Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Euskal Herriko musika

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Euskal Herriko musika lurralde horretako euskal herriak egindako musika da. Herri musika ez ezik, denboraren poderioz beste musika batzuek hartu dute indarra bertan, dibertsifikazio gero eta handiagoaz. Ondorioz, jatorrizko eta euskarazko musikari beste aldaera batzuk gehitu zaizkio erlijio musikaren eta, XVIII. mendetik aurrera, Ilustrazioaren bitartez.

XX. mendetik aurrera, erdarazko musikak pisu nabarmena hartu du Euskal Herrian, eta euskarazko musikak herri tradizioa berritu eta berrasmatu du Ez Dok Amairu eta Gaur mugimendu berritzaileek akuilatuta. 1970ean eta bereziki 1980ko hamarkadan, indarrez sartu ziren nazioarteko joerak euskal musikara, tokian tokiko musika taldeak sortzearekin batera. Herri tradiziotik sortutako aldaerez gain, landutako generoak musika klasikoa, folk musika, rocka, pop eta abar dira. Euskal Herria gizarte mediatikoan murgilduta egonik, ekimen gero eta handiagoak sortu dira, bitarteko teknologiko sofistikatuz hornituak, baita milaka entzule biltzen dituzten musika emanaldi eta jaialdiak ere.

Musika tradizionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertako musika-tresnak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arlo honetan aditu handienetakoa da Juan Mari Beltran musikaria. Izan ere, hark antolatu zuen Herri Musikaren Txokoa erreferentziazko tokia, Oiartzunen.

Alboka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Alboka»
Albokerue albokan Eguzkie joan da jotzen.

Alboka euskal haize instrumentu tradizionala da, mihi bakun jogune motako klarinete bikoitza duena[1]. Musikalki, bi tutuak independienteak dira, baina aldi berean jotzen dira. Afinazioari dagokionez, egile bakoitzak ezberdina eman du: Arratian egiten zirenak La ♭ notan afinatzen ziren, eta Zegaman egiten zirenak La musika notan. Normalki, albokariek ezkerreko bost zuloko kanaberarekin melodia jotzen dute eta eskumako hiru zulokoarekin laguntza[2]. Alboka, normalki, panderoarekin laguntzen da, eta jota, porrusalda eta martxa dira ohiko abesti motak[3]. Jotzerakoan, arnasketa zirkularra erabili behar da, arnasa hartuz eta joaz aldi berean[4].

Historikoki, Bizkaian, Arratia eta Nerbioi ibarretan tradizio handia egon da XIX. mendetik, albokari handiak emanez: Anbrosio Gorostiaga "Anbros" (1867-1926), Bernardino Zautua, Tiburtzio Elezkano (1906-1958) eta Silbestre Elezkano "Txilibrin" (1912-2003) Igorrekoak; Migel Larrinaga "Txuskoa" (1881-1921), Alejo Etxezarraga eta Eugenio Etxebarria (1920-2008) Dimakoak; Graziano Lekue "Txisperue" (1882-1945) Zeberiokoa; Jose Amundarain "Muñegi" (1895-1969), Emilio Sagarna eta Andoni Goikoetxea Zeanurikoak; Ildefonso "Pontxo" Orue (1902-1980) eta Benito Iragorri (1906-1973) Lemoakoak; Alejo Gurtubai "Barberue", Juan Kruz Valle eta Juan Otxandio (1927-2000) Galdakaokoak; Jose Mari Bilbao eta Leon Bilbao semea (1916-1990) Arteagakoak; Inazio Uribarri "Andaluze" Dima/Zaratamokoa eta Manu Barandika Bediakoa.

Gaur egungo albokalarien artean azpimarratzekoa da Mariano Barrenetxea (Galdakao, 1938-), baina batik bat Juan Mari Beltran (Donostia, 1947-), musikari handia eta Ibon Koteron (Bilbo, 1967-) jole iraultzailea, Kepa Junkeraren eskolakoa. Bestela, 1990eko hamarkadan musika tresna Exkixu taldeak rock esparruan ezagutarazi zuen. Albokalari bikain gisa Alboka taldeko Alan Griffin irlandarra ere aipatzekoa da.

Atabala, danbolina eta danborra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Atabal», «danbolin» eta «danbor»

Dultzaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Dultzaina»

Hiru zuloko txirula[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Hiru zuloko txirula»

Panderoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Pandero»

Txistua eta silbotea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohiko txistu eta danbolin bikotea
Txistulari gazte taldea Donostian (1930)
Sakontzeko, irakurri: «Txistu (musika tresna)» eta «Txistu handi»

Txistua hiru zuloko haize instrumentu bat da, putz egin eta atzamarrak mugituz doinuak ateratzen dituena. Euskal herriaren esklusiboa ez izan arren, aspaldiko euskal herri musika tresna da, txirularen antzekoa. Izturitzen hezur batez egindako txirula bat aurkitu zuten. Geroztik, ez da berri askorik gorde txistuari buruz, ez bada danbolin joleei buruzko aipamen batzuk. XVI eta XVII. mendean, herri ospakizunetan haien presentzia dago dokumentatuta. Horrelako txistu-joleak herriz herri ibiltzen ziren, harik eta udalek haientzako postuak eta kontratuak sortzen hasi ziren arte. Txistulariek aldameneko herrietan jotzea ere onartzen zuten, diru sarrerak handitzeko.[5]

XVIII. mendean, txistulari eta danbolin-joleek estatus instituzionalagoa hartu zuten herrietan, eta Ilustrazioak duintasunez jantzi zuen haien irudia, protokolo ofizialetan rol berezi bat emanez. Une horretan, Mogelen paper batzuetan, txistua "chilivituba" izenez aipatzen da (gaztelaniazko silbo). Mehorren nde amaieran, txistulari taldea sortu zen, baita txistu handia (apala) edo silbotea ere.[6]

XIX. mende bigarren erdialdean, udal musika bandak sortu ziren, eta hor integratu zen txistua ere, silbotearekin batera. Eresbilen orduko partitura ugari gorde dira. 1927an, Euskal Herriko Txistularien Elkartea sortu zen Arraten (Eibar), eta txistulari taldea hirukote bihurtu zen harrezkero: bi txistu eta silbote bat. Hurrengo urtean, Txistulari aldizkaria sortu zen, txistularien bilgune, eta euskal lurralde desberdinetan argitaratua. Txistua bultzatzen eta berritzen, indar berezia egin zuen Isidro Ansorenak Donostian. Hilario Estellarekin lankidetzan aritu zen lehendabiziko txistu metodoa ontzen, eta famatu bilakatu ziren berak egindako txistuak.[7]

Supriñua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Supriñu»

Supriñua haize instrumentu bat da, oboe baten antzekoa[8], gaztainondoaren edo hurritzaren azalaz egindakoa. Azala biribilkatu egiten da konoa egin arte. Goiko muturra zapalduta dago pita sartzeko. Bi zulo besterik ez ditu, bi hatz erakusleekin estaltzeko. Egun ez da erabiltzen eta ezagutzen diren azken joleak Larraun haraneko artzaiak dira.

Trikitia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

60ko hamarkadako trikiti saio baten grabazioa
Sakontzeko, irakurri: «Eskusoinu txiki» eta «trikiti musika»

Trikitia izena onomatopeia da, panderoaren hotsetik eratorria, elkarrekin jo izan baitira maiz. Soinu txiki ere deitua, akordeoi diatonikoa Norteko burdinbidearekin batera heldu zen Euskal Herrira, Piemonteko langileek Zegamako tunela egiteko lanera etortzean ekarria. Hala ere, 1890 arte ez dago erromeriatan eta herri jaialdietan erabili izanaren lekukotza dokumentalik.

Herritar gazteak dantzara zirikatzeko zuen gaitasunagatik eta gizon-emakumeak elkartzen zituelakoan, apaizek "infernuko hauspoa" deitu zioten, musika tresna horren gaitziritziz. Euskal tradizio eta jatortasunaren ikur bihurtu zen urteen poderioz, eta herri txikietan iraun zuen bizien. 80ko hamarkadan, musika tresnak herrietatik hiri girora eman zuen jauzia: Laja eta Landakanda, Tapia eta Leturia, eta Kepa Junkera nabarmendu behar dira garai horretan. Azken biak arin-arin, fandango eta usadiozko doinuetatik urruntzen hasi ziren, baita beste instrumentu batzuk sartzen ere. 90eko hamarkadan, trikiti eskoletatik ateratako gazteek musika arin eta baikorreko doinuak sortu zituzten. Entzute handia lortu zuten Maixa eta Ixiarrek, Alaitz eta Maiderrek, Iker eta Larraitzek, eta Gozategik.

Txalaparta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Txalaparta»
Jean Mixel Bedaxagar (2009)

Txalaparta perkusiozko euskal musika tresna karakteristikoa da, idiofonoa eta zuzenean kolpatzen dena. Bi euskarriren gainean jarritako zurezko ohol horizontalek osatzen dute[9]. Egur erabilienak haltza, gaztainondoa eta lizarra izan dira. Txalaparta lau makilez jotzen da, txalapartari bakoitzak bi makil dituela. Tradizioaren arabera, jole bat "ttakuna" ("tukutuna" edo "bia") eta bestea "herrena" ("urguna", "pikatzailea" edo "bata"). Lehenengoak oreka edo ordena ezartzen du bigarrenak desoreka sortzen duen bitartean.

Ekitaldi kultural eta politikoetan ere askotan entzuten da. Juan Mari Beltranek, Mikel Laboak, Oskorrik, Hertzainakek, Kepa Junkerak eta beste musikari askok beren instrumentazioan sartu dute, haren soinu bereziak erakarrita. Tradizonalki zurezkoa izan bada ere, txalapartari berritzaileenak harriz eta bestelako materialez egindakoekin esperimentatzen hasi dira. Igor Otxoak eta Harkaitz Martinezek (Oreka Tx), Nomadak Tx film dokumentalean, izotzezko txalaparta bat jotzen dute, Laponiara egindako bidaian.

Ttun-ttuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Ttun-ttun»

Ttun-ttuna Pirinioetako perkusiozko musika tresna kordofonoa da, batez ere Zuberoan jotzen dena. Izena datorkio ateratzen duen hotsetik; hargatik, beste izen batzuk izan ditu aldameneko hizkuntzetan: tambourin basque eta de Béarn (de Gascogne) frantsesez, chicotén aragoieraz, edo psalterium ingelesez. Garai batean Pirinioetan hedaturik izanagatik, tradizioa galtzear izan zen 40 eta 50eko hamarkadan, salbu eta Biarnoko Ossau haranean.

Sei hari izaten ditu, txirularekin bat egiteko afinatuak; izan ere, txirularekin batera jotzen da maizenean. Zuberoako ospakizunen artean, maskaradetan agertzen da. Pierre Bordazarre, 'Etxahun Iruri'k Zuberoako kultura eta musikaren berritzaileak jo ohi zuen, eta gerora erabilera itzaliz joan bazen ere, Jean Mixel Bedaxagarrek eta Mixel Etxekoparrek tradizioa berritu zuten. Etxekoparrek eskola sortu zuen Zuberoan eta handik kanpora ere, eta hura ohikoez kanpoko ikusgarrietan jotzen hasi zen. Euskal lurralde auzoetara hedatu da musika eskolen bitartez.

Musika herrikoia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipagarriak dira, besteak beste, Jose Maria Iparragirre eta Benito Lertxundi abeslariak. Kaxiano akordeoi jotzaileak ere ospe handia hartu zuen. Itsua baitzen.

Musika klasikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko musika klasikoa»

Musikagile handiak eman ditu Euskal Herriak, hala nola Juan Crisostomo Arriaga (Los esclavos felices), Hilarion Eslaba, Aita Donostia, Jose Maria Usanditzaga (Mendi-Mendiyan), Jesus Guridi (Amaya, Diez melodias vascas eta El caserio) eta Francisco Escudero.

Bestela, mundu osoan dira ezagunak Julian Gaiarre, Ainhoa Arteta eta Maria Bayo abeslariak, bai eta Donostiako Orfeoia abesbatza ere.

Musika erlijiosoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sabino Aranak herri doinu bat baliatuz idatzitako Eusko Abendaren Ereserkia, erlijioa eta euskal herria uztartuz
San Nikolas elizako organoa, Iruñea
Biotz Alai abesbatza, kontzertu sakroan

Erlijio katolikoak eragin handia izan du Euskal Herrian. Mendeetan zehar latinez abestu izan da, baita gaztelania edo frantsesez ere, baina azken mendean euskarazko musika ere egin da erlijioari lotuta[10]. Mezan abestea ohikoa da, eta erlijio askori lotuta dago[11], baina katolikoen artean meza egiteko moduak asko urrundu zuen kantua eta herria, bereziki latinez abestutako kantu polifonikoa eta gregorianoa erabiltzen zelako mezan[10]. Barrokoarekin musika sakratuan sofistikazioa izan zen nagusi, eta herria eta meza-kantak urrunduz joan ziren. Pio X.arekin aldaketak egon ziren egoera honetan: alde batetik 1903ko azaroaren 22an, Santa Zeziliaren egunean, musika sakratuaren inguruko Tra le sollecitudini dokumentua kaleratu zuen, mezan berriro ere kantatzea gomendatuz[12][13]. Gomendioari jarraituz, 1928an Gasteizen Musika Sakratuari buruzko Elizaren Kongresu Nazionala antolatu zen[14]. Kongresu honen ondotik hainbat kantu-bilduma hasi ziren ekoizten, eta Gasteizko organo-jotzaileen elkarteak koro berriak bultzatu zituen parrokiatan[10].

Garai honetakoak dira Argia aldizkariko zuzendaria zen Bittor Garitaonandiak argitaratutako Eleiz-abestiak bilduma, Mariano Plana eskolapioak argitaratuta Selección de cantos Religiosos Populares bilduma, latinezko, gaztelaniazko eta euskarazko eliza-abestiekin edo Gabriel Lertxundi benediktarrak Baionan 1948an publikatutako Kantikak[10]. Andima Ibiñagabeitiaren arabera, "Euskal Herrian eliz abestietan egin den libururik ederrena"[15]. 1950ean Bixente Aranburu apaizak Eliz Abesti sorta liburua editatu zuen, latinezko testuak eta gaztelania eta euskarazko abestiak sortuz[10].

Garai honetan ere Elizatik kanpo erabiltzen ziren herri-kantutegian jai ezberdinetan abesti erlijiosoak. Jaietan, Gabonetan, prozesioetan edo santu-eskean ibiltzerakoan ohikoak ziren abestiak[16][17][18]. Oles-kantak deitzen zaie horiei[19] eta Azkuek bere Cancionero Popular Vascon "erronda-abesti" gisa sailkatu zituen. nahiz eta euskaraz "eskalearenak" gisa sailkatzen nahi zituela esan[20].

Vatikanoko II. kontzilioaren ondotik meza latinez ematetik berezko hizkuntzan ematera igaro zen. Horregatik, euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez kantutegi berriak egiteari ekin zion Elizak. Frankismoaren ondorioz, Baionan eman zen lehenengo euskarazko sorrera kontzilioaren ostean, batez ere Belloceko beneditarren aldetik. Lazkaoko beneditarrek, Loiolako jesuitek edo Arantzazuko frantziskotarrek ere izan zuten euren papera, baina diozesiak eskatutako erritmoan aritu ziren[10]. 1965ean Gipuzkoan "Euskal Meza" lehiaketa antolatu zen, tartean Francisco Escudero epaimahai zelarik. Aurkeztutako lanak onak ez zirela iritzita, ez zuten saririk eman, baina Jose Olaizolaren Meza Berri lana mezatan erabiltzea erabaki zuen diozesiak[10][21].

1967an Universa Laus elkarte aurrerakoiak nazioarteko Psalliter Sapienter ikerketa kongresua antolatu zuen Iruñean mezetako erlijio abestien inguruan[22], astebeteko ikerketa saioa. Bertan Carmelo Bernaolak bi obra garrantzitsu aurkeztu zituen, nahiz eta gaztelaniaz abesteko pentsatuak izan[23]. 1968an bigarren lehiaketa bat antolatu zen kantu erlijiosoak euskaraz egiteko[10]. Kasu honetan Euskal Herriko bost diozesiek[oh 1] elkarrekin antolatuta, hogei musikariren lana jaso zuten eta Francisco Escuderoren laguntzarekin batera 1969an euskarazko mezarako melodiak ekoiztu ziren. Bellocen ekoiztutako kantutegiak eskuratzea zaila zenez, eta berri hauek asko erabiltzen hasi zirenez, onenak aukeratu eta Gora Jainkoa! izeneko liburuxka argitaratu zuten[10][24]. 223 abesti jasotzen ziren euskaraz, 10 latinez eta ehun inguru gaztelaniaz. Hurrengo hamarkadetan liburu honen bertsio berriak egin dira, abesti berrituekin eta 1968ko lehiaketako jatorrizko abestiekin[10].

Musika garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Maria Iparragirre eta bere gitarra (1880 inguru)
Ez Dok Amairuko taldekideak Atahualpa Yupanquirekin (1970 inguru)
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko musika garaikidea»

Musika garaikidea deitu izan zaio musikaren aro bati baino gehiagori: egungo musikari zein historiaren aro horrekin gutxi gorabehera bat datorrena. Azken horren haritik, musika garaikideak pizkunde bat izan zuen foruak galdu ziren aldi berean. Une horretan erlijio giroko adituek eta interes berezia zuten pertsona aberatsek euskal tradizioa biltzeari ekin zioten. Herri sorkuntzak eta kantuak dinamismo handia hartu zuten, euskal nortasuna nabarmentzen zituzten gaiak landuz: Iruñeko eta Donostiako Orfeoiak, esate baterako. Zenbait kantuk oihartzun handia hartu zuten, adibidez, "Gernikako arbola", euskal tradizioaren ereserki bihurtuta.

Euskal Herria turismoaren erakargune izatearen ondorioz, XIX. mende amaieran, estilo elitistak ere landu ziren, auzo estatuetako joeren eraginez: zarzuela, opera, ganbera musika. Horretan nabarmendu ziren, esate baterako, Jose Maria Usandizaga, Maurice Ravel, Julian Gaiarre, etab. Aldi berean, herri musika biltzen eta dokumentatzen aritu ziren beste batzuk: Resurreccion Maria Azkue, Aita Donostia, Isidro Ansorena, batzuk aipatzearren. Espainiako Errepublika garaiko esperantzak gerra garaiko eta gerraosteko desolazioari utzi zion bidea; herri musikak, hala ere, bizirik iraun zuen. Francisco Escuderok, Carmelo Bernaolak eta beste egile batzuk giro hits horretan konposatu eta lan egin zuten.

1960 urte inguruan, baina, belaunaldi berriek kementsu heldu zioten euskal musikari mugaz bi aldeetan, Euskal Kantagintza Berriaren mugimenduan, euskal tradizioa eta Euskal Herriaz kanpoko joera modernoak uztartuz. Herri instrumentuak eta kantuak molde berriz ahoratu eta aireratu ziren, eta hiriko bidea hartu. 1980 hasieran, baina, kantautoreei eta folkari Euskal Rock Radikalak hartu zien errelebua, kaleko eta hirietako giroaz blai. Kortatu, Barricada, Hertzainak dira garai honetan talde ezagunenetako batzuk. Pop joerak ere hasi ziren indarra hartzen hirietan.

1990. urtetik aurrera, protesta kantuek eta doinu gogorrek beheraldia izan zuten, eta talde berriak sortu. Trikiti eta txalaparta eskolek fruituak eman zituzten eta, nahasketaren bidez, txalaparta (Hernaniko Txalaparta Eskola), trikitia (Tapia eta Leturia, Kepa Junkera, Tomas San Miguel) eta alboka (Ibon Koteron) sofistikazio handiagoko material eta doinuekin indarberrituta itzuli ziren. Aldi berean, gazteek espezializazioan sakondu zuten, eta gaztetxeek babes handia eman zieten abeslari berriei. Gainera, erakunde publikoek bultzatutako kultur etxeak auzoetan txertatu ziren, eta tokiko sortzaileei eta taldeei lagundu zieten. 2000. urtearen bueltan, kontzertu handiek gero eta protagonismo handiagoa hartu zuten.

Musika-industria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diskoetxeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musika aretoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musika hedabideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bizkaian, Miguel Salaberria eta Antonio Linaza. Nafarroan, Basilio Sarobe eta Karmelo Erdozain. Baionan, Pierre Andioazabal eta François Lopepe. Araban, Sabin Salaberri. Gipuzkoan, Jose Maria Zapirain eta Andoni Azkue.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Alboka - Auñamendi Eusko Entziklopedia http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/alboka/ar-8158-6051/. Noiz kontsultatua: 2018-02-07 .
  2.   Juan Mari, Beltran Alboka - Auñamendi Eusko Entziklopedia http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/alboka/ar-8158-123275/. Noiz kontsultatua: 2018-02-07 .
  3.   Alboka - Auñamendi Eusko Entziklopedia http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/alboka/ar-8158-123275/. Noiz kontsultatua: 2018-02-07 .
  4. (Ingelesez)  «Basque music» Basque at the University of Illinois at Urbana-Champaign 2017-04-30 https://basqueuiuc.wordpress.com/2017/04/30/basque-music/. Noiz kontsultatua: 2018-02-07 .
  5.   «El Txistu y los Txistularis» www.txistulari.com http://www.txistulari.com/contenidos/musikologia/tx_tx-4-cas.htm. Noiz kontsultatua: 2018-02-27 .
  6.   «El Txistu y los Txistularis» www.txistulari.com http://www.txistulari.com/contenidos/musikologia/tx_tx-4-cas.htm. Noiz kontsultatua: 2018-02-27 .
  7.   «El Txistu y los Txistularis» www.txistulari.com http://www.txistulari.com/contenidos/musikologia/tx_tx-4-cas.htm. Noiz kontsultatua: 2018-02-27 .
  8.   «Juan Mari Beltran | Estacion Tierra Mondomix | Musicas del Mundo» www.estaciontierra.com http://www.estaciontierra.com/artistas/artista.php?id=125. Noiz kontsultatua: 2018-02-09 .
  9.   Mari., Beltrán, Juan (2009) Txalaparta Editorial Nerea ISBN 9788496431485 PMC 503049707 https://www.worldcat.org/oclc/503049707 .
  10. a b c d e f g h i j   «Cantos religiosos populares» Canción popular vasca ISBN 8488960697 http://www.etorkultura.com/capitulos/13-EE-T10c1.pdf .
  11. (Gaztelaniaz)  «El canto y la música en la Liturgia» Catholic.net http://es.catholic.net/op/articulos/13794/cat/591/el-canto-y-la-musica-en-la-liturgia.html. Noiz kontsultatua: 2018-02-05 .
  12.   Tra le sollecitudini (22 novembre 1903) | PIO X http://w2.vatican.va/content/pius-x/it/motu_proprio/documents/hf_p-x_motu-proprio_19031122_sollecitudini.html. Noiz kontsultatua: 2018-02-05 .
  13. (Gaztelaniaz)  Otaño, Nemesio (1912) La Música religiosa y la legislación eclesiástica: principales documentos de la Santa Sede desde León IV (siglo IX) hasta nuestros días acerca de la música sagrada y las conclusiones de los congresos españoles Musical Emporium https://books.google.es/books/about/La_M%C3%BAsica_religiosa_y_la_legislaci%C3%B3n_e.html?id=I8S3MwEACAAJ&redir_esc=y. Noiz kontsultatua: 2018-02-07 .
  14.   Cronica del IV Congreso Nacional de Música Sagrada : celebrado en Vitoria del 19 al 22 de noviembre de 1928 - Libro - 1930 http://bdh.bne.es/bnesearch/biblioteca/Cronica%20del%20IV%20Congreso%20Nacional%20de%20M%C3%BAsica%20Sagrada%20%20%20%20:%20celebrado%20en%20Vitoria%20del%2019%20al%2022%20de%20noviembre%20de%201928%20/qls/bdh0000073421;jsessionid=E92D1C49DF3C00FBB3F28E3143D082B3. Noiz kontsultatua: 2018-02-05 .
  15.   Andima, Ibiñagabeitia Kantikak Euzko Gogoa http://kritikak.armiarma.eus/?p=3740. Noiz kontsultatua: 2018-02-05 .
  16.   Gabon-kantak; Santa Ageda - Ahotsak.eus https://ahotsak.eus/aretxabaleta/pasarteak/are-015-006/. Noiz kontsultatua: 2018-02-05 .
  17.   San Roke, Santa Ageda eta inauteriak - Ahotsak.eus https://ahotsak.eus/elgeta/pasarteak/elg-019-020/. Noiz kontsultatua: 2018-02-05 .
  18.   Kandelerio eta San Blas - Ahotsak.eus https://ahotsak.eus/markina_xemein/pasarteak/mar-015-029/. Noiz kontsultatua: 2018-02-05 .
  19.   Zubero, Abel Ariznabarreta; Alberdi, Juan Mari Arrizabalaga (1987) «Oles kantak: Santa Ageda bezpera Zeberion» KOBIE: antropologia cultural (2) ISSN 0214-7971 http://www.inguma.eus/produkzioa/ikusi/oles-kantak-santa-ageda-bezpera-zeberion. Noiz kontsultatua: 2018-02-05 .
  20.   de., Azkue Aberásturi, Resurrección María (2013-07-23) Cancionero popular vasco / de Resurrección Ma. de Azkue y dedicado a su amigo D. Ramón de la Sota y LLano. http://www.liburuklik.euskadi.eus/handle/10771/24617. Noiz kontsultatua: 2018-02-05 .
  21.   Olaizola Gabarain, José - Auñamendi Eusko Entziklopedia http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/olaizola-gabarain-jose/ar-116337/. Noiz kontsultatua: 2018-02-05 .
  22.   Hermosilla Vives, Patricio (December 2007) «Cuadernos de Música Iberoamericana» Revista musical chilena (208): 82–86 doi:10.4067/s0716-27902007000200004 ISSN 0716-2790 https://scielo.conicyt.cl/scielo.php?script=sci_abstract&pid=S0716-27902007000200004&lng=en&nrm=iso&tlng=en. Noiz kontsultatua: 2018-02-07 .
  23. (Gaztelaniaz)  Vallina, Daniel Moro (2011) «La música religiosa del compositor Carmelo A. Bernaola. Consideraciones a la luz de la reforma conciliar» Musiker: cuadernos de música (18) ISSN 1137-4470 https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=4146571. Noiz kontsultatua: 2018-02-07 .
  24.   Gora Jainkoa! 2 (2a. ed. argitaraldia) Euskalerriko Liturgi-Baztordea 1995 ISBN 9788430006526 https://www.worldcat.org/oclc/435926468 .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Misc.png
Wikiproiektu bat abian da
Euskal Herriko musika gaiari buruz.