Giorgio Vasari

Wikipedia, Entziklopedia askea
Giorgio Vasari
Vasari autoritratto.jpg
ganberako margolari

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakGiorgio II Vasari
JaiotzaArezzo1511ko uztailaren 30a
Herrialdea Florentziako Errepublika
Toskanako Dukerri Handia
HeriotzaFlorentzia1574ko ekainaren 27a (62 urte)
Familia
AitaAntonio Vasari
AmaMaddalena Tacci
Ezkontidea(k)Niccolosa Bacci (en) Itzuli
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Irakaslea(k)Guillaume de Marcillat (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, arkitektoa, arte-historialaria, idazlea, biografoa, art theorist (en) Itzuli, aesthetician (en) Itzuli eta architectural draftsperson (en) Itzuli
Lantokia(k)Arezzo
Bolonia
Florentzia
Napoli
Pisa
Pistoia
Rimini
Erroma eta Venezia
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaAccademia delle Arti del Disegno (en) Itzuli
Mugimenduapizkundea
Genero artistikoamargolaritza historikoa
margolaritza erlijiosoa
erretratua

Musicbrainz: e30bc966-b616-42e1-8484-5bfbcc5d8b63 Edit the value on Wikidata

Giorgio Vasari (Arezzo, Italia, 1511ko uztailaren 30a - Florentzia, 1574ko ekainaren 27a) italiar artista eta arkitektua izan zen. Bere lan artistikoaz haratago, idazle gisa artearen historia diziplinaren abiapuntu gisa kontsideratua zegoen Arkitekto, eskultore eta margolari bikainen bizitza lanagatik da ezaguna.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arezzon jaioa uztailaren 30ean, Antonio Vasari eta Maddalena Tacci semea izan zen. 13 urterekin, jada Arezzon Guillaume de Marcillat pintore frantsesaren tailerrean egon eta gero, Florentziara doa Cortona Kardinalarekin. Bertan Andrea del Sartoren tailerra eta Baccio Bandinelli marrazketa akademia bisitatuko ditu maiz. Azken honetan Francesco Salviati ezagutuko du.

1527an Arezzora bueltatzen da Medicitarrak Florentziatik bota eta gero. Bertan Giovanni Battista Rosso Fiorentino ezagutuko du, Erromako sakeotik ihes egin zuen artista. Lorenzo Gamurriniren enkarguz Berpizkunde bat margotuko du Rossoren marrazki bat jarraituz, gaur egun ez dena kontserbatzen. Bi urte geroago bueltatzen da Florentziara Raffaello da Bresciaren tailerrean lan egiteko. Era berean Vittore Ghibertirekin urregintza ikasiko du momentu horretan, baina urte berean Pisa bisitatu eta gero urregintzaren bidea alde batera utzi eta margogintza lanari ekingo dio. 1530ean Modena eta Bolonia bisitatuko ditu eta bertan Karlos V.aren oroitzapenerako egiten ari den garaipen arkuan lan egingo du. 1531. urte amaieran Erromara bidaiatuko du Hipolito Medici kardinalarentzako lan egitera. Bertan Salviatirekin topatuko da berriro eta Ocativiano Medici dukearentzarako lan egingo du pintore eta arkitekto bezala.

1532ko azaroan Florentziara bueltatzen da, bere bizilekua izango denk 1536ra arte, San Lukasen Konpainian sartzen den urtea. 1534an Citta de Catellora joango da lan egitera, Vitelli jauregiaren dekorazioa egiteko Cristoforo Gherardi (Doceno) pintorearen laguntzarekin batera. Urte berean Alejandro de Mediciren erretratua margotu zuela uste da. 1536. urtean Carlos Vak eta bere alaba Margaritak Florentzian egingo zuten garaipen-sarreran parte hartuko du Vasarik. 1537an Giovanni Pollio Lappolli (Pollastra) kanonigoak Vasari gonbidatuko du Camaldoli ermitara, non hainbat erretaula eta fresko burutuko ditu. Urte amaieran Arezzo eta Florentziara bueltatuko da baina azkenik Erromara joango da. 1538an Natibitate bat margotuko du Camaldoli ermitan. Bitartean, 1539. urtean Bolonian San Michele in Bosco elizako jangelako erretaula eta freskoak egingo ditu. Hau bukatu eta gero Camaldolira bueltatzen da eta erretaula handi baten lanari ekingo dio, non Desposizio eta lau Santuen errepresentazioak kokatuko dituen. Era berrean Sortzez Garbiaren alegoria bat margotuko du, Blindo Altovitik enkargatuta Florentziako Apostolu Santua elizarako.

Hainbat lan bidai egin eta gero 1541an Modena, Parma eta Mantuara joango da, urte horretako abenduan Veneziara helduz. Bertan Talanta komedia errepresentaziorako aparatu eszenikoa egingo du eta Giovanni Corneren jauregiko sabaia dekoratuko du. Urte hauetan erlazio handia izango du Miguel Angelekin. Momentu honetan Arezzora bueltatuko da denbora gutxi batez bere etxeko dekorazioarekin hasteko. 1544ko urtean Bindo Altovitirentzako Venus bat margotuko du Miguel Angelen marrazki bat abiapuntu izanda. Urte amaieran Napolira doa, urte bat bertan pasatuz. Bere egonaldi horretan Monte Oliveto monastegiko jangelako dekorazioa enkargatuko diote, baita Birjinaren aurkezpena tenpluan ere.  Jada 1546. urtean Erromara bueltatzen da hainbat lan egitera, horien artean Arkitekto, eskultore eta margolari bikainen bizitza idazlana hasiz. Urte amaieran Florentziara bueltatuko da eta Delle Murate monastegirako, Azken Afari bat egingo du. Urte bat geroago, 1547an, Rimini eta Ravennara doa taula batzuk ekoizteko baina hau bukatzean Arezzora bueltatuko da bere etxeko dekorazioarekin jarraitu ahal izateko. 1548ko udan bere etxeko Gela Nagusiaren sabaia margotuko du eta [Urbino] hirira bidaiatuko du. Bolonian egon eta gero, hurrengo urtean, bere aberrira bueltatuko da, non Ester eta Asueroren ezkontzak izeneko taula egingo duen, Santa Flora eta Lucila Abadiako jangelarako. 1549an. Niccolosa Baccirekin ezkonduko da, Arezzoko noble bihurtuz. 1550ean Florentzian aurkeztuko du Arkitekto, eskultore eta margolari bikainen bizitza liburuaren lehenengo edizioa Lorenzo Torrentinoren argitalpenarekin. Urte berean Julio III.a Aita Santuarentzat lan egitera joango da Erromara, Bartolomeo Ammanntirekin batera San Pietro in Montorio elizako Antonio del Monteren kaperaren dekorazioa egiteko.

Arkitekto, eskultore eta margolari bikainen bizitza

Urte bat geroago Villa Giuliako Loggia della Vigna-n egingo diren freskoen kartoiak landuko ditu eta 1554. urtean, Arezzon, Duomoko koroa proiektatuko du. Era berean Florentzian eta Cortonan Santa Maria Nuova eliza eraikitzen hasiko da. Tassanik eginiko Frantziara joateko eskaera ezeztatu eta gero, urte bereko abenduan Florentziara bizitzera joango da bere familia osoarekin Cosimo I.a Medicitarraren gonbidatua bezala. Jada 1555ean Cosimo I.a Medicitarrak Palazzo Vecchioko zaharberriketa eta dekorazioa bere eskuetan uzten ditu, eraikina erret erresidentzia bihurtu nahian. Pinturak egiteko Gherardiren laguntza izango du, baita Jan van der Straet (Stradano), Marco Faenza (Grotesko dekorazioan espezialista), Prospero Fontana, Jacopo Zucchi, Giovan Battista Naldini eta Francesco Morandiniren (Poppi) laguntza ere izango du. Vicenzo Borghini izango da programa ikonografikoaren sortzailea, Vasarirekin adiskidetasun handia izango duena. 15561559. urte bitartean Docenoren laguntzarekin, Vasarik “Elementuen gelak” egiten hasiko da, non Dukearen handitasuna goraipatzen saiatuko da. Aldi berean Medicitarren etxearen dekorazioa hasiko du.

1560ean Erromara doa, Uffizzitarren Jauregiko antolakuntza tekniko eta ekonomikoaren arduradun bezala (obra hau ez du inoiz amaituko). Urte bat geroago Cosimo I.a Medicitar dukeak, Borgo Santa Croceko etxea oparitzen dio, non Vasarik jada 1557tik bizi den, eta honen dekorazioa lantzen hasiko da. Palazzo Vecchioko Eleonoraren gelak apainduko ditu fresko teknika erabiliz, Stradanoren laguntzarekin. 1562an Leon X.a Aita Santuaren gelak apainduko ditu eta ondorengo urtean [Arezzo]ko ermitako erretaula margotuko du, berriro ere Stradanoren laguntzarekin. Era berean Palazzo Vecchioko Bostehunen Aretoko ganga margotzen hasiko da, hau izanez bere obrarik handiena. 1563an, beste artista batzuekin batera, “Marrazki Akademia” edo “Accademia delle Arti del Disegno”,  sortuko du, Cosimo I.a Medicitarraren babesarekin eta Michelangelo instituzio buru bezala. Ondorengo urtean Bostehunen Aretoko pintura amaitzen du eta geroago Galeria Vasarianoa enkargatuko zaio.

1566. urtea emango du Italiatik bidaiatzen, Arkitekto, eskultore eta margolari bikainen bizitza liburuarekin jarraitzeko. Perugian San Pedroko jangela margotzen du urte berean. 1567an Piamonten eta Arezzon margotuko du Erregeen Adorazio bat Boscomarengotzat. Momentu horretan amaitzen da Pisako Jaunen Jauregia, bere proiektua jarraituz eginikoa. Aldi berean honen alboan kokatutako San Petri basilikan lan egingo du. 1568an, Florentzian Giuntiren tipoko Bizitzen bigarren edizioa ateratzen da. Bostehunen Aretoko hormen karratuak margotzen hasiko da, bertan Florentziaren historiako aldi ospetsuenak eta gorenenak irudikatuz. Berarekin batera Stradano, Nadini eta Zucchik egingo dute lan. Pio V.aren enkarguz, Bosco Marengon Santa Crocerako taulak margotuko ditu Poppirekin batera 1569. urtean.

1570. urtean Francesco I.aren “Studiolo”an Perseo eta Andromedaren irudikapenean lan egingo du eta irailaren 15ean Zucchirekin batera joango da Erromara Pio V.a Aita Santuaren deiari erantzuteko. Hurrengo 8 hilabeteak bertan egongo dira Vatikanoko hiru kapera margotzen: San Miguel, San Pedro Martiria eta San Esteban. Era berean Erret Gelako dekorazioarekin hasiko da, baina Aita Santuaren heriotzarekin Florentziara bueltatuko da. 1572. urte amaieran Palazzo Vecchioko "Bostehun Aretoko" dekorazioa amaitzen du. Aldi berean Brunelleschik enkargatuko dio Santa Maria del Fioreren kupulako apainketa, non Azken Epaiketa margotuko du. Urte horretako azaroan Gregorio XIII.a Aita Santuak deituko du Vatikanoko "Erret Gelaren" dekorazioarekin jarraitzeko. Bertan Sabatini, Jacopo Coppi eta Dionigi Calvert pintoreak lan egingo dute Vasarirekin batera. Jada 1573an Erroman Florentziako Duomoko kupulan egingo diren freskoen marrazkiak egiten hasiko da. Era berean, "Erret Galeriarekin" jarraituko du eta Vatikanoko "Kapera Paolinako" freskoak proiektatzen hasiko ditu. Apirilean Florentziara bueltatuko da, Francesco I.aren “Studiolo”a inauguratuz.

Giorgio Vasari Florentzian hil zen 1574ko ekainaren 27an, Santa Maria del Fioreko kupularen dekorazioa amaitu gabe utziz (1579. urtean bukatuko du Federico Zuccarik).

Obra artistikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palazzo Vecchio

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta Vasariren obra arkitektoniko garrantzitsuena Palazzo Vecchioko zaharberrikuntza eta Korridore Vasarianoa izan, beste hainbat arkitektura lan gin zituen. Modena eta Bolonian Karlos V.aren oroitzapenerako garaipen arku baten lanean parte hartuko du 1530. urtean. Urte bat geroago Octaviano de Medici dukearentzako lan egingo du margolari eta arkitekto bezala. 1536an Karlos V.ak eta bere alaba Margaritak Florentzian proiektatutako garaipen-sarreran parte hartu du era berean.

Arezzon Duomoko koroaren proiektua egingo du 1550ean eta Florentzia eta Cortonan Santa Maria Nuova eliza eraikitzen hasiko da. Bost urte geroago Palazzo Vecchioko zaharberriketa eta dekorazioarekin hasiko da, lehen aipatu den moduan, bere lan arkitektoniko garrantzitsuena bihurtuz (gogoan izan behar dugu 1563. urtean Korridore Vasarianoa eraikiko duela).

1567. urtean Pisako Jaunen Jauregia bukatuko da, Vasariren proiektua jarraituz eginikoa. Urte berean lan egingo du honen alboan kokatzen den San Pedro elizan.

Pintura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santa Maria del Fioreko kupularen dekorazioa

Giorgio Vasariren ibilbide profesionalean nagusitzen den aktibitatea margogintza izango da. Denetarik burutuko du bere bizitzan: erretaulak, margolanak, freskoak, kartoiak, …

Ezagutzen den lehenengo lana Berpizkunde bat da, 1528an eginikoa Lorenzo Gamurrini-ren enkarguz eta Rosso Fiorentinoren marrazki bat jarraituz (lan hau ez da gaur egun kontserbatzen). 1534an Citta de Castellon Vitelli jauregia dekoratuko du Cristoforo Gherardi (Doceno) pintorearen laguntzarekin. Urte berean Alejandro de Mediciren erretratua egin zuela uste da. Camaldoli ermitan erretabloak eta freskoak landu zituen 1537. urtean. 1544ean Bindo Altovitirentzako Venus bat margotu zuen Michelangeloren marrazki bat abiapuntuz erabiliz. Urte bat geroago Napoliko Monte Oliveto monastegiko jangelako dekorazioa jorratuko du, baita Birjinaren aurkezpena tenpluan koadroa ere.

Bere Arezzoko etxeko dekorazioa lantzen hainbat urte emango ditu, baina, arkitekturan bezala, bere pintura lanik garrantzitsuenak Palazzo Vecchion egingo ditu (Eleonoraren gelak, Bostehunen Aretoa, Francesco I.aren Studioloa, …). Era berean Vatikanon lan egingo du hainbat fresko egiten, baita Florentziako Santa Maria del Fioreko kupularen apainketak egiten ere, Filippo Brunelleschik enkargatuta (kontuan izan behar dugu azken hau Vasariren heriotza dela eta ez duela bukatuko inoiz).

Bibliografia eta Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]