Filippo Brunelleschi
Filippo Brunelleschi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Filippo di Ser Brunellesco Lippi |
Jaiotza | Florentzia, 1377 |
Heriotza | Florentzia eta Erroma, 1446ko apirilaren 15a (68/69 urte) |
Hobiratze lekua | Santa Maria del Fiore |
Familia | |
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | italiera |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | eskultorea, ingeniari zibila, ingeniaria, arkitektoa eta urregina |
Lantokia(k) | Florentzia eta Erroma |
Lan nabarmenak | |
Mugimendua | Early Renaissance (en) Italian Renaissance (en) |
Filippo Brunelleschi, izen osoa Filippo di ser Brunellesco Lapi (Florentzia, 1377 – Florentzia, 1446ko apirilaren 15a) Pizkunde garaiko arkitekto eta eskultorea izan zen. Pizkundetar arkitekturaren hastapenetako arkitekto deigarrienetakoa izan zen, perspektiba klasikoaren kontzeptua berreskuratu zuena. Haren lanik ezagunena Florentziako katedraleko kupula da.
Bizitza eta lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Brunelleschi Florentzian jaio zen, 1377an. Hasieran zilargile eta eskultorea izan zen. 1401ean Ghibertik gainditu zuen Santa Maria del Fioreko bataiategiko ateak egiteko lehiaketan. Ondoko urtean, Erromara joan zen bere adiskide Donatellorekin. Arkitektura klasikoa aztertu zuen, ingeniari eta teknikoaren begiez. Dirudienez, Brunelleschi izan zen eraikuntzen neurketa zehatzak egiten lehena. Erromako eraikinak paperean adierazteko metodo baten beharrak bultzatuta, Brunelleschik perspektiba zientifikoa aurkitu zuen.
Florentziako Santa Maria del Fioreko kupula izan zen ikerlan haien guztien lehenbiziko fruitua. Lan horretan eraikuntza teknikak izan ziren ezaugarri goraipatuenak. Izan ere, kupularen handitasunak arazo izugarriak sortzen zituen. Hala, ordu arte ezagutzen ez ziren prozedurak eta teknikak erabili behar izan ziren. Kupula hura Erdi Aroaz geroko lehen arkitektura lana da, ez bakarrik ingeniaritzako balentria, baita estilokoa ere. Brunelleschiren lorpen nagusia kupula bi sektore berezitan eraikitzea izan zen, bi sektore horiek trebeziaz uztartuz, halako eran non elkarri eusten zioten. Era horretan, egitura osoa arinagoa zen, eta artistak aurreko eraikuntza sistemak behar zuen zurezko egitura konplexu eta zaila bazter zezakeen. Bestalde, bestelako tresnak ere behar ziren lan berri hartarako eta haiek ere asmatu zituen Brunelleschik. Adibide baterako, materialak kupularen mailaraino aldapen bidez igoarazi arren, igogailu modukoak asmatu zituen. Arlo guztietan ageri da, beraz, egilearen izaera ausarta eta analitikoa. Prozedura horiek guztiek, berri-berriak baitziren, erabateko bereizketa sortzen dute Brunelleschiren eta gotikoko harriaren arkitektoen artean. Santa Maria del Fioreko kupula berehala bihurtu zen arkitekttua berriaren ikur, eta Italia osorako eredu izan ziren haren forma nabarmen eta ederrak. Alabaina, eta katedrala garrantzi handikoa izanik ere, Brunelleschiren beraren beste eraikin batzuek definitu zuten zehaztasunez estilo berria.
Errugabeen Ospitalea (1419-1444) estilo berriaren agerkari nagusietako bat da. Ospitale horretan Brunelleschik erabili zuen tipologia eraikin mota horien eredu bihurtu zen: patio zentral handi bat, lau aldeetan gelak dituena. Patiora aurrez aurre begiratuz ikusten da ondoen ordena berria: harrizko korintoar zutabe eta kapiteletan egitura erritmiko bat sumatzen da, arkitrabearen molduren horizontaltasunak azpimarratua, eta hormen kare zuriari kontrajartzen zaiona.
San Lorenzo basilikan (1422an hasia, Antonio Manettik 1470ean bukatua), errepikatu egin zuen Brunelleschik, zenbait gauza aldatuz, ospitaleko zutabediaren konposizio eskema. Huraxe izan zuen lehen aukera eraikin bat osorik bere erara egiteko. Medici familiak, Florentziako banku eta merkataritza munduko aberatsenak, sakristia bat (aldi berean, Medicitarren hilobi kapera ere izango zena) eraiki zezan eskatu zion, San Lorenzo eliza erromanikoari eransteko. Sakristia horretarako egin zituen planoak hainbeste gustatu zitzaizkien Medicitarrei, non berehala eskatu baitzioten bigarren proiektu bat, eliza osoarena. San Lorenzorekin eliza mota berri bat sortu zuen, gotikoekin zerikusirik batere ez zuena. Kristau basilika hartu zuen eredu, nahiz eta oina, T formakoa, azpian zegoen zenobioak emana zetorren. Hortaz, oina baino interesgarriagoa da aurrealdeko bista. Izan ere, eliza horren ezaugarri nagusiak simetria eta erregulartasuna dira. Atal karratuek osatzen dute eraikina: lau atal handik eratzen dituzte santutegia, gurutzadura eta transeptuko besoak; beste lau konbinatzen dira erdiko habeartea sortzeko; beste batzuek eratzen dituzte alboko habearteak eta transeptuaren ondoko kaperak. Laburbilduz, espazio kubiko idealen gisara antolatu zuen Brunelleschik San Lorenzo, non espazio handienak oinarrizko banakoaren multiplo soilak ziren. Beraz, sistema iraultzailea zen, errotik abandonatu baitzuen, banakako osagaiak eta erabat definituak erabiliz, gotikoko arkitektoen pentsamoldea.
1428 inguruan, San Lorenzoko lanak amaitu ondoren, Santo Spirito basilika proiektatu zuen Brunelleschik, nahiz eta lanak 1444 arte ez ziren hasi, eta bera hil ondoren amaitu ziren. Zenbait gauzatan San Lorenzoren antzekoa bada ere, bai oinean, bai aurrealdeko bistan, espazio, egitura eta apaingarriei dagokienez bere ezaugarri propioak ditu Santo Spiritok. Elizaren oina gurutze latinokoa den arren, alboko habearteek eta kaperek eraikina osorik inguratzen dutenez gero, halako zentraltasun bat sortzen da gurutzadurako kupularen inguruan eta, hori dela eta, Pizkundean hain gogoko zen oin zentralaren aitzindari gertatzen da. Goratasunean 2:1 eta 1:1 proportzio soiletan oinarritzen da egitura (erdiko habeartearen goratasuna zabalera bider bi da; alboko habearteen parteek, aldiz, berdina dute zabalera eta luzera). Aldi berean, gainalde laua eta estatikoa bazterturik, bista dinamiko eta oparoagoa eskaintzen da, habeen bitartez lortua bereziki.
Vasarik Le Vite obran dio Brunelleschiren eraikin asko bera hil ondoren amaitu behar izan zirela. Batzuk modu bitxi samarrean amaitu zituzten ondorengo arkitektoek, maisuaren ospea gutxiagotu nahian. Horietako bat da Pazzi kapera, Santa Croceko basilikako kapitulu areto eta Pazzi familiaren kapera izan zena. Brunelleschik barnealdea egin zuen, baina ataria Giuliano da Maianoren lana bide da (1460).
Brunelleschi, Masaccio eta Donatello bezala, Pizkunde hasierako egile handienetako bat izan zen, eta orobat izan zen Quattrocentoa hain ongi definitzen duen kultura humanista eta unibertsalaren lehen bultzatzaileetako bat. Eraikin erlijiosoak eta zibilak egin zituen (Errugabeen Ospitaleaz gainera, alderdi Guelfoaren jauregia, Bradi-Busini eta Pitti jauregiak), eta eskultorea, ingeniaria eta asmalaria ere izan zen. Biziki arduratu zen matematika eta ikusmenaren legeez eta perspektibaren metodoa formulatu zuen; formulazio horiek galdu egin dira, ordea. Horren guztiaren ondorioz, proportzioek eta giza eskalak araututako arkitektura bat sortu zuen. Edertasuna parteen arteko eta osotasunarekiko erlazio harmoniatsutik sortzea zen, beti ere, arkitektura honen helburu nagusia.
Lan nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1419-1436, Santa Maria del Fiore katedralaren kupula, Florentzia.
- Pitti jauregia (Honekin Errenazimentuko jauregiaren eredua sortu zuen).
- 1419-1440, Errugabeen Ospitalea, Florentzia.
- 1419-1480, San Lorenzo basilika, Florentzia.
- 1421-1440, San Lorentzoko Sakristia Zaharra, Florentzia.
- 1441-1460, Pazzi kapera, Florentzia.
- 1441-1481, Santo Spirito basilika, Florentzia.
- 1434- Aingeruen Andre Maria, amaitugabea. Florentzia.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/11/8 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Filippo Brunelleschi |
- (Ingelesez) Florentziako katedralari buruzko autogida Italyguides.it