Azor yatea (A-91)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Azor yatea (A-91)
Fabrikazioa
FabrikatzaileaEmpresa Nacional Bazán
Ekoizpen-lekuaEmpresa Nacional Bazán
Historia
Uretaratzea 1949
Zerbitzuaren amaiera 1992ko apirilaren 30a
Inaugurazioa1949
KudeatzaileaEspainiako Itsas Armada
Erregistro-herrialdeaEspainia
Ezaugarriak
Dimentsioak3,86 (zingoa) × 7,7 (erruna) × 41,38 (luzera) m
Erruna7,7 m
Zingoa3,86 m
Masa500 t
Identifikazioa
Berezko-portuaDonostiako portua
Artikulu hau yateari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Azor yatea».

Azor (A-91) espainiar aisiako ontzia izan zen. Francisco Francok erabili zituen izen bereko bi yateetako bat izan zen, Azor yatea (V-0) ordezkatu zuena.[1]

Armamentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasiera batean, bi arpoi-kanoi izan zituen, bata 46 mm-koa, 57 mm-ko Nordenfelt kanoi zahar baten transformazioaren emaitza zena, eta bestea 20 mm-ko kanoi batetik zetorrena. Berrerabilitako pieza hauek ez zuten emaitza onik eman, eta, beraz, 1955eko apirilean, Fangstkanon M/42 modeloko arpoi-kanoi berri batekin ordeztu zituzten, Kongsberg Vapenfabrikek egina. Azken pieza hori 1970eko hamarkadan kendu zioten.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kontxako badiaren istripua (1957)»

Garai hartan fragata‑kapitain zen Pedro Nieto Antúnezek hala aditzera emana eta itxura dotoreetako ontzi ofizial bat izatearen helburuz, Francok Bazan ontziolari yate bat enkargatu zion. 1949an uretaratu zuten, amabitxia Carmen Franco Polo bere alaba izan zelarik.

1957ko abuztuaren 19an, itsasontziak Santa Klara uhartetik zetorren bidaiarientzako ontzi batekin talka egin zuen. Erditik zatitu eta hondora bidali zuen 28 pertsona zeramatzan barkua; horietako bost hil egin ziren. Hildakoak José de Miguel Martínez (39 urte), Benito Amiano (38), María Andrea Dolores (26), Manuela Rozado (20) eta José Rubial bederatzi urteko umea izan ziren.[2]

Azor ontziko tripulazioa arrantza bidaia batetik bueltan zihoan Getariara. Hedabideetan abuztuaren 7tik goraipatu zituzten Francok ordura arte egindako kirol merituak. Prentsak Donostiako portuan ateratako argazkiak zabaldu zituen: Franco ontziaren mastatik lotutako “mila kiloko atunarekin” agertzen zen. Hamabi egun eskasera, Azor-ek izandako istripuaren berri eman behar izan zuen.[2]

Baina frankismoaren makinariak errealitatea beste angelu batetik erakutsi zuen. La Voz de España eta El Diario Vasco hedabideek azaldu zuten diktadorea ez zegoela barkuan hondamendia gertatu zen unean. Baina bere eskifaiako kideak “heroiak” izan zirela azaldu zuten, Donostiako portuan gertatutako istripuan: “Berehala, yateko komandantea eta tripulazio osoa, pentsatu gabe, uretara bota ziren, eta hamar minutu baino gutxiagoan, [beste] txalupako bidaiariak salbatzea lortu zuten”. Gobernazio Ministeriotik kontrolatutako informazioak ez zuen azaldu istripua Azor-eko kideek eragin zutela, eta beste hainbat informazio ere isildu zituzten.[2]

Artzain Onaren Katedralean egindako hileta-elizkizunera Itsas Ministerioko eta Armadako Ministerioko hainbat kide hurbildu ziren. Abuztuaren 21ean egin zuten. Bertan, bost hilkutxa jarri zituzten, baina hiru gorpu baino ez zeuden. Benito Amiano eta José de Miguel Martínezen hilotzak urpean egon ziren hiru edo lau egunez. Bi hilotzak lurperatu zituztenean ere, ez zieten abisurik eman. Polloeko hilerrian utzi zituzten, izenik ere ez zuen hobi batean sartuta. Martínezen familiak Nafarroara lekualdatu zituen arrastoak, bertakoa baitzen. Baina Amianoren familiak ezin zuen hori ordaindu, eta oroitarri bat jarri zuten lekualdatzearen ordez. Gerora, 5.000 pezetako “dohaintza” jaso zuten Francisco Francoren izenean.[2]

Hurrengo urtean zetazeo bat harrapatu zuten.[3] Bere ezaugarriak hobetzeko, 1959 eta 1960 artean eraberritu zuten, zubiaren eta tximiniaren artean 5 metroko sekzio bat gehituz eta, horrela, luzera 5 metro osoa luzatuz. Une horretan, jatorrizko motorrak indartsuagoekin ordezteko aprobetxatu zuten, branka aldatu zuten, masta tripodean aldatu zuten altuera handiagoko beste trinko batekin, eta zubia handitu eta ixteari ekin zioten.

Francok hogeita sei urtez erabili zuen yatea. Franco hil ondoren, Espainiako Itsas Armadak ontzia egoera ezin hobean mantendu zuen, baina ia ez zuten erabili. 1984an, Juan Carlos I.a erregeak bertatik ikuskatu zuen ontziteria.[4] Beste batean, 1985eko udako oporretan Felipe González presidenteak Rotatik Lisboara bidaia egiteko erabili zuen. Bidaia oso polemikoa eta kritikatua izan zen.[4]

1992ko apirilak 30ean bajan eman zuten,[4] eta Ferrolen geratu zen Lázaro Gonzálezek 1992an Estatuaren enkante batean 4.670.124 pezetaren truke erosi zuen arte.[5][6] Esleipen-kontratuak desegin behar zela adierazita ere, Gonzálezek beste ideia bat zuen: yatea aisialdiko zentro bat bilakatzea. Proiektua burutzeko laguntza eta diru asko izan arren, inoiz ez zuen lortu Azor yatea itsasora itzultzeko baimena. Proiektu hau zapuztu ondoren, itsasontzia hiru zatitan zerratu eta Burgosko Cogollos herriaren kanpoaldera eraman zuten, non hotel-konplexu baten parte izateko berriro muntatu zuten (gelak suite bezala erabiltzeko berritu zituzten).

Proiektu hau ere ez zen gauzatu eta itsasontzia bertan geratu zen erdi abandonatuta eta oso bandalizatua. 2003an Albert Boadellak itsasontzian ¡Buen viaje, excelencia! filmaren eszena batzuk grabatu zituen. Azkenik, 2011ko amaieran, Fernando Sánchez Castillo madrildar artistak erosi eta artelan bihurtu zuen.[7][8]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Anca Alamillo, Alejandro. (2008). Buques de la Armada Española del siglo XX. Espainiako Defentsa Ministerioa ISBN 9788497814287..
  2. a b c d Madariaga, Iraitz. (2021-08-19). «Francoren 'Azor' itsasontziak bost pertsona hil zituen Donostian duela 64 urte» Argia CC-BY-SA lizentzia.
  3. (Gaztelaniaz) «El Caudillo, realiza un crucero de pesca Marítima deportiva. Capturó un cetáceo de 14 metros y 28 000 kg de peso» ABC 1958/09/02.
  4. a b c (Gaztelaniaz) «El yate 'Azor' causa hoy baja en la Armada» El País 1992-4-30.
  5. (Gaztelaniaz) «El naufragio del 'Azor'» Hoy 2009-8-9.
  6. (Gaztelaniaz) «El ´Azor´ acaba su viaje varado en la meseta» Diario de Córdoba 2003-8-29.[Betiko hautsitako esteka]
  7. (Gaztelaniaz) «El «Azor» ya es arte» La Razón.[Betiko hautsitako esteka]
  8. (Gaztelaniaz) «Fernando Sánchez Castillo convierte el yate de Franco en una obra de arte» El Periódico 2012-1-23.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]