Edukira joan

1896ko Udako Olinpiar Jokoak

Wikipedia, Entziklopedia askea
1896ko Udako Olinpiar Jokoak
Irudi
Jatorrizko izena(lb) Spiller vun der I. Olympiad
MotaSummer Olympic Games edition (en) Itzuli
Denbora-tarte1896ko apirilaren 6a - 1896ko apirilaren 15a
KokalekuAtenas
Estatu burujabeGreziako Erresuma
Partehartzaile kopuru14
176
13
176
Kirolakirol olinpiko
Beste batzuk
Kirol proba olinpiko43
Osagai hau/hauek du/ditu


1896ko Udako Olinpiar Jokoak,[oh 1] ofizialki I. Olinpiadako Jokoak,[oh 2] historia modernoan egin ziren nazioarteko lehen olinpiar jokoak izan ziren. Pierre de Coubertin frantziar aristokratak sortutako Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) antolatuta, ekitaldia Atenasen (Grezia) egin zen, 1896ko apirilaren 6tik 15era.

Hamalau herrialde —NOBen arabera, kopurua auzitan jartzen bada ere—[oh 3] —eta 241 kirolari—[oh 4] denak gizonezkoak; kopuru hori ere eztabaidapean dago— izan ziren partaide jokoetan.[1] Parte hartzaile guztiak europar ziren edo Europan bizi ziren, Ameriketako Estatu Batuetako taldea izan ezik, eta lehian izandako kirolarien % 65 baino gehiago greziarrak ziren. Irabazleek zilarrezko domina jaso zuten, eta txapeldunordeek, berriz, kobrezkoa.[2] Atzera eraginez, NOBek urrezko, zilarrezko, eta brontzezko domina gisa izendatu zituen ekitaldi bakoitzeko lehen hiruak. Parte hartutako 14 herrialdeetatik hamarrek lortu zituzten dominak. 1896ko apirilaren 6an, James Brendan Connolly estatubatuarra izan zen lehen domina olinpikoa lortutakoa, jauzi hirukoitzean lehiatuta.[1] Ameriketako Estatu Batuek urrezko domina gehien irabazi zituzten, 11, eta Grezia anfitrioiak, berriz, domina gehien lortu zituen oro har, 47. Greziarrentzat aipagarriena izan zen Spyridon Louis herrikideak maratoi lasterketan lortutako garaipena. Lehiakide arrakastatsuena Carl Schuhmann alemaniar borrokalari eta gimnasta izan zen, lau proba irabazi baitzituen.

Atenas aho batez hautatu zuten lehen Joko Olinpiko modernoak antolatzeko, Coubertinek Parisen 1894ko ekainaren 23an antolatutako kongresu batean (zeinetan NOB ere sortu baitzen), Grezia zelako Antzinako Olinpiar Jokoen jaioterria.

Egoitza nagusia Panathinaiko estadioa izan zen, non atletismoa eta borroka egin baitziren; beste egoitzak Neo Phaliron belodromoa txirrindularitzarako eta Zappeion eskrimarako izan ziren. Irekiera ekitaldia Panathinaiko estadioan egin zen apirilaren 6an, lehiatzen ziren atleta gehienak zelaian lerrokatuta zirelarik, taldetan herrialdeen arabera. Batzorde antolatzaileko presidente Konstantino printze oinordekoak hitzaldi bat eman ondoren, haren aitak ofizialki ireki zituen Jokoak. Ondoren, bederatzi musika bandak eta 150 abeslarik Ereserki Olinpikoa interpretatu zuten.

1896ko Olinpiar Jokoak arrakasta handitzat jo ziren, oro har. Ordura arteko kirol ekitaldietan, jokoek nazioarteko parte hartzerik handiena izan zuten. Panathinaiko estadioa kirol ekitaldi bat ikusten zuen inoizko jendetzarik handienarekin gainezka egin zuen.[3] Jokoen ondoren, pertsona ospetsu askok —besteak beste, Greziako Jurgi erregeak eta Atenasen lehiatutako estatubatuar atleta batzuek— eskatu zieten Coubertini eta NOBi handik aurrerako olinpiar joko guztiak Atenasen egiteko. Alabaina, 1900eko Udako Olinpiar Jokoak Parisen antolatu ziren, eta, 1906ko Tartekatutako Jokoak izan ezik, olinpiar jokoak ez ziren Greziara itzuli 2004ko Udako Olinpiar Jokoak gertatu arte, 108 urte geroago.

Jokoak berpizten

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean zehar, Europa osoko eskala txikiko zenbait kirol jaialdi antzinako Olinpiar Joko izendatu izan ziren. Hartarako berritutako Panathinaiko estadioan, 30.000 ikusle bildu zituzten Zappasen Jokoek, 1859-1875 bitarte.[4] Pierre de Coubertin, frantziar pedagogo eta historialariak, William Penny Brookes britainiar hezitzailearen ideia hartu zuen, nazio eta kirol anitzeko ekitaldi bat ezartzeko, nahiz eta antzinako jokoek greziar jatorriko gizonezko kirolariei bakarrik uzten zien parte hartzen.[5][6] 1890ean, Coubertinek artikulu bat idatzi zuen La Revue Athlétique aldizkarian. Artikulu horrek Much Wenlock herriaren garrantzia azaltzen zuen, Ingalaterrako Shropshire konderriko landa merkatuko herrixka bat izan arren, bertan, 1850eko urrian, William Penny Brookes medikuak Wenlockeko Olinpiar Jokoak sortu baitzituen, kirol eta jolas jaialdi bat, atletismoa eta talde kirolak jasotzen zituena, hala nola kriketa, futbola eta quoits jolasa.[7]

Coubertinek inspirazioa hartu zuen lehenago Grezian antolatutako jokoetatik ere, Evangelis Zappas enpresaburu eta filantropoak olinpiar izenarekin antolatu zituenak 1859an, 1870ean eta 1875ean.[8][9] 1896ko Atenasko Jokoak Zappasen eta haren lehengusu Konstantinos Zappasen ondareek finantzatu zituzten, baita Georgios Averof negozio gizonak ere, Greziako gobernuak Panathinaiko estadioaren bigarren birmoldaketa babesteko eskatu baitzion. Greziako gobernuak hori egin zuen, nahiz eta Evangelis Zappasek berrogei urte lehenago estadioa haitzurdinez birmoldatzeko lanak osorik finantzatu zituen.[10]

1894ko ekainaren 18an, Coubertinek batzar handi bat antolatu zuen Sorbonan, Parisen, 11 herrialdetako kirol elkarteen ordezkariei bere planak aurkezteko. Kongresuak proposamena onartu ondoren, lehen Olinpiar Joko modernoetarako data eztabaidatu zen; Coubertinek iradoki zuen jokoak 1900eko Parisko erakusketa unibertsalarekin batera egitea. Kezkatuta, sei urteko itxaronaldiak interes publikoa gutxituko ote zuen, batzarkideek 1896an antolatzea erabaki zuten aro modernoko hastapeneko jokoak.[11]

Data ezarrita, batzarkideek anfitrioi hiria hautatzea eztabaidatu zuten. Ez dago argi nolatan Atenas aukeratu zen: Coubertinek eta Dimitrios Vikelas negozio gizonak hautaketa prozesuaz egindako deskribapenak kontraesanean gelditu ziren kongresuaren akta ofizialekin. Dirudienez, zenbait batzarkide Londresen azaldu ziren hasieran, baina Coubertin bat ez zetorrenez, atzera egin zuten. Grezia ordezten zuen Vikelasekin eztabaida labur bat izan ondoren, Coubertinek Atenas iradoki zuen. Vikelasek Atenasko proposamena ofizial egin zuen ekainaren 23an; Grezia olinpiar jokoen jatorrizko etxea izan zenez, batzarrak aho batez onartu zuen erabakia. Ondoren, Vikelas NOB sortu berriaren lehen presidente hautatu zuten.[11]

Olinpiar jokoak Greziara itzultzea ondo hartu zuten greziar publikoak, hedabideek eta errege familiak.[12] Printze oinordekoak babesa eman zien jokoei. Hala ere, herrialdeak arazo ekonomiko larriak zituen eta egoera politiko nahasia. Herrialdeko lehen ministroa maiz aldatu zen Charilaos Trikoupis eta Theodoros Deligiannisen artean XIX. mendearen azken urteetan. Ezegonkortasun horren ondorioz, Trikoupisek eta Zappas Olinpiar Batzordeko presidente Stefanos Dragoumisek uste izan zuten Greziak ez zuela gaitasunik halako ekitaldi bnat antolatzeko, horietako lehena nazio olinpiaden serie bat antolatzen saiatua baitzen.[13] 1894. urte amaieran, Stephanos Skouloudisen antolaketa batzordeak txosten bat aurkeztu zuen, jokoen kostua Coubertinek hasieran kalkulatutakoa baino hiru aldiz handiagoa izango zela adieraziz. Ondorioztatu zuten jokoak ezin zirela egin eta dimisioa eman zuten. Jokoen kostu osoa 3.740.000 urrezko drakma izan zitekeen.[14][oh 5]

Dimitrios Vikelas, Nazioarteko Olinpiar Batzordeko lehen presidentea, 1896ko Olinpiar Joko arrakastatsuen antolatzailea.

Olinpiar jokoen berpiztea zalantzan zegoenez, Coubertinek eta Vikelasek kanpaina bat hasi zuten olinpiar mugimenduaren aldezpena zabaltzeko. 1895eko urtarrilaren 7an, Vikelasek iragarri zuen Konstantino printzeak antolaketa batzordeko lehendakaritza hartuko zuela. Haren lehen ardura izan zen jokoak antolatzeko beharrezko funtsak biltzea. Greziako herriaren abertzaletasunean oinarritu zen beharrezko finantzaketa lortzeko.[15][16] Konstantino printzearen grinak greziarren ekarpenak handitu zituen, eta 330.000 drakma bildu zituzten.[oh 6] Posta zigilu berezi batzuk jalgi zirelarik, haien salmentak 400.000 drakma bildu zituen.[oh 7] Sarreren salmentak 200.000 drakma gehitu zituen.[oh 8] Konstantino printzearen eskariz, Georgios Averof enpresaburuak Panathinaiko estadioa zaharberritzeko kostua ordaintzea onartu zuen. Averofek 920.000 drakma[17][oh 9] jartzeko hitzan eman zuen.[18] Haren eskuzabaltasunaren omenez, Averofen estatua bat eraiki eta 1896ko apirilaren 5ean inauguratu zuten estadioaren kanpoaldean.[19]

Nazioarteko Olinpiar Batzordearen lehen araudia, 1894an bozkatua, olinpiar jokoetan soilik kirolari amateurren parte hartzea baimentzearen aldekoa izan zen.[oh 10] Horrela, zenbait lehiaketa, beraz, arau amateurren arabera egin ziren, eskrima borrokak izan ezik.[oh 11] Arauak eta erregelamenduak ez zirenez uniformeak, antolakuntza batzordeak herrialdeetan atletismo elkarteen kodeen artean aukeratu behar izan zuen. Epaimahaia, epaileak eta joko zuzendaria antzinatean izandako izen berberaz izendatu ziren (Ephor, Helanodic eta Alitarc). Jurgi printzea azken epaile gisa aritu zen; Coubertinen hitzetan, «haren presentziak pisua eta agintea eman zien ephoren erabakiei».[22] Emakumeak ezin izan ziren 1896ko Udako Olinpiar Jokoetan lehiatu, Coubertinek uste baitzuen haien parte-hartzea «ez praktikoa, interesik gabea, antiestetikoa eta okerra» izango zela.[23]

Panathinaiko estadioaren ikuspegia.

Zazpi egoitza erabili ziren 1896ko Udako Olinpiar Jokoetarako. Panathinaiko estadioa izan zen egoitza nagusia, lehiatutako bederatzi kiroletatik lau bertan jokatu baitziren. Maraton herrian maratoiko proba eta errepideko txirrindularitza lasterketako banakako probak egin ziren. Eskrima Zappeion jauregian egin zen, kirol tiroa Kallithea herrian, eta tenisa Atenasko tenis Klubean (grezieraz: Όμιλος Αντισφαίρισης Αθηνών, Homilos Antisfairiseos Athinon).[24] Igeriketa Zeako badian egin zuten, jokoen antolatzaileek ez baitzuten dirutza bat eralgi nahi igerileku bat eraikitzen.[20]

1896ko lau olinpiar egoitza 2004ko jokoetan berrerabili ziren lehiaketa leku gisa. Belodromoa futbol estadio bihurtuko zen 1960ko hamarkadan Karaiskakis estadioa hain zuzen. egoitza hori 2003an berritu zen 2004ko jokoetarako futbol egoitza gisa erabiltzeko.[25] 2004ko jokoetan, Panathinaiko estadioak arkularitza lehiaketak hartu zituen eta atletismoko maratoi ekitaldiaren amaiera izan zen.[26] Maraton hiria bera izan zen 2004ko jokoetako maratoi ekitaldi bietarako abiapuntua.[27] Zappeion izan zen 2004ko jokoetako antolakuntza batzordearen lehen egoitza, 1998tik 1999ra, eta akreditatu gabeko hedabideentzako prentsa -zentro gisa aritu zen joko haietan.[28]

lekua kirolak edukiera erref.
Atenasko Tenis Kluba tenisa ezezaguna [24]
Zeako badia igeriketa ezezaguna [29]
Kallithea tiroa ezezaguna [30]
Maraton (hiria) atletismoa (maratoia), txirrindularitza (errepideko banakako lasterketa). ezezaguna [31]
Neo Phaliron belodromoa txirrindularitza (pista) ezezaguna [32]
Panathinaiko estadioa atletismoa, gimnasia, halterofilia eta borroka 80.000 [33]
Zappeion eskrima ezezaguna [34]
   irekiera ekitaldia    lehiaketak  1  finalak    amaiera ekitaldia
1896ko apirila 6 al. 7 ar. 8 az. 9 og. 10 or. 11 lr. 12 ig. 13 al. 14 ar. 15 az. lehiaketak
Ekitaldiak
Atletismoa 2 4 1 5 12
Txirrindularitza Errepidean 1 6
Pistan 1 3 1
Eskrima 2 1 3
Gimnastika 6 2 8
Tiroa 1 1 2 1 5
Igeriketa 4 4
Tenisa 2 2
Halterofilia 2 2
Borroka 1 1
eguneko finalak 2 8 1 9 8 12 2 1 0 0 43
guztira metatua 2 10 11 20 28 40 42 43 43 43
1896ko apirila 6 al. 7 ar. 8 az. 9 og. 10 or. 11 lr. 12 ig. 13 al. 14 ar. 15 az. lehiaketak
guztira

Oharra: irabazleei zilarrezko dominak eman zitzaizkien, txapeldunordeei kobrezko dominak, eta hirugarren postuan gelditu zirenek ez zuten saririk izan.

Irekiera ekitaldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Irekiera ekitaldia Panathinaiko estadioan

Apirilaren 6an (martxoaren 25ean, Grezian 1923ra arte erabilitako juliotar egutegiaren arabera), ofizialki ireki ziren Lehen Olinpiadako jokoak.[35] Panathinaiko estadioa 16.000-80.000 bat ikuslek bete zuten, haien artean Jurgi I.a Greziakoa erregea, Olga Olga Konstantinovna emaztea eta errege familiako beste kide batzuk ere.[36] Lehian ariko ziren kirolari gehienak belar gainean lerrokatu ziren, herrialdeen arabera multzokatuta.[1] Batzorde antolatzaileko presidente Konstantino printze oinordekoak hitzaldia eman ondoren, haren aitak jokoak ofizialki ireki zituen, hitz hauek esanaz:[37]

« Atenasko Lehen nazioarteko Olinpiar Jokoak irekitzat jotzen ditut. Gora nazioa. Gora Greziako herria. »

Ondoren, bederatzi musika banda eta 150 abeslari elkartu ziren Ereserki Olinpikoa interpretatzeko, Spyridon Samaras musikariak konposatua, Kostis Palamas poetaren hitzekin.[38]

Olinpiar Jokoak prestatzen ari zirelarik, kirol ekitaldien iragarkietan zaldiketa edo kriket ageri ziren, baina azkenean kirol horiek ez ziren jokoen azken programan sartu. Futbola erakustaldi gisa aipatzen da batzuetan, futbol partida bat benetan jokatu ote zen ala ez eztabaidagarria den arren.[39] Arraunketa eta bela probak lehiaketa egunetan bertan behera utzi zituzten: bela, Grezian ontzi berezirik ez zegoelako eta atzerriko parte hartzailerik ez zelako aurkeztu, eta arrauna eguraldi txarragatik.[40]

1896ko Udako Olinpiar Jokoetako programak 9 kirol izan zituen, 10 diziplina eta 43 ekitaldi. Parentesi artean diziplina bakoitzeko ekitaldi kopurua adierazten da:[41]

Atletismo probetan izan zen nazioarteko partaide gehien. Ekitaldi nagusia maratoia izan zen, nazioarteko lehiaketan lehen aldiz egin zena. Spyridon Louis aurretik ezaguna ez zen ur eramaile batek irabazi zuen proba, Greziako atletismo txapeldun bakarra eta heroi nazionala bihurtuz. Grezia faboritoa zen disko eta pisu jaurtiketan, baina bertako atleta onenek bigarren postua lortu zuten Robert Garrett estatubatuarraren atzetik bi probetan.[3]

Ez zen munduko errekorrik ezarri, nazioarteko atleta nagusi gutxik erabaki baitzuten parte hartzea eta pistaren bihurguneak oso itxiak baitziren; lasterketetan denbora azkarrak lortzea ia ezinezkoa zen. Thomas Burke estatubatuarrak irabazi zituen 100 metroko lasterketa 12,0 segundotan eta 400 metroko lasterketa 54,2 segundotan. Burke izan zen irteera makurtua erabili zuen bakarra, belauna lurrean jarriz eta epaimahaia zur eta lur utzita.[44]

Léon Flameng (ezkerrean) eta Paul Masson frantziarrek txirrindularitzako lau proba irabazi zituzten.
Leonidas Pyrgos eskrima maisua Greziako lehen txapeldun olinpiko modernoa izan zen florete lehiaketa irabazita.
Alemaniako banakako gimnastika txapeldunak: Schuhmann, Flatow, eta Weingärtner.

Txilek atleta bat aldarrikatzen du, Luis Subercaseaux, 1896ko Udako Olinpiar Jokoetan herrialdearen alde lehiatu zena.[45] Subercaseauxren emaitzak ez daude txosten ofizialean jasota, nahiz eta txosten horretan irabazleak bakarrik sartzen diren arren eta Subercaseauxk ez zuen dominarik irabazi.[46] 100 m, 400 m eta 800 m-ko probetan lehiatzeko izena eman zuen, baina agirietan ez aurkeztutzat azaltzen da.[47] 100 metroko lasterketaren 2. serieko argazki baten balorazioan, Txileko polizia judizialeko aurpegi ezagutze adituek egina, ondorioztatu zen Subercaseaux parte hartzaileetako bat izan zela.[48]

Maratoi ofizialaren biharamunean, Stamata Revithi atletak 40 kilometroko ibilbidea egin zuen 5 ordu eta 30 minututan, baina emakumeek beimenik ez zutenez Olinpiar Jokoetan parte hartzeko, Panathinaiko estadioaren kanpoaldean amaitu behar izan zuen.[49][50][51] «Melpomene» eta Revithi pertsona bera direla uste duten egile batzuek 4 h 30 min orduko denbora hobea egozten diote azken honi.[52] Ez zioten lasterketa ofizialean parte hartzen utzi, 1896ko Olinpiar Jokoek emakumeak lehiatik kanpo utzi baitzituzten.[oh 12]

Txirrindularitza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txirrindularitza lehiaketetan Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren arauak erabili zituzten.[22] Eraiki berri zen Faliro berria belodromoak pistako txirrindularitza probak hartu zituen.[54] Errepideko proba bakarra egin zen, Atenastik Maratoira joan-etorria, guztira 87 kilometro.[42]

Pistako probetan, txirrindularirik onena Paul Masson frantziarra izan zen, itzuli bateko erlojupekoa, esprint proba eta 10.000 metroko proba irabazi baitzituen. 100 kilometroko proban, Masson bere herrikide Léon Flamengentzat erbi gisa sartu zen. Flamengek irabazi zuen proba, eroriko baten ondoren eta Georgios Koletis aurkari greziarrari matxura mekaniko bat konpontzeko gelditu ondoren. Adolf Schmal austriar eskrimalariak 12 orduko lasterketa irabazi zuen, bi txirrindularik bakarrik amaitu zutena, eta errepideko proba Aristidis Konstantinidis greziarrak irabazi zuen.[20]

Sakontzeko, irakurri: «Eskrima 1896ko Udako Olinpiar Jokoetan»

Eskrima lehiaketak Zappeion jauregian egin ziren, Evangelis Zappasek antzinako Olinpiar Jokoak berpizteko emandako diruarekin eraikia, inoiz ez zuen lehenago kirol lehiaketarik ikusi.[55] Beste kirol batzuek ez bezala —non amateurrek bakarrik parte har zezaketen Olinpiar Jokoetan—, profesionalei eskriman lehiatzeko baimena eman zitzaien, baina lehiaketa bereizi batean. Maisu profesional haiek atleta benetakotzat hartzen ziren, amateurrak bezala.[22]

Lau proba zeuden programatuta, baina ezpata proba arrazoi ezezagunengatik bertan behera utzi zen. Floretea Eugène-Henri Gravelotte frantziarrak irabazi zuen, finalean Henri Callot herrikidea garaitu ondoren.[55] Beste bi probak eskrimalari greziarrek irabazi zituzten: Ioannis Georgiadisek sable proba irabazi zuen, eta Leonidas Pyrgosek maisu floretea irabazi zuen eta, horrela, aro modernoko lehen greziar txapeldun olinpikoa bihurtu zen.[56][57]

Gimnastika lehiaketa Panathinaiko estadio barruko eremuan egin zen. Alemaniak 11 laguneko taldea bidali zuen, zortzi ekitaldietatik bost irabazi zituena, taldekako bi ekitaldiak barne: barra horizontaleko taldekako ekitaldian, Alemaniako taldea izan zen bakarra.[58]

Hiru alemanek banakako tituluak gehitu zituzten: Hermann Weingärtnerrek barra horizontaleko ekitaldia irabazi zuen, Alfred Flatowek barra paraleloak irabazi zituen, eta Carl Schumannek, borroka ekitaldia ere irabazi zuenak, zaldi jauzia irabazi zuen. Louis Zutter suitzar gimnastak zaldi arkudunaren proba irabazi zuen, eta Ioannis Mitropoulos eta Nikolaos Andriakopoulos greziarrek, hurrenez hurren, eraztunetan eta soka igotzeko ekitaldietan garaile izan ziren.[59]

Bela eta arraunketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alemaniako taldea 1896ko Udako Olinpiar Jokoetan.

Belaontzien estropada Olinpiar Jokoen programan zegoen,1896ko martxoaren 31n (juliotar egutegia) jokatzekoa. Ekitaldia, baina, bertan behera utzi zuten: ingelesezko txosten ofizialak ontzi egokiren faltari leporatu zioen,[60] eta aleman bertsioak, berriz, atzerriko lehiakideen falta aipatu zuen.[61]

Arraun lasterketak hurrengo egunerako programatu ziren, 1896ko apirilaren 1erako (juliotar egutegia). Goiza eguraldi txarraz esnatu zenez, ekitaldia atzeratu egin behar izan zuten, arratsaldeko 15:00etara.[62] Berthold Küttner eta Adolf Jäger alemaniarrek adierazi zuten scull bikoitzeko irteeran lerrokatu zirela, baina ekitaldia hurrengo egunera atzeratu zen berriro, eguraldia ez baitzen batere hobetu. Hala ere, alemaniar bikoteak eguraldi txarrean osatu zuen ekitaldia, bakar-bakarrik: zilarrezko domina —txapeldunari zegokiona, alegia— eman zieten arraunketa amaitzean. Hurrengo egunean, ekitaldia bertan behera utzi zuten formalki, eguraldia okertu zenean. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak ez zuen onartu Küttnerrek eta Jägerrek jasotako domina.[63]

Sakontzeko, irakurri: «Tiroa 1896ko Udako Olinpiar Jokoetan»

Kallithea herrian egindako tiro lehiaketak bost proba izan zituen: bi fusila erabiliz eta hiru pistolarekin. Lehenengo proba, fusil militarra, Pantelis Karasevdas greziarrak irabazi zuen, bere tiro guztietan ituan jo zuen lehiakide bakarra. Bigarren proba, pistolarekin, bi anai amerikarrek menderatu zuten: John eta Sumner Paine. Proba berean lehenengo eta bigarren postuan amaitu zuten lehen anaiak izan ziren. Anfitrioiak ez lotsatzeko, anaiek erabaki zuten Johnek pistola libreko proba utziko zuela. Sumner Painek irabazi zuen proba hura, txapeldun olinpiko baten ahaidea izanik txapeldun olinpiko bihurtu zen lehenengoa bilakatuz.[64]

Paine anaiek ez zuten 25 metroko pistola proban parte hartu, epaileek erabaki baitzuten haien armak ez zirela beharrezko kalibrekoak; Ioannis Phrangoudis greziar tiratzaileak irabazi zuen proba. Azken proba, fusil librea, ezin izan zen amaitu egun berean, ilunabarrean ez baitzegoen aski argirik eta hurrengo goizean amaitu zuten. Georgios Orphanidis greziarrak irabazi zuen lehiaketa.[64]

Alfréd Hajós, igeriketako lehen txapeldun olinpikoa, kirol zein arte lehiaketetan dominak lortu dituen bi olinpiar bakarretako bat da.

Igeriketa lehiaketa itsaso zabalean egin zen, antolatzaileek ez baitzuten estadio berezi bat eraikitzeko beharrezko dirutza eralgi nahi izan. Ia 20.000 ikusle bildu ziren Pireoko kostaldeko Zeako badian, igerilariak ikustera. Badiako ura hotza zen, eta lehiakideek sufritu egin zuten lasterketetan. Hiru proba ireki zeuden: 100 metroko estilo librea, 500 metroko estilo librea eta 1200 metroko estilo librea. Horrez gain, greziar itsasgizonentzat soilik irekitako ekitaldi berezi bat egin zuten, 100 metro estilo librean.[20]

Lasterketa guztiak egun berean egin zirenez, apirilaren 11n. Alfréd Hajós hungariarrak bi probatan bakarrik parte hartu ahal izan zuen, lasterketak ia bata bestearen atzetik egin baitziren, eta horrek ezinezkoa egiten zuen behar bezala indarberritzea. Hala ere, igeri egin zuen bi probak irabazi zituen, 100 eta 1200 metroko estilo librea. Hajósek geroago bi olinpiar domina irabazi zituen atletismo eta arte lehiaketetan, 1924an zilarrezko domina irabazi baitzuen arkitekturan.[65] 500 metroko estilo librea Paul Neumann austriar igerilariak irabazi zuen, aurkariak minutu eta erdi baino gehiagoz garaituz.[66]

Sakontzeko, irakurri: «Tenisa 1896ko Udako Olinpiar Jokoetan»

Ttenisa jada kirol hedatu eta garrantzitsua zen XIX. mendearen amaieran, baina jokalari onenak ez ziren agertu Atenasko txapelketan. Lehiaketa Atenasko Tenis Klubaren kantxetan eta txirrindularitza probetarako belodromoaren barrualdean egin zen. Lehiaketaren irabazle John Pius Boland Oxfordeko Unibertsitateko ikaskide Konstantinos Manos greziarrak sartu zuen tenisaren munduan. Atenasko Tenis Klubeko kide zenez, Manos saiatu zen, Bolanden laguntzarekin, Atenasko jokoetarako lehiakideak biltzen Oxfordeko Unibertsitateko kirol zirkuluetan. Lehen txandan, Bolandek Friedrich Traun garaitu zuen, Hanburgoko tenislari oparoa, 100 metroko esprint lehiaketan kanporatua izan zena. Bolandek eta Traunek binakako proban elkarrekin aritzea erabaki zuten, eta finalean aurkari greziarrak garaitu zituzten, lehen seta galdu ondoren.[67]

Launceston Elliot, esku bakarreko halterofilia probako irabazlea, oso ezaguna zen greziar ikusleen artean, gizon erakargarritzat hartzen baitzuten.

Halterofilia kirol sortu berria zen 1896an, eta arauak desberdinak ziren, egungoen aldean. Lehiaketak aire zabalean egiten ziren, estadio nagusiko belartzan, pisu mugarik gabe. Lehen ekitaldia bi denborako estiloan izan zen. Bi lehiakide nabarmendu ziren: Launceston Elliot britainiarra eta Viggo Jensen danimarkarra. Biek pisu bera altxatu zuten, baina epaimahaiak —Jurgi printzea buru zuela— erabaki zuen Jensenek estilo hobean egin zuela. Britainiar ordezkaritzak, berdinketa hausteko arau berri ez zuenez, protesta aurkeztu zuen. Azkenean, pisu jasotzaileei saiakera gehiago egiteko aukera eman zitzaien, baina inork marka hura hobetu ez zuelarik, Jensen txapeldun izendatu zuten.[68]

Elliotek mendekua hartu zuen esku bakarreko altxatze ekitaldian, bi eskukoaren ondoren berehala egin zena. Jensenek lesio txiki bat izan zuenez bere azken bi eskuko saiakeran, ez zen Ellioten aurka lehiatzeko gai izan, eta horrela erraz irabazi zuen lehiaketa. Greziako ikusleak britainiar garaileaz liluratuta geratu ziren, oso gizon erakargarritzat hartzen baitzuten Gertakari bitxi bat izan zen halterofilia ekitaldian: zerbitzari bati pisuak kentzeko agindu zioten, eta zeregin zaila zirudien berarentzat. Jurgi printzeak lagundu zion; pisua hartu eta distantzia handi samarrera bota zuen erraztasunez, jendetzaren gozamenerako.[68]

Carl Schuhmann (ezkerrean) eta Georgios Tsitas eskua ematen elkarri, borroka lehiaketako azken saioaren aurretik.
Sakontzeko, irakurri: «Borroka 1896ko Udako Olinpiar Jokoetan»

Ez zen pisu kategoriarik ezarri Panathinaiko estadioan egindako borroka lehiaketarako, beraz lehiakideen artean irabazle bakarra atera behar zen.[69] Erabilitako arauak egungo grekoerromatar borrokaren antzekoak ziren, baina denbora mugarik gabe, eta, gaur ez bezala, hanka trabatze guztiak ez zeuden debekatuta.[70]

Bi lehiakide greziarrak alde batera utzita, gainerako lehiakide guztiak beste kirolen batean aritu ziren aurretik. Launceston Elliot halterofilia txapeldunak Carl Schuhmann gimnastika txapelduna izan zuen aurkari. Azken horrek irabazi eta finalera igaro zen, non Georgios Tsitas izan baitzuen aurkari, aurretik Stephanos Christopoulos garaitu zuena. Ilunabarraren argi eskasak finala etenarazi zuen 40 minuturen ondoren; hurrengo egunean jarraitzeko, eta Schuhmannek hamabost minutu besterik ez zituen behar izan borrokaldia amaitzeko.[71]

Amaiera ekitaldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zilarrezko domina bat eman zioten ekitaldi bakoitzeko irabazleari. Egungo urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominen sistema 1906ko Tartekatutako Jokoetan ezarri zuten.

Apirilaren 12ko igande goizean (edo martxoaren 31n, Grezian erabiltzen zen juliotar egutegiaren arabera), Jurgi erregeak oturuntza bat antolatu zuen funtzionario eta atletentzat, nahiz eta lehiaketa batzuk amaitu gabe zeuden oraindik. Bere hitzaldian, argi utzi zuen, berari zegokionez, Olinpiar Jokoak Atenasen egin behar zirela betiko. Amaiera ekitaldi ofiziala hurrengo asteazkenean egin zen, apirilaren 15ean, euria zela eta asteartetik atzeratu ondoren. Berriro ere errege familia ekitaldira joan zelarik, ekitaldia ireki zen Greziako ereserki nazionala (grezieraz: Ύμνος εις την Ελευθερίαν, Imnos is tin Eleftherian) interpretatuta eta George S. Robertson britainiar atleta eta jakintsuak antzinako grezieraz konposatutako oda bat irakurrita.[72]

Ondoren, sariak eman zizkien irabazleei erregeak. Egun ez bezala, lehen postuan sailkatutakoek zilarrezko domina,[oh 13] olibondo adar bat eta diploma bat jaso zituzten, eta bigarren sailkatuek, berriz, kobrezko domina, ereinotz adar bat eta diploma bat.[74] Hirugarren lekuan sailkatutakoek ez zuten saririk jaso.

Michel Bréal maratoiaren sortzaileak Spiridon Louis greziar korrikalariari 1896an Atenasen lehen Olinpiar Joko modernoetako maratoian garaipena lortzeagatik emandako zilarrezko kopa.

Irabazle batzuek sari gehigarriak ere jaso zituzten. Spiridon Louisek Michel Bréal frantses hizkuntzalariak emandako kopa bat jaso zuen. Coubertinen laguna zen Bréal, berak asmatu zuen maratoi lasterketa egitea olinpiar jokoetan. Ondoren, Louisek estadioari ohorezko itzuli bat egin zion dominadun guztiek lagunduta, Ereserki Olinpikoa berriro interpretatzen zen bitartean. Erregeak formalki iragarri zuen lehen Olinpiada amaitu zela eta estadiotik alde egin zuen, bandak Greziako ereserki nazionala jotzen zuen bitartean, jendetzaren txalo artean.[72]

Greziako erregearen antzera, beste askok babestu zuten hurrengo jokoak Atenasen egiteko ideia; lehiakide amerikar gehienek gutun bat sinatu zuten Konstantino printze oinordekoari xede hori adierazteko. Coubertinek, ordea, ez zuen aldeztu nahi izan, nazioarteko txandakatzea Olinpiar Joko modernoen oinarrietako bat zela uste baitzuen. Horrela, hurrengo jokoak Parisen egin ziren, nahiz eta, neurri batean, itzalpean geratu ziren aldi berean egindako Erakusketa Unibertsalaren ondorioz.[75]

Herrialde parte hartzaileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Herrialde parte hartzaileak.
Herrialde bakoitzeko kirolari kopurua.

Selekzio nazionalen kontzeptua ez zen hastapenean olinpiar mugimenduaren osagai garrantzitsu bat izan, harik eta, hamar urte geroago, Tartekatutako Jokoak egin ziren arte. Hala ere, iturri askok 1896ko lehiakideen nazionalitatea zerrendatu eta domina kopurua herrialdeen arabera ematen duten. Zalantza nabarmenak daude zein herrialde lehiatu ziren zehatz-mehatz jakiteko. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak 14 herrialderen kopurua ematen du, baina ez ditu zerrendatzen.[1] Iturrien jatorria eta interesa nolako, herrialdeen zerrenda halako: batzuek Txile eta Bulgaria kanpoan uzten dituzte,[76][41] baina NOBek bi herrialde horietako lehiakideak zerrendatzen ditu;[77][78] beste batzuek Egipto jasotzen dute zerrendan, Dimitrios Kasdaglis tenislariaren parte hartzeagatik;[79] baina NOBek greziar atleta gisa sailkatzen du;[80] Belgikak eta Errusiak zenbait lehiakideren izenak eman zituzten, baina, azkenean, ez zen herrialde horietako atletarik lehiatu.[81]

Nazio parte hartzaileak
(atleta kopurua parentesi artean)
  •  Alemania (19)[41]
  •  Ameriketako Estatu Batuak (14)[41]
  •  Australia (1) 1901 baino lehenago, Australia ez zen nazio bateratu bat, baizik sei britainiar kolonia, bereiz administratzen zirenak.[82] Alabaina, Edwin Flack atletaren emaitzak australiar gisa zerrendatuta ematen dira.[83] Hori konbentzio moderno bat da, garaikideek atleta britainiarra zela uste baitzuten.[84] «Selekzio nazionalak» hautatzen dituzten Batzorde Olinpiko Nazionalen kontzeptua ez zegoen oraindik garai hartan.[85]
  •  Austria (3)
  •  Bulgaria (1) Bulgariako Batzorde Olinpikoak dio Charles Champaud gimnasta bulgariar gisa lehiatu zela.[oh 14] Historialari batzuek suitzartzat hartzen badute ere,[87] olinpiar ituri ofizialek bulgariar taldeko kide suitzartzat jotzen dute.[88]
  •  Danimarka (3)[41]
  •  Erresuma Batua (10) John Boland tenis txapelduna irlandar nazionalista nabarmena bihurtu zen; haren alaba batek geroago adierazi zuen protesta egin zuela Union Jack altxatu zutenean bere binakako garaipena ospatzeko, eta Irlandak bere bandera berdea zuela adierazi zuen. Antolatzaileek barkamena eskatu eta Irlandako bandera bat prestatzea onartu zuten.[89] Historialari batzuek gorabehera hori zalantzan jartzen badu ere, 1906rako, Bolandek Irlandari egozten zizkion bere dominak.[89] NOBen webgunean, bere banakako urrezko domina Britainia Handiari egozten zaio.[90]
  •  Frantzia (12)[91]
  •  Grezia (169) Greziako emaitzen barruan jasotzen dira Zipreko, Esmirnako eta Egiptoko lehiakideen emaitzak. Iturri batzuek Zipreko emaitzak bereizita ematen badituzte ere, gehienek Anastasios Andreou, greko-zipretarra eta Zipreko atleta bakarra, greziartzat hartzen dute.[oh 15] Kasdaglis, Egiptoko Alexandrian bizi zen greziar jatorriko atleta, NOBek greziartzat jotzen du, bai banakako tenis lehiaketan, bai binakako tenis lehiaketan, bere taldekide Demetrios Petrokokkinos atleta greziarrarekin batera.[92]
  •  Hungaria (7)[41]
  •  Italia (1) Jokoekin lotutako italiar atleta nabarmenena, Carlo Airoldi maratoilaria, profesionaltzat hartu zuten eta lehiaketatik kanpo utzi zuten. Hala ere, Giuseppe Rivabella italiar tiratzailea fusil tiroan lehiatu zen.[93][94]
  •  Suedia (1)[41]
  •  Suitza (3)[41]
  •  Txile (1) Txileko Batzorde Olinpikoak dio txiletar atleta bat, Luis Subercaseaux, 100, 400 eta 800 metroko lasterketetan lehiatu zela atletismo programan.[95][96][97][45] Horrela izatekotan, 13 urte zituen Atenasko Olinpiar Jokoak egin zirenean. Ez da xehetasun gehiagorik ematen, eta ez da Subercaseaux aipatzen txosten ofizialean. Olinpiar iturri ofizialen arabera, 100 m, 400 m eta 800 m-ko lasterketetan lehiatzeko izena eman zuen baina ez zuen parte hartu.[47]
  • Talde mistoak – Tenis bikoteak bi herrialdetako bikoteek osa zitzaketen; NBOk «talde misto» deitu zien halakoei.[92]

Kirolari kopurua Batzorde Olinpiko Nazionalen arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzorde Olinpiko Nazionalak ez ziren oraindik sortuak. Kirolari guztien % 65 baino gehiago greziarrak izan ziren.

Herrialdea Kirolariak
 Grezia 169
 Alemania 19
 Ameriketako Estatu Batuak 14
 Frantzia 12
 Erresuma Batua 10
 Hungaria 7
 Austria 3
 Danimarka 3
 Suitza 2/3[oh 16]
 Australia 1
 Italia 1
 Txile 1
 Suedia 1
 Bulgaria 0/1[oh 16]
Guztira 243

Parte hartu zuten hamalau herrialdetatik hamarrek dominak lortu zituzten, talde mistoek (bi herrialdetako kirolariek osatutako tenis bikoteak) irabazitako bi dominaz gain. NOBek, atzeraeraginez, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak aitortu zizkien ekitaldi bakoitzean hobekien kokatutako hiru kirolariei, egun ezarritako dagoen moldera egokitzearren. Horren harira, jokoetan brontzezko domina lortu zutenetatik bost ezezagunak dira: bi igeriketan eta hiru gimnastikan.

Ameriketako Estatu Batuek lortu zituzten urrezko domina gehien (11), eta Grezia anfitrioiak domina gehien oro har (47), baita zilarrezko (18) eta brontzezko (19) domina gehien ere. AEBk baino urrezko domina bat gutxiagorekin amaitu zuten greziarrek.[98]

1896ko Udako Olinpiar Jokoen dominak
herrialdea urrea zilarra brontzea guztira
1  Ameriketako Estatu Batuak 11 7 2 20
2  Grezia 10 18 19 47
3  Alemania 6 5 2 13
4  Frantzia 5 4 2 11
5  Erresuma Batua 2 3 2 7
6  Hungaria 2 1 3 6
7  Austria 2 1 2 5
8  Australia 2 0 0 2
9  Danimarka 1 2 3 6
10  Suitza 1 2 0 3
11
Talde mistoak
1 0 1 2
guztira 43 43 36 122
  1. Grezieraz Θερινοί Ολυμπιακοί Αγώνες 1896, Therinoí Olympiakoí Agónes 1896.
  2. Grezieraz Αγώνες της 1ης Ολυμπιάδας, Agónes tis Protis Olympiádas.
  3. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak emandako herrialde kopurua interpretaziorako irekia da, 10-15 artekoa izan daiteke. Desadostasunaren arrazoiak ugariak dira: garai hartan ia ez zegoen talde nazionalik, kirolari gehienek beren burua edo beren klubak ordezkatzen zituzten, eta herrialdeak ez zeuden hain zehazki definituta. Hemen islatzen den herrialde kopurua iturri moderno gehienek aipatutako da, Nazioarteko Olinpiar Batzordearen webgunea barne. Ikus Herrialde parte hartzaileak atala xehetasun gehiagorako.
  4. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak emandako lehiakideen kopurua da hori. Mallon & Widlundek 245 atleta ematen dituzte guztira, eta De Waalek 246. Joko haietan partaide izandako 179 atleten nortasunaren berri zehatza dago.
  5. Diru kopuru hori 11.300 bat milioi euroren baliokoa izan zirekeen 2026an.
  6. 980 milioi euro inguru 2026an.
  7. 1.188 milioi euro inguru 2026an.
  8. 594 milioi euro inguru 2026ean.
  9. 2.733 bat milioi euro 2026an.
  10. Zenbait adituren iritziz, Sorbonako biltzarrean Coubertinek irizpide taktikoz jokatu zuen, kirolari amateurren baldintzak benetako helburua —hau da, Olinpiar Jokoak berriz ezartzea— azkarrago gauzatzen lagun zezakeelakoan.[20]
  11. Profesionaltasuna/amateuritasuna izan zen XIX. mendeko gai nagusietako bat atletismoari dagokionez. Grezian, atleten amateurismoari buruzko eztabaida urrats bat harago joan zen, behe klaseak Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukerarik ote zuen auzitan jarri baitzuten. 1870ean, Zappasen Olinpiar Jokoetan, Filippos Ioannou irakasleak jokoak kritikatu zituen eta amateurismoaren ideala kritikatu zuen. Haren argudioa zen parodia bat zirela, langile klaseko jendeak parte hartu baitzuen jokoetan. Ioannouk iradoki zuen hurrengo olinpiar jokoetan soilik goi mailako gazteak onartu beharko liratekeela.[21]
  12. Ofizialki, parte hartzeko epea amaitu zelako baztertu zuten. Hala ere, zenbait historialari olinpikoren arabera, benetako arazoa emakumea izatea izan zen. Greziar parte hartzaileak nazio mailako bi lasterketa saioren bidez aukeratu zituzten, otsailaren 27an —martxoaren 10ean, egutegi gregorianoan— eta martxoaren 12an —martxoaren 24an. Beste atleta bat, Carlo Airoldi, ere kanpoan utzi zuten, profesionala zelakoan.[53]
  13. Jules-Clément Chaplain frantses artistak diseinatutako dominak irudi hauek zituen. Aurkian, Zeus jainkoaren aurpegia, ereinotz koroa batekin. Eskuan lurraren globo bat dauka, eta haren gainean Nike dago, garaipenaren jainkosa hegoduna, olibondo adar txiki bat daramana. Ezker alboan, ezkerretik gora ΟΛΥΜΠΙΑ (Olympia) hitza du idatzita, eta eskuin alboan, J.C. CHAPLAIN idazkuna. Ifrentzuan, Atenasko Akropoliaren eta Partenoiaren irudi bat. Goien, dominaren ertzari jarraituta ΔΙΕΘΝΕΙΣ ΟΛΥΜΠΙΑΚΟΙ ΑΓΩΝΕΣ dago idatzita, eta beheko ertzean, bi lerrotan, ΕΝ ΑΘΗΝΑΙΣ 1896 (esaldia, osorik, 1896ko Atenasko Nazioarteko Olinpiar Jokoak).[73]
  14. Charles Champaud suitzarra zen jatorriz, XIX. mendearen amaieran herrialde horretatik Bulgariara lanera joandako 12 gimnastika irakasleetako bat.[86]
  15. Zipre Erresuma Batuaren babespean zegoen garai hartan.
  16. 1 2 Charles Champaud berdin jo daiteke suitzartzat edo bulgariartzat.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 4 (Ingelesez) IOC. (2018-04-25). «Athens 1986 Summer Olympics - Athletes, Medals & Results» Olympics.com (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-05-24).
  2. (Ingelesez) The Olympic Studies Centre. (2019-09-10). «Olympic Summer Games Medals from Athens 1896 to Tokyo 2020» OSC Reference Collection (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-05-24).
  3. 1 2 Young 2002, 153. or. .
  4. Young 2002, 43-44. or. .
  5. Bijkerk 2004, 457. or. .
  6. Toohey & Veal 2007, 20. or. .
  7. (Ingelesez) «Pierre de Coubertin and the Wenlock Olympian Games» Proceedings of the International Olympic Academy (University of Leeds - web.archive.org) (kontsulta data: 2026-05-30).
  8. Matthews 2005, 66. or. .
  9. Young 2002, 81. or. .
  10. Young 2002, 14. or. .
  11. 1 2 Young 2002, 100-105. or. .
  12. Young 2002, 108. or. .
  13. Young 2002, 111-118. or. .
  14. Zarnowski 1992, 19. or. .
  15. Young 2002, 118. or. .
  16. Young 2004, 153. or. .
  17. Young 2002, 128. or. .
  18. Darling 2004, 135. or. .
  19. Young 2002, 143. or. .
  20. 1 2 3 4 Lennartz & Wassong 2004, 23. or. .
  21. (Ingelesez) «Professionals and amateurs» Foundation of the Hellenic World (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-05-31).
  22. 1 2 3 Coubertin 1896, 46-47. or. .
  23. DeChano-Cook & Shelley 2024, 19. or. .
  24. 1 2 (Ingelesez) «Homilos Antisfairiseos Athinon, Athina» Olympedia (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-05-31).
  25. Official Report 2004, 324. or. .
  26. Official Report 2004, 237, 242. or. .
  27. Official Report 2004, 242. or. .
  28. Official Report 2004, 20. or. .
  29. Wallechinsky & Loucky 1988, 897-898. or. .
  30. Coubertin et al. 1897, 84. or. .
  31. Coubertin et al. 1897, 86-90, 100-102. or. .
  32. Coubertin et al. 1897, 31-49. or. .
  33. Coubertin et al. 1897, 1. or. .
  34. Coubertin et al. 1897, 65. or. .
  35. Coubertin 1896, 42. or. .
  36. Malanski 2025, 3. or. .
  37. Young 2002, 144-145. or. .
  38. Mallon & Widlund 2009, 13. or. .
  39. Mallon & Widlund 2009, 117-118. or. .
  40. Coubertin et al. 1897, 99-100, 109. or. .
  41. 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 Mallon & Widlund 2009, 23. or. .
  42. 1 2 (Ingelesez) «Cycling Road at the 1896 Summer Olympics» Olympedia (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-03).
  43. (Ingelesez) «Cycling Track at the 1896 Summer Olympics» Olympedia (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-03).
  44. Sears 2001, 159. or. .
  45. 1 2 (Gaztelaniaz) «La presencia de Chile en los Juegos Olímpicos» Comité Olímpico de Chile (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-03).
  46. Coubertin et al. 1897.
  47. 1 2 (Ingelesez) «Luis Subercaseaux» Olympedia (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-03).
  48. (Gaztelaniaz) Cavalla, Mario. (2014-05-17). «Esta es la foto que descubrió al primer chileno olímpico» Las Últimas Noticias (web.archive.org): 29. or. (kontsulta data: 2026-06-03).
  49. Martin & Gynn 2000, 22. or. .
  50. (Ingelesez) Tarasouleas, Athanasios. (1997). «Stamata Revithi, “Alias Melpomeni”» Olympic Review (web.archive.org) 26 (17): 53-55. or. ISSN 0251-3498. (kontsulta data: 2026-06-03).
  51. (Ingelesez) Tarasouleas, Athanasios. (1993). «The Female Spiridon Loues» Citius, Altius, Fortius (web.archive.org) 1 (3): 11-12. or. ISSN 3005-9720. (kontsulta data: 2026-06-03).
  52. Miragaya 2002, 314. or. .
  53. Martin & Gynn 2000, 12, 21. or. .
  54. Coubertin et al. 1897, 74. or. .
  55. 1 2 Young 2002, 148. or. .
  56. Young 2002, 150. or. .
  57. (Ingelesez) «Fencing at the 1896 Summer Olympics» Olympedia (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-04).
  58. Young 2002, 150-151. or. .
  59. Young 2002, 151. or. .
  60. Coubertin et al. 1897, 99-100. or. .
  61. Coubertin et al. 1897, 100-101. or. .
  62. Coubertin et al. 1897, 109. or. .
  63. (Ingelesez) Küttner, Berthold. (2012). «Where there still Olympic Champions in Rowing in 1896?» Journal of Olympic history 20.1: 45-51. or. ISSN 1085-5165..
  64. 1 2 Coubertin et al. 1897, 76, 83-84. or. .
  65. (Ingelesez) «Alfréd Hajós» Olympedia (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-05).
  66. (Ingelesez) «500 metres Freestyle, Men» Olympedia (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-05).
  67. Gillmeister 1995, 23-24. or. .
  68. 1 2 Coubertin et al. 1897, 70-71. or. .
  69. (Ingelesez) «Freestyle wrestling: Rules, scoring, and all you need to know» Olympics (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-05).
  70. (Ingelesez) «Wrestling at the 1896 Summer Olympics» Olympedia (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-05).
  71. Coubertin et al. 1897, 93-94. or. .
  72. 1 2 Coubertin 1896, 50. or. .
  73. (Ingelesez) «Athens 1896, winner's medal, silver» Olympic Museum - Reference record (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-06).
  74. Coubertin et al. 1897, 232-234. or. .
  75. Young 2002, 156. or. .
  76. (Ingelesez) «NOCs at 1896 Summer Olympics» Olympedia (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-07).
  77. (Ingelesez) IOC. «Athens 1896 parallel bars men Results - Olympic gymnastics-artistic» Olympics.com (kontsulta data: 2026-06-07).
  78. (Ingelesez) IOC. «Athens 1896 800m men Results - Olympic athletics» Olympics.com (kontsulta data: 2026-06-07).
  79. Mallon & Widlund 2009, 108. or. .
  80. (Ingelesez) IOC. «Athens 1896 Tennis - Olympic Results by Discipline» Olympics.com (kontsulta data: 2026-06-07).
  81. Mallon & Widlund 2009, 24. or. .
  82. (Ingelesez) «Federation research guide» National Library of Australia (NLA) (kontsulta data: 2026-06-07).
  83. (Ingelesez) IOC. «Edwin Flack» Olympics.com (kontsulta data: 2026-06-07).
  84. Gordon 1994, 8-9. or. .
  85. (Ingelesez) Voigt, Robin. «The Evolution of the Early Olympics» International Society of Olympic Historians (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-07).
  86. (Bulgarieraz) «Атина 1896» БОК (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-07).
  87. Mallon & Widlund 2009, 93. or. .
  88. (Ingelesez) «Charles Champaud» Olympedia (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-07).
  89. 1 2 McCarthy 2010, 137. or. .
  90. (Ingelesez) IOC. «Athens 1896 Singles men Results - Olympic tennis» Olympics.com (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-07).
  91. (Ingelesez) «Athlete count for 1896 Summer Olympics» Olympedia (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-07).
  92. 1 2 (Ingelesez) IOC. «Athens 1896 doubles men Results - Olympic tennis» Olympics.com (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-07).
  93. Martin & Gynn 2000, 21. or. .
  94. (Ingelesez) «Giuseppe Rivabella» Olympics at Sports-Reference (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-07).
  95. Guttmann 1995, 128. or. .
  96. McGehee 2000, 107. or. .
  97. Mallon & Widlund 2009, 39. or. .
  98. (Ingelesez) «1896 Summer Olympics Overview» Olympedia (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-07).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Aurrekoa
Antzinako Olinpiar Jokoak
Aro Modernoko Udako I. Olinpiar Jokoak
1896
Ondorengoa
1900eko Parisko Udako Olinpiar Jokoak