98ko Belaunaldia

Wikipedia, Entziklopedia askea
1898ko belaunaldi» orritik birbideratua)
Pío Baroja
Ramiro de Maeztu
Vicente Blasco Ibáñez
Fitxategi:Valle-Inclan.jpg
Ramon Maria Valle-Inclan
Antonio Machado
Ignacio Zuloaga

98ko Belaunaldia XX. mendeko lehen urteetan Espainian garatu zen korronte intelektual eta kulturala izan zen. Erregenerazionismoa, Kuba, Filipinak eta Puerto Ricoren galeren ondorioak eta XX. mendera igarotzean nagusi zen ezkortasuna ezin hobeto islatu zituen mugimendu artistiko-literario horrek. Hemen bildutako autore guztiak 1864 eta 1876 bitartean jaiotakoak dira.

Belaunaldiaren lanak Espainia ilunaren kritikan oinarritu ziren:

  • Miserian eta tradizioan murgilduta, iraganean geldituta zegoen Espainia salatu zuten.
  • Herrialdea alor guztietan eguneratu eta berritu beharra zegoela aldarrikatu zuten: gizartea, politika, ekonomia, kultura…

Kiderik garrantzitsuenen artean, ondorengoak aipa daitezke: Miguel de Unamuno, Azorín, Pío Baroja, Ramiro de Maeztu, Vicente Blasco Ibáñez, Ramón María Valle-Inclán eta Antonio Machado idazleak; Ignacio Zuloaga pintorea, etab.

Testuinguru historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendeko azken herena oso negatiboa izan zen Espainiako gizartearentzat, 1898ko hondamendian amaituko ziren hainbat arazoen ondorioz.

Politikan, txandakako sistemak ez zituen ekonomian gaizki zebilen herriaren beharrak ase. Anarkistek, sozialistek, karlistek, kontserbadoreek eta liberalek proposatutako erantzunakmez ziren nahikoak eta ezinegona nagusitzen ari zen.

Bestalde, Ameriketako koloniek independentzia aldarrikatzen zuten eta nazionalismoek ere antolatzeko ahaleginak egin zituzten. Atsekabea nagusitu zen atzerapen eta miserian bizi zen populazio hartan. Industrializatutako toki bakarrak Katalunia eta Euskal Herria ziren eta inmigrazioa erakartzen zuten. Horrekin batera, aristokrazia eta goi burgesia nekazarien arazoetatik urrun bizi ziren eta proletarioen mundutik at.

Hori dena gutxi balitz, 98ko hondamendia gertatu zen, Espainiak azken koloniak —Kuba, Filipinak eta Puerto Rico— galdu zituelarik eta gerra kolonialek ekonomian eta animoan eragin handia izan zuten. 1898ko maiatzaren 1ean, 04:45ean, Juan de la Concha komandanteak estatubatuar ontziteria espainiar posizioetara inguratzen zela sumatu zuen. Zazpi ordu geroago, 11:45ean, espainiar tropak eraitsita zeuden. Intelektualen kontzientziak eragin zituen porrot hark eta garai bateko mundu mailako potentzia izandako Espainiaren gainbeherari irtenbide bila hasi ziren.

Pariseko Ituna ametsaren amaiera izan zen eta intelektual taldea gainbeheraren arrazoiak aztertzen eta konponbideak bilatzen hasi zen.

Erregenerazionismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mende bukaeran Espainian gertatu zen mugimendu ideologikoa; gainbeherak eta kolonien galerak eragin zuen eta Espainiako gizartearen bizitza politiko eta soziala berreraikitzearen aldekoa zen.

Egia esan, Espainiaren gainbehera ez zen 1898ko hondamendian sortu, aurretik baitzetorren. Nekazaritza erreforma beharrezkoa zen, hezkuntza ezinbestekoa... Erregenerazionistek, atzerapena gainditzeko, Europari ateak zabaldu behar zitzaizkiola uste zuten. Mugimendu horren ordezkari nagusietako batzuk Macías Picavea (1874-1899) eta Joaquín Costa (1844-1911) izan ziren: haien pensamenduek eragin handia izan zuten idazle gazteengan, Unamuno, Azorín, Ortega y Gasset...

98ko belaunaldiaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Julius Petersen kritikari alemaniarraren azterketa jarraituz, belaunaldi kontsideratu ahal izateko, autoreek hainbat baldintza bete behar zituzten:

Horretaz gain, bi gai bereziki aipatu behar dira:

  • Bizitza eta heriotza, bizitzaren zentzua eta denboraren joana. Unamunok kezka horiek guztiak inork baino hobeto agertu zituen.
  • Erlijioa; hala ere, ez datoz horretan bat, Azorin eta Maeztu katoliko porrokatuak baitziren; Baroja, agnostikoa; eta Unamunoren jarrera ez dago garbi .

Autoreok eboluzionatuz joango ziren, gaztetako konpromiso sozial eta politikotik, zahartzaroko ebasiorako balio zien literaturara. Azorín ideologia anarkistako gaztea izan zen, baina kontserbadoreago gerora; Baroja edozer gauzaren kontra zegoen, elizaren aurka, antimilitarista, kristauen eta Jesusen Lagundiaren aurkakoa, antisozialista edo antikomunista; Unamuno Alderdi Sozialistan afiliatuta zegoen; Maeztu anarko-sozialista zelakoan zegoen. Denek Larraren hilobia bisitatu zuten —askoren ustez, belaunaldi horren aitzindaria izan zen—, Galdósen Electraren estreinura elkarrekin joan ziren... Antonio Machado eta Valle-Inclán modernistak izan ziren gaztaroan —Valle-Inclán karlisten inguruan ibili zen— eta, pixkanaka, helduaroan aurrerakoi ikusten ditugu.

98ko autoreen artean, prosa nagusi da. Obra gehienak eleberriak eta saiakerak dira, baina hiru poeta garrantzitsu daude: Antonio Machado, Ramón María del Valle-Inclán eta Unamuno. Hala ere, azken biak prosagatik ezagunagoak dira.

Partaideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasiera batean, Hirukotea aipatu behar dugu: Baroja, Azorín eta Maeztuk osatu zuten eta artikuluak Los tres goitizenez sinatzen zituzten. 1901ean, manifestu bat argitaratu zuten, Espainian estatu berri bat sorrarazteko asmoa azalduz. Ez zuten arrakasta handirik izan eta desengainua nagusitu zen. Unamuno izan zen lehenengoa, taldeari laguntzeari uko eginez eta ekonomia eta gizarte gaietan interesa galduz. 1905ean, Hirukoteak ekintzailetzari utzi eta jarrera idealistago batzuetarantz egin zuen, atsekabetutako eszeptizismoa nagusituta. Horietaz gain, Ángel Ganivet, Miguel de Unamuno, Enrique de Mesa, Ramiro de Maeztu, Azorín, Antonio Machado, Pío eta Ricardo Baroja anaiak, Ramón María del Valle-Inclán eta Ramón Menéndez Pidal filologoa. Zenbaitek Vicente Blasco Ibáñez eta Jacinto Benavente ere multzo horretan sartzen dituzte.

Mugimendu horretan, Ignacio Zuloaga eta Ricardo Baroja bezalako margolariak ere jardun ziren, baita Isaac Albéniz eta Enrique Granados musikariak ere.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]