Borroka (kirola)

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Borrokalariak Uffizi Galerian, Florentzian.

Borroka arau zehatz batzuk jarraituz, pertsona batek beste bat lurrera botatzean datzan kirola da.[1] Atletismorekin batera kirol zaharrenetariko bat da. Hain zuzen ere biak lehian oinarritzen dira. Beraz, borroka hain kirol zaharra izanik, esan daiteke garai guztietan eta zibilizazio guztietan izan direla borroka mota ezberdinak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakob Aingeru batekin borrokan.

Borrokaren jatorriaren berri historiaren hastapenetik dugu. Orain dela 15.000 urteko kobazulo margolanetan ageri da borroka. Babiloniako eta Egiptoko erliebeetan ere borrokalariak ageri dira gaur egun erabili ohi diren hainbat teknika praktikatzen. Literaturari dagokionez, Testamentu Zaharrean eta Indiar vedetan ere erreferentzia egiten zaio borrokari. Bibliarien kasuan, Jakob Patriarkak aingeru batekin borrakan egin zuela ageri da. Homerok idatzitako Iliada liburuan ere borroka aipatzen da. Bestalde, Antzinako Grezian borrokak toki garrantzitsua izan zuen kondaira eta literaturan. Gainera, Antzinako Olinpiar Jokoen erdigune bilakatzera iritsi zen. Ondoren, Antzinako erromatarrek greziar borrokatik gauza asko hartu zituzten, baina hauek biolentzia maila gutxitu zioten.[2]

Erdi Aroko garaietan borrokak ospea hartu zuen eta ohiko bilakatu zen errege familien gorteetan, batez ere Frantzian, Ingalaterran eta Japonian.

1896. urtean, lehen Olinpiar Joko modernoak egin ziren Atenasen. Borroka joko horien parte izatea garrantzitsua zela iruditu zitzaien eta jokoen erdigune bilakatu zen. Grekoerromatar borroka modalitatea izan zen egin zena joko haietan.

[Betiko hautsitako esteka]Leondar borroka

1901eko Pariseko Olinpiar Jokoetan borroka librea onartua izan zen modalitate olinpiko bezala. Olinpiar Jokoetako ofizialek modalitate hau onartzea erabaki zuten mundu osoan zehar gero eta ospetsuagoa bilakatzen ari zelako, batez ere Britainia Handian eta Ameriketako Estatu Batuetan.

1912. urtean, Suedian United World Wrestling (UWW) sortu zuten kirol honetako modalitate guztiak zuzentzeko.

1972. urtetik aurrera hamar pisu kategoria ezberdin ezarri zituzten baina 2004. urtean, 10 kategoria horiek 8 izatera pasatu ziren.

Gaur egun ehundaka borroka estilo ezberdin daude munduan eta hainbat herrialdek tokian tokiko estiloak dituzte. Adibidez, Espainiaren kasuan leondar borroka eta kanariar borroka.[3][4]

Euskal Herrian ere izan zen borroka estilo bat, hain zuzen ere euskal borroka. Euskal Herrian XX. mende hasiera arte praktikatzen zen baina gaur egun, 2009an hasita, Lapurdin, Borroka 64 taldearen eskutik, berreskuratzeko saiakerak egiten ari dira.[5]

Nazioarteko modalitateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

UWWk zehazten duenaren arabera bi borroka kategoria orokor banatzen dira; nazioarteko modalitateak eta borroka popularrak. Grekoerromatar borroka, borroka librea, pankration amateurra eta hondartza borroka dira nazioarteko modalitateak; lehenengo biak kirol olinpikoak.

Grekoerromatar borroka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grekoerromatar borroka nazioarteko modalitatea eta kirol olinpikoa da. Grekoerromatar estiloan galarazita dago aurkariari gerritik behera eustea, ondorioz soilik gerritik burura bitartean heldu daiteke. Aurkaria zoruan finkatzea irabazteko modu bat da.

Grekoerromatar borroka 1984ko Olinpiar Jokoetan.

Borroka librea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grekoerromatar borroka bezala, borroka librea nazioarteko modalitatea eta kirol olinpikoa da. Modalitate honetan onartuta dago aurkariari gerritik behera eustea. Kirol honen xedea hau da: borroka-arerioa lurrera erorarazita, haren sorbaldak tapiz gainean finko mantenduz irabaztea, epailea horretaz ohartzeko behar den adina denboran; edo, bestela, aurkariaren aurka eginiko teknika eta ekintzen balorazioaren bidez puntuetara irabaztea.

Maider Unda euskalduna borrokan.

Pankration amateurra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pankration hitza grezierazko pan eta kratos hitzetatik dator, esanahia 'guztia kontrolatzen duena' delarik. Pankration amateurrak borroka-arte ezberdinak hartzen ditu barnean, ondorioz borrokan euste teknika eta kolpaketa teknikak erabil daitezke.

Pankration amateur borroka bat.

Hondartza borroka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

UWWk hondartza borroka 2004. urtean arautu zuen. Hondartzako borrokan bi borrokalari zutik ipintzen dira elkarren aurrean 7 metroko diametroa duen arezko zirkulu baten barruan borrokari ekiteko. Borrokalariek ez dute uniformerik janzten, bainujantzi bat baizik. 2015ean arauak modifikatu ziren eta lege berriak aplikatu ziren, non kirolariak puntuak irabazten dituen eraisketen bidez edo aurkaria zirkulutik kanpo botaz.

Anthony Gallton eta Robert Teet borrokan.

Euskal borrokalari ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maider[Betiko hautsitako esteka] Unda

Euskal borrokalari ospetsuenen artean Maider Unda daukagu.[6]

Bere titulu garrantzitsuenak:

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2020-03-30).
  2. «Wrestling History. All About Wrestling.» www.collegesportsscholarships.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-31).
  3. «DISPOSICIÓN EN HTML BOCYL-D-03072017-22| BOLETÍN OFICIAL DE CASTILLA Y LEÓN» bocyl.jcyl.es (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
  4. «La Lucha Canaria, Deporte y Cultura | Guía de Viajes a Canarias» www.canarias.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
  5. (Frantsesez) «La lutte basque s’invite aux Fêtes» SudOuest.fr (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
  6. SL, TAI GABE DIGITALA. (2012-08-10). «Gertukoenekin ospatu zuen Maider Undak brontzezko domina» naiz: (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]