Zeramika kardial

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zeramika kardial
Fitxategi:File:Cardial map-es.svg
Zeramika kardialaren horizontea
Datuak
Historia
Garaia(k)Neolito. K.a. VI.-V. milurtekoak
KulturaZeramika kardialaren kultura

Zeramika kardiala deitzen zaio berberetxo arruntezko ertz horzdunekin (Cardiidae familiako Cerastoderma edule edo Cerastoderma glaucum) inprimaturiko apainketak dituen buztingintzari. Halere, apainketak maskorrekin egiteaz gain, atzamarrak, azazkalak, eztenak, lokarriak eta abar erabili ziren ere. Askotan, zeramika inprimatuaren izena hobesten da[ohar 1]. Zeramika kardiala Mediterraneoko Neolitoko lehenetariko aldi bat da, K.a. VI. eta V. milurtekoa, Balkanetatik Espainako Levanteraino hedatu zena, nahiz eta horren eragina Europako kostaldetaraino heldu. Bibalbio baten maskorrekin apaindutako zeramika Afrikako atlantiar kostetan agertu da ere, adibidez Banc d'Arguin Parke Nazionaleko itzelezko maskortegietan, Mauritanian edo Chafarinak uharteetan[1]

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zeramika inprimatuaren lehen tokiak (K.a. 6400-6200) Epiro eta Korfu izan ziren. Geroago, Albanian eta Dalmazian (Adriatikoren ekialdean) agertu zen, K.a. 6100-5900 artean[2].

Zeramika inprimatuaren edalontzia. La Sarsa (Valentzia)

Italiako datarik antzinenak Italiako hegoaldean jaso dira, Coppa Nevigatan, (c. K.a. 6000) Adriatikoko kostaldean, non zeramika kardialaren adibideak agertzen diren[3]. Iparralderantz eta mendebalderantz Karbono-14ko datuak eta Iberiarenak berdinak dira (cal. K.a. 5500) kultura kardialaren eta erlazionatutako kulturen hedapen azkarra adierazten duena: Genovako golkotik Mondegoko estuariora dauden 2.000 km, 100-200 urtetan egin ziren. Horrek adierazten du itsasoz egin zirela, kostan barrena koloniak ezarri ondoren. Zaharragoko kulturak Greziako ekialdekoa eta Kretakoa izan ziren, dirudienez Levantetik (Ekialde Hurbila) etorritakoak, baina aldea dago zeramika kardialeko eta inprimatutako kulturekin. Erdialdeko Balkanetako eta Adriatikoko zeramikak erkatzean, nabaritzen da VI. milurtekotik, eta 1000 urtez, kultura horiek ezberdinak izan zirela estiloan eta manufakturatzeko moduan[4]. Inprimatutako lehen zeramikak toki hauetan agertzen dira: Ekialde Hurbilean, Anatoliako zenbait partetan, Mezraa-Teleilat barne eta Afrikako iparraldeko Tunus-Redeyef eskualdean (Tunisia). Hori dela eta, lehen kolonoak Adriatikoan ezarri ziren, agian Ekialde Hurbiletik etorritakoak. Era berean, ez da baztertzen Afrikako iparraldetik etortzea, inprimatutako zeramika Egipton, Siriako kostaldean, Palestinan eta Libanon agertu delako[5].

Esan bezala, zeramika kardialeko adibiderik zaharrenak Sirian eta Libanon daude, K.a. VII. milurtekoan, molusku bibalbioen maskorrekin lehenbiziz zeramika inprimatu zelako (Biblos kultura)[6]. Europan Sesklo aurreko kulturaren adibidea dugu, Tesalian (Grezia)[7]. Dirudienez, han agertzen dira VI. milurtekoko lehen kardial-aztarnak. Alabaina, zeramikaz aparte, kultura honek ez ditu Neolitoko beste ezaugarriarik. Aurkikuntzek adierazi dutenez, kobetako biztanle horiek ehiztariak, biltzaileak eta arrantzaleak ziren, baina Mesolitoko lanabesak erabiltzen zituzten. Seguru asko, aurreratuago zeuden beste herriek kulturizaturik izan ziren, zeinek nekazaritza eta abeltzaintza ezagutuko baitzituzten. Milurteko horretan, eta ohitura ekonomikoak (ehiza, bilketa eta arrantza) utzi gabe, Neolitora trantsizio bat gertatu zen, nekazaritza eta artzaintza onartuz. Honetaz gain, inprimatutako zeramika ugaritzen da, apainketa berriekin.

Hedapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agidanez, zeramika kardiala herri nabigatzaileei esker hedatu zen, hondakin bromatologikoetan itsas handiko espezieak agertzen direlako, nabigazioaren bitartez Mediterraneoan zehar hedatu zirenak. Dena dela, ez dago froga sendorik, Italiaren hegoaldean izan ezik, hortaz, uste da hedapen kardiala ez zela hedatu migrazio demografiko orokor batengatik, baizik eta tokiko populazioek Epipaleolitoko berrikuntza teknikoak eriden zituztelako. Alabaina, giza talde batzuek, Adriatiko zeharkatu ondoren, Apulia kolonizatu zuten (dirudienez, Balkanetako hainbat egoliarrek Molfettara emigratu zuten)[8] baita Sizilia ere. Gizaki horiek kobetan bizi ziren gehienbat, nahiz eta garai hartan herrixkak agertu, lubakiekin eta oholesiekin gotorturik zeudenak. Pixkaka-pixkaka, kolonizazioa Italiako erdialdera heldu zen (Lazio, Toscana, Liguria). Korsika eta Sardinia uharteetara iritsi ondoren, Frantziako hegoalderaino ailegatu zen. K.a. V. milurtekoaren inguruan, kultura hau Espainiako eta Frantziako kostaldean ezarri zen, baina zeinbait eskualdetan tartekaturik, bertako herri batzuek akulturazioari aurre egin zietelako. Barrualdean, zeramika kardiala Rodano eta Ebro ibaietatik sartu zen, Atlantikoara iritsiz, Iberiar penintsulan gutxienez. Alabaina, Andaluziako kostak fenomeno horren kanpo geratu ziren.

Ez zegoen kultura kardialik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kultura kardialaren aztarna asko ez dira geratu, Neolitoko herri horiek nahiko primitiboak zirelako, haien nabigatzeko ustezko gaitasuna aparte. Bestalde, zaila da kultura kardial batez hitz egitea, eskualdeetan aldagai asko daudelako, beraz, hobe da esatea zeramika kardialaren horizontea edo hobeto inprimatutako zeramikaren horizontea. Italiako hego-ekialdean Molfetta kulturak biltzen dira (agidanez, antzinenak); Sizilian, berriz, Stentinelloko kultura. Italiaren iparraldeak eta Frantziako hegoaldeak multzo bat osatu zuten, zeinen aztarnategirik garrantzitsuenak Arene Candide (Italia), eta Châteauneuf-lès-Martigues eta Roucadour (Frantzia) baitziren. Espainako garrantzitsuenak dira Cova de l'Or eta La Sarsa (Valentziako Erkidegoan), Montserrateko kulturarekin erlazionatzen direnak. Eragin kardialak Portugaleraino heldu ziren, baita Afrikako iparralderaino ere, non Kaptsiar kulturako zenbait ezaugarri inprimatutako zeramikarekin erlazionatzen diren[9].

Europako mapa Neolito-Mesolito aroetan

Gaur, uste da kultura kardialaren eragina Neolitoa hedatzeko balioetsi dela, beste bertako kultura batzuen aurrean, zeinak aurrerapen arkeologikoek frogatu dute antzinagoak zirela. Edonola ere, ukaezina da haien ezaugarri bereizgarriak: mendebaldeko zeramika kardialaren hondoa biribila da; haren profila oboidea eta zenbaitetan samaduna. Bestalde, buztin freskoan, maskorrak, atzamarrak, azazkalak eta eztenak erabili ziren, bandak, triangeluak eta txebronak egiteko. Buztingintza eta industria litikoa erlazionatuta daude: mikrolitoak (gehienbat ehizarako erabiliak), zulagailuak eta hezurrezko espatulak ugariak zirelako. Badaude beste apaingarri batzuk ere, adibidez, harrizko besokoak, lepokoen aleak eta maskor-zintzilikarioak. Itsasontzi itxurako esku-errotek adierazten dute nekazaritza ezagutzen zutela. Hondakinak aztertuz, animalia hauen aztarnak agertu dira: ardiak, ahuntzak, itsaskiak eta arrainak. Kardial eta epikardial fosilak ikasi ondoren, frogatu zen Zipreko eta Egeo uharteetako nekazariek Europa kolonizatu zutela[10] Bosgarren milurtekoaren amaieran, kultura honek amore eman zuen beste herri indartsuagoen aurrean, baina epikardialeko taldexkak geratu ziren Italiaren iparraldean (aho karratuko edalontzien kultura “Chiozza”) eta Adriatikoko Balkanetan (Hvar, Lisicici y Butmir)[11] Antza denez, kultura horren erroak garrantzitsuak dira herri iberiarren eta liguren jatorria azaltzeko.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Iberiar penintsulako arkeologoen artean Montserrateko zeramika izena erabili da, Montserrateko mendigunean ohikoa delako.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. GILMAN, Antonio (1974): Neolithic of Northwest Africa, Antiquity, 48. liburukia, 192 zbk, 273–282 or.
  2. CUNLIFFE, Barry (2008): Europe Between the Oceans, 115–116 or.; STASO FORENBAHER eta PRESTON MIRACLE, (2005ko iraila), The spread of farming in the Eastern Adriatic, Antiquity, 79. liburukia, 305 zenbakia , taula osagarriak. http://www.antiquity.ac.uk/projgall/forenbaher305/ 2019.08.17an kontsultatuta
  3. 3. Beira-araza, Sassariko G. A. Sanna Museo Arkeologikoan
  4. SPATARO, Michela (2009): Cultural diversities: The Early Neolithic in the Adriatic region and the Central Balkans: a pottery perspective, 3. kapitulu in Dragos Gheorghiu (ed.), Early Farmers, Late Foragers, and Ceramic Traditions: On the Beginning of Pottery in the Near East and Europe.
  5. GULDOGAN, Emre (2010): Mezraa-Teleilat settlement impressed ware and transferring Neolithic life style?, in Paolo Matthiae et al. (eds.), Proceedings of the 6th International Congress of the Archaeology, 3. liburukia, 375–380 or.
  6. CHAPA BRUNET, Teresa eta DELIBES DE CASTRO, Germán (1983): El Neolítico. Manual de Historia Universal. Tomo I. Prehistoria 274 or., Nájera argitaletxea, Madrid. ISBN 84-85432-06-1
  7. Bosch-Gimpera, Pedro (1975). Prehistoria de Europa, 169 or., Istmo argitaletxea, Madrid. ISBN 84-7090-066-8.
  8. BRÉZILLON, Michel (1969): Dictionnaire de Préhistoire. Librairie Larousse, París, 60 or. ISBN 2-03-075437-4.
  9. Brézillon, Michel (1969). Dictionnaire de Préhistoire. Librairie Larousse, París, 60 or., ISBN 2-03-075437-4
  10. FERNÁNDEZ, Eva; et al. (2014). Ancient DNA analysis of 8000 BC near eastern farmers supports an early neolithic pioneer maritime colonization of Mainland Europe through Cyprus and the Aegean Islands. 2019.08.17an kontsultatuta
  11. LEROI-GOURHAN, André; BAILLOUD, Gérard; CHAVAILLON, Jean eta LAMING-EMPERAIRE, Annete (1980): La Prehistoria. Labor argitaletxea, Bartzelona, 105-107 or. ISBN 84-335-9309-9.

Bibliografía[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • MENÉNDEZ FERNÁNDEZ, Mario; JIMENO MARTÍNEZ, Alfredo y FERNÁNDEZ MARÍNEZ, Victor M. (1997): Diccionario de Prehistoria, Alianza editorial, Madrid, 104 or. ISBN 84-206-2888-3
  • BARNETT, William K. (2000): Cardial pottery and the agricultural transition, in Douglas T. Price (ed.), Europe's First Farmers, 96 or.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]