László Sólyom
Lászlo Sólyom (hungarieraz: Sólyom László, ˈʃoːjom ˈlaːsloː ahoskatua; Pécs, Hungaria, 1942ko urtarrilaren 3a - 2023ko urriaren 8a) politikaria, legelaria eta liburuzaina izan zen, Hungariako lehendakari izana 2005etik 2010eraino, Hungariako Alderdi Sozialistaren ordezkaritzat.
Bizitza
Pécsen jaioa, Zuzenbidea ikasi zuen, 1965ean amaitu zuen karrera. Zuzenbide Zibileko irakasle bihurtu zen 1983an, Eötvös Lorándeko Unibertsitatean. 1980ko hamarkadan, politikan debuta egin zuen, ingurumenari buruzko erakunde zibilen kontseilari juridikotzat. Auzitegi Konstituzionaleko lehendakari bihurtu zen 1990eko uztailean. 1999an, Koloniako Unibertsitateak (Alemania) honoris causa doktore izendatu zuen. 2000n, Védeglyet gobernuz kanpoko erakundea sortu zuen.
2005eko Hungariako Lehendakaritzarako hauteskundeak
Hungariako lehendakari berria hautatzeko hauteskundeen lehen itzulian, ekainaren 6an, Lászlo Sólyomek 13 boto baino ez zituen bildu, eta haren aurkari Katalin Szilik, 183. Hala ere, Katalin Szili ez zuten lehendakari aukeratu, behar zen bi hereneko gehiengoa ez baitzuen lortu, 278 boto, alegia. Sólyomek lehen itzulian jasotako boto urriak, eskuineko alderdietako 169 diputaturen abstentzioagatik azaltzen da.
Bigarren itzulian, ekainaren 7an, Sólyomek 185 boto jaso zituen, eta Katalin Szilik 178. Hirugarren itzulian, gehiengo soila besterik behar ez zuenez, Sólyom 189 bozekin aukeratua izan zen, eta Katalin Szilik 182 jaso zituen. Abuztuaren 5ean, ordu arte lehendakari izandako Ferenc Mádl ordezkatu zuen.