Edukira joan

Arran (antolakundea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arran
Sorrera2012 Berga
Ideologia politikoaKataluniar independentismoa, sozialismoa, feminismoa, ekologismoa
www.arran.cat

Arran (euskaraz; "erroan" edo "errotik") Herri Katalanetako ezker independentistaren gazte antolakundea da. Bere sorrera 2008-2012 bitartean eman zen antolakunde ezberdinetako indar metaketatik dator, Maulets, CAJEI eta bestelako antolakundeetako batze eta berritze prozesuari hasiera eman ziotenean. 2012. urtean, batze prozesu hori bukatu ondoren etorri zen bere fundazio formala.

2016. urtean, Diadaren (Kataluniako egun nazionala) ostean, Espainiako erregearen (Felipe VI) irudi batzuk erretzeagatik 5 militantek auzitegietara joateko agindua jaso zuten, 5 milinante horiek desobedientzia zibilaren bidea jorratzea erabaki ostean mossos d'esquadrengatik atxilotuak izan ziren. Ekintza horrek mugarri bat suposatu zuen Arranentzat eta egun horietan zein hilabeteetan jasotako elkartasun uholdea Herri Katalan luze zabaletatik gogor hedatu zen. Euskal Herrian ezker abertzalearen partetik emandako elkartasuna ere aipatzekoa da.

Jarduera politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arran ezker independentistaren barnean kokatzen den gazte antolakundea da, bere jarduera eta eragin politikoa gazteriaren arloan ematen da.

Herri Katalan batu, independente, sozialista eta feminista helburutzat duen jarduera politikoa egiten du, helburu horretan gazteriaren ahalduntzea eta emantzipazioa ezinbestekotzat jotzen du. Ezker independentistan oso barneratua dagoen auzolana eta autogestioa dira bere ardatzetako batzuk.

Internazionalismoa eta antifaxismoa bere DNA politikoan dauden irizpideak dira, eta oro har, gazteriaren artean naziogenero eta klase zapalkuntza hirukoitzatik askatzeko kontzientziazio eta formakuntza etengabea aurrera eramaten du.

Eraketa eta fundazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2012. urtera arte, Ezker Independentistak bi gazte antolakunde izan zituen: Maulets-JIR eta CAJEI. Lehena Maulets -Catalunya Lliureko gazteria- eta JIR antolakundeek 1999an burututako batasunetik zetorren. Bigarrena, ordea, Endavantek bultzatua zen 2002an.

2007an, bi antolakunde horiek batasun prozesu bati ekin zioten, eta prozesu horren fruitua, 2012an, Arran antolakundea izan zen. Prozesu honetara beste hainbat bertoko talde atxikitu ziren: Terrassako Gazte Asanblada, Sant Sadurníkoa, Hortakoa, besteak beste.

Arranek bere burua 2012ko uztailaren 14an aurkeztu zuen Bergan, Rebrotaren XI. Batzarra aprobetxatuz. Bere sorreraren garaian, antolakundeak 36 eskualdetan zuen lekukotza Herrialde Katalan osoetan zehar, eta 600 militantetik gora zituen 60 udalerritan sakabanaturik.

Krisia eta eszisioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konfluentzia sendotu izan arren, Maulets-JIRetik zetozen nukleo batzuen eta Arraneko zuzendaritzaren artean eztabaida malkartsuak hasi ziren. Aipaturiko nukleo horietako gazteak Assemblea Nacional Catalanaren gazteriaren antolakundearen sorreran ibili ziren. Bestalde, Arraneko mahai nazional batean «Katalunia, Europako estatu berria!» lelopean ANCk deituriko manifestazioan esku hartzearen inguruan debatitzeari ekin zioten, eta azkenean, bertaratzeko asmoa zuten militanteei kaleratuak izango zirela jakinarazi zieten.

2014an, nukleo horiek guztiek batera SEPC deituriko ikasle sindikatua sortu zuten, Kataluniako independentzia galdeketari babesa eman zion greba deituz. Galdeketa kanpainan zehar, adibidez, Arbúcieseko nukleoak galdeketan "Bai, Bai" bozkatzearen aldeko margoketak egin zituen, geroago Arraneko zuzendaritzak ezabatuko zituenak. Urte hartako asanbladan ANCn esku hartzera zihoazen militanteak kaleratzea erabaki zuten askok, antolakunde hark soilik Kataluniaren independentzia zuelako helburu, eta ez, ordea, Herrialde Katalanena beren osotasunean. Hala ere, neurri hura ez zen aurrera atera, gutxienez %70k bozkatu behar baitzuen alde, eta ez zen hala izan, gehiengoak alde bozkatu bazuen ere. Azkenean, Mataróko eta Alt Maresmeko nukleoak ezereztu zituzten.

Horren ondorioz, 2015 urtean zehar beste nukleo batzuek ere antolakundea uztea erabaki zuten (Mataró, Alt Maresme, Badalona, Cerdanyola, Valentzia, Castelló edo Girona). Nukleo hauetako batzuek asanbladen koordinadora bat sortu zuten, 2018an, La Forja bilakatuko zena. Horren aurrean, Arranek asanblada horiek aspalditik aktibitaterik ez zutela adierazi zuen, eta lehenagoko Maulets antolakundeak izandako nukleoekin konziditzen zuten arren, jadanik garaiko militanterik ez zegoela ere.

2017ko martxoaren 27an Arraneko hogeita hamar bat militante Bartzelonan Alderdi Popularrak duen egoitzara sartu ziren Kataluniako independentzia erreferendumaren aldeko kanpainari hasiera emateko. Kartelak itsatsi eta hautetsontziak utzi zituzten sarreran. Behin egoitzatik aterata, kanpaina ofizialki aurkeztu zuten. Ekimen honengatik sei gazte salatu zituzten, Alderdi Popularrak sei urteko espetxeratze zigorrak eskatzen zizkien, eta fiskaltzak 5.400€ko isunak ezarri zizkion bakoitzari.

2017ko uztailaren 22an, Arraneko beste hainbat militantek gehiegizko turismoaren aurkako pankarta handia zabaldu zuten Palmako Portuan, eta horrekin batera ke-poteak ireki zituzten. Bost egun geroago, Arraneko lau militantek «Turismoak auzoak hiltzen ditu» lelopelo margoketa egin zuten Bartzelonako Autobus Turistikoan, eta gurpil bat zulatu zioten ibilgailuari.

2018ko martxoaren 25ean, Arraneko kide batzuek margoketak egin zituzten Pablo Llarena epaileak bigarren etxea duen Das (Behe Cerdanya) herriko kale batean. Margoketa batek independentzia prozesuaren aurkako epaiketarengatik Llarenak espetxeratutako politikarien askapena galdegiten zuten . Beste batek honakoa zihoen «Llarena, faxista, ez Dasen, ez inon». Azaroaren 14an, margo gorria bota zuten Llarenak Sant Cugaten duen etxearen atarian.

2018ko irailaren 29an, Jusapolek, poliziek osaturiko antolakundeak, urte bete lehenago ospaturiko erreferendumean jipoitzen ibili ziren istilu-aurkako polizien aldeko omenaldi bat antolatu zuen Bartzelonan. Horren aurrean, CDR bezalako antolakunde desberdinek mobilizazioak deitu zituzten. Zehazki, Arranek holi bat antolatu zuen, istilu-aurkako Mossos d'Esquadrem gainera kolore ugari botaz, osatzen zuten segurtasun kordoiaren beste aldean Jusapoleko kideak zeudelarik. Mossoek kargak burutu zituzten elkarretaratzearen puntu desberdinetan, eta guztira, 6 atxilotu eta 24 zauritu egon ziren.

2019ko urtarrilaren 8an, alegia, Kataluniako independentzia procésaren aurkako epaiketa hasi baino hilabete bat lehenago, Arraneko kide batzuk beren burua Madrileko Auzitegi Gorenean kateatzen saiatu ziren, epaiketa garatuko zen lekuan bertan. Ekimena burutu behar zuten militanteak atxilotuak izan ziren, eta gaua polizia-etxean igaro ondoren, ordena publikoaren aurkako ekintzak egin izana leporatu zieten. Hilabete batzuk geroago kasua artxibatu zuten.

Gazte antolakunde aliatuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira estatu espainiar zein frantziarraren menpeko nazioen gazte antolakunde aliatu nagusienak, baina gehiago dira.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Mauletsek eta CAJEIk Arran antolakunde berria osatu dute». VilaWeb, 2012-07-02. [Kontsulta: 2012-07-20].

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]