Aldare taurobolikoa
Aldare taurobolikoa harrizko monumentu bat da, taurobolio (zezenaren sakrifizioa) izeneko sakrifizio bat oroitzeko erabiltzen dena, Zibele jainkosaren eta Atis jainkoaren omenez egiten dena; zezen bat, batzuetan ahari bat, sakrifikatzean datza (sakrifizioari kriobole deitzen zaio).
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aldare taurobolikoa paralelepipedo forma duen harrizko blokea da. Oro har, moldurak izaten ditu oinarrian eta goiko partea landuta du, erlaitz bat eta bestelako dekorazio-elementuren batek osatua; azken burko hori frontoi itxurako pieza bat izan daiteke. Neurriak aldakorrak dira, eta altuera metro eta erdira irits daiteke. Harriaren izaera aldatu egiten da eskualdearen arabera, kareharria, marmol zuria (Lectoure) edo granitoa (Texongoa). Aurpegi nagusian, sakrifizioaren onuraduna eta emailea, apaizaren izena eta abar adierazten dituen testua dago grabatuta. Alboetako aurpegietan behe-erliebean zizelkatuta agertzen dira, ia beti zerrendekin (infulae), animalia sakrifikatuek (zezena, aharia), objektu liturgikoek, harpè bat (aberea akabatzeko labanaren antzekoa, punta konkortuta duena), labana, zuzia, patera. Atisen gurtzari lotuak ere ager daitezke: enborra, adarra, pinu-sagarra. Ez zuen balio sakrifizio-aldare gisa, zenbaitek hori uste izan duten arren, eta, beraz, ez zuen inolako paperik betetzen sakrifizioan bertan, gero egiten baitze, oroitzapenezko gisa.
Sakrifizioa babesleak diren pertsonen alde ematen da, baina enperadorearentzat izan daitezke, osasunagatik: Lyongo aldare taurobolikoa Antonino Pio enperadoreari eskainita dago; Lectouren, Erromatar garaiko Lactora hirian, lactorateen errepublikak aldare tauroboliko bat eskaintzen du “familia inperialaren salbaziorako”.
Idazkunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aldareen inskripzioetan, xehetasun gehiagorekin edo gutxiagorekin, honako elementu hauek aipatzen dira:
- Jainkosaren izena, oro har, laburki: M(atri) D(eum) I(daeae) edo MATRIS DM ID (Idaeatar jainkoen amari); S(acrum) M(ater) D(eum), (Jainkoen ama sakratua), M(agna) M(ater) D(eum) (Jainkoen ama handia).
- Sakrifizioaren aipamena, taurobolium-a (batzuetan tauropolium), batzuetan criobolium-a[oh 2] (edo biak); aditza da edo fecit (X-k taurobolioa “egin” zuen) edo accepit (Xk taurobolioa “jaso” zuen); aditza aldatzeak, Robert Turcan-en arabera, sakrifizioaren praktika ezberdina ekar dezake.[2] Batzuetan vires-ak aipatzen dira, zeintzuk, oro har, animalia sakrifikatuaren barrabilak direla uste baita:
- Sakrifizioaren jasotzailea edo jasotzaileak, pertsona pribatua (oro har, babeslea bera), pertsona ospetsuak (enperadorea, familia inperiala);
- Sakrifizioa agindu duena, pertsona pribatua edo komunitatea izan daitekeena;
- Apaiz ospatzailea (sacerdos);
- Batzuetan, tibia jotzailea aipatzen da; tibia bi hodi dituen txirula zeremoniala da;
- Testu luzeetan, parte-hartzaileen beste aipamen batzuk ager daitezke: galoak (Zibele-Atis kultuaren apaiz mota bat) , Archigallus, dendrophorumak;
- Azkenik, agintzean zegon enperadorea, urteko kontsula, sakrifizioaren data.
Apaingarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Behe-erliebean zizelkatutako apaingarri nagusiek gurtzako elementuak irudikatzen dituzte, giza irudikapenak izan ezik. Batez ere, hauek dira:
- Hildako animaliaren burua, kasu gehienetan zezen bat (taurobolerako), adarrak zerrendaz (vittus) edo zintzilik dagoen perlazko iduneko batez (infulaue) inguratuta izaten ditu. Edo ahari-buru bat (kriobolio baterako); biak batera ager daitezke aldare berean.
- Pinu bat, Attisen sinboloa, edo pinu-sagar bat; pinua, moztua eta zerrendaz inguratua, dendroforoek garraiatzen zutena.
- txano frigiarra;
- gurtzako objektuak:
- enokoe, ardoarentzako pitxer mota;
- urceus[oh 3], pegarra edo buztinezko pitxerra, ur bedeinkatua eramateko;[3]
- patera sinplea edo kirtenduna;
- cista (ontzi itxi edo kutxa bat da, gauzak gordetzeko. Kultuetan, batez ere kultu misterikoetan, objektu sakratuak gordetzeko erabiltzen zen eta ontzia bera sakratutzat zuten.)
- pedum heldulekua bihurritua duen artzainen makila, autoritate liturgikoaren ikurra bihurtu zen, geroago erabiliko ziren apezpikuaren makuluaren antzera; txirula bihurritu batekin nahas daiteke;
- aspergillum-a (isipua), makil motz bat zen, biktimaren gainean, ura botatzeko. Erromatar kultu tradizionaletan muturrean zaldi ilea zuen,[4] ilea busti eta horrekin ur tantak bota zitezkeen;
- Hiltzeko ganibeta (harpè), zati batean, igitai forma duen labana; bi harpe mota daude: punta igitai forma duena eta, beste bate, xaflan igitai-itxurako kako bat duena, orriaren erdian edo kokatua, biktimaren zauria handitzeko;
- tympanum-a;
- txindatak;
- tibia, txirula, (badirudi tibia jotzaileak zeremonian paper garrantzitsua jokatzen duela). Tibia, berez, bakoitia edo bikoitza izan zitekeen.[5]
Zibele eta Atisen kultuarekin lotutako festek musika tresna asko eta zaratatsuak eskatzen zituzten.
-
Lyonen aurkitutako aldare tauroboliko baten marrazkia. Eskuineko aurpegian, harpé labana ondo ikusten da..
-
Urceus baten irudia erromatar mosaiko batean.
-
Zibeleren irudian, jainkosak tympanum-a heltzen du ezkerreko eskuaz
-
Ponpeian aurkitutako brontzezko erromatar garaiko txindatak.
Musika tresnek, Zibele eta Atisen gurtzan musikak zuen garrantzia islatzen dute. Apainketa oparoa eta inskripzioa duten aldare taurobolitiko askotan, musika-tresnak eta musikarien aipamen epigrafikoak (tibia jolea) dituzte, Lectoure-koetan izan ezik.[6]
Banaketa geografikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez dirudi animaliak, zezena edo aharia, hil direnik Zibeleren gurtzaren jaiotza lekuan (Anatolia); nolanahi ere, ez dute monumentu berezirik utzi. Taurobolioak eta kriobolioak Erroman gurtza sartzearekin batera agertu ziren. Hurrengo zerrendak gordetzen diren aldare nagusiak biltzen ditu, eta ezin da zehatza eta mugatzailea izan. Zenbaketa zehatza zaildu egiten da aldare asko puskatuta daudelako edo identifikaezinak direlako (batez ere erregistrorik ez daramatenak) Zibele eta Atis-ekiko kultuekin lotutako monumentu askoren artean. Corpus Cultus Cybelae Attidisque 1977 eta 1989 urteen artean sortu zen, eta mota horretako objektuen errolda bat jaso zuen.
Franck Delage-k, Emile Esperandieu-ren Erromatar Galiako behe-erliebeen, estatuen eta bustoen Bilduma Orokorrean oinarrituta, 25 taurobolio zerrendatu zituen Galia osorako. Gaur egun oso gaindituta dago zenbaki hori, eta Louis Richard 71 deskribatu ditu.[7]
Italia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erroman, kultu frigiarren gune nagusia Vatikanoko muinoan zegoen. Tenplua IV. mendean suntsitu zuten. 1618an, Paulo V.ak San Petri basilikako fatxada eraiki zuenean, apurtutako aldare tauroboliko ugari aurkitu ziren.[oh 4] Inskripzioak, funtsean, Grazianoren agintaldikoak ziren. Gaur egun, hamabost bat aldare daude Erroman.[8]
1919an San Pedro plazatik gertu aurkitutako aldare batek, grezierazko inskripzioarekin, zezenaren eta ahariaren sakrifizio bat aipatzen du, hartzaileari «hogeita zortzi urte baketsu» egozten dizkiona.[9] Hasieran Letrango Museoan jarri zuten, baina gaur egun Vatikanoko Museoen[10] erreserbetan dago.
Iberiar penintsula
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kordoban bi aldare aipatzen dira:
- M. J. Vermaseren, Corpus Cultus Cibelae Attidisque, V. liburukian, Cordoban aurkitu ziren hiru aldare aipatzen dira : 175 zenbakiduna, 176 eta 177.[11] 175.a ardi edo ahari burua du erliebean
- Cordoban aurkitutako beste aldare zati bat , taurobolikoa da José Beltrán Fortes adituarentzat.[12]
- Meridan (Emerita Augusta) aurkitutako aldare krioboliko bat dago MANen (CCCA, V, 186; MAN 16514).[13][14] Medellinen ( Colonia Metellinensis) beste bat aurkitu zen XVI. mendean (CCCA, V, 187)
Espainian aurkitutako aldareek taurobolium hitza erabiltzen dute maiz.
Portugalen, Faro (Ossonoba, CCCA, V, 181) eta Belémen aurkitutakoak (CCCA V, 182), aldare kriobolikoak baino ez dituzte gordetzen. Conimbrigan agertu zen aldare zatiak (CCCA, V, 189) oso informazio gutxi ematen dute eta Zibeleren kultuarekin lotuta daudela ezin da ziurtatu.[15]
Nafarroa Garaia, Araba eta Zaragoza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Badirudi Ebro bailarako eskualde horretan bereziki ugariak direla taurobolioak, eskualde erlatiboki txiki batean mota honetako aldare asko agertu baitira, nahiz eta ez diren beste lekuetan bazian aberatsak eta ez dute horren apainketa oparoa.
Araba, Nafarroa eta Zaragoza probintzietan aurkitu diren aldareak hauek dira: Zaragozako probintzian, lau aldare Zaragozako Ejea de los Caballeros udalerriko Farasdués[16] herrian, bat in situ agertu zena, Uncastillon (Los Bañales aztarnategiko bi bloke)[17], Sausen, Sause udalerriko Mamillas herrian, Cinco Villaseko Sofuentesen eta Layana-Sádaba. Ikerlari guztiek ez dituzte horiek denak aldare moduan interpretatzen, baina denek dute zezen-burua irudikatua erliebearen bidez. Nafarroan agertu dira Eslaban, Gallipentzun[18] eta Arellanoko villan[19] [20] eta Artaxoan[21]. Araban, Amurrion agertu da bat, Elexazarreko aztarnategian.
-
Arellanon dagoen Musen villa erromatarrean aurkitu zen bi aldareetako bat.
-
Amurrioko Elexazarreko aztarnategien aurkitutako aldare taurobolikoa.
Frantzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun kontserbatzen diren aldare taurobolitikoek gurtzarako leku nagusiak gutxi gorabehera kokatzeko aukera ematen dute. Frantzian, erromatarren okupazio eremuetan kokatzen dira gehienbat, Proventzan, Lyonen eta Rodano haranean, Galia Narbonensisean eta Akitanian. Aldare taurobolitikoen bildumarik garrantzitsuena Lectoure-koa da, antzinatean, Lactora zena. Hogei aldarerekin, Frantzian kontserbatutako aldareen erdia baino zertxobait gutxiago gorde ditu. Zazpi aldarerekin, Die udalerriak (Dea Augusta Vocontiorum kolonia) Narbonensis probintziako bilduma garrantzitsuena eman du.
Akitania
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bordele (Gironda), Akitaniako Museoa: Valeria Iullina eta Iulia Sanctaren aldarea (CIL XIII 573); Sulpicius Tertiusen alaba zen Sulpicia Albaren aldarea.
- Perigueux (Dordoina), Vesunna museo galo-erromatarra, Lucius Pomponius Paternus-ek "Jainkoen Amari eta Numma inperialei" egindako aldarea (CIL XIII 11042).[oh 5]
- Lectoure (Gers), 20 aldare kontserbatu dira (berez, 22 aurkitu ziren hasieran), hiru zeremonia handiri dagozkienak K.o. 176, 239 eta 241. urtekoak Lectoureko Eugène Camoreyt Museoa, 1540an aurkitua eta «bilduma publiko» gisa.
Galia Narbonensea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Narbona (Aude), museo arkeologikoa: bederatzi aldare tauroboliko eta aldare-zatiak aurkitu eta erreferentziatu zituzten; hainbat galdu egin ziren.[22]
- Saintes-Maries-de-la-Mer herriko elizako kriptan, Mitraren gurtzari lotutako aldare tauroboliko bat dago. "Hiru Amen" gurtzari dedikatutako eta "Junoiei" eskainita dagoelnaen idazkuna duen aldare baten beste bi zatirekin batera, “Mari santuen burukoak” multzoa osatzen dute.
- Lyon (Rodano), aldare garrantzitsua, Fourvière-ko museo galo-erromatarra, K.o. 160. Beste lau aldare oso eta zati bat ere badaude museo horretan.
- Chateaubourg (Ardèche), XVII. kristaututako aldare taurobolikoa, elizan.
- Tain-l’Hermitage (Drôme), K.o. 184ko aldarea taurobolikoaren kopia berria. Aurpegi nagusian, behe-erliebean, zezen burua eta dedikazio testua.
- Valence (Drôme), Châteauneuf-sur-Isère-n 1786an aurkitutako aldarea; Valencen aurkitutako aldarea (goiko aldea), Place des Ormeaux, 1863an (CIL XII, 1745), Valenceko Arte Ederren Museoa.
- Die (Drôme), Die edo inguruan aurkitutako zazpi aldare.[23] Hiru Dieko Museoan[oh 6] daude. Beste bat epaitegiaren fatxadan dago, bi bilduma pribatuetan daude eta zazpigarrena XVIII. mendean desagertu zen. Guztiak II. eta III. mende amaierakoak dira; desagertutako aldareak Dieko zeremonia bat aipatzen zuen, Filipo Arabiarra enperadorearen omenez eta Valenceko, Alba Helviorumeko eta Orangeko apaizen aurrean.[24] Gainerako seiek berezitasun bat dute: aldarearen alde nagusian elkartuta, zezen buru bat eta ahari bat dituzte.
- Le Pouzin (Ardèche), III. mendeko [25] aldare zati bat (altuera: 36 cm), 1950ean aurkitua. Zezen buru bat darama inskripzio baten gainean.
- Caveirac (Gard), aldare bat udaletxearen sarreran.
- Avignon (Vaucluse), Calvet museoa: Caderoussen aurkitutako aldare bat, Orangetik gertu.
- Vence (Itsas Alpeak), katedralaren fatxadan dagoen aldarea (CIL XII, 1).
- Ríez (Proventza Garaiko Alpeak) Museo lapidarioan. 1616an aurkitu zuten, K.o. II. mendearen bigarren erdikoa. Iturri baten oinarri gisa erabili zuten, 1824an Museo lapidariora eraman aurretik[oh 7][26]. Aldarea Lucius Decimus Pacatus eta bere emazte Coelia Secundinarentzat eskainia da. Errematea falta da. Alboetako aurpegiak, zezen buru batekin, ahari buru batekin eta pinu sagar batekin onartuta daude (CIL XII, 357). Bigarren aldare bat ere badago (CIL XII, 358).
- Porquerollesen, Hyèresetik gertu (Var), 2004an aurkitu zuten, oso degradatua; atzeko aurpegian, zezen eta ahari buruak ditu.[27]
Galia zeltika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Mont-Dol (Mont-Saint-Michel badia) Ille-et-Vilaine, 1778an Rever abadeak, Chateaubriandeko irakasleak, aurkitutako aldare taurobolikoak
- Poitiers (Viena), aldare baten zatiak, Musée Sainte-Croix museoa[28].
- Flavignac (Vienne Garaia), granitozko aldare bat Texongo elizaren aurrean. Aurpegi batean jarrita, hildakoen harri gisa erabiltzen zuten elizaren sarreraren aurrean: hilkutxa han uzten zuten hileta-elizkizuna baino lehen. Bere aurpegi nagusiak hainbat ikur daramatza, baina inskripzio bat bera ere ez dago ikusgai.
- Metz (Divodurum Medio-Matricorum), Zibeleren gurtza lekua, 1886an aurkitutako aldarea (CIL XIII 11352), museo arkeologikoan (Musée de la cour d'or).
- Vesoul (Saona Garaia): aldare bat (CIL XIII, 5451)
Grezia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Atenas, Arkeologia Museo Nazionala: bi aldare tauroboliko, Phlya (gaur egun Chalándri, Atenaseko metropoli eremuan) gunetik ekarriak, IV. mendearen amaieran.[oh 8]
Aljeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Zana (Aljeriako ipar ekialdean, Numidia erromatar probintzian), aldarea (taurobolikoa eta kriobolikoa)[29]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Zibele eta Attisen zeremoniatan parte hartzen zuten liturgiaburu bata da, Attisen gorpua irudikatzen duen pinua eramateaz ardura zuena.
- ↑ Taurobolium-a zezen baten sakrifizioa da eta Criobolium-a, (euskaratua kriobolio izan daitekeena) ahari baten sakrifikatzea da.
- ↑ Antzinako pitxer erromatarra, sakrifizioetan erabiltzen zen helduleku batekin.
- ↑ « On trouva, dans une fosse profonde, un amas considérable de débris qu’on y avait jetés après les avoir soigneusement brisés et martelés. Ils provenaient d’autels érigés en cet endroit pour conserver le souvenir de sacrifices tauroboliques », Gaston Boissier, La fin du paganisme, livre 6 chapitre 1, Paris, Hachette, 1891.
- ↑ Vesunna, musée de Périgueux.
- ↑ Musée de Die et du Diois
- ↑ Museo lapidarioa Riezeko baptisterioa paleokristatuan egin zuten. Baptistère de Riez (04). Visite du musée lapidaire
- ↑ Musée national archéologique, Athènes.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «A Dictionary of Greek and Roman Antiquities (1890), CISTA» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2024-09-28).
- ↑ (Frantsesez) Turcan, Robert. (1992. 2. arg.). Les cultes orientaux dans le monde romain. Paris, Les Belles Lettres, bild. « Histoire », 397 or. ISBN 9782251380018..
- ↑ (Ingelesez) «Sacrificial Implements» Forum Ancient Coins.
- ↑ (Ingelesez) «Aspergillum» Forum of Ancient cooins.
- ↑ (Gaztelaniaz) Moliné, Miguel. (2011-10-28). «Representación de Obras (I)» Artehistoria (Noiz kontsultatua: 2024-10-02).
- ↑ Christophe Vendries, Pour les oreilles de Cybèle : images plurielles de la musique sur les autels tauroboliques de la Gaule romaine, in Pierre Brulé et Christophe Vendries (dir.), Chanter les dieux, Presses universitaires de Rennes, Rennes, 2001, ISBN 9782868475985 .
- ↑ Louis Richard, L’autel taurobolique de Texon (Haute-Vienne), in Revue archéologique du Centre, année 1967, vol. 4, N° 2,p. 101-118 (note n°50, p. 115) Persée.
- ↑ Guarducci, Margherita (1979) Phrygianum del Vaticano, in La soteriologia dei culte orientale nell’imperio romano, colloque international, Rome, 1979, Leiden, E. J. Brill, 1982.
- ↑ Cumont, Franz. (1923). «Découverte d'un autel taurobolique à Rome» Comptes rendus des séances de l'Académie des Inscriptions et Belles-Lettres 67 (3): 253–255. doi: . (Noiz kontsultatua: 2024-10-01).
- ↑ Guarducci, Margherita (1982) "L’interruzione dei culti nel Phrygianum del Vaticano durante il IV secolo d.Cr.", La soteriologia dei culti orientali nell'Impero Romano, 109–122 or. DOI: https://doi.org/10.1163/9789004295704_006
- ↑ Vermaseren, M. J. (1986). Corpus Cultus Cibelae Attidisque, V, 176.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Red Digital de Colecciones de Museos de España - Museos» ceres.mcu.es (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Red Digital de Colecciones de Museos de España - Museos» ceres.mcu.es (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) Tradición y Modernidad. Patrimonio en fermenino. (Museo Arqueológico Nacional).
- ↑ (Gaztelaniaz) «FC1.08.01. Fragmentos de un ara inscrita de Coimbra.» Mater Magna y Atis en Hispania (Noiz kontsultatua: 2024-10-02).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Zaragozako museoa. 27786 inbentario zk.» Red Digital de Colecciones de Museos de España - Museos. ceres.mcu.es (Noiz kontsultatua: 2024-10-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) Marco Simón, Francisco. (1997). «¿Taurobolios vascónicos? La vitalidad pagana en la Tarraconense durante la segunda mitad del siglo IV» Gerión (15): 297–320. ISSN 0213-0181. (Noiz kontsultatua: 2024-10-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) Arregui, María Pilar Sáez de Albéniz; Aznar, Rosa Mª Armendáriz. (2016). «Una pieza taurobólica en Gallipienzo (Navarra)» Trabajos de Arqueología Navarra (28): 305–308. ISSN 2530-5816. (Noiz kontsultatua: 2024-10-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) Mezquiriz Irujo, María Ángeles. «La villa romana de Arellano, Pamplona, Gobierno de Navarra, 2003.» Trabajos de arqueología Navarra (Ejemplar dedicado a: María Ángeles Mezquíriz Irujo) 17: 247-252. ISSN 0211-5174..
- ↑ (Gaztelaniaz) «Septiembre» Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (Noiz kontsultatua: 2024-10-01).
- ↑ Jimeno Aranguren, Roldán; Jimeno Jurío, José María. (1997). «Estela taurobólica de Artajona» Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra 29 (70): 343–347. ISSN 0590-1871. (Noiz kontsultatua: 2024-10-01).
- ↑ Duthoy, Robert (1969), The Taurobolium: its evolution and terminology. ISBN: 9789004005594
- ↑ Jacques Planchon et alii (2010), Carte archéologique de la Gaule, 26 (Drôme), AIBL / MSH, Paris, 303, 309-310 eta 491 or.
- ↑ Rémy, Bernard; Desaye,Henri et alii (2012), Inscriptions Latines de Narbonnaise, VII, Les Voconces, 1, Die, Gallia, XLIVe suppl. (ILN), CNRS Editions, Paris, 10. zk., 105-108 or.
- ↑ Louis Richard, L’Autel taurobolique du Pouzin (Ardèche), Revue des Études anciennes, 1967, 3-4, 255-265 or., Ill.
- ↑ Aubin-Louis Millin, Voyage dans les départemens du Midi de la France, T. III, Paris, Imprimerie impériale, 1808 .
- ↑ Lemoine, Yvon (2004) Un autel taurobolique découvert rue de la Douane à Porquerolles, Hyères Revue du Centre Archéologique du Var, 87-89 or. Academia bidez.
- ↑ "Autel taurobolique - base (architecture) - sculpture - 2015.0.8.1" Alienor.org
- ↑ Stéphane Gsell, Autel romain de Zana (Algérie).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Duthoy, Robert (1969) The Taurobolium : its evolution and terminology, E. J. Brill, Leiden
- (Ingelesez) Alvar, Jaime (2008) Romanising Oriental Gods. Myth, Salvation and Ethics in the Cults of Cybele, Isis and Mithras, Brill, Leyde, 2008 L-ko txostena. Bricault-a.
- (Gaztelaniaz) Alvar, Jaime (2022) Los cultos de Mater Magna y Atis en Hispania. Dykinson S.L. & Presses universitaires de Franche-Comté. ISBN: 978-84-1122-885-5.
- (Ingelesez) Vermaseren, Maarten Jozef Corpus Cultus Cybelae Attidisque (CCA), Brill, 1977 . M. J. Vermaseren libruak eskaneatuak Internet Archiven.
- (Frantsesez) Turcan, Robert (1992) Les cultes orientaux dans le monde romain, Paris, Les Belles Lettres, coll. « Histoire », 2. arg., 397 or. (ISBN 978-2-251-38001-8)