Edukira joan

Masta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Grand Turk itsasontziaren mastak.
Hiru ataleko masta[1]:
1. Masta enborra
2. Zurgaia
3. Zurgaigaina
4. Enborreko sokateria
5. Zurgaiko sokateria
6. Zurgaigaineko sokateria

Masta[2], ontzietan belei eusteko zutik kokatzen den haga da[3]. Belez gain, mastetan zurrunak ezarri ahal dira, edo halaber nabigazio argiak, itsas seinaleak, gabiak (behatokiak) eta antenak. Ontzi handiek hainbat masta dituzte, eta horien tamaina eta konfigurazioa ontziaren estiloaren araberakoak dira. XX. mendera arte zurezkoak ziren, baina egun beste materialez ere egiten dituzte. Ia masta guztiak sokaz (abenkaz) eusten dira.

Itsasontzi baten masten multzoari masteria deritzo.

Brankatik txopara hiru hagako itsasontzi baten mastek honako izenak dituzte:

  • Aurreko masta edo Trinketa: brankatik gertuago dagoena.
  • Erdiko masta edo Nagusia: altuena, belaontziaren erdialdean dagoena.
  • Atzeko masta edo Mesana: txopatik gertuago dagoena.

Brankatik masta horizontala ateratzen denean maspreza[4] edo brankaga[1] du izena.

Eta mastara horizontalean (mastari zut) ezarrita dauden hagei, belak eusteko, deritze belazurrun[5] goikoari eta ezpeleta[6] behekoari.

XX. mendera arte, mastak zurezkoak ziren, jatorrian enbor bakar batetik eraikiak. Itsasontzi handiagoak eraiki ahala, masta garaienak hiru atal izatera iristen ziren, hiru enbor mihiztatuz.

Nahiz eta belaontzien erabilera XIX. mendetik aurrera motordun ontziek gainditu, aisialdirako belaontziak eta eskola-ontziak diseinatzen jarraitzen dira. 1930eko hamarkadan aluminiozko mastak sartu ziren J. klaseko itsasontzietan. Aluminioak abantaila handiak ditu zuraren aldean, arinagoak, erresistenteagoak eta ustelezinak baitira. Gainera, aluminiozko masta bat atal bakar batez eraiki daiteke.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, aluminiozko mastak belaontzi guztietan zabaldu ziren, baita txikietan ere. Errendimendu handiko ontziek aluminiozko masta arinak erabiltzen dituzte, mastan zehar sekzio triangeluarra kenduz. 1990eko hamarkadaren erdialdetik, lehiaketa-yateek karbono-zuntza eta beste material konposatu batzuk erabili dira mastak eraikitzeko, erresistentzia-pisu erlazio hobea baitute. Gainera, profil aerodinamikoak hobetzen doaz masten diseinuan.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Kaxildo, Alkorta. (1977). Moby Dick (glosarioa). Mensajero ISBN 84-271-1088-X. PMC 434872772. (kontsulta data: 2020-07-12).
  2. «Masta». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2025-8-24.)
  3. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Masta. .
  4. «maspreza». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2025-08-04.)
  5. «verga - Elhuyar hiztegiak» hiztegiak.elhuyar.eus (kontsulta data: 2020-07-12).
  6. «Ezpeleta». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2025-08-04.)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]