Aingeru Bergizes

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aingeru Bergizes

Bizitza
JaiotzaBilbo1957ko otsailaren 27a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaGaldakao2022ko ekainaren 3a (65 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakmusikaria

Aingeru Bergizes Jausoro edo Aingeru Berguices Jausoro (Bilbo, 1957ko otsailaren 27a - Galdakao, 2022ko ekainaren 3a) musikari profesional eta folklore ikertzaile izan zen, Oskorri musika taldeko kide izan zen hasierako urteetan baina beste hainbat taldeetan ere parte hartu du. Akordeoiaren historia soziala ikertu du bereziki, besteak beste eskusoinuaren sarrera Bizkaian eta Bilboko La Casillako dantzaldiak aztertuz doktore tesian.[1][2]

Bizialdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akordeoi eta pianoko karrerak eginak zituen, umetan hasi eta helduaroan osatuta. Ingeniaritzako ikasketak abiatu zituen gaztetan eta Historia Garaikidean doktoretza egin zuen helduaroan.[1]

Umetan hasita solfeo, piano eta akordeoi ikasketak Bilboko konserbatorioan ikasle libre moduan azterketak eginez joan zen gainditzen. Akordeoian zentratu zen eta azterketak Bartzelonan pasatzen zituen, aldi berean ingeniaritzako ikasketetan hasi zen garai berean, baina musikari profesional moduan hasi zen lanean eta une hartan ikasketak utzi zituen. 30 urte beranduago berrartu eta akordeoiko goi mailako ikasketak bukatu zituen. Jarraian pianoko ikasketak ere bukatu zituen. Musikologiako doktorego ikasketak egin eta segidan doktoretza egin zuen Joseba Agirreazkuenagaren zuzendaritzapean musikaren historia soziala eta akordeoia ardatz hartuta, Bilboko La Casillako dantzaldiak eta akordeoiaren sarrera Euskal Herrian aztertuz.[1][2]

Musikari, aholkulari eta artisau[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musikari profesional moduan hainbat talderekin jo eta grabatu du Aingeru Bergizesek bere ibilbide profesionalean: Oskorrirekin Plazarik plaza (1980), Eta Oskorri sortu zen (1981) eta Adio Kattalina (1982) diskoetan; Ruper Ordorikarekin Hautsi da Anphora (1980), Gontzal Mendibilekin Argitze garaian egunsentiari agur (1978), eta baita Amuriza, edo Lopategi eta Azpillaga bertsolariekin ere. Berbena taldeetan ere jotakoa, Jazz munduan ere eskarmentu handikoa zen. El Redoble Atxuritarra, Voilá eta Zubipeko Swing taldeetan jo zuen besteak beste.[1]

Akordeoia, trikitixa eta Bizkaiko dultzaina hainbat erromeria eta kalejiratan jotakoa zen, baina musikari profesional moduan aritu zen 25 urteetan eta ikasketak piano eta akordeoikoak izan arren, pianoa ez zuen profesionalki jo izan eta akordeoia ere gutxi, baxu elektrikoa eta bonbardinoa jo baitzituen batez ere. Aholkulari, antolaketa eta errendimendu prozesuen kudeatzaile, inteligentzia emozionala lantzeko taller-emaile, Gestalt terapeuta, yoga irakasle, egurraren artisau... Elizetako organoak eraikitzen eta errestauratzen lan egin zuen bost urtez Frantzian.[1]

Folklore ikertzaile[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musikari tradizionalen ibilbidea asko interesatu izan zaio, nola egin ote zuten erakusten duten mailara iristeko ikasketa formalik izan gabe. Jakin-min horrek eraman zuen folklore ikertzaile lanetan murgiltzera. 2016an irakurri zuen doktore-tesia EHUn, Joseba Agirreazkuenagaren zuzendaritzapean. Bertan nagusiki Bilboko La Casillako dantzaldiei begiratu zien. Udaleko artxiboetan arakatuz ikusi zuen material asko zegoela eta horrez gain El Noticiero Bilbaino egunkaria xehe aztertu zuen 1880-1900 bitartean dantzaldiei buruz eskaintzen zuen informazio aberatsa aztertuz.[1] Ikerketak Bilboko herritarren soziabilitatearen mundua aztertzen du. Dantzak garrantzia hartzen du, euskal dantzaren tradizioaren alderdi batzuk eta musika-tresnei, errepertorioei eta koreografia dantzatuei buruzko ekarpen berriak bateratzen baititu. Instrumentu horiek Europa osoan zehar ernamuintzen dira, eta masa-gizartearen hasierako denboran adierazpen eta gozamen kolektiborako modu berri bat sortzen dute. Era berean, klase proletarioen kultura-produktu hori lurralde osoan hedatuz joango da, bi soinu-tresna boteretsuren eskutik: musika-banda eta akordeoia, beren tresna laguntzaileekin.[2]

Emakume panderojoleen inguruan ere egin ditu ikerketak. Gizarte frankistan emakumeek ezarria zuten rol hertsia gainditu eta publikoan dantzaldietan protagonismoa hartu zuten panderojoleak aztertu zituen Bergizesek. Horren inguruan hitzaldiak, ikus-entzunezkoak eta aurkezpenak egin zituen azken urteetan.[1]

Eusko Ikaskuntzaren Jentilbaratza folklore aldizkariaren eta Soinuenea Fundazioaren Soinuberri erredakzio-batzordeko kidea izan zen,[3] eta Eusko Ikaskuntza eta Zatak Herri Ondarea elkarteetako bazkide. Aiko taldearen Jotamentala dokumentalean zein bestelako ikastaldietan parte hartu du. Bilduma oparoa zuen akordeoi, argazki zahar, arbelezko disko, eskuidatzi, bestelako tresna eta liburutegi aberatsarekin.[1]

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira Aingeruk berak bakarrik argitaratutako zenbait lan:[1]

  • Dos siglos de música culta y tradicional en el Duranguesado 1800-1986. Durango, 1986.
  • Trikitixa (Farrea) y acordeón en Busturialdea: Historia y hombres. Gernika-Lumo, 1990.
  • Notas sobre Acordeón. Trabajo de campo por Bizkaia. Argitaratu gabea. Bilbo, 1992.
  • El acordeón en Arratia: Introducción, expansión y desarrollo hasta 1936. Doktorego programako tesina, EHU/UPV, 2007.
  • Fasioren mendea: Bonifacio Arandia Uriarte (Igorre, 1909-1987). Aiko Taldea, 2010.
  • "Koreografia endogenoak eta exogenoak erro tradizionaleko herri dantza modernoan Bizkaian", Dantzan.eus, 2011-05-03.
  • "Análisis fenomenológico de dos romerías de preguerra a la luz de fotografías de época en el ámbito de Durangaldea: Abadiño (ca. 1920) y San Cristóbal de Oiz (ca. 1930)". In: Jentilbaratz 14. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2012.
  • Organología popular y sociabilidad: el baile de La Casilla de Abando-Bilbao y la expansión del acordeón en Bizkaia (1880-1923). Doktore-tesia, 2016.[4]
  • “A propósito del Cancionero de Txeru”. In: K-Barakaldo 04. Barakaldo: CIHMA, 2017.
  • "Arratiako danbolinteru gainean (1890-1936)", in Zeanuriko txistulari taldea. 50. urteurrena (1968-2018), 2018.
  • "¿Dónde consiguió Iparragirre su carnet de cantautor?" In Dantzariak 65. Bilbo: Euskal Dantzarien Biltzarra, 2020.
  • Inicio del acordeón en Euskal Herria: el baile de La Casilla de Bilbao, cuna de su expansión (1880-1923). Iruñea, 2021.

Beste egile batzuekin batera:[1]

  • BERGUICES, PEREZ URRAZA; ABASOLO "TILIÑO": Fasio trikitilariari omenaldia. Igorre: Igorreko Udala, 1988.
  • BERGIZES, Aingeru; OLAGARAI, Denise; PEREZ, Kepa: Trikitixa egunak Iparraldean (Journees d’accordeon diatonique ay Pays Basque Nord-1991.go Apirilak eta Maiatzak. Ezpeleta, 1991.
  • HARANA, Mielanjel; TAPIA, Joseba & BERGUICES, Aingeru. (1998). Gelatxo. Zarautz: Euskal Herriko Trikitixa Elkartea.
  • BERGUICES, Aingeru: PÉREZ URRAZA, Kepa. "Baltseoa Arratian 1876-1932 epealdian", in Zeanuriko txistulari taldea. 50. urteurrena (1968-2018), 2018.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu honen zati gehienak Dantza.eus webguneko "Aingeru Berguices, musikari eta folklore ikertzailea hil da" artikulutik hartu izan da. CC-BY-SA lizentzia erabiltzen du Dantzan.eus webguneak.

  1. a b c d e f g h i j dantzancom. «Aingeru Berguices, musikari eta folklore ikertzailea hil da» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-07).
  2. a b c (Gaztelaniaz) BERGUICES JAUSORO, ÁNGEL. (2016-11-14). «ORGANOLOGÍA POPULAR Y SOCIABILIDAD: EL BAILE DE LA CASILLA DE ABANDO-BILBAO Y LA EXPANSIÓN DEL ACORDEÓN EN BIZKAIA (1880-1923)» www.educacion.gob.es (UPV/EHU) (Noiz kontsultatua: 2022-06-07).
  3. Imaz, Andoni. (2022-05-12). «“Tresnak unibertsalak dira, eta geure egiten ditugu”» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-07).
  4. Berguices Jausoro, Angel. (2016-11-14). Organología popular y sociabilidad: El baile de La Casilla de Abando-Bilbao y la expansión del acordeón en Bizkaia (1880-1923). (Noiz kontsultatua: 2022-06-07).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]