Edukira joan

Azil aldi

Wikipedia, Entziklopedia askea

Aziliar kultura, Azil aldiko mendebaldeko Europan izandako Epipaleolitoko kultura arkeologikoa izan zen, orain dela 12.000 eta 9.500 urte artean garatu zena, Epipaleotitoan, hau da, Paleolito Berantiarrean eta Mesolito Goiztiarrean, bereziki Frantzian eta Espainian. Bere lanabesengatik identifikatzen da batez ere.[1] Édouard Piettek Ariègeko Mas-d'Azil haitzuloan identifikatu zuen aurrenekoz kultura hau 1889an, Madeleine aldiko eta Neolitoko mailen arteko geruzan agertzen zen industria ikertzean.

Madeleine aldiko kulturarik konplexuenari jarraitu zion eta Tardenoisiar, Maglemoisiar, Ertebolle kultura eta Asutiernsea kulturaren garaikidea izan zen. Harri koskorrez egindako marrazki geometrikoak, hezurrezko edo adarkadazko helduleku batean ahokatzeko egindako harrizko erreminta oso txikiak, atzealdea okertuta duten jaurtigai-puntak, karrakagailu-puntak, hezurrezko puntzoiak, arpoi lauak eta "hagak" ditu bereizgarri, eta ez dakigu horien helburua zein izan zen.[1]

Ezaugarri materialak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aziliar kulturaren bereizgarri ditugu hortz ilara bateko edo biko arpoi zapal eta fusiformeak, hezurrez edo adarrez egindakoak, oinaldean zulo luzanga dutenak (Madeleine aldiko arpoiak ebakidura zirkularrekoak dira eta hortzak ardatzetik oso irtenak izaten dira). Sukarriz egindakoen artean, tresna txikiak ugaritzen dira. Bizkardun puntak (punta aziliarrak) eta marruskak dira lanabesik aipagarrienak. Azil aldian hezurrezko tresneria asko gutxitu zen, ikerlari askoren iritziz, adar edo hezurren ordez zura erabiltzen zutelako. Horma artea desagertu zen eta objektu artistiko berezienak errekarri margotuak edo grabatuak dira[2].

Harrizko tresnen lantzean aurreko aldiekiko atzerakada nabarmena gertatu zen[3].

Klima aldaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aziliar kultura Azken Izotz Aroaren amaierari eta holozenoaren hasierari loturik dago. Klima epeldu zen eta itsasoaren maila igo. Landarediari dagokionez zuhaitz hosto erorkorrek (hurritza eta haritza) azalera handiak kolonizatu zituzten. Pleistozenoko animalia batzuk (mamuta, leize-hartza) desagertu ziren eta beste batzuek (elur-oreina, ipar-azeria) Europako iparralderantz emigratu zuten. Ugaritu ziren animalien artean, basurdea eta orkatza ditugu[2][4].

Euskal Herriko aztarnategiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian, besteak beste, Santimamiñe, Arenaza, Lumentza, Ekain, Berroberria, Zatoia eta Izturitzeko leizeetan aurkitu dira Azil aldiko aztarnak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Gaztelaniaz) «Aziliense | Tesauro de Arte & Arquitectura» www.aatespanol.cl (Noiz kontsultatua: 2024-08-18).
  2. a b Joxean Mujika Alustiza: Paleolito-ondorena Metal-Arora arte Euskal Herrian. Uztaro 4
  3. «'aldi'2 > Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-28).
  4. Historiaurrea Euskal Herrian

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]