Artaxoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Artaxoa
 Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Artajona.JPG
Herriaren ikuspegi orokorra, gainaldean, Artaxoako Zerkoa eta San Saturnino eliza.

Artaxoako armarria

Administrazioa
Estatua Espainia
Erkidegoa Nafarroako Foru Erkidegoa
Merindadea Erriberriko merindadea
Eskualdea Tafallaldea
Izen ofiziala Escudo de Artajona.svg Artajona
Alkatea Beatriz Mendia Belatz
(AIA, indep.)
Posta kodea 31140
INE kodea 31038
Herritarra artaxoar
Kokapena
Koordenatuak 42° 35′ 28″ N, 1° 45′ 52″ W / 42.591111111111°N,1.7644444444444°W / 42.591111111111; -1.7644444444444Koordenatuak: 42° 35′ 28″ N, 1° 45′ 52″ W / 42.591111111111°N,1.7644444444444°W / 42.591111111111; -1.7644444444444
Artaxoa hemen kokatua: Nafarroa Garaia
Artaxoa
Artaxoa
Artaxoa (Nafarroa Garaia)
Openstreetmap logo.svg Ikusi OpenStreetMapen
Azalera 66,90 km2
Garaiera 427 metro
Distantzia 31 km Iruñera
Demografia
Biztanleria 1.697 biztanle
% 51,31 Twemoji 1f6b9.svg  Twemoji 1f6ba.svg % 48,69
Dentsitatea 25,37 biztanle/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
Green Arrow Up.svg% 1,29
Zahartze tasa[1] % 22,84
Ugalkortasun tasa[1] ‰ 28,17
Ekonomia
Jarduera tasa[1] % 81,57 (2011)
Genero desoreka[1] % 0 (2011)
Langabezia erregistratua[1] % 10,04 (2013)
Kultura
Euskaldunak % 1,47 (2010)
Euskararen erabilera % 0,0 (2011)
Datu gehigarriak
Webgunea http://www.artajona.net/

Artaxoa[2] Nafarroako erdialdean dagoen udalerria da, Erriberriko merindadekoa. Iruñetik 31 kilometrora, Tafallatik 10 kilometrora, eta Garesetik 11 kilometrora dago, eta 1.697 biztanle zituen 2014. urtean.

Herrigunearen gainaldeko muinoan, Artaxoako Zerkoa ospetsua eta San Saturnino eliza daude.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inguru naturala eta kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erriberriko merindadean kokaturik, Artaxoa Nafarroako bi autobide nagusien artean kokatzen da, AP-15 autobidea eta Iruñea eta Logroño batzen dituen autobidea. "Inguraketa" (erderaz Cerco) izeneko etxe multzoa, muino baten gainean dago, hauxe da Artaxoako erdi aroko herrixka izandakoa. Ondorengo mendeetan, Artaxoa muino horren ondoko lur lauetan zehar garatu zen. Gaur egun, betan bizi da biztanleria gehiena eta bertan daude zerbitzu guztiak, igerileku publikoa, liburutegia, medikua eta abar.

NA-601 errepidea, udalerriaren behekaldetik igarotzen da eta Artaxoa Mendigorria eta Tafallarekin elkartzen ditu. Erliebea 500 eta 600 metro arteko muinoek osatzen dute, eta udalerriko punturik garaienak iparralde eta ekialdean daude, itsasoaren mailatik 650 metrora. Artaxoako udalerriak Añorbe, eta Obanosko udalerriekin egiten du muga iparraldean, Mendigorria eta Larragarekin mendebaldean, Tafallarekin hegoaldean, eta Puiu, Garinoain, eta Barasoaingo udalerriekin ekialdean.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima mediterraniar-kontinentala da, uda lehor eta negu hotzekin. Batez-besteko tenperatura 13 eta 14 gradu bitartekoa da, eta prezipitazioa 450mm eta 600mm ingurukoa. Urteroko egun euritsuak 70 inguru izaten dira. Nafarroa erdialdean bezala, Artaxoan ekaitz ugari izaten da udaberritik udazkenera. Ekaitzak Errioxan dauden hegoaldeko mendietan sortu eta iparralderantz egiten dute, Artaxoa zeharkatuz, hau bereziki nabarmena da udazken eta udaberrian. Hauek dira baita ere urteko urtarorik euritsuenak, eta udan egoten den ekaitz bakanen bat kenduta, eguneko prezipitaziorik ugarienak, orduan ematen dira.

Ia ez da jatorrizko harizti eta artadien arrastorik geratzen. Gaur egun, birlandaturiko pinuak dira udalerriko basoetan nagusi (Alepoko pinuak eta Austriatik ekarritako pinu beltzak). Dena den, basoek udalerriaren %2a baino ez dira, birlandaketak inguruko herritan baino askoz urriagoak izan zirelako.

Estazio meteorologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrigunearen kanpoaldean, itsasoaren mailatik 353 metrora, Espainiako Nekazaritza ministerioaren estazio meteorologikoa dago.[3]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artaxoako harresien ikuspegia.

Artaxoako lehen aztarna arkeologikoak historiaurrekoak dira, zehazki Eneritzeko Portillo eta Minako trikuharriak, gutxi gora behera Kristo aurreko hirugarren milurtekoak. Ondorengo mendeetako bestelako aztarnak aurkitu dira, Zerkoko akropolia, Dorre herrixka, eta abar. Erromatarren garaian, Artaxoa guztia etxe txikiz beterik egon zen, Artadia, Elizaldea eta Goenzelaia. Trikuharriak dauden gunera iristeko Artaxoako hilerriaren atzean dagoen bide bat hartu behar da.

Erdi Aroan, eraso barbaroei aurre egiteko sortutako Zerkoa edo harresi multzoa da, gaur egungo Artaxoako monumenturik esanguratsuena. Erdi Aroan zehar petxa ordaintzen zuen jaurerria izan zen. 1193 eta 1208 urteen artean, Antso VII.a erregeak "bederatzigarrena" izenaz ezagutzen zen petxaren zenbatekoa 7.000 soldatetara murriztu zuen. Zerga hori urtean behin bakarrik ordaindu beharko zuten. Artaxoako harresiak, herriak Goi Erdi Aroan bizi izandako oparotasunaren adierazle dira. Zoritxarrez, XIV. mendeko Izurrite Beltzak hildako eta kalte handiak eragin zituen Artaxoan. Biztanleria hamarren batera gutxitu zen.

Herriaren desagertzea eragozteko, Carlos III.a erregeak, artaxoarrak "hiritar libre" izendatu zituen eta Lizarrako San Martingo forua eman zion herriari, asteroko merkatua antolatzeko eskubidearekin (1423. urtean). Nafarroako gerra zibilean, herria Beaumontarren eskuetan geratu zen, eta nahiz eta Katalina eta Albretko Juan III.a erregeek euren jabetzara atxiki (1498, 1512an Leringo konteen jabetzara igaro zen berriz ere. XVI. mendearen bigarren erdia gatazkatsua izan zen, eta artaxoarrek behin eta berriro saiatu ziren, "hiribildu ona" izateak zekarren pribilegioa berreskuratzen. Azkenik 1631ean Nafarroako gorteetan zeukan jarlekua berreskuratzea lortu zuten.

1797 eta 1798 urteen artean, Artaxoak Muru Artederretarako bidea eraiki zuen, Iruñearekiko komunikabideak hobetzeko asmoarekin. XIX. mende herrian pattarra ekoizten zuten bost lantegi pribatu eta publiko bat zeuden. Horrez gain, olioa ekoizten zuten lau errota zeuden. 1863an Karitatearen Alaben ordena bat ezarri zen herrian, Aingeruaren ikastetxearen zuzendaritza hartu eta Ospitaleko gaixoak zaintzeaz arduratzen hasi zirelarik. 1870ean "Eskorten Elkartea" sortu zen.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artaxoako iharduera ekonomiko nagusia nekazaritza izan da historikoki. Abeltzantzak garrantzia handia dauka herrian, behi, txerri eta ardi guztiak zenbatuta 30.000 abelburu inuguru dagoelarik. Garia eta garagarra dira labore nagusiak Nafarroako erdialde guztiak gertatu bezala. Horrez gain, XX. mendean zehar industria xume garatuz joan zen, palak, artisautza produktuak eta elikagaiak ekoizten zituztenak. Artaxoan lur amankomunek 1.237 hektarea hartzen dituzte (erroldaturiko laborantza lurren %18,6). Zerealak (garagarra garia baino gehiago), mahastiak, eta olibondoak dira landatzen diren laborerik ugarienak. Sekain lurren hedapena XIX. mendearen amaieran hasi zen, eta urte gutxitan landatutako lurren azalera 1.741 hektareatik (1891) 3.993 hektareara hazi zen (1935). Mahastien gutxitzea nabarmena izan zen XX. mendean zehar, batez ere filoxeraren gaitzak eraginda eta 1.314 hektareatik 295 hektareara jaitsi da (1980ko hamarkadan).

Artaxoan hainbat elkarte eta nekazal koperatiba osatu dira XX. mendea hasi zenetik. 1904ko azaroaren 10ean Nafarroako nekazal aurrezki kutxak sustaturiko koperatiba sortu zen, 1939ko abenduaren 3an Frantzisko Xabierkoaren upategi koperatiba, 1944ko azaroaren 24ean Mesedeetako Amaren koperatiba, 1962ko abuztuaren 6an Jerusalengo Ama Birjinaren koperatiba, eta 1965ko uztailaren 3an, Kontserben San Santurnino koperatiba.

Azken urteetan nekazalturismoaren garapena gertatu da, eta horrela, hainbat landetxe zabaldu dira udalerrian.

Industria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako gobernuak industrialdeak sustatzeko sortutako Nasuinsa elkartearen ekimenez, La Vergalada industrialdea eraikitzea aurrikusten da 2009tik aurrera. Proiektua 2008ko otsailaren 7an aurkeztu zioten gobernuko ordezkariek Artaxoako udaleko arduradunei eta herrigunearen kanpoaldean eraikiko da 50.000 metro koadroko gune batean. Indusrialdeak bederatzi lursail izango ditu orotara. Azpiegituraren datu teknikoak honakoak dira:

Azalera guztira: 53.038 m2

Lursailen azalera: 20.277,81 m2

Parke eolikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako parke eolikoak»

Artaxoan Nafarroako gobernuak eraikitako bi parke eoliko daude, "Karakidoia" eta "Egastiaga" izenekoak. Lehenak 15,00 megawatteko potentzia dauka eta airesorgailuak Artaxoa eta Barasoain bitartean hedatzen dira, bigarrenak 6,00 megawatteko potentzia dauka eta parkeko airesorgailuak Artaxoako mugen barruan bakarrik hedatzen dira.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mende osoan zehar biztanleriaren heren bat baino gehiago galdu zuen Artaxoak. Biztanle gehienak Iruña eta inguruko herrietara jo zuten bizimodu hobe baten bila. Joera hori 1990eko hamarkadararte mantendu da. Dena den, autobide berrien eraikitzeak eta Nafarroako hiriburuarekiko duen hurbiltasun erlatiboak, bizilagun berriak erakarri ditu Artaxoara. Horrez gain, etxebizitza berriak eraiki dira.


Artaxoako biztanleria

Nafarroako gobernuak 2003. urtean argitaraturiko datuen arabera Artaxoan 1.699 biztanle zeuden, 896 gizon eta 803 emakume. Udalerriko biztanleen batez besteko adina 43 urtekoa zen. 2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 77 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %4,50a (Nafarroako batezbestekoaren azpitik).

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udal hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken agintaldietan alkatetza AIA ("Agrupación de Independientes de Artajona) taldearen esku egon da. 2003tik 2011ra Pedro María Egea Ortiz izan zen alkate. 2007ko maiatzeko hauteskundeetan zerrenda horrek botoen %48,96a eta bost zinegotzi lortu zituen, gehiengo absolutua eskuratuz. UPNk botoen %32,55a eta hiru zinegotzi lortu zituen eta PSNk botoen %16,67a eta zinegotzi bakarra.

2011n ere AIAk (5 zinegotzi) eskuratu zuen alkatetza, Beatriz Mendia Velazentzat hain zuzen. Orduan beste zerrenda independente bat (AGD, Artajona Gestión y Desarrollo, 4 hautetsi) besterik ez zuen aurrean izan.

2015ean, berriz, AGD taldeak sei zinegotzi lortu zituen eta Artaxoa taldeak hiru.

Artaxoako udalbatza

Alderdia

2015eko maiatzaren 24a

Zinegotziak Boto kopurua
Artajona Gestión y Desarrollo
6 / 9
616 (% 58,33)
Artaxoa
3 / 9
344 (% 32,58)
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak interior.es webgunean

Alkateen zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1999-2003 Jesús Zabalegi Jimeno (UPN)
2003-2007 Pedro María Egea Ortiz AIA
2007-2011 Pedro María Egea Ortiz AIA
2011-2015 Beatriz Mendia Belatz AIA

Udaletxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udaletxea 1959. urtean eraikitako harrizko eraikina da, eta San Pedro elizaren ondoan dago. Udaletxe berria zaharra zegoen toki berdinean eraiki zen eta beheko solairu eta gainean eraikitako beste bi solairu dauzka. Fatxada nagusiak malda handiko bi kaleen elkargunean dago.

  • HELBIDEA: Eugenio Mendiorotz kalea, 3

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Artaxoa eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren %1,46k zekien euskaraz hitz egiten.

2009an Artaxoa, Mendigorria eta Larragako guraso batzuek Biderra taldea sortu zuten, hiru herri horietako umeek irakaskuntza publikoan euskaraz -hau da, D ereduan- ikasi ahal izateko beharrezkoak diren neurriak lortu nahian.

Jaiak eta ospakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaietan hainbat ekitaldi antolatzen dira, jota emanaldiak, kontzertuak, eta herriko behekaldetik gunerik altuenerako laia lasterketa. Lasterketan parte hartzen dutenek, laien gainean ibiltzen dira, Artaxoako kalerik aldapatsuenetan.

Zerbitzuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artaxoa "Izarbeibarko Mankomunitateko" kidea da. Garesen egoitzan duen erakunde hau, zaborra biltzeaz eta ur-hornidura bermatzeaz arduratzen da.

Baseliza eta herriaren artean Iruñera joan errepidetik gertu "El Chorro" izeneko pasealekua dago. Bertan, mahaiak, jartzeko tokiak, janaria egiteko erretegi txikiak, eta iturria daude. Horrez gain, Kale Nagusian, umeentzako jolastia dago.

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Saturnino eliza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «San Saturnino eliza (Artaxoa)»

San Saturnino eliza herrigunearen punturik garaienean dago, harresien eremu barruan. 1085. urtean jatorrizko eraikuntzarekin hasi zen erromanikoa altxatu zuten, 1103. urtean lanak amaituz. XIII. mendearen lehen erdian, gaur egungo tenplu gotikoaren eraikuntza hasi zen, lehenik aurrealdea eraikiz. Ondorengo mendeetan zehar, egitura berriztu eta elizak gaur egun duen itxura gotikoa lortu zuen.

San Pedro eliza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Saturnino elizatik gertu, San Pedroren omenezko eliza dago. 1959an eraiki zuten, antzinako San Pedro elizaren aztarnen gainean. Fatxada nagusia, plaza txiki baten aurrean, dago, eta bertara heltzeko malda handiko bi kale hartu behar dira, Artaxoako gunerik garaienean.

Baselizak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tafallarako bidearen ondoan, San Bartolome baseliza dago, XIX. mendean eraiki arren, jatorrizko baselizaren izateari buruzko lehen dokumentua 1235ekoa da. Baseliza barruan, San Bartolomeren XIX. mendeko egurrezko irudia dago. Herrian bestelako baselizak izan ziren, San Miguel, Santa Katalina eta San Gilen omenezkoak, baina zoritxarrez ez dira existitzen gaur egun.

Gaztelua eta harresiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Artaxoako Zerkoa»

1085ean Okzitaniako Tolosako elizgizonek, hamalau dorredun Artaxoako Zerkoa dritzon gotorlekua eraikitzen hasi ziren[4]. Jatorrizko harresia, konponduz eta hobetuz joan ziren hurrengo hamarkada eta mendetan, batez ere XIV. mendean). 1280an Zerkoaren alkate edo burua Pedro Ruiz Argaitz zen, eta kargu horretan egoteagatik zortzi liberako soldata jasotzen zuen. XIV. mendearen hasieran Diego Sanchez Gartzes izan zen gotorlekuko burua. 1464ean Leonor Andreak artaxoarrak saritu zituen Beaumondarren aurka erakutsitako kemenagatik.

XVI. mendearen hasieran Leringo konteak herria eraso eta bertako jaun moduan onartua izatea exijitu zuen. 1513an konteak herria eta harresiak okupatu zuen eta zazpi urte beranduago, 1520an Carlos V.ak kondearen herriarekiko jabego eta eskubideak berretsi zituen. Zerkoak sarrera edo atari desberdinak dauzka, Remaguakoa, Rabalgo atari zaharra, San Migelgoa, eta Aitzaidea izenekoa.

Artaxoarren esanetan, Zerkoko kanpaiak kontrako alderantz jotzen diren munduko kanpai bakarrak dira, gaur egun lau kontserbatzen dira, horietatik bi erromatarrak. Zaharrena 1735ekoa da eta handienak 1.801 kilo pisatzen ditu. 1896ean ezarritako tradizioaren arabera, Nafarroako eliza guztietako kanpaijoleek Artaxoako zerkoko kanpaiak behin jo behar dituzte.

Artaxoar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Artaxoa Aldatu lotura Wikidatan
Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa