UGT

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Unión General de Trabajadores (España) (logo).png

Langileen Batasun Orokorra edo UGT (jatorrizko izena, gaztelaniaz: Unión General de Trabajadores) Espainiako sindikatua da, kide eta boto sindikalen kopuruetan Espainiako bigarrena (CCOO da lehena).

Madrilen du egoitza nagusia, eta 2005ean ia 900.000 kide zituen. Hego Euskal Herrian bi lurrald-konfederaziotan banatuta dihardu: Nafarroakoa eta Euskal Autonomia Erkidegokoa.

PSOEren jatorri bera du, eta alderdi politiko horrekin lotura handia du.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1888an sortu zuten Bartzelonan, Madrilgo talde sozialistak eta Kataluniako zenbait langile-elkartek egindako batzarrean. Parte-hartzaileek, PSOE alderdiari zuzenean loturik gehienak, marxismoaren eragin ideologikoa onartzeaz batera, langileen alderdia eta mugimendu sindikala bereizteko premia nabarmendu zuten. 1888 urtearen amaieran, 27 elkarte eta 3.355 bazkide biltzen zituen.

1899an, Bartzelonako langile gehienak anarkistak izanik, sindikatuaren batzorde nazionala Madrila aldatu zuten, Pablo Iglesias lehendakari eta García Quejido idazkari zirela. Lehen garai haietan, batez ere Madrilen, Bizkaian, Asturiasen eta Andaluzian errotu zen UGT. XX. mendearen hasierako langile-erakunde handietan parte hartu zuen, anarkistekin eta CNT sindikatuarekin elkar aditurik gehienetan: 1909ko Bartzelonako Aste Tragikoa, 1910eko eta 1911ko greba orokorrak, 1916-1917ko greba orokor iraultzailea. Urte horietan hazkunde nabarmena izan zuen: 1922an, 208.000 bazkide zituen.

III. Internazionalaren sorreraren eta komunisten zatiketaren (1921) aurrean, Besteiro eta Saborit buruzagiek erreformismoaren bidetik eraman zuten sindikatua. Hala, aurreko urteetako CNTrekiko ekintza-batasuna hautsi zen; 1923ko estatu-kolpea ez zuen erabat gaitzetsi, PSOEk bezala, eta 1924an UGTko buruzagia zen Francisco Largo Caballero Estatuko Kontseiluko kide izan zen.

1931n, 300.000 bazkide zituela, monarkia eraisteko mugimenduan parte hartu zuen. Errepublika aldarrikaturik, ikusgarriro hazi zen 1932an milioi bat bazkide izateraino. 1933ko hauteskundeetan ezkerra galtzaile irtenik, UGTren jarrera erradikalizatuz joan zen. 1934an, Largo Caballero idazkari nagusi hautatu zuten, eta CEDAk (Confederación Española de Derechas Autónomas) zuzenduriko gobernuaren aurkako jarrera hartu zuen. UGTk 1934ko nekazarien greba eta Asturiasko mugimendu iraultzailea bultzatu zituen.

1936ko Espainiako hauteskundeetan UGT Herri Frontearen alde azaldu zen. 1936ko uztailaren 18an, UGTko eta CNTko miliziek aurre egin zieten matxinaturiko militarrei, eta haien ekintzak errepublikanoen garaipena ekarri zuen Espainiako hiri garrantzitsuenetan. Largo Caballero gobernuburu zela, UGTk miliziak gudarostean sartzea onartu zen; bestalde, produkzioaren kontrola sindikatuek beren gain hartzea aldarrikatzen zuten anarkisten aurrean, estatuaren kontrola defendatu zuen UGTk.

Gerra ondoren, legez kanpo ezarri zuten (1939-1977). Erbestean, Alianza Sindical osatu zuen CNTrekin eta ELArekin (1954-1963).

Franco hil ondoren, UGTk bere XXX. batzarra egin zuen (1976), eta bertan Nicolás Redondo bizkaitarra idazkari nagusi hautatu zuten. Denbora laburrean Espainiako bigarren erakunde sindikala bihurtu zen CCOOren ondoren, eta 1983ko hauteskunde sindikaletan lehen postua lortu zuen. PSOErekiko harremanak eta Europako sindikatuen laguntza zirela eta, lehentasun hori bermatu zen 1984-1986 aldian. 1986an ordezkari sindikalen % 40,2 lortu zuen.

1987az gero Espainiako gobernuaren (PSOE) eta sindikatuaren harremanek okerrera egin zuten, sindikatuak gobernuaren politika ekonomikoa kritikatzen baitzuen eta PSOEri botoa ez ematea eskatu zuen. 1988ko abenduaren 14an CCOOrekin batera greba orokorrera deitu zuen; geroztik, bi sindikatu nagusien arteko lankidetza areagotu zen estatuko politika ekonomiko liberalari eta langabezia gero eta handiagoari aurka egitearren. 1992ko maiatzaren 27an beste greba orokor batera deitu zuten. 1994an behin eta berriro idazkari hautatua izana zen N. Redondok kargua utzi zuen. Gaur egun, Cándido Méndez da idazkari nagusia.

UGT Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko lau sindikatu nagusietako bat zen UGT 1990ko urteetan, ELA, LAB eta CCOO sindikatuekin batera. Azken urteotan euskal mapa sindikalean nabarmena den etendura-giroan, CCOOrekin aritu da elkarlanean gehienbat, ELA eta LAB sindikatu abertzaleekin harreman handirik izan gabe. 1990tik 2000ra bitartean egin diren hauteskunde sindikaletan sindikatu ez abertzaleek oro har ordezkariak galdu badituzte ere, UGTk CCOOk baino gehiago igarri du beherakada, eta 1999an utzi zion lehen aldiz, LABen mesedetan, Euskal Autonomia Erkidegoko hirugarren sindikatu izateari, laugarren postura jaitsita. 2000. urtearen amaieran hauteskunde sindikalak egiteko eskubidea zuten enpresetako 17.500 delegatuetatik, 2.645 zituen UGTk, eta horrek ordezkaritzaren % 15,17 ematen zion, LABengandik oso hurbil. Aurreko urteetako ordezkaritza-mailarekin alderatuz gero, % 0,39 egin zuen behera UGTk.

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: UGT Aldatu lotura Wikidatan