Bankako kobre meategiak eta burdinola
Bankako kobre meategiak eta burdinola | |
---|---|
Monumentu historikoa | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Lurraldea | Nafarroa Beherea |
Eskualdea | Baigorri-Ortzaize |
Udalerria | Banka |
Koordenatuak | 43°07′43″N 1°22′24″W / 43.1286°N 1.37333°W |
Ondarea | |
Mérimée ID | PA64000003 |
Kontaktua | |
Helbidea | RD 948 |
Bankako kobre meategiak eta burdinola meatzaritza gune garrantzitsua izan zen, Bankan kokaturik zegoena, Nafarroa Beherean. 1996ko urriaren 8az geroztik, bertako labe garaia eta lurpeko galeriak Frantziako monumentu historiko daude izendaturik.[1]
Bertako labe garaia, teknologia metalurgiko horren aztarna paregabea da, ia eraldatu gabe iraun baitu, meatzeetako galeriekin batera. Labe garaia, gelditu baino lehentxeago birmoldatu zuten, eta hareharri gorriz eginiko multzoa osorik dago. Antzinaroko eta XVIII. mendeko kobre meategien gainean dago kokaturik.[1]
Kokapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bankako kobre meategiak Nafarroa Beherean daude, Urepeleko Errobiren ibarrean. Burdinolaren aztarnak RD-948 errepidearen ertzean ikus daitezte, Baigorritik sei kilometro iparraldera.
Geologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mineral-zainak Aldudeko mendigunean daude, ordoviziar periodoko eskistoz eta kuartzitez inguraturik. Bi mineralizazio mota daude. SW/NE norabidea duten zainetatik (Berg-op-Zoom eta Sainte-Marie) kobre gris argentiferoa atera zuten, kuartzoz eta sideritaz osaturiko gangarekin batera. Beste beta-sistemak WNW/ESE norabidea dauka, eta kalkopirita erauzteko ustiatu zen Trois Rois meategian; ganga kuartzozkoa da.[2][3]
Erromatar meatzeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bankako kobre meategien lehenbiziko arrastoak Antzinarokoak dira, K. a. 2500. urtekoak. Baina K. a. II. mendetik K. o. III. mendera emendatu zen bereziki kobrearen ekoizpena. Izan ere, erromatarrek, lurrak konkistatuta, horietatik ahalik eta etekin gehien atera nahi izan zuten.[4] Hala, Pirinioen mendebaldean erromatar meategien aztarna ugari aurkitu dira, Lantzen, Aiako Harrian, Azkainen, Baztanen, Itsasun edota Aldudeko ibarrean.[5]
Erromatarrek Trois Rois, Berg-op-Zoom eta Sainte-Marie zainak ustiatu zituzten kobrea ateratzeko. Pikotxa, gubila eta mailua erabiltzen zituzten harkaitz bigunak edo arrailduak hausteko, eta suaz baliatzen ziren gogorrenak leherrarazteko. Infiltratzen zen ura kanporatu ahal izateko, 175 metroko tunel bat hondeatu zuten Trois Rois meatzean, eta 40 metroko tximinia zulatu zuten galeriak aireberritzeko.[3] 300 metro galeria kontserbatu dira, zuzenak gehienak; zabalenek 2,20 x 1,65 metroko sekzioa dute, tartekoek 1,70 x 1,20 metrokoa, eta meharrenek 1,85 x 0,90 metrokoa. Ustiapena IV. mendean amaitu zen.[5] Ondoren, meategiak itxi, eta isiltasuna itzuli zen. Horrelaxe igaro ziren hamabost mende inguru.[6]
XVIII. mendeko kobre galdategia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1730etik aitzinera, Laurent Beugnière suitzar negoziolariak, erdialdeko Europako meatzari talde baten laguntzarekin, mea prospekzioak egin zituen Baigorri aldeko eta Nafarroa Garaiko zenbait lekutan. Prospekzio horietan Astoeskoriako Trois Rois kobre-zain aberatsa atzeman zuten. Handik hurbil Zubiarin galdategia eraikiarazi zuen, Frantzia osoko handienetakoa. Haren inguruan sortu zen Banka herria, hasieran Baigorriko auzo bat (La Fonderie) besterik ez zena. 1746 hasi zen lanean galdategia, eta 1756an 130 tona kobre ekoiztera iritsi zen.[7] Garai hartan 400 behargin aritzen ziren lanean, ikazkinak eta mandazainak barne.[6]
Urepeleko Errobi ibaiaren indar hidraulikoa erabiltzen zuten galdategiko mailutzarrak eta hauspoak mugitzeko. Horretarako, presa bat eta kilometro bateko ubidea eraiki zuten. Erromatarrek ez bezala, Beugnièrek ibaiaren mailaren azpian zeuden zainak ere ustiatu zituen. Baina galeria horietara ibaiko ura infiltratzen zenez, berrogei langilek aritu behar izaten zuten gau eta egun hura kanporatzen. Eskuzko lan eskerga hori ordezteko, gurpil hidrauliko handi bat ezarri zuten 1752an, tirante batzuen bitartez galerietako putzuetan zeuden ponpak mugiaratzen zituena. Era horretan, ura xurgatzea eta kanpora egoztea lortzen zen.[7] Kobre ola gainbehera etorri zen XVIII. mendearen amaieran, eta 1793an, Konbentzioaren Gerran, fabrika erre zuten.
XIX. mendeko burdinola eta labe garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1802an, eraitsitako kobre olaren hondakinen gainean, erredukzio zuzeneko burdinola bat eraikiarazi zuen Muthuon meatze-ingeniariak, burdina mea tratatzeko; alabaina, hiru urte besterik ez zuen iraun. 1823an, Jean-Baptiste Ricqbour burdin lantzaile eta negozio gizonak fabrika siderurgiko handi bat eraikiarazi zuen, eta harlanduzko labe garai ederra abian jarri. Haren ondoan, aroztegia, tailerrak, ikatz biltegiak eta langileen bizitegiak eraiki ziren. Indar hidraulikoak eragiten zuen makineria guztia, labe garaiari airea ufatzen ziona barne.[1][7]
Bankako burdinak, manganesoz aberatsa baitzen, estimazio handia zeukan. Mandoen bizkarrean garraiatzen zen Baigorrira, eta handik Baionara, bidetik edo Errobi ibaian barrena. Gehiena, Nantesera edo Le Havrera eramaten zen itsasoz. 1830eko krisialdiak budinaren salneurria apaltzea ekarri zuen eta, ondorioz, Ricqbour zorpetu zen. Bestalde, Lehen Karlistaldiaren eragina sufritu zuen 1833tik aitzina, Nafarroa Garaian erosten baitzuen ikatz gehiena.[oh 1] Ondorengo hamarkadetan zenbait industrialariren esku egon ondoren, 1861ean betiko itxi zuten.[1][7]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ 1785eko Elizondoko Hitzarmenaren ondotik, Aldude mendiko oihan gehienak mugaz bestaldean geratu ziren. Hori zela-eta, Nafarroa Garaiko ikazkinek hornitzen zuten Bankako labe garaia.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d Mine de Banca. POP: la plateforme ouverte du patrimoine, pop.culture.gouv.fr (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- ↑ Parent, Gilles. L'exploitation du cuivre et de l'argent à Banca (Pyrénées-Atlantiques). Première approche du réseau minier. Pallas. Revue d'études antiques, 46. zenbakia, 1997, 311-320. orrialdeak, persee.fr (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- ↑ a b Ancel, Bruno; Dardignac, Cecile; Beyrie, Argitxu; Parent, Gilles. La mine de cuivre antique des Trois Rois à Banca, vallée de Baïgorry (Pyrénées-Atlantiques).. Entretiens d’archéologie et d’histoire “Les ressources naturelles des Pyrénées: leur exploitation durant l’Antiquité”. St-Bertrand-de-Comminges, 2001, 179-194. orrialdeak, academia.edu (Noiz kontsultatua: 2020-11-10).
- ↑ Txoperena Iribarren, Maddi Ane. Ola zaharrak, bizigai berri. Berria, 2014ko abuztuak 6, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- ↑ a b Urteaga, Mertxe. Minería romana en el Cantábrico oriental. Cuadernos de Prehistoria y Arqueología de la Universidad de Granada, 24.zenbakia, 2014, 267-300. orrialdeak, ISSN: 2174-8063, core.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2020-11-09).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b Gil-Garcia, Joxean. Meategi emankorren arrastoan. Berria, 2015eko uztailak 22 , CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
- ↑ a b c d Egia Astibia, Victor Manuel. La fundición de Banka. Ondaregia, ondaregia.com (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]