Sai arre

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Wikipedia:Taxotaula bat irakurtzeko eraTaxotaula bat irakurtzeko era
Sai arrea
Status iucn3.1 LC eu.svg

Iraute egoera: Arrisku Txikia
Gyps fulvus
Gyps fulvus


Sailkapen zientifikoa
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Aves
Ordena: Falconiformes edo Accipitriformes
Familia: Accipitridae
Generoa: Gyps
Espeziea: G. fulvus
Izen binomiala
Gyps fulvus
Hablizl, 1783
Gyps fulvus dis.PNG

Sai arrea (Gyps fulvus) accipitridae familiako hegazti harraparia da[1], iparraldeko Afrikan, hegoaldeko Europan eta Asiako mendietan bizi dena.

Beste putreak bezala sarraskijalea da. 93–110 zentimetroko luzera, 230–269 zentimetroko hego-luzera eta 6-13 kiloko pisua ditu.

Euskal Herrian bizi den hegazti handi bezain ikusgarria. Handia izanagatik ere dotorezia handiz egiten du hegan, hegakadarik ia egin gabe, eta luzaroan egon daiteke bazka bila. Sarraskijale izaerak ordea etsai asko ere sortu dizkio.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Identifikatzeko erraza da sai arrea: hegazti harrapari handienetarikoa da (95-105 cm luzera, 240-280 cm hego zabalera eta 6-9 kg arteko pisua) eta hegan hegoak ia mugitu gabe egiten du; urrun egonda ere, buru eta buztan laburrak dituela igarri daiteke, eta gerturatzean arraun-luma beltzak eta estal luma arren arteko kontrastea nabaria da. Burua argia da eta lepoaren inguruan lumaz osatutako tapauka bat dauka (gazteen tapauka hori marroia da, eta helduena argia).

Sarraskijalea denez buruko eta lepoko lumak oso txikiak dira (burua gorpuetan sartzean infekzioak ekiditeko) eta oso moko gogorra du haragia erraz urratzeko. Bada, ale gazteenetan mokoa helduena baino ilunagoa da. Gainera, alde dortsaleko estal-lumen puntak nabariki apalak dira helduetan.

Azpiespezie[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sai arrek bi azpiespezie ditu:[1]

Kantua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gainontzeko saiak bezala, sai arrea ere nahiko isila da. Halere, janariengatik edo lo-lekuengatik lehiatzen direnean ufadak eta eztarri-soinuak egiten dituzte.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sai arrea batez ere Mediterraneo itsasoaren inguruan bizi da: hegoaldeko Europan eta iparraldeko Afrikan. Halaber, hegoaldeko Afrikan eta Ekialde Hurbilean ere bizi da. Ordea, Iberiar penintsulan eta Grezian da ohikoen. Lekuotan mendialdeak hobesten ditu, kareharriak dauden mendiak batez ere. Euskal Herrian, Nafarroan ikus daiteke batik bat, bertan populazio handi eta egonkorrak baitaude.

Ez da espezie migratzailea, baina gazteek dispertsio bidaia luzeak egiten dituztela ikusi da.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sai arreak habia 0-3500 m inguruan dauden harkaitzetako erlaitz eta zuloetan egiten du (tarteka zuhaitzetan ere) betiere gertu abereak larratzen diren zuhaitz gutxiko eremuak daudela. 10000 metrotara hegan ikusi izan dira.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, sai arrea espezie sarraskijalea da. Batez ere ungulatuak jaten ditu eta, hori dela eta, Euskal Herrian behintzat abeltzaintza jarduerari lotuta egoten da espezie hau. Gainera zabortegietara ere gerturatzen da bazka bila.

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neguan gorteiu-hegaldiei ekiten diete, bikotearen lotura sendotzeko, eta urtarrila eta otsaila artean arrautza bakarra erruten dute. Arrautza hori 48-54 egunez inkubatzen dute (arrak zein emeak), eta txita jaio eta gero 110-115 egunez jaten eman behar zaio. 80-90 egun dauzkanean txita erlaitzean zehar mugitzen hasten da, baina uda bukaera arte ez da bere kabuz hegan hasteko gai izaten.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bikoteak bizi osoan irauten du. Bestalde, harkaitzetako erlaitzetan koloniak osatzen dituzte. Hainbat ornitologoren esanetan jokabide hau ezinbestekoa zaio gorpuak urratzeko, ale askoren indarra behar omen baita.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarraskia jateko prozesuaren partaideetako bat besterik ez da sai arrea: sai zuriak txoko txikienetatik ere buru sartzen du eta ugatzak hezurrak jaten ditu. Gainontzekoa da sai arreak jaten duena. Bestalde, erlaitzetan lehia izugarria egoten da beste sai arreekiko bai eta ugatz eta sai zuriekiko ere.

Antzeko espezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Sai motza (Aegypius monachus): Espezie hau ez da ohikoa Euskal Herrian, baina Nafarroa hegoaldean tarteka ikusi ahal izan da. Edonola, sai beltza hegan dagoenean burua luzeagoa eta hegalak zabalagoak dauzkalako identifika daiteke. Gainera, lumadia guztiz beltza dauka.
  • Arrano beltza (Aquila chrysaetos): Gertutik oso erraz bereizi daitezke, baina baliteke urrunean nahastea. Arrano beltzak burua eta lepoa luze eta sendoak ditu, eta buztana ere luzeagoa da. Gainera, arrano beltzak hegaldi azkarragoak egiten ditu, hegakada gehiagorekin.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako populazioa izugarri handitu da 1990. urtea arte eta egun oso egonkor mantentzen da. Hori dela eta ez da mehatxupean kontsideratzen[2]. Hala ere, behi eroen gaitzak bazkalekuen itxiera eragin zuenetik badirudi populazioa zertxobait murriztu dela. Egoera horretan, eta bizi nahiak bultzatuta, sai arreak horren ohikoak ez zituen bazka iturrietara jo eta animalia gaixoak eta ahulak ere jaten hasi zen. Horrek haserreak eragin ditu abeltzainen artean eta desadostasunak egon dira eraso horien izaeraren inguruan. Edonola, egun bazkalekuak ireki dituzte berriro ere.

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Clements, J.F.; T.S. Schulenberg, M.J. Iliff, B.L. Sullivan, & C.L. Wood (2010) (xls), The Clements Checklist of Birds of the World (6.5. argitaraldia), Cornell University Press, http://www.birds.cornell.edu/clementschecklist/Clements%206.5.xls/view .
  2. BirdLife International 2008. Gyps fulvus. IUCN Red List of Threatened Species. Version 2009.1

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sai arre Aldatu lotura Wikidatan
Wikispezieetan informazioa gehiago aurki dezakezu: Gyps_fulvus