Stanley Kubrick

Wikipedia, Entziklopedia askea
An13saBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 13:47, 23 urtarrila 2016
Stanley Kubrick
Stanley Kubrick
Stanley Kubrickek Leica III argazki makina batekin bere buruari ateratako argazkia. 1940eko hamarkadan zehar Look aldizkariarentzat lanean aritu zen denboraldian.
Datu pertsonalak
Izen osoa Stanley Kubrick
Jaio 1928ko uztailaren 26a
Ameriketako Estatu Batuak Manhattan, New York (Estatu Batuak)
Hil 1999ko martxoaren 7a
Ingalaterra Harpenden, Hertfordshire (Ingalaterra)
Bikotekidea(k) Toba Metz (1948–1951)
(dibortziatua)
Ruth Sobotka (1954–1957)
(dibortziatua)
Christiane Harlan (1958–1999)
(bere heriotza)

Stanley Kubrick (1928ko uztailaren 26a - 1999ko martxoaren 7a) Bronxeko familia judu batean jaiotakoAmeriketako Estatu Batuetako zinema zuzendari, argazkigile, gidoilari eta ekoizlea zen.

XX. mendeko zuzendari eraginkorrenetakoa da, bere zinema erabat berritzailea baita. Haren film gehienak literaturako lanetan oinarriturik daude, eta istorio laburra badute ere, oso argiak eta zorrotzak dira. Teknikoki biziki landuak, pop zein musika klasikoa nahasten dira.

Zinema eta argazkilaritzatik aparte, xakea, musika, jazza batez ere (Taft Swing Band izeneko taldean bateria jo zuen) gustuko zituen. Gustu hauek guztiak bere bizitzan eragin nabaria izan zuten, eta baita bere lanetan ere.

Stanley Kubrick zuzendari, gidoilari eta produktore estatubatuarraren zinemaren ezaugarririk nagusienak perfekzio teknikoa eta sinbolismo intelektual sakona dira. Oso zehatza izan zen bere pelikuletan, detailerik txikiena era kontrolatzen zuen eta mugaraino eraman zituen bere eskura zituen baliabide zinematografikoak. Bere lan nagusien artean Malgukidun Laranja aurki dezakegu.

Bizitza

Stanley Kubrick 1928ko uztailaren 26an jaio zen Bronxen (New York, AEB), maila altuko familia batean. Gazte-gaztetik erakutsi zuen musika, batez ere jazza, xake eta argazkigintzarako zaletasuna. Zaletasun horiek eragina izango zuten gero izango zuen zuzendari lanean. Ikaslea zela argazki batzuk saldu zizkion Look aldizkariari eta 17 urterekin lana lortu zuen bertan.

1951an, lehen filma egiteko erabili zuen aurreratuta zeukan dirua, Walter Cartier boxeolariari buruzko dokumentala izan zen: Day Of The Fight. Flying Padre (1951) eta The Seafarers (1953) film laburrak egin zituen ondoren.

1953an lehen film luzea egin zuen Fear and Desire, jaberik gabeko lurren alde borroka egiten duen gudari talde bati buruzko pelikula. 10 langile baino gutxiagorekin egin zuen eta bera arduratu zen ia lan gehienetaz; bi lagunek eta lehen emazteak (Toba Metz, 18 urterekin ezkondu zen berarekin) lagundu zioten. Pelikula honen kopia askorik ez dago, Kubrickek berak eskatu zuen deuseztatzeko, bere esanetan, pelikula "gaztaroko akatsa" zen.

Pelikulak ez zuen arrakasta handirik izan, baina hurrengo lana finantzatzen lagundu zion: Killer's Kiss (1955), gangster baten alaba ezagutu eta berarekin maitemintzen den boxeolari baten istorioa kontatzen du intrigazko pelikula honek. Film honetan bere bigarren emaztea izango zenak egiten du lan, Ruth Sobotka. Baliabide gutxirekin egin zuen film hau, baina Kubrickek zuri-beltzezko argazkiekin zuen maisutasunak James B. Harrisen, NBCko produktore baten, arreta piztu zuen.

1956an, Kubrick eta Harrisek ekoiztetxe bat sortu zuten eta bien artean The Killing pelikula egin zuten, Lionel Whiten nobela batean oinarrituta dago eta Sterling Hayden da protagonista. Hipodromo batean egindako lapurreta kontatzen du filmak. Garai hartan berrikuntza handia izan zen Kubrickek film honetan nola erabili zuen denbora zinematografikoa.

Hollywoodeko pertsonaia batzuen arreta piztu zuen lan horrek, horien artean, Kirk Douglasena. Bost pelikula egiteko kontratua sinatu zuten aktorearekin. Taldearen lehen pelikula Paths of Glory (1957) izan zen. Douglas bera zen protagonista, Dax koronelaren papera egin zuen, Lehen Mundu Gerran, etsaiaren aurrean koldarki jokatzeaz salatu zituzten soldaduak defendatu beharko ditu koronelak. Kubricken lehen film polemikoa izango zen. Paths of Glory pelikulan bere alderik gizatiarrena eta sentikorrena erakusten du Kubrickek, inoiz egin den amaierarik hunkigarriena dauka. Filma egiten ari zela, hirugarren eta azken emaztea ezagutu zuen, Suzanne Christianne.

1960an Douglasekin egingo zuen berriz topo Kubrickek. Aktorea, Spartacus egiteko zuzendari bila zebilen, Anthony Mannen ordez. Kubrickek proposamena onartu zuen, hain aurrekontu handia zuen pelikulak bere ibilbideari bultzada handia emango ziolako. Pelikulak hiru Oscar sari irabazi zituen eta zinema-aretoetan lortu zuen lehen arrakasta izan zen. Kubriken lanak bultzada handia izan zuen.

Douglasekin beste hiru pelikula egiteko zuten kontratua bertan behera uztea lortu zuten Kubrick eta Harrisek. Bien artean egindako hurrengo lana Lolita (1962) pelikula izan zen, Vladimir Nabokoven nobela batean oinarritutakoa. Zalaparta handia sortu zuen filmak. Humbert Humberten (James Masonek antzeztua) istorioa kontatzen du, adin ertaineko gizon hau 14 urteko neska batekin maiteminduko da eta, bera lortzeko, neskatilaren amarekin ezkonduko da. Beste maisulan bat da pelikula, Kubrickek istorioak kontatzeko zuen gaitasun bikaina erakusten du. Filma, hainbat arrazoiengatik, Ingalaterran egin zuen.

Lolita egin ostean, Harris eta Kubrickek elkartea desegin zuten eta zuzendariak bakarka ekoiztu zituen hurrengo pelikulak. Bere filmeetan entzute handiko idazleen lanak egokitzen jarraitu zuen: Dr. Strangelove or: How I Learned To Stop Worrying And Love The Bomb, A Clockwork Orange , Barry Lyndon eta Eyes wide shut filmetan adibidez.

Gerra hotza eta Kubako misilen krisiaren garaian, 1964an, Dr. Strangelove filma egin zuen. Hasieran gai hori seriotasunez lantzeko asmoa zuen arren, azkenean umore beltzeko komedia bat egin zuen. Peter Sellers aktoreak hiru pertsonaiaren papera egin zuen pelikula horretan. Arrakasta handia izan zuen, baina baita kritikak ere, AEBetako defentsa sistemari buruz ematen zuen irudi txarragatik.

60ko hamarkadaren amaieran Britainia Handira joan zen bizitzera eta han egingo zituen hurrengo pelikulak.

1968an, zinemaren historiako film moderno eta arriskutsuenaz etorri zitzaion bere ibilbidearen une gorena: 2001: A Space Odyssey. Zientzia-fikzio film honetan gizakiaren etorkizuneko eboluzioa kontatzen du. Kubricken lan hau zinemaren historiako pelikularik onenen artean kokatu ohi da, Kubrickek beragatik jaso zuen Oskar saria.

1971an Anthony Burgessen eleberri bat egokitu zuen Kubrickek The Clockwork Orange filmean. Alexen istorioa kontatzen du. Gazte oso oldarkorra da eta bere denbora-pasa gogokoenak bortxaketa, muturreko bortzikeria eta Beethoven dira. Pelikulan erakusten ziren irudi gogorrak eta kalean hainbat eszena imitatu zituztelako, zinema-aretoetatik kentzeko eskatu zuen Kubricek. Oscar sarietarako hiru izendapen jaso zituen: moldatutako gidoi onenarena, zuzendari onenarena eta ekoizle onenarena.

Pelikula futurista biren ostean, gaia aldatu eta Barry Lyndon lana egin zuen. XVIII. mendean kokatutako istorioa da eta William Makepeace Thackerayk XIX.ean idatzi zuen. Kritikak aspergarri eta klasikoegia zela esan zuen. Hala ere, Oscar sarietarako zazpi izendapen jaso zituen, zuzendariaren aurreko edozein filmek baino gehiago eta azkenean 4 jaso zituen.

1980an Stephen Kingen eleberri batean oinarritutako beldurrezko film bat estreinatu zuen, The Shining. Filmak arrakasta ekonomiko handia izan zuen; kritikak ordea, ez zion harrera ona egin. Gaur egun, genero honetako film onenen artean dago.

Hurrengo filma egin zuenerako zazpi urte pasa ziren. 1987an Full Metal Jacket estreinatu zuen. Berriz gerraren gaia jorratu zuen, baina oraingoan Vietnamgoa. Full Metal Jacket filmarekin ospea berreskuratu zuen eta kultuzko zuzendari bihurtu zuen.

1990eko maiatzean, Martin Scorsese, Woody Allen, Francis Coppola, Steven Spielberg, Robert Redford, Sydney Pollack eta George Lucas zinemagileekin batera, Film fundazioa sortu zuen, filmen zaharberritzea eta zaintza bultzatzen dituen erakundea.

Kubricken azken lana Eyes Wide Shut (1999) izan zen, Arthur Schnitzlerren nobela batean oinarritutako drama psikologikoa da. Tom Cruise eta Nicole Kidmanek New Yorkeko bikote baten papera egiten dute bertan, itxuraz pozik bizi dira euren etxean, baina ametsetan eta fantasietan benetan nolakoak diren agertuko da. Pelikula hau zuzendaria hil ostean estreinatu zen, izan ere, muntaia amaitu gabe zendu zen, lo zegoela bihotzekoak emanda, 1999ko martxoaren 7an.

Kubriken lana hainbat alditan saritu dute. Oscar sarietarako 13 izendapen jaso zituen, baina bakarra irabazi zuen bere izenean, efektu bereziena 2001: A Space Odyssey pelikulagatik. 1997ko martxoan Director Guild of Americak ematen duen saririk handiena jaso zuen, David Wark Griffith izenekoa; eta irailean berriz, bere ibilbide guztiari eskainitako Urrezko Lehoia eman zioten Veneziako Mostran.

Filmografia

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Stanley Kubrick Aldatu lotura Wikidatan