Iturmendi
| Iturmendi | |||
|---|---|---|---|
| |||
![]() | |||
| Kokapena | |||
| Herrialdea | |||
| Lurraldea | |||
| Merindadea | |||
| Eskualdea | Burunda, Sakana | ||
| Administrazioa | |||
| Estatua | |||
| Erkidegoa | |||
| Izen ofiziala | |||
| Alkatea | Imanol Arbizu Perpiña | ||
| Posta kodea | 31810 | ||
| INE kodea | 31130 | ||
| Herritarra | iturmendiar | ||
| Geografia | |||
| Koordenatuak | 42°53′22″N 2°07′07″W / 42.889444444444°N 2.1186111111111°W | ||
| Azalera | 10 km² | ||
| Garaiera | 528 metro | ||
| Distantzia | 45 km (Iruñetik) | ||
| Demografia | |||
| Biztanleria | 428 (2025: | ||
| Dentsitatea | 42,8 bizt/km² | ||
| Zahartzea[1] | % 11,16 | ||
| Ugalkortasuna[1] | ‰ 0 | ||
| Ekonomia | |||
| Jarduera[1] | % 77,08 (2011) | ||
| Desberdintasuna[1] | % 0 (2011) | ||
| Langabezia[1] | % 7,26 (2013) | ||
| Euskara | |||
| Euskaldunak[2] | % 64.3 + % 14.2 hartzaile (2021) | ||
| Kaleko erabilera [3] | % 26.7 (2021) | ||
Iturmendi[4] Nafarroa Garai mendebaldeko udalerri bat da, Iruñeko merindadekoa. Sakanako Burunda eskualdean dago, Urdiainen eta Bakaikuren artean dago, Arakil ibaiaren ondoan, Iruñea hiriburutik 45 kilometro mendebaldera. 428 biztanle zituen 2025. urtean.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sakanako udalerri gehienen azalerak ipar-hegorako norabidea du, hau da, haraneko "xerra" bat da mendatetik mendatera doana. Norabide horretan luzeak dira; baina ekialde-mendebalde norabidean (Arakil ibaiaren norabidean), txikiak. Harana bera zabala eta laua da Arakil ibaiaren lasaiguneetan, baina alderik alde 500etik 1.000 metro arteko desnibelak ditu. Iturmendiren kasuan, hirigunea 528 metroko altitudean dago. Iparraldean, Aralarko lehen mendixkak daude (936 metroko Argonitz mendia) eta hegoaldean Urbasako mendilerroa (1.064 metrotan dago Santa Marina).
Ingurune naturala eta klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arakil ibaiak Burunda bailara zeharkatzen du mendebaldetik ekialderako norabidean, eta lasai pasatzen da Iturmenditik Urdiainetik datorrela eta Bakaikurantz doala. Ibilbide bera egiten du A-10 autobideak herria NA-2410 errepidearen ertzean dagoela Urdiain eta Bakaiku bitartean.
Herriak klima azpiozeanikoa dauka, euriak ugariak dira, neguak hotzak eta uda garaian garai lehor labur bat izaten da. Urteko batez besteko prezipitazioak 1.400 eta 1.600mm bitartekoak eta tenperatura 10 eta 12 gradu bitartekoa da. Urteroko egun euritsuak 130 inguru izaten dira. Sakana osoan bezala, laino egunak ohikoak dira udaberrian eta udazkenean. Horrez gain, bi mendilerro alturen artean dagoenez, neguan, Iruñerrian baino hotz handiagoa egiten du, nahiz eta itsas mailatik altitudea ez oso handia izan.
- Iturmendiko iturria. 'Burundari emandako foruen 800. urtemugan'
Mugakideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iturmendik Gipuzkoako Ataunekin egiten du muga iparraldean; Bakaikurekin, ekialdean; Urdiainekin, mendebaldean; eta Urbasako mendizerrarekin hegoaldean.
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko hamalau etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %3,68 (Nafarroako Foru Erkidegoko batezbestekoaren azpitik).
Azpiegiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garraioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
La Burundesa autobus konpainiaren Sakanako herriak elkartzen dituen Gasteiz-Iruñea lineak geltokia dauka herrian. Guztira hiru zerbitzu izaten dira norabide bakoitzean. Linearen ibilbidea honakoa da:
- Gasteiz - Ilarratza - Argomaiz - Agurain - Munain - San Roman - Ibarguren - Andoin - Olatzagutia - Ziordia - Altsasu - Urdiain - Iturmendi - Bakaiku - Etxarri Aranatz - Arbizu - Lakuntza - Arruazu - Uharte Arakil - Irañeta - Ihabar - Hiriberri - Etxarren - Irurtzun - Eritze - Saratsa - Añezkar - Berriobeiti eta Iruñea
Memoria historikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errepresio politikoa Iturmendin euskal gatazkaren testuinguruan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX. mendearen lehenengo erdialdean politikoki erlijiosoa, tradizionalista eta kontserbadorea izandako herri bat izanda ere, abertzaletasun iraultzailea besarkatu zuen gazte belaunaldi berri baten konpromezuak Iturmendi astindu zuen.
1978. urtearen urriaren 5ean, 19 urteko Julen Galartza Otxoerrarte ETAko kide iturmendiarra atxilotua izan zen, berarekin zihoazen Jose Flores Agirre eta Mikel Lopetegi Olasagarre lakuntzarrekin batera, Altsasutik Urbasara igotzeko errepidean Guardia Zibilarekin tiroketa latza izan ondoren.
Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Udal hauteskundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2003an ezin izan zen hauteskunderik antolatu, aurkeztutako bi kandidaturak (Iturmendiko Abertzale Sozialistak eta Eusko Abertzale Ekintza) Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi zituelako. Kudeaketa batzordeko buru ―eta, beraz, alkate― Nicolás Arbizu Gabirondo aritu zen.
2007an ez zen zerrendarik aurkeztu eta Arbizuk segitu zuen jarduneko alkate[5].
2011-2019 artean Bittoriano Gabirondo Lanz herriko alkatea izan zen, hasierako legegintzaldian Bilduko eta geroago EH Bilduko alkatea bezala.
2019ko hauteskundeetan hautagai-zerrendarik aurkeztu ez zenez, 2020ko irailean Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak Kudeaketa Batzordea izendatu zuen, horretarako aurkeztu ziren herritarrek osatua. Kudeaketa batzorde horretako buru eta alkate Imanol Arbizu Perpiña da.
2023tik aurrera, herriko alkatea Kai Galartza Cervera "Herri Elkarlaneko" kidea da, Iturmendiko emakumezko lehenengo alkatea.
Udaletxea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Udaletxea berez etxebizitza-eraikuntza zen, 1985ean udalak eraikina erosi zuen arte. Plazan dago, hiru solairu dauzka eta inguruko eraikuntzek duten estilo bera dauka, izkinetan harrizko hiru egitura. 1962an eraikuntza erabat zaharberritu zen.
- HELBIDEA: Arrano Beltza kalea, 1
Alkateak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1979 geroztik, Iturmendiko Udalak alkate hauek izan ditu:
| AGINTALDIA | ALKATEA | ZERRENDA | KARGU HARTZEA |
| 1979-1983 | Juan Mª Lanz López De Goicoechea | Independienteak | 1979-04-19 |
| 1983-1987 | Juan Lopez Lopez | Independienteak | 1983-05-23 |
| 1987-1991 | Bittoriano Gabirondo Lanz | Herri Batasuna | 1987-06-30 |
| 1991-1995 | Bittoriano Gabirondo Lanz | Independienteak | 1991-06-15 |
| 1995-1999 | Arbizu Gabirondo, Nicolas | Independienteak | 1995-11-25 |
| 1999-2003 | Julen Galartza Otxoaerrarte | Euskal Herritarrok | 1999-07-03 |
| 2003-2007 | Nicolás Arbizu Gabirondo | Kudeaketa Batzordea | 2004-04-23 |
| 2007-2011 | Nicolas Arbizu Gabirondo | Kudeaketa Batzordea | 2008-01-30 |
| 2011-2015 | Bittoriano Gabirondo Lanz | Bildu-Eusko Alkartasuna | 2011-12-10 |
| 2015-2019 | Bittoriano Gabirondo Lanz | Bildu-Eusko Alkartasuna | 2015-06-13 |
| 2020-2023 | Imanol Arbizu Perpiñá | Kudeaketa Batzordea | 2020-10-23 |
| 2023-2027 | Kai Galartza Cervera | Herri Elkarlana | 2023-12-16 |
Jaiak eta ospakizunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iturmendiko jaiak uztaileko hirugarren astean ospatzen dira, Iruñeko San Fermin jaiak bukatu eta gero.
"Maiatza" pago-enborra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maiatzaren hasieran hainbat herritarren artean herriko plazan zutik kokatzen dute 20-25 metroko pago-enbor zuritu bat, eta maiatza osoa ematen du bertan udaberriaren lekuko moduan. Herriko plazan metro eta erdiko zuloa dago prestatuta enborra kokatu ahal izateko. Pagoa jasotzearen lana urtean 18 urte betetzen duten gazteen (kinto direnak) eta beren senideen artean antolatzen dute, eta gutxienez ordu erdiko lan ikusgarria izaten da. Lan horren lekuko makina bat jende izaten da, iturmendiarrak eta aldameneko herrietakoak ere. Bukaeran denendako "auzatea" izaten dela (hamaiketakoa). Maiatza joatearekin batera kentzen dute enborra plazatik eta bere tokia, eguzki erloju batek hartzen du. [6]
- Maiatza auzolanean jasotzen
Zerbitzuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iturmendi "Etxarri Aranazko Zerbitzuen Mankomunitateko" kidea da.
Ondasun nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- San Miguel Arkaingeruaren parrokia: Barruan, Vianako Juan Bautista Susokoak eginiko Frantzisko Xabierkoaren irudi bat dago. Irudia alboko erretaulako goialdean ageri da. Egile berak, erretaula nagusia ere egin zuen 1740. urtean.
- Iturmendiko ermitak:
- Santa Marina: Auzokideek 1621ko abuztuaren 29 egindako bilkuran erabaki zuten baseliza eraikitzea. Harri-lanak Francisco de Igarçabal Azkoitiko bizilagunak egin zituen. Santa Marinan dago Urbasako mendilerroaren laugarren puntarik altuena dena 1.068 metrorekin. Mendebaldean Bargagain eta ekialdean Iruaitzeta mendiak ditu. Tontorrean Santa Marinako baseliza dugu. Iturmenditik, Urdiainetik eta Bakaikutik abiatuta igo daiteke, baita Ezkiza arrasotik ere.
- Aizagakoa: Asuncion Andre Mariaren baseliza solidarioa da. Iturmendiko (Nafarroa) herritik 900 metro iparraldera eta Arakil ibaiaren ezkerreko ertzean kokatzen da, Burunda ibaia bezala ere ezagutzen dena.
- Pilarra: Iturmendiko iparraldean dago Izara baino lehenago herritik gertuago. 1711n berreraiki zen. Bidearen ondoan dago. Esaten da XVII. mendean bertan herri bat zegoela.
- San Pedro: Iturmendiko hegoaldean dago. 1260an eraiki zuten. Txorraldeko iturritik gorantz dago eta Santa Marinara igotzean edo jaistean ikusiko da.
- Iturmendiko baselizak
- San Pedro ermita
- Izarako ermita
- Izara ermita
- Pilarreko ermita.
- Pilarreko ermita
Argazki galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iturmendiar ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ioseba Fernández (1989), lerroko abiadura-patinatzailea.
- Josu Etxeberria (2000), txirrindulari profesionala.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 3 4 5 Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- ↑ Euskararen Adierazle Sistema. Euskara-gaitasuna adinaren eta sexuaren arabera. EAE (eskualdeka/udalerrika). Eusko Jaurlaritza.
- ↑ «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- ↑ Euskaltzaindia. 155. araua: Nafarroako udal izendegia. .
- ↑ Iturmendi[Betiko hautsitako esteka] Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren webgunean.
- ↑ Betelu Ganboa, Maider. (2016). Iturmendiko maiatza jasotzeko lanak. Guaixe, Sakanako aldizkaria (kontsulta data: 2017-11-05).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Iturmendiko argazkiak, lasonet.com webgunean.
- (Gaztelaniaz) Iturmendiri buruzko informazioa, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuaren webgunean.
- Iturmendiko Estafeta kalea, Google Street Viewn.
| Burundako udalerriak | ||
|---|---|---|
|
Ziordia · Olatzagutia · Altsasu · Urdiain· Iturmendi · Bakaiku | ||
