Yehuda Halevi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Yehuda Halevi, hebreeraz Yehuda ben Shemuel Ha-Levi, (Tutera, 1070 - Jerusalem, 1141) poeta, mediku eta filosofo judutarra izan zen. Arabiar giroko judu poeta gorena izan zen. Haren lan aipagarrien artetik Diwan poema bilduma da nabarmenena, Siongo Oda Sioni opaturiko poemak eta Sefer ha-Kuzari (Kuzar-en liburua) , judaismoaren filosofia elkarrizketen bidez aurkezten duen liburua. Hebreeraz utzi zituen bere idazlanak.

Nafarroatik Kordoba eta Granadara joan zen bizitzera, eta handik Toledora, bertan ekinez mediku lanak egiteari. Halaber, han idatzi zituen "Diwan"' izeneko poema sorta.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tuteran sortu zen Jehuda ha-Levi. Nafarroako erresumaren barnean zegoen hiria garai haietan, baina arabiar moldeak ziren nagusi kulturan. 1090. urtea baino lehen, Andaluziara joan eta Moses ibn Ezra Granadako poeta juduaren ikasle izan zen Granadan. 1090ean Granadako hiria utzi behar izan zuen almorabiar berberiarrak bertan nagusitu ondoren eta Andaluziako beste hiri batzuetako aljama edo judu auzoetan (Lucena, Sevilla) bizi izan zen hurrengo urteetan. Toledoko hirian izan zen ondoren. Une guztiz latzak bizi zituzten XII. mendearen hasiera hartan Gaztelako juduek eta biziki salatu zituen bere erlijio kideen aurkako ekintza haiek Jehuda Halevik. Bizitzako azken urteetan (1130) Kordoba aldera jo zuen, arabiarren artean egotea nahiago zuelako edo, eta Palestinara joatea erabaki zuen azkenean. Alexandriako hirian bizi izan zen aldi batez eta Palestinarako bidean zegoela hil zen 1141. urtean. Gazterik hasi zen idazten Jehuda ha-Levi. Amodioaren eta adiskidetasunaren inguruko gaiak izan zituen gogokoen gaztetako lan haietan; samurrak eta irudimentsuak dira bere lanak. Hebreeraz idatzi bazuen ere, erromantzez onduriko kantu batzuk utzi zituen, jartxa edo arabieraz egindako bertsoen modura idatziak. Urteak aurrera zihoazen ahala, erlijio eta filosofia gaiek eta judu herriaren etorkizunak bete zuten, arian-arian, Jehuda Haleviren idatz gogoa. Erlijio eta filosofiaren alorretan, ez zen ortodoxia judutik aldendu.

"Diwan"' izeneko poema sortaz gainera, "Kitab al Khazari" edo "Kitab alhuyya wa-l-dalil fi nusr al-din al-dalilda" bere lan nagusia, "Gutxietsitako erlijioaren defentsari buruzko funts eta frogaren liburua" esan nahi duena. 1130 eta 1140 artean idatzi zuen, eta filosofiaz eta judaismoaren inguruko lan handia da.

Euskaraz, Haizearen hegaletan poesia antologia itzuli zuen Xabier Kintanak (Euskaltzaindia, 2002).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]