Anarkismo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Anarkismoaren ikurra.

Anarkismoa agintea, hierarkia eta aginpidez diharduten erakundeak, estatua bereziki, ukatu eta anarkia, akrazia eta banakoaren erabateko askatasuna aldezten duen filosofia eta praktika politikoa da. Korronte zenbait daude anarkismoaren baitan, hala nola komunismo libertarioa, anarkosindikalismoa, sozialismo libertarioa, anarkokapitalismoa, kristau anarkismoa eta matxinada-anarkismoa.

Oinarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antiautoritarismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Antiautoritarismo

Gizabanakoen arteko mendekotasuna eta hierarkia ukatzen dute, berdintasunean oinarrituriko gizarte antolaketa sustatzeko. Askatasuna da balio gorenena. Horretarako, estatua, kapitalismoa eta erlijioa desagerrarazi nahi ditu anarkismoak. Joera batzuek (anarkokapitalismoak, kasu), ordea, merkatu askea eta jabego pribatua aldezten dute.

Anarkismo
Red flag waving.svg
Sozialismo motak

Humanismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anarkista batzuen ustez, gizakia berez askea da edo askatasuna bilatzen du. Haien iritziz, pertsonen arteko harremanetan autoritateak zapalketa eragiten du nahita nahi ez; eta ondorioz, ustelkeria zabaltzen da. Bestalde, erakunde autoritarioek lortutako boterea ustelkeriaren bitartez lortua dela diote; horregatik erakunde hauei uko egiten diete, giza harremanetan zapalketa erabiltzen dutelakoan. Hala, erakunde autoritariorik gabe eta giza harreman antiautoritarioen bitartez askatasuna lortzea errazten dela deritzote.

Autonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Autonomia
Sakontzeko, irakurri: Autogestioa

Anarkisten ustetan arazoak gainditzeko bidea ez da horien konponbidea beste inoren esku uztea. Haien iritziz norberak zuzenean arazoei aurre egitea da egokiena, inplikazio eta konpromiso zuzenaz, hala nola kooperatibismoaz eta gizarte ekonomia bultzatuz. Ildo horretatik, anarkismoa mugimendu eraikitzailea da.

Ekintza zuzena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Ekintza zuzen

Kontzeptu honen esanahia askotan manipulatzen da "ekintza zuzena" "ekintza bortitzekin" lotuz, nahiz eta ekintza zuzenak ez duen zertan nahitaez bortitza izan behar.

Elkar laguntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Talde anarkistek jarraitutako oinarrizko printzipioa da. Piotr Kropotkinek gizarteak printzipio honetan oinarrituta antolatu behar direla azaldu zuen bere lanetan, adibide ugari emanda (animalien jokaerak eta antzinateko kulturak aipatzen ditu, besteak beste). Kropotkinez gain, jende gehiagok defendatu izan du jarrera hau, nahiz eta haietako batzuk anarkistak ez izan.

Indarkeria eta indarkeria-eza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anarkisten arabera gobernua eta boterean dagoen beste edozein erakunde indarkeriazkoa da beraz. Agintean dagoen gutxiengoak agintea eta bere abantailak mantentzearren gizartearen gehiengoari kalte egiten dio. Estatuaren indarkeria horren aurka eman beharreko erantzunean oinarritzen dira historian zehar anarkismoaren korronte ezberdinen arteko eztabaidak, maiz anarkia ezartzeko indarkeria erabiltzea zilegi den.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mikhail Bakunin pentsalari anarkista.

Anarkismoaren barnean hainbat korronte bereizten ahal dira. Historian zehar esanguratsuena anarkosindikalismoa izan da, langile mugimenduan oinarritutako korronte anarkista. Horrela, anarkismoa hertsiki loturik egon da langileriarekin eta honen programa politikoarekin. Lehenengo Internazionalean komunistekin batera jardun ondoren, aurrerago banaketa gertatu zen tesi marxisten eta anarkisten artean, langile mugimenduaren barruan zatiketa sakona ekarriz. Anarkistek, hala ere, langile mugimenduan jardun zuten euren erakunde propioekin.

1970eko hamarkadatik aurrera, eta gizarte mugimendu berriak deitutakoen eragina dela eta, anarkismoak ekologismoaren, feminismoaren eta bakezaletasunaren eragin nabaria jaso zuen. Hori dela eta, korronte berezituak sortu ziren anarkismoaren izen zabalaren pean: anarkofeminismoa eta anarkoekologismoa, besteak beste.

Erakunde anarkistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antolaketaren arloan, mota guztietako anarkistak daude. Oro har, autoantolaketaren eta federazioaren aldeko jarrera du anarkismoak eta, hori dela eta, erakunde indartsu eta zurrunak baino, talde dinamiko eta aldakorrak hobetsi ohi dituzte.

Anarkista batzuek antolaketaren aurkako jarrera dute, norbanakoen elkarketa puntuala defendatuz. Batzuetan, mota horietako jarrerak defendatzen dituztenei insurrekzionalistak edo matxinada-anarkistak deitu izan zaie, Italiako Federazio Anarkikoari (FAI) bezala, adibidez. Alabaina, anarkismoaren korronte nagusiak federazioetan antolatzeko hautua egin izan du, Iberiar Federazio Anarkista (FAI) bezalako antolakundeak sortuz.

Erakunde anarkista esanguratsuenak lan munduan jardun izan duten sindikatuak izan dira, anarkosindikalismoaren korronteari jarraiki.

Pedagogia libertarioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

New Yorkeko (AEB) Modern School libertarioa.

Hezkuntza jarrera anarkistaren oinarri garrantzitsua da. Heziketa anarkista gizabanako kritikoa sortzen saiatzen da, jarrera konformista ez daukana eta etorkizuneko gizarte libertarioa sortu ahal izango duena.

Langileen artean analfabetismo handia zenean, kapitalismoaren hasieran batez ere, ateneo libertarioetan irakurketa ikastaroak oso arruntak ziren. Irakurtzen jakiteak ematen zuen kulturak, norberak bere kabuz, jarrera kritikoa mantentzen laguntzen zuelako. Gaur egun, aldiz, kultura zabaltzeko beste motatako erak arruntagoak dira, hala nola aldizkariak, fanzineak, musika eta literatura.

Beste alde batetik, anarkistek askotan defendatu dute ikasketa gizakien arteko harremanen berezko osagaia dela. Horrek hezitzaile eta hezituen rolak ezabarazten ditu, edonork beti daukalako zer edo zer ikasteko eta irakasteko. Horrela, pedagogo libertario askok ukatu dute eskola tradizionala, horrek bultzatzen dituen boterearen eta hierarkiaren baloreak direla eta. Historian zehar hainbat saiakera egon dira; esaterako, Francesc Ferrer i Guardiaren eskola modernoa deitutakoa.

Ivan Illich eta Everett Reimer ere pedagogo anarkista legez sailkatu izan dira. Lehenengoa, Illich, anarkista kristau legez.

Anarkismoaren sinbologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anarkismoak ikur ugari dauzka, bere barnean existitzen den korronte aniztasunaren erakusle.

Anarkista ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Anarkismoa
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: anarkismo .