Akelarre (musika taldea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Akelarre
Datuak
Jatorria Soraluze (Gipuzkoa)
Musika mota rock
Urteak 1972-2005
Produkzioa
Diskoetxea(k) Xoxoa, IZ, Elkar,
autoekoizpena,
Soar eta Abar
Taldekideak
ugari
Lehengo taldekideak

Akelarre Euskal Herriko plaza talderik arrakastatsuena izan da, Egan-ekin batera. 33 urteko ibilbidea egin zuen (1972-2005), herriz herri jaietako gauak alaitzen, euskara hutsezko emanaldiak eskaintzen eta kantu gogoangarriak sortzen. Hamabost disko argitaratu zituen, eta abeslari eta musikari ezagun eta bikain ugari igaro ziren taldetik: Anje Duhalde, Jose Alberto Batiz, Pako Diaz, Aitor Amezaga, Jexuxmai Lopetegi eta abar 2005ean egin zuen azken emanaldia, Hernaniko Oialume dantzalekuan, taldekide izandako guztien parte-hartzearekin. Hala ere, 2009an itzuli zen zenbait kontzertu emateko.

Taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akelarre 1973an sortu zen, Soraluzen (Gipuzkoa), 1966an lehen pausoak ematen hasitako Los Mansos taldean ibilitako musikariak eta Iñaki Arriaran abeslaria batu zirenean. Ramon Aranzasti (baxua), Juan Luis Ibarzabal (teklatua), Jose Cambronero (gitarra), Iñaki Arriaran (ahotsa), Jose Antonio Ruiz (biolina) eta Ramon Pia (bateria) izan ziren Akelarreko hasierako taldekideak. Geroago, Jose Rodriguez Pepito sartu zen taldean, Cambroneroren ordez; 1974an, Juan Markox Juaristik Aranzastiren lekua hartu zuen; eta 1975ean, Xabier Madina jarri zen kantari. Izena aldatzearekin batera, gaztelaniaz edota ingelesez abestearekin batera tarteka euskaraz egiten hasi zen taldea, eta, azkenik, euskara hutsezko errepertorioaren alde egin zuen. Urrats hori egiten lehenengoetarikoa izan zen Akelarre. "Euskaraz soilik egitea garai hartan harriak gerorren etxera botatzea zen", Juaristiren hitzetan (1). Juaristi eta Pako Diaz bateria jotzailea dira Akelarreren disko guztietan parte hartu zuten musikari bakarrak. Diaz 1980an sartu zen taldean, Iñaki Goikoetxea gitarristarekin batera, eta urte hartan bertan grabatu zuen Akelarrek bere lehen diskoa, Asfaltuko lorea (Xoxoa). Ziklo baten amaiera ekarri zuen lehen grabazio hark. "Maria marikita" kantuak arrakasta handia lortu zuen 1980ko Bilboko jaietan.

Hurrengo urtean, Anje Duhalde abeslaria (Errobi) eta Aitor Amezaga teklatu jotzailea (Estitxu, Gernika, Enbor) sartu ziren taldean, eta Akelarreren musikak rockaren aldera egin zuen. Musikari gisa kalitatezko lana egiteari eta kantuak sortzeari eman zion lehentasuna, tarteka atzerriko taldeen kantuak euskaratu arren (The Kinks, Poco, Kenny Loggins...). Anje Duhalderekin bi disko grabatu zituen, Gau pasa (IZ, 1982) eta Ari gara (IZ, 1984), zeinetan Akelarreren kantu ezagunenetako batzuk dauden: "Akelarre", "Goizero", "Eperra" eta "Hotel California", The Eagles taldearen kantu ospetsuaren moldaketa. Azken hori zuzenekoetan bakarrik jotzeko sortu zuten, baina jendeak eskatuta diskoan grabatzea erabaki zuten taldekideek, nahikoa eztabaidatu ondoren. "Batzuk ez genuen egokia ikusten bertsioak sartzea diskoan; beste batzuek, bai (...) Gure artean asko eztabaidatu ondoren, hitzak ere interesgarriak zirela ikusita, sartzea erabaki genuen, baina euskal erara, alegia, leloetan jatorrizkoaren falseteak kenduz eta tonu apalago batean abestuz", azaldu du Juaristik (2). Kantu horregatik ezagutu zuten askok taldea, eta zaleen kutunenetariko bat izaten jarraitu zuen taldea desegin arte.

Euskal Herrian, bai dantzaldietan bai rock kontzertuetan, ezohikoak ziren kalitatezko soinu eta argi tresnak erabiltzen hasi zen Akelarre, eta jende multzo handiak erakartzen emanaldietara. Urtean 160-200 emanaldi eskaintzen zituen 1980ko hamarkadako lehen urteetan, eta salmenta kopuru politak lortzen zituen. Taldearen garairik gozoena izan zen.

Musikari aldaketak etengabeak izan ziren Akelarreren ibilbidean, eta 1985ean Anje Duhaldek taldea utzi zuen bakarkako bideari ekiteko. Bi kide berri hartu zituen Akelarrek: Jexuxmai Lopetegi abeslari zarauztarra (Sasi taldean ibilitakoa) eta Jose Alberto Batiz gitarra jotzaile gernikarra (gerora Tapia eta Leturia Band, Fito y los Fitipaldis eta Gatibu taldeetan ibilitakoa, besteak beste). Bien artean sortu zituzten hurrengo bi diskoetako kantu gehienak, Mari(IZ, 1985) eta Rockzale (IZ, 1986). Akelarreren plazarik kutunenetako batean, Usurbilen (Gipuzkoa), grabatu zuen zuzeneko lehen diskoa, Gauero zuzenean (IZ, 1987), aurreko lanetako kantu arrakastatsuenak bilduz, eta baita berriren bat aurkeztu ere.

Plaza taldeen garai onenak ziren jendetza bildu eta dantzan jartzeari zegokionez, eta Akelarre ur gaineko aparretan zegoen. 1990eko hamarkadan mugimendu horrek guztiak behera egin zuen, eta Akelarrek ere nabari zuen motelaldia. Joera berriak nagusitu ziren dantzaldietan, irratietan gehien entzuten ziren kantu komertzialak jotzea kasu, baina Akelarrek bereari eutsi zion. "Akelarrek ez du sekula egin jendeak eskatzen duena, beti berak nahi izan duena egin izan du. Hori da beste taldeetatik bereizten gaituena (...) Gu arrakasta hori galtzen ari gara bide bat eramateagatik. Denek egiten dutena egitea erraza da " (1). Dantzaldiekin batera rock jaialdien bidea jorratzeko saioa egin zuen taldeak. Galizian, Katalunian eta Frantzian kontzertu batzuk eskaini zituen 1990eko hamarkadaren hastapenetan, baina plaza emanaldietatik atera zuen bizimodua.

1990eko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elkar diskoetxearentzat hiru disko grabatu ondoren, 7-90 (1990), Akerraldian (1991) eta Hator (diskoa)|Hator]] (1993), autoekoizpenaren bidea hartu zuen Herrikoiak (1994) lanarekin, eta hurrengo diskoak argitaratzeko Soar eta Abar diskoetxea sortu zuen. Ordurako Patrice Dumora "Watson" lapurtarra zen taldeko abeslari berria, Lopetegiren ordez. Gazteok taldeko abeslari ohia zen Dumora, eta bera arduratu zen, Xabier Lorente-Darracq musikari eta diseinatzaile grafiko miarriztarrarekin batera,Torkemada (SEA, 1995) diskoko kantu gehienak egiteaz, horien artean "1, 2, 3, 4 ispiluen aurrean" entzutetsua. Horren aurretik ordea, zuzeneko kasete bat jarri zuten kalean, hainbat emanalditan grabatua, jarraitzaileen eskaerari erantzuteko.

1997an Xanet Arozena gitarra jotzaileak Edu Cruz ordezkatu zuen, haize freskoa sartu zen taldean eta berriz ere zuzeneko disko bat grabatzea erabaki zuten. 13? (SEA, 1997), Hernaniko (Gipuzkoa) Oialume dantzalekuan grabatu zuten. Hamalau kantuetatik sei berriak ziren. Torkemada-k izandako harrera ona ikusita, Bertako intxaurrak ere diskoan (SEA, 1999) jarraitu zuen Lorente-Darracqen eta Dumoraren arteko elkarlanak, eta Xanet Arozena konpositore gisa estreinatu zen.

Gorria (SEA, 2001) izan zen Akelarreren azken estudioko lana, berriz ere eraberrituriko formazio batekin grabatuta. Juanpa Agirre (ahotsa) eta Xabi Zubeldia (akordeoia eta teklatuak) izan ziren taldera biltzen azkenak. Urtean emanaldi ugari eskaintzen jarraitu arren, 2004an Akelarreri azkena ematea erabaki zuten. Abenduaren 25ean eskaini zuen azken dantzaldia, Aian (Gipuzkoa), baina agur esateko kontzertu berezi bat eman zuen 2005eko urtarrilaren 21ean, Oialume dantzalekuan. Bertan bildu ziren 33 urteko ibilbidean Akelarreren parte izandako abeslari eta musikari guztiak, Xabier Madina eta Joxe Alberto Batiz izan ezik, eta garai guztietako kantu esanguratsuenak jo zituzten azkenengo aldiz. Gau hartan gertatutakoa jasotzen du Akelarre 1972-2005 zuzenean (Elkar, 2005) CD-DVDak.

2009ko uztailaren 30ean zuzenekoetara itzuli zen taldea, Azpeitian (Gipuzkoa). Kontzertu gutxi batzuk emateko elkartu ziren zortzi taldekide: Markos Juaristi, Pako Diaz, Juanma Labandibar, Edu Cruz, Patrice Dumora, Xabi Zubeldia, Juanpa Agirre eta Xanet Arozena.

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]