehen urteetan La Dépêche Africaine-n argitaratu zituen lanak, askotan, aipamen kulturalak izaten ziren, artista beltzak eta kultura beltza ezagutzera emateko xedea zutenak. Beste idatzi batzuetan, Martinikako pertsona beltza izanik Parisen bizitzea nolakoa zen azaltzen saiatu zen.[27]

Augusta Savage eskultore estatubatuarra (1892-1962)

Garai horretan argitaratutako lanen artean En Exile (1929) eta Une femme sculpteur noir (1930) daude. En Exile Frantzian erbesteratutako Karibeko emakume baten bizitzari buruzko istorio laburra da. Pertsonaia nagusiaren bizimodua erakutsiz, Nardalek azaldu zuen emakume beltz askorentzat Frantzian bizitzea esperientzia isolatzailea zela.[27] Une femme esculteur noir Augusta Savage eskultore estatubatuarrari buruzko artikulu bat zen.[28] Bertan, Nardalek Savageren lorpenak eta ekarpen kulturalak goraipatu zituen, batetik,, baina, bestetik, emakume beltz gisa izan zituen oztopoak ere salatu zituen.[27] Nardalek asko idatzi zuen arraza kontzientzia eta elkartasun beltzari buruz,[29] bai eta emakume marjinatuek jasaten zuten bazterkeria bikoitzari buruz ere.

Horrez gain, Nardalek bi aldizkari sortu zituen bere ibilbidean: La Revue du Monde Noir eta La Femme dans la Cité

La Revue du Monde Noir (1931–1932)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

René Ménil, Martinikako filosofoa (1907-2004)

La Revue du Monde Noir-i esker, artista eta intelektual beltzek beren lanak argitaratzeko eta beste pertsona beltz batzuekin loturak izateko aukera izan zuten. Aldizkariak mundu osoko beltzen arteko elkartasuna eta eztabaida sustatu zituen, eta haien arte- eta kultur-lanak plazatu zituen.[27] Lehen aldizkarian, Louis-Jean Finot-ek "Race Equality" izeneko artikulua idatzi zuen. Herrialde desberdinek mundu osoan zituzten arazoak labur-labur aztertu ondoren, "nazioen arteko elkartasuna" aldarrikatu zuen eta "gaur egun, norberekoikeria zozokeria hutsa izateaz gain, kriminala ere badela" idatzi zuen.[16] Printzipio deklarazioan, egunkariak esplizituki adierazi zuen komunitate zentzu bat sortzea bere helburu nagusietako bat zela.[15]

Léopold Sédar Senghor, Senegaleko idazle eta politikoa (1906-2001)

Egunkaria argitalpen "apolitiko" gisa aurkeztu zen[30] bi arrazoirengatik: Lehenik eta behin, ez zutelako nahi balizko agintari kolonialen arreta erakarri.[30] Eta bigarrenik, finantzaketa lortzea errazteko kezka praktikoagatik, horrela Kolonietako Ministerioaren finantzaketa partziala lortu baitzuten.[15] Hala ere, "30eko hamarkadako Parisen aldizkari elebiduna, nazioartekoa eta arraza anitzekoa sortze hutsa probokatzailea izan zen"[26]; horregatik, ezin izan zituen kritika politikoak erabat saihestu.[5] Gainera, Paulette Nardalek proiektua kulturala zela eta ez politikoa esan arren, edukiak eztabaida politiko subertsiboa sortzen zuten artikulu batzuk jasotzen zituen. Honen adibide bat Étienne Léro eta René Menil-ek aurkeztutako artikulu bat litzateke, non kolonialismo frantsesa zein "kolorezko burgesia karibetarra" gaitzetsi zituzten.[15] Aldizkaria laster gelditu zen finantziaziorik gabe, eta 1932ko apirilean, sei zenbaki baino ez zuela argitaraturik, kaleratzeari utzi behar izan zion.[15]

Geroago, beste idazle batzuek, Césaire edo Senghor kasu, belztasunaren mugimendu literarioaren zuziari heldu zioten berriro L 'Étudiant noir aldizkariarekin. Hala ere, neurri handi batean, ez zuten Paulette Nardalek mugimenduan egindako ekarpen handia aitortu. Nardalek honako hau idatzi zuen: "Césaire eta Senghor guk astindutako ideietara itzuli ziren, eta askoz ere distira handiagorekin adierazi zituzten, emakumeak baino ez baikinen! Gizonentzako bideak markatu ditugu".[11][31]

La Femme dans la Cité (1945–1951)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Femme dans la Cité (1945-1951) Antilasko feminismo berriaren aldizkari nagusia izan zen.[32] Nardalek hilabetekari hori sortu zuen, Martinika Frantziako itsasoz haraindiko departamentu bihurtzeko lehen herri-bozketak prestatzen ari zirela.[32] Klase ertaineko irakurleei zuzenduta zegoen, eta haren helburua zen irakurle horien prestakuntza eta kultura hobetzea[33] eta gizarte-kontzientzia piztea.[34] Aldizkaria inguruan zegoen bakarra izan zen.[23] 1945eko bozketak, Frantzia hexagonalak itsasoz haraindiko lurraldeekin zuen itun koloniala berrantolatzeko erabakigarriak izateaz gain, 1944an Frantzian emakumeen boto unibertsalarekin egin ziren lehen hauteskundeak izan ziren. Beraz, Nardalen aldizkari berria, asmo bikoitzarekin argitaratu zen: tokiko emakumeak eremu publikoan eta herritarren bizitzako eremu desberdinetan parte hartzeko prestatzea; baina baita Martinikan inprimatutako tresna bat inauguratzeko ere, zeinean eztabaidatuko zen garaiko beharrizanak etorkizun etorkizunari begira.[32] Hauteskundeetan komunistek eserleku gehienak lortu zituzten eta, hurrengo urtean, Nardalek hainbat editorial idatzi zituen emakumeei ulertarazteko zein garrantzizkoak ziren munduko arazoak ezagutzea eta botoa ematea. Bere ideologia politikoa zentro kontserbadorekoa zen; baina, emakumeen berdintasunean sinesten zuen arren, ez zen militantea. Sexuen arteko parekotasun ezaz jabetzen zen, eta emakumeen egoera hobetzeko haien heziketa egokia aldarrikatzen zuen, baina ez zegoen garaiko sistema eraistearen alde.[35] Nardalek bere saiakeretan azaldu zuen emakumeen ekintza politiko eta soziala funtsezkoa zela gizartea hobetzeko, eta, politikan parte hartuz, emakumeek patriarkatuari aurre egin ziezaioketela.[36]

Aldizkariak lau orrialde izan zituen hasieran, baina hamasei izatera iritsi zen. Erredakzioa Général Galliéni kaleko bulegoan zuen, eta Imprimirie Bezaudain inprimategian ekoizten zen, biak Martinikako hiriburuan, Fort-de-Francen. Argitalpenaren sei urteetan, 2.000 eta 1.100 kopia artean banatu ziren hilero, inoiz ez baitzen irakurle kopurua mila pertsonatik behera jaitsi. Bere finantzaketa-sistema mistoa zen, laguntza ekonomiko instituzionalaz eta irakurleen harpidetzatik zetorren diruaz finantzatzen baitzen.[32]

María José Yaksic irakaslearen arabera, 'La Femme dans la Cité' aldizkariak Fort-de-Francen publiko berri bat sortzen lagundu zuen; geroago, emakume beltzen ekintzari esker, Frantziako Inperioan hiritartasunaren eta demokraziaren kontzeptua eraldatu zuen publikoa, hain zuzen. Hainbat emakume beltzek Frantziako hedapen kolonialaren hainbat puntutan izandako borroka ideologiko-politikoak inprimatutako bitartekoen ekoizpena ekarri zuen, eta horien artean Nardalen aldizkariak rol nagusia bete zuen Antilletan. Nardalek aldizkari berriak horiek Parisen ikasi zuen bezala sortu zituen, eta herritartasun-esparru berriak eraikitzeko baldintzak sortu zituen.[32]

Clamart-eko literatur-aretoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aimé Césaire, Martinikako idazle eta politikoa (1913-2008)

Parisen bizi ziren bitartean, Nardal eta bere ahizpek literatura-areto bat sortu zuten, genero, arraza eta erlijio guztietako jendea biltzeko, eta tokiko eta nazioarteko politika, kultura eta arte beltzari buruz eztabaidatzeko. Eztabaida horiek nazioarteko elkartasun beltza izan zuten ardatz, eta haietan arraza-desberdintasunak goraipatu zituzten, arraza-kontzientzia beltzaren garapena eta hedapena bideratzen baitzituzten.[37] Clamart aretoan zenbait intelektual beltz ospetsu bildu ziren, haien artean, Harlem Renaissance mugimendukoak,[37] eta Négritude korronte literario eta politikoaren sortzaileak: Aimé Césaire eta Léopold Sédar Sénghor.[38] Horiez gain, beste batzuk ere aipa daitezke, hala nola, Jean Price Mars, Parisen denbora tarte labur batez egon zena; Léon-Gontran Damas; René Maran, bere Batouala liburuarekin izan zituen zailtasunen berri eman zuena; eta Afrika, Haiti eta New Yorketik etorritako beste batzuk, bereziki Harlemgo Berpizkundekoak, Claude McKay,[6] adibidez.

Négritude-ari egindako ekarpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inork gutxik hartu izan du aintzat Paulette Nardalek Négritude mugimenduari eginiko ekarpenen balioa, baina mugimendua sortu zuten gizonengan izan zuen eragina funtsezkoa izan zen.[38] Nahiz eta 'belztasun' hitza ez zen 1935 baino lehen erabiltzen,[37] Nardalek lehenako egindako lanak islatu eta bultzatu egiten zituen geroago Négritudek bultzatuko zituen nazioarteko beltzen elkartasuna eta harrotasuna. La Dépêche Africaine-n eta La Revue du Monde Noir-en egindako lanak eta Le Salon Clamart aretoan izandako eztabaidek eragina izan zuten Négrituderen hiru sortzaileengan eta l'Étudiant Noir sortzera bultzatu zituzten, Négritude hitza lehen aldiz erabili zen hilabetekaria.[5][26]

Nardalek La Revue du Monde Noir-en azken zenbakian idatzitako artikuluan ("Eveil de la conscience de race". Arraza-kontzientziaren esnatzea) Karibeko intelektualen arraza-kontzientziaren aurrerabidea ebaluatu zuen.[39] Artikulu horretan, Nardalek afrikar harrotasuna eta esklabutzaren historia partekatuaren aitorpena goretsi zituen, eta eragin handia izan zuen Négritude mugimenduaren ondorengo liderren eta erradikal afrokaribetar surrealistek eta komunistek osatutako Légitime Défense taldearen ideietan.[40] Nardalek harrotasunari buruz zuen ikuspegia ez zen nortasun frantsesari uko egitearen aldekoa, ezta kolonietako frantziar nagusitasunari amaiera ematearen aldekoa ere; aitzitik, erdibide bat bultzatu zuen, kultura afrokaribetarra eta frantsesa barne hartzen zituena.[41] Mamadou Badianek eta Shireen K. Lewisek beren lanetan azaldu dute Nardalek arrazari buruz egindako gogoetak Césaire eta Senghor Négritudeko filosofiaren sortzaileenak baino hamar urte lehenago hasi zirela, eta ondorioztatu dute mugimenduaren inspirazioa eta benetako sortzaileak emakumeak izan zirela.[42][43] Senghor-ek, 1966an Howard Unibertsitatean emandako hitzaldi batean, onartu zuen Nardalek "New Negro Movement" sorreran parte hartu zuela.[44]

Le Salon de Clamart aretoak eta La Revue du Monde Noir aldizkariak, Paulette Nardalek itzulitako Harlem Renaissance mugimenduko idazleen lanekin batera,[45] Négritude-aren sortzaileei Harlem Renaissance-ko idazleak ezagutzeko aukera eman zieten, eta haien eraginak inspiratu egin zuen Négritude-ren sorrera.[38]

Ekarpen feministak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erakunde feministak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martinikara itzuli ondoren, Nardal hezkuntza proiektuak garatzen hasi zen. Haien helburua zen emakumeei etxeko ekonomiaz prestakuntza ematea, pobreziatik ateratzeko. [46] Haurtzaindegiak sortzeko proiektuetan ere aritu zen, ama langileen seme-alaben heziketa bermatzeko.[23] Sufragioaren alde lan egin zuen, eta, emakumeek 1944an boto-eskubidea irabazi zutenean, Nardalek eskatu zien politikaz arduratzeko eta gizarte-arazoak konpontzeko lan egiteko. [47]

Le Rassemblement féminin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1944an Nardalek Le Rassemblement féminin sortu zuen, une hartan Martinikan zeuden bi erakunde feministetako bat. Haren helburua 1945eko hauteskundeetan bozkatuko zuten emakumeen kopurua handitzea zen.[21] Le Rassemblement féminin ez zen ezein alderdi politikoren aldekoa. La Femme dans la Cité aldizkarian idatziriko lehen artikuluan, Nardalek azpimarratu zuen erakundearen helburuak edozein alderdi politikotan aplika zitezkeela, Le Rassemblement féminin-ek emakumeak sozialki eta politikoki parte hartzera bultzatzea baitzuen helburu bakarra.[48]

Martinikako beste erakunde feminista l'Union des femmes de la Martinique izan zen. Talde horretako kideak langile-klasekoak ziren, haietako asko ideologia komunistakoak, eta Nardalek baino ikuspegi feminista erradikalagoa zuten. Nardalek uste zuen l'Union des femmes-ek zuen goi-mailako emakume zurien kontrako jarrera arraza-gorrotoa sustatzen zuela. Le Rassemblement féminin-ek, berriz, jatorri guztietako emakumeak bultzatzen zituen elkarri adore ematera elkartasunaz baliatuta.[21]

Feminismo transnazionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisen bizi zenean, Nardalen pentsamoldeak, batez ere, nazioarteko elkartasun beltza eta arraza izan zituen ardatz. Martinikara itzuli ondoren, ordea, bere ikuspegia emakumeen arazoei zuzendu zitzaien.[49] Oinarrizko interesa arrazatik generora aldatu arren, Nardalek gai politiko eta sozialei buruzko nazioarteko ikuspegia bultzatzen jarraitu zuen. Ikuspegi feminista transnazionaletik, hainbat herrialdetako emakume-elkarterekin harremanetan hasi zen, eta mundu osoko emakumeen eskubideei buruzko eztabaidetan parte hartu zuen.[50] Nardalek uste zuen nahitaezkoa zela emakumeek tokiko politikan, nazioartean eta gizarte-lanean parte hartzea, eta Frantziako ikasketa-planean ikasleei munduko gaiei buruzko informaziorik ez ematea funtsezko akatsa zela. Bere ustez, Nazio Batuak erakunde garrantzitsua da eskoletan nazioarteko gaiak irakasteko.[51]

Nazio Batuetan eginiko lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1946tik 1948ra Paulette Nardal Nazio Batuen ordezkari izan zen. Bi arlotan lan egin zuen: Nazio Batuetako Lurralde Ez Autonomoen Sailean eta Nazio Batuen Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordean.[52] Nazio Batuetako Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordearen lan ildoak bat zetozen Nardalen ideiekin, haren helburua emakumeen eskubideen errespetua mundu osoan bermatzea baitzen. NBEn egindako lanari esker, hainbat herrialdetako ordezkariekin lan egin ahal izan zuen, eta haiengandik ikasi, eta, horrela, bere helburuak nazioarteko lan sozialera eta feminismora bideratu ahal izan zituen.[52]

Feminismoa eta erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paulette Nardal katolikoa zen, horregatik, askotan bere balio kristauak bere ideia feministetan islatzen ziren. Berak uste zuen Jainkoak emakumeari emaniko esentziak ekarri zuela emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna. Bere ustez, emakumeek gizarte eta politika arloetan zuzendaritza-ardura gero eta garrantzitsuagoak hartuko dituzte haien izaera natural baketsu eta lasaiari esker.[53] Nardalen katolizismoa La Femme dans la Cité aldizkarian idatzi zituen saiakeretan ere ageri zen. "Les femmes martiniquaises et l'action sociale" saiakeran, Martinikako emakumeei eskatzen zien gizarte-arazoekin konprometitzeko. Martinikako emakume asko katolikoak zirenez, Nardalek azaldu zuen kristau-humanismoa Martinikaren kulturaren zati garrantzitsu bat zela, eta, beraz, bertako emakumeen betebeharra zela gizarte-neurriak hartzea.[54] 'Nations Unies' artikuluan, Nardalek Nazio Batuei buruz hitz egiteko ere bere erlijio sinesmenez baliatu zen. Saiakera labur horretan, Nazio Batuen gutunean "Kristoren Gorputz mistikoa eguneratuta" dagoela aldarrikatu zuen eta NBEren lanak Jainkoaren borondatea islatzen zuela esan zuen.[55]

Paulette Nardalen uste katolikoak gorabehera, ez Le Rassemblement féminin-ek ez La Femme dans la Cité-k islatzen zuten erlijioaren eraginik. Nardalek ez-konfesional gisa aurkezten zen, eta esaten zuen erakunde horiek beste erlijioetako sinestunak eta sinesgabeak onartzen zituztela.[54]

Esker onak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Officier des Palmes académiques eta Chevalier de la Légion d’honneur ohorezko tituluak jaso zituen.[5]
  • Léopold Sédar Senghorrek Senegalgo Errepublikako Ordena Nazionaleko Komandante titulua eman zion.[5]
  • 1980ko hamarkadan, Aimé Césaire-k, bertako alkatea zenean, 'Paulette Nardal' izena jarri zion Fort-de-France hiriko plaza bati.[5]
  • Jil Servant zine zuzendariak Paulette Nardal, la fierté d'être négresse (Paulette Nardal, emakume beltza izateaz harro) filma egin zuen, 2004an, France-Antilles T.V-rekin batera, Nardalen bizitzari buruz. [56]
  • 2009an, T. Denean Sharpley-Whiting idazleak itzuli eta argitaratu zuen Nardalek La Femme dans la Cité aldizkarian idatzitako artikuluen bilduma.[25]
  • 2018an, Parisko Udalak Jane-et-Paulette-Nardal pasealekua sortzea erabaki zuen, XIV. barrutian.[57] Anne Hidalgo alkateak 2019ko abuztuaren 31n inauguratu zuen, Paulette eta Janeren iloba Christiane Eda-Pierre bertan zela.[58][59] Parisko alkateak, ekitaldian, Paulette Nardal Panteoian hilobiratzearen alde zegoela adierazi zuen.[58]
  • 2019an, Clamart hiriak egin behar zuten errepide bati bere izena emateko botoa eman zuen, eta Malakoff-eko udalak bere izenaz berrizendatu zuen Paul-Bert eskola.[5][60]
  • Fort-de-Francen, Fenelon plaza zaharrak bere izena du gaur egun.[5]
  • 2021eko urriaren 12an Googlek bere jaiotzaren 125. urteurrenean omenezko doodle-a eskaini zion.[61]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Lock, Etienne. (2018-12-25). Paulette Nardal (1896-1985) •. (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  2. a b Edwards, 2009, or. 152
  3. a b c d Sharpley-Whiting, 2015, or. 149
  4. a b c d Histoire France, 2009
  5. a b c d e f g h i j k l m n o p q r (Frantsesez) Marceline, Catherine. (2015eko abenduaren 3a). «Les ACHILLE et les NARDAL, deux familles martiniquaises d’exception» touscreoles.fr (Noiz kontsultatua: 2023-12-01).
  6. a b c d e (Frantsesez) Mormin-Chauvac, Léa. «Paulette Nardal, théoricienne oubliée de la négritude» Libération (Noiz kontsultatua: 2023-12-01).
  7. (Frantsesez) Chanda, Tirthankar; Urban, Marion. (2010-02-25). «Les revues culturelles et la promotion de "l'Homme noir"» RFI (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  8. (Frantsesez) Ohana, Danielle; Lucas, Nicole. (2023-04-24). Femmes à l’épreuve de la colonisation et des indépendances: Abécédaire raisonné. Iggybook ISBN 978-2-304-05434-7. (Noiz kontsultatua: 2023-12-03).
  9. (Ingelesez) Lock, Etienne. (2018-12-25). Paulette Nardal (1896-1985) •. (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  10. (Gaztelaniaz) Paulette Nardal, la olvidada precursora de la conciencia negra. Aroféminas 2023-10-10 (Noiz kontsultatua: 2023-12-03).
  11. a b (Frantsesez) Boscher, Marie. (2019-08-31). «Paulette Nardal, l'architecte oubliée de la négritude» Outre-mer la 1ère (Noiz kontsultatua: 2023-12-04).
  12. (Frantsesez) Boni, Tanella. (2014). «Femmes en Négritude : Paulette Nardal et Suzanne Césaire» Rue Descartes 2014/4 (n° 83): 62-76. (Noiz kontsultatua: 2023-12-04).
  13. Sharpley-Whiting, 2000, or. 9–10
  14. a b c d e Edwards, 2009, or. 154
  15. a b c d e (Frantsesez)(Ingelesez) «La Revue du monde noir (The Review of the Black World)» Gallica (1931-1932 Collection complête. Nº 1 à 6) (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  16. a b (Frantsesez) Ce que nous voulons faire. La Revue du monde noir 1931-11-01, 3 or. (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  17. Badiane, 2010, or. 47
  18. Tesseron, 2006
  19. Koda, 2013
  20. a b Association de Recherche, 2007
  21. a b c (Frantsesez) Palmiste, Clara. (2014-06-05). «Le vote féminin et la transformation des colonies françaises d'Amérique en départements en 1946» Nuevo Mundo Mundos Nuevos  doi:10.4000/nuevomundo.66842. ISSN 1626-0252..
  22. a b Lewis, 2006, or. 68
  23. a b c The New York Age, 1947
  24. State University of New York Press 2009.
  25. a b Edwards, 2009, or. 121
  26. a b c Boittin, Jennifer Anne. (2005). «In Black and White: Gender, Race Relations, and the Nardal Sisters in Interwar Paris» French Colonial History 6 (1): 120–135. ISSN 1543-7787. (Noiz kontsultatua: 2023-12-04).
  27. a b c d (Ingelesez) Umoren, Imaobong Denis. (2018). Race women internationalists: activist-intellectuals and global freedom struggles. Oakland, California: University of California Press ISBN 978-0-520-29581-0. (Noiz kontsultatua: 2023-12-04).
  28. Lewis, 2006, or. 58
  29. Lewis, 2006, or. 60
  30. a b Lewis, 1999
  31. (Frantsesez) Tesseron, Philippe. (2006-07-12). «Qui est Paulette Nardal ?» Témoignages.RE - https://www.temoignages.re (Noiz kontsultatua: 2023-12-09).
  32. a b c d e (Gaztelaniaz) Yaksic, María José. (2022). «En el corazón de la negritud: el rol de Paulette Nardal en las revistas antillanas (1931-1951)» Revista de Humanidades (45): 61–94. (Noiz kontsultatua: 2023-12-08).
  33. Sharpley-Whiting, 2015, or. 151
  34. Lewis, 2006, or. 65
  35. Lewis, 2006, or. 66–67
  36. (Ingelesez) Nardal, Paulette. (2014-02-07). Beyond Negritude: Essays from Woman in the City. State University of New York Press ISBN 978-1-4384-2948-9. (Noiz kontsultatua: 2023-12-06).
  37. a b c Umoren, 2018, or. 17
  38. a b c (Ingelesez) Smith, Robert P.. (2001). «Black Like That: Paulette Nardal and the Negritude Salon» CLA Journal 45 (1): 53–68. ISSN 0007-8549..
  39. (Ingelesez) Ropartz, Elisabeth. (2018-12-31). «Women History Forgot: Paulette Nardal» Harness Magazine (Noiz kontsultatua: 2023-12-06).
  40. Lewis, 2006, or. 61
  41. Lewis, 2006, or. 62
  42. Badiane, 2010, or. 81
  43. Lewis, 2006, or. 55
  44. The Pittsburgh Courier, 1966
  45. (Ingelesez) Lewis, Shireen. (1999-01-01). Gendering Négritude: Paulette Nardal's Contribution to the Birth of Modern Francophone Literature. SisterMentors (Noiz kontsultatua: 2023-12-06).
  46. Sharpley-Whiting 2015, 151 orr. .
  47. Lewis 2006, 65 orr. .
  48. Nardal, 2009, or. 27
  49. Nardal, 2009, or. 8
  50. Nardal, 2009, or. 7
  51. Umoren, 2018, or. 81
  52. a b Umoren, 2018, or. 83
  53. Nardal, 2009, or. 18
  54. a b Nardal, 2009, or. 43
  55. Nardal, 2009, or. 81
  56. Netlex News 2009.
  57. (Frantsesez) ««Extrait du registre des délibérations : Séance des 14, 15, 16 et 19 novembre 2018»» web.archive.org (Conseil de Paris) 2018-11-20 (Noiz kontsultatua: 2023-12-01).
  58. a b ISBN 978-0-520-96843-1. OCLC .1019845367.
  59. (Frantsesez) «Promenade Jane-et-Paulette-Nardal» www.paris.fr (Noiz kontsultatua: 2023-12-01).
  60. (Frantsesez) Grauman, Tessa; Etienne, Guy. (2019-10-20). «Une école de Malakoff porte désormais le nom de la militante de Martinique Paulette Nardal» Martinique la 1ère (Noiz kontsultatua: 2023-12-01).
  61. (Ingelesez) «Paulette Nardal's 125th Birthday Doodle - Google Doodles» doodles.google (Noiz kontsultatua: 2023-12-01).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]