Afrikatu hobikari ahoskabe

Wikipedia, Entziklopedia askea
Afrikatu hobikari ahoskabe
t͡s eta ʦ
NAF zenbakia103.132
Kodetzea
X-SAMPAts
Kirshenbaumts

Afrikatu hobikari ahoskabea kontsonante afrikatu mota bat da. Mihiaren punta edo lepoa aho-hobian, hortzen ostean, ezarriz ahoskatzen da, aire korrontearen emaria bertan blokatuz. Afrikatu hobikari ahoskabea ez da soinu bakar bat, hots klase bat baizik. Klase honetan ezberdin hauteman eta ahoskatzen diren hots ezberdinak aurki daitezke:

Afrikatu txistukari hobikari ahoskabe[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrikatu txistukari hobikari ahoskabea soinu kontsonantiko bat da, ahozko hizkuntza zenbaitetan erabiltzen dena. Soinu hau Nazioarteko Alfabeto Fonetikoan ⟨t͡s⟩ edo ⟨t͜s⟩ bezala transkribatu ohi da (eta lehenago ⟨ʦ⟩ edo ⟨ƾ⟩-ren bidez transkribatzen zen). Euskaraz [t͡s̻] erabili ohi da, bere kide apikaritik bereizteko.[1] Afrikatu txistukari hobikari ahoskabea hizkuntza Indoeuropar askotan aurkitzen da, horien artean: alemana, kaxmirera, marathera, paxtunera eta hizkuntza eslaviar gehienetan errusiera, poloniera edo kroaziera kasu. Hortik kanpo, georgiera, japoniera edo mandarin eta kantonera bezalako hizkuntzetan ere aurki daiteke.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrikatu txistukari hobikari ahoskabeak hurrengo ezaugarriak ditu:

  • Bere ahosmoldea afrikatu txistukaria da. Hau da, lehendabizi aire-emana geldituz eta gero mihia erabiliz airea hortzen ertz zorrotzetara bideratuz ebakitzen da, maiztasun altuko turbulentziak sortzen direla.
  • Afrikatu honen osagai herskaria hobikari lepokaria da. Hau da, mihiaren lepoa hobiaren aurka ezarriz artikulatzen da. Laburtze aldera, afrikatu hau usu bere osagai igurzkari txistukariari erreferentzia eginez izendatzen da.
  • Osagai igurzkariak hiru aldaera ezberdin izan ditzake gutxienez:
    • Hobikari lepokari horzkaritua (askotan "horzkari" deitua). Hau da, mihiaren lepoa goiko aurreko hortzetatik oso hurbil ezarrita artikulatzen da, mihi punta beheko aurreko hortzen atzean gelditzen da. [s] mota honen efektu txistukaria biziki indartsua da.[2]
    • Hobikari ez atzeratua. Hau da, mihi punta edo lepoa hobiaren atzekaldean ezarriz ahozkatzen da, apikari edo bizkarkari izendatzen dira, hurrenez hurren.
    • Hobikari atzeratua, hau da, mihi punta edo lepoa hobian ezarriz ahozkatzen da, apikari edo bizkarkari izendatzen dira, hurrenez hurren. Akustikoki [ʃ] edo [ʂ] lepokaritik hurbil dago.
  • Bere ahoskera ahoskabea da. Hau da, hots honen artikulazioan ahots-kordek ez dute bibratzen (ez dira mugitzen). Hizkuntza zenbaitetan ahoskordak aktiboki bereizten dira eta, ondorioz, hots hauek beti ahoskabeak direla. Beste zenbaitetan, ordea, ahoskordak erlaxaturik uzten dira, inguruko hotsen ahotsak ahostundu ditzakeela.
  • Kontsonante ahokaria da. Hau da, airea ahotik ateratzen da bakarrik.
  • Kontsonante zentrala da. Hau da aire-emaria mihiaren erdialdetik zeharkatzera bideratzen da, aldeetatik baino.
  • Aire-emaria birikaria da. Hau da, hotsa ahoskatzeko airea biriki eta diafragmak bultzaturik dator, hots gehienetan bezala.

Euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarak bi afrikatu hobikari ahoskaberen arteko oposaketa mantentzen du, munduko hizkuntzen artean batere ohikoa ez den bereizketa. Hauek [t͡s̻] afrikatu txistukari lepoko-hobikari ahoskabea eta [t͡s̺] afrikatu txistukari apiko-hobikari ahoskabea dira. Laburtzearren, askotan afrikatu lepokari eta afrikatu apikari esaten zaie.

  • Afrikatu lepokariaren adibideak: hotz, atzo, itzuli.
  • Afrikatu apikariaren adibideak: hots, atso, itsusi.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta aurreko garaietan (hau da, XVI. mendearen aurretik) afrikatu hobikari ahoskabeen arteko oposaketa euskal hizkera guztietan aurki zitekeen, gaur egun hizkera askotan galdurik da. Mendebaldean, esaterako, oro har [t͡s̺] zena [t͡s̻] bihurtu da, hizkera batzuetan horren ordez [t͡ʃ] aurki daitekeela.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c (Ingelesez) Hualde, José Ignacio; Urbina, Jon Ortiz de. (2011-06-03). A Grammar of Basque. Walter de Gruyter ISBN 978-3-11-089528-5. (Noiz kontsultatua: 2021-02-02).
  2. Puppel, Stanisław. (1977). A handbook of polish pronunciation for english learners. Państwowe wydawnictwo naukowe ISBN 83-01-01288-9. PMC 489734205. (Noiz kontsultatua: 2021-02-23).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]