Varsoviako ghettoko altxamendua

Koordenatuak: 52°14′46″N 20°59′45″E / 52.246111111111°N 20.995833333333°E / 52.246111111111; 20.995833333333
Wikipedia, Entziklopedia askea
Varsoviako ghettoko altxamendua
Bigarren Mundu Gerra eta Holokaustoa
Schutzstaffeleko (SS) unitateak emakume eta ume juduak bunker batetik aterarazten Majdanek edo Treblinkara eramateko; argazkian agertzen den umea Bigarren Mundu Gerrako irudi famatuenetako bat da.
Data1943ko apirilaren 19 - maiatzaren 16
LekuaVarsoviako ghettoa, Gobernu Orokorra (gaur egungo Polonia)
Koordenatuak52°14′46″N 20°59′45″E / 52.246111111111°N 20.995833333333°E / 52.246111111111; 20.995833333333
EmaitzaAltxamenduak porrot egin zuen. Judu gehienak Majdanek eta Treblinkara eraman zituzten.
Gudulariak

Babesleak:
Buruzagiak
Indarra
Egunero 2.090ko batezbestekoa, 821 Waffen-SS barne 600 ŻOB eta 400 ŻZW inguru, eta poloniar borrokalari kopuru ezezaguna
Galerak
Alemaniaren arabera
17 hildako eta 93 zauritu.
Juduen erresistentziaren arabera
300 hildako.[2]
56.065 hildako edo atxilotu, horietatik 36.000 sarraski-esparruetara eraman zituzten.

Varsoviako ghettoko altxamendua (yiddishez: אױפֿשטאַנד אין װאַרשעװער געטאָ; polonieraz: powstanie w getcie warszawskim; alemanez: Aufstand im Warschauer Ghetto) Varsoviako ghettoko juduek Alemania naziaren aurka egindako altxamendua izan zen, azken hori juduak Majdanek eta Treblinkako kontzentrazio esparruetara bidaltzen hasi zenean.

Borrokarako Erakunde Judu ezkertiarrak eta Juduen Batasun Militar eskuindarrak tropak osatu eta entrenatzea erabaki zuten. Matxinada 1943ko apirilaren 19tik maiatzaren 16ra bitartean egin zen, Hashomer Hatzair juduen mugimendu gazteko Mordechai Anielewicz eta Betar mugimenduko Pawel Frenkel buru zirela.[3] Urtarrilaren 18ko defentsak ez bezala –judu poloniarrek emaitza ona izan zuten–, Jürgen Stroop jeneralaren agindupeko SSek zapaldu zuten altxamendua.[4][5]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemaniak Polonia inbaditu zuenean, herrialde osoko populazio juduak egunero erasoak jasaten zituen. 1940an, Poloniako populazio judua, 3 milioi inguru, Poloniako hirietako ghetto izeneko sektore txikietan birkokatzen hasi zen. Varsoviako ghettoan, denetan handiena, 380.000 judu inguru bizi ziren, hau da, hiriko biztanleriaren % 30, bere azaleraren % 2,4 betetzen zuen lurralde batean.[3] Naziak milaka judu Treblinka kontzentrazio-esparrura eramaten hasi baino lehen ere, juduak masiboki hiltzen hasiak ziren, izurriteen eta gosearen ondorioz.

Deportazioa hasi zenean, juduen erresistentziako buruzagiek ez borrokatzeko agindu zuten, juduak lan-eremu batera bidaltzen zirela uste baitzuten, hilketa-eremu batera bidali beharrean. Urtearen amaieran, deportatuen berririk ez zegoenez eta alemaniar soldaduen artean zurrumurruak sortu zirenez, gainerako juduak errealitate gordinaz jabetu ziren, eta deportazio gehiago etorriko zirela entzun zutenean, borroka egitea erabaki zuten. Hala ere, ghettoan geratzen ziren ia 60.000 juduetatik milatik behera baino ez zuten borrokatzeko eskarmentua, eta biztanle gehienek ez zuten erresistentzia armatuan esku hartu.

1943ko urtarrilaren 9an, Heinrich Himmler SSetako buruak ghettoetan deportazioak berrabiarazteko agindu zuen: horren berri izan zutenean, juduak neurriak hartzen hasi ziren.

Garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altxamenduaren hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtarrilaren 18an, ghettoko alemaniar agintariak gainerako juduak deportatzen saiatu ziren, baina Żydowska Organizacja Bojowa (ŻOB) eta Żydowski Związek Wojskowy (ŻZW) erakunde judu klandestinoek naziak kanporatu eta ghettoaren kontrola hartu zuten. Izkina bakoitzean zaintza-postuak jarri zituzten eta alemaniarrekin lan egitea leporatu zieten judu guztiak exekutatu, ghettoko poliziak barne.[6] Ez zuten arma askorik: gehienek pistolak eta errebolberrak zituzten, dozena bat fusil zahar eta metrailadore bat zituzten. Artisau-lehergailu asko zituzten (horien artean, molotov koktelak), baita Poloniako Lurralde Armadak, Armia Krajowak, emandako granadak ere.

Borroka hasi eta lau egunera, alemaniarrak ghettotik joan ziren eta errefortzuak eskatu. Juduek ehunka bunker zulatu zituzten, aireko 618 babes antiaereo kamuflatu barne, eta estolderiaren bidez komunikatzen ziren; elektrizitatea eta ura zuten.

Alemaniarrek 2.054 soldadu eta 36 ofizial inguru bildu zituzten, Waffen-SS konpainietako 821 granadero barne. Polizia Urdin Poloniarreko 363 kolaborazionistari agindu zieten ghettoa inguratzeko. Tankeak, ibilgailu blindatuak, arma kimikoak, su-jaurtigailuak eta artilleria elkartu zituzten erasorako.

Poloniako erresistentziak aukera bat ikusi zuen eta ghettoan armak sartzen saiatu. Apirilaren 19tik 23ra, Lurralde Armada eta Herriaren Guardia komunista hainbat tokitatik sartzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Brigada poloniar batek, Henryk Iwańskiren agindupean, ghettoan sartu eta juduen erresistentziarekin lotura egitea lortu zuen: gutxi batzuei ihes egiten lagundu zieten. Poloniako erresistentziak egoeraren berri eman zien potentzia aliatuei, irrati bidez. Poloniarrek eta juduek ahalegin handiak egin arren, bistan zen eroriko zirela, alemaniarrek eraso egin bezain azkar.

Alemaniar kontraerasoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

SSko ofizial bat bi judu galdekatzen Varsoviako ghettoko altxamenduan.
Ehunka baja izan ondoren, naziek ghettoa kiskali egin zuten, juduak lurpeko babeslekuetatik irtetera behartzeko.

Pesajeko gauean, 1943ko apirilaren 19an, matxinatuek molotov bonbak eta esku-granadak jaurti zituzten, alemaniarrak aurrera egiten hasi zirenean. Alemaniarrek lehenago harrapatutako ŻOBren eta ŻZWaren bi tanke frantses suntsitu zituzten. SSetako soldaduak etxeak banan-banan erretzen hasi ziren, sotoak eta estoldak eraisten, eta harrapatzen zituzten judu guztiak hiltzen.

Lau egun geroago, borroka antolatua amaitu egin zen. Juduak babeslekuetan ezkutatu ziren, baina ehunka harrapatu zituzten. Askok bere buruaz beste egin zuten; emakume batzuek beren arroparen azpian ezkutatutako granadak lehertarazi zituzten, atxilotu zituztenean.

Amaiera hurbil zegoela jakinda, herritarrak ghettoko ateetan pilatu ziren, jakin-minagatik batez ere, antisemitismoak eta nazien beldurrak juduen kausari atxikimendua ematea oso zaila egiten baitzuen. Ghettoa egunero nabarmen erasotzen zen: Jürgen Stroop jeneralak bere egunkarian honela dio: «familia osoak su hartutako eraikinetako leihoetatik botatzen dira». Maiatzaren 6an, 1.500 judu atxilotu eta 365 borrokalari hil zituzten, gaizkile gisa katalogatuta.

Juduek erabiltzen zituzten gerrilla taktikak zirela eta, alemaniarrek gauez eraso egiteari utzi zioten. Judu eta poloniarrak setioa hausten saiatu ziren, baina porrot egin zuten. Eraikinak kiskalitako aurriak ziren jada; bizirik zeudenak sotietan ezkutatzen ziren, arratoiek jaten zituzten hilotzekin batera. Maiatzaren 8an 20 eguneko etengabeko borrokaldia hasi zen.

Egun horretan, alemaniarrek ŻOBaren kuartel orokorra hartu eta denak exekutatu zituzten. Mordechai Anielewiczek eta haren neska-lagunak bere buruaz beste egin zuten alemaniarrak iritsi baino lehen, buruzagi gehienek egin zuten bezala.[3] Marek Edelmanek ihes egitea lortu zuen Armia Krajowako kamioi bati esker, kamuflatuta baitzegoen ghettoaren kanpoaldeko estolda batean. Alemaniarrek ghettoari su eman zioten, bizirik atera zirenak estoldetan ezkutatu ziren: hor, sekulako gosea eta egarria jasan zituzten. Muniziorik ezagatik, bere buruaz beste egin ezin zutenez, lankideei hiltzeko eskatu zieten. Sutea ghettoko mugetatik irten ez zedin, Varsoviako suhiltzaileek ingurua hartu zuten.

Maiatzaren 16an, Stroop-ek adierazi zuen gudua amaitu zela eta Tlomacka kaleko sinagoga eraitsi egin zela juduen existentziaren amaieraren sinbolo gisa Varsovian. Poloniar kolaborazionistek «judutarren ehiza» hasi zuten, bizirik atera zirenen jazarpena. Hala ere, askok ihes egitea lortu zuten: ezkutuan bizi izan ziren 1944ko Varsoviako matxinadara arte (horretan ere, indar alemaniarrek arrakasta izan zuten).

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Varsoviako ghettoko heroientzako monumentua.

7.000 judu inguru hil ziren alemaniar erasoan. Beste 6.000, eraiki zituzten bunkerretan erre edo ito ziren. Gainerakoak, 40.000 inguru, Treblinka eta beste kontzentrazio-esparru batzuetara bidali zituzten.[3]

Ghettoko eraikin gehienak osorik txikitu zituzten. Eremuan, Varsoviako kontzentrazio-esparrua ezarri zen (Konzentrationslager Warschau), poloniarrak biltzeko eta fusilamendu-eremu gisa erabili zena. Hala ere, esparru horren sorrera data eztabaidagarria da; izan ere, Heinrich Himmlerren gutun bati esker, jakina da horrelako eremu batek ghettoan edo inguruetan funtzionatzen zuela altxamenduaren aurretik.

Varsoviako matxinadan, Armia Krajowak 380 judu askatu zituen Alemaniako Gęsia kaleko kartzelatik. Horietako asko Armia Krajowarekin elkartu ziren, aurreko urtetik Varsoviako estoldetan ezkutatuta zeuden gutxi batzuk bezala.

ŻOBko Icchak Cukierman eta Zivia Lubetkin buruzagiak ghettoko sarraskitik bizirik irten ziren eta urte batzuk geroago Adolf Eichmannen aurkako epaiketan lekuko izan ziren, Israelen.

Zineman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ghettoko altxamendua The Pianist (2002, Roman Polanski) filmean irudikatzen da. Film horretan, Adrien Brodyk interpretatutako Władysław Szpilmanek altxamendua hasten denean ihes egiten du ghettotik, eta etxe batetik ikusten du nola kideak hiltzen dituzten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Marian Apfelbaum. (2007). Two Flags: Return to the Warsaw Ghetto. Gefen Publishing House Ltd, 15 or. ISBN 978-965-229-356-5..
  2. (Ingelesez) McDonough, Frank. (2020-12-10). The Hitler Years, Volume 2: Disaster 1940-1945. Head of Zeus ISBN 978-1-78954-279-0. (Noiz kontsultatua: 2023-10-08).
  3. a b c d 70 años del Gueto de Varsovia: el levantamiento de los chicos. 19 de marzo de 2013.
  4. Artículo publicado por Central de Noticias en el Diario Judío, 19 de abril de 2020, acerca de las investigaciones históricas sobre el 77o. aniversario del inicio del levantamiento en el Gueto de Varsovia. Incluye video inédito, filmado el 19 de abril de 1948, en el primer aniversario del levantamiento (Consultado el lunes, 20 de abril de 2020)
  5. [https://diariojudio.com/opinion/falto-informacion-en-el-articulo-sobre-el-levantamiento/172789/ Artículo "Faltó información en el artículo sobre el levantamiento", de Alejandro Abelianski, del 20 de abril de 2016, en el Diario Judío.(Consultado lunes, 20 de abril de 2020)]
  6. Malasaña en pruebas - Bitácora de Jesús Gómez Gutiérrez

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]