Clement Jauregiberri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Clement Jauregiberri
Bizitza
Jaiotza Ziboze1895eko abenduaren 9a
Herrialdea  Espainia
Heriotza Tolosa Okzitania, 1965 (69/70 urte)
Familia
Anai-arrebak
Jarduerak
Jarduerak gudaria eta idazlea
Zerbitzu militarra
Gradua kapitain
Parte hartutako gatazkak Lehen Mundu Gerra
Artikulu hau Zuberoako familia euskaltzaleko kideari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Jauregiberri».

Clement[1] edo Clément Jauregiberri edo de Jauréguiberry (Ziboze 1895eko abenduaren 9a - 1965) Zuberoako Jauregiberri familia ezagunaren kidea da, bereziki Bigarren Mundu Gerran alemaniarren kontrako erresistentzian aritzeagatik ezaguna.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jauregiberritarrak denbora luzean Zuberoan herria eta hizkuntzaren alde eragile handienetakoak izan ziren. Bederatzi seme-alabaren artean zortzigarrena zen.

Hamazortzi urterekin Lehen Mundu Gerran bere borondatez sartu zen eta amaiera arte ibili zen, kapitain gradua eta hainbeste kondekorazio lortuta; bi aldiz larri zauritu zuten, bigarrena gerraren azken egunean.

Argentinan zenbait urtez bizi izan zen. 1922an Thérèse Bardonekin (Okzitaniako Corresa aldekoa) ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten.

Bigarren Mundu Gerran erreserbako ofizial bezala berriro deitua -ordurako Bildozen bizi zen bere familiarekin-, aurrekotik zuen eskarmentuagatik gauzak bestela planteatzea pentsatu zuen; bere kezka populazio zibilak ahalik eta gutxien sufritzea zen. Zuberoako alemaniar okupatzaileen kontrako A.S. (Armée Secrète) delako maki[2] taldeko buru izendatu zuten. Lehen Arbaila eta gero Atharratze askatu zituen bere lagun taldearekin; Zuberoak bere burua askatu zuen naziengandik, ia inoren laguntzarik gabe. Jean bere semea[3] mezulari lanetan aritu zen.

Mauleko Regum lantegiko zuzendaria izan zen 1938 eta 1958 artean. Enpresa ixtean matematika irakasle lanetan aritu zen Zuberoako hiriburuko Saint-François ikastetxe katolikoan.

Tolosa Okzitaniakoan zendu zen 1965ean, gerra zaurien ondorioak luze pairatu eta gero.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste neba-arreba batzuk bezala euskaltzalea eta abertzalea zen Clement. Idazlanetan bere ekarpena kantitatez handia izan ez bazen ere, hauxe azpimarra daiteke:

  • Emmanuel Intxausperen Le Verbe Basque oinarria hartuta euskal aditz sistema matematikaren laguntzaz formulatu zuen; lan hau Eusko Ikaskuntzak argitaratu zuen 1954an, izenburu berarekin. Aditzen azalpenak erraztu nahian egindako ahalegin horretaz baliatu zen Madalena arreba bere idazki eta mintzaldietan.
  • Euskaraz ere luma trebea zuen, zenbait artikulu edo kontakizunetan frogatu zuen gisan; batzuk oraindik argitaratu gabeak dira, Davantek bere erreferentziazko lanetan nabaritzen den Mort pour la France izenburua duena bezala.

Iturriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hala idazten du euskaraz Davantek.
  2. Zuberoako maki handiena izan zen: Arbaila, Basabürüa, Maule aldea; 500-600 bat lagunek osatua eta Ospitalepekoaren laguntza polemikoa izan zuen.
  3. Ez nahasi Clémenten Jean anaiarekin.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]