Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Done Mikel Aralarkoaren santutegia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Done Mikel Aralarkoaren santutegia
Bien de Interés Cultural
SAN MIGEL20.JPG
San Mikelen santutegiaren ikuspegi orokorra, Artxueta menditik.
Kokapena
lekua
Koordenatuak 42° 56′ 49″ N, 1° 57′ 58″ W / 42.947°N,1.966°W / 42.947; -1.966Koordenatuak: 42° 56′ 49″ N, 1° 57′ 58″ W / 42.947°N,1.966°W / 42.947; -1.966
Arkitektura
Estiloa Arte erromanikoa
Ondarea
BIC RI-51-0000764
Webgune ofiziala

Done Mikel Aralarkoaren santutegia, Aralarko Done Mikel in Excelsis santutegia edo Aralarko santutegia[1][2][3] Aralarko mendilerroan kokatutako santutegia da, Euskal Herrian dugun erromanikoaren erakusgarri paregabea. Tenpluari buruz iritsi zaigun lehen aipamena XI. mendekoa da, baina bi mende lehenago toki berean beste tenplu bat bazen, karolingiar estilokoa. Erretaula du altxorrik preziatuena, Nafarroako Foru Erkidegoko kultura intereseko ondasun izendatua, Erdi Aroko europar esmaltegintzako maisulan gorenetakoa.

Santutegia 1.237 metroko garaieran dago, trikuharri ugariko ingurune batean. Santutegira igotzeko, Uharte Arakil da ohiko abiapuntua, udalerri horretan baitago santutegia.

Ospakizun paganoetatik kristau ospakizunetara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mari ama lurraren bizileku omen zen haitzuloa (ikus Aralarko Dama), gerora tenpluak estaliko zuena, eta bere senar Sugaar herensugea han elkartzen zitzaion neguan:

« Mendia zen [...] sineste zaharretako katedral eta santutegia. Ez halere edozein mendi. Zerutik gertu zegoen mendi aukeratuak, Amaren sabelera doan bide antzera, kobazulo edo lezeren bat behar zuen goiko aita indarrak lurraren ama sabela ernaltzeko. Horrela sortu zen mundu guztiko mendi santuen mitoa. Bizia ematen duen sugaar edo suge harra. Herensugea alegia, udaberrian ikusten da garra dariola kanpora ateratzen, eta udazkenean itzultzen da berriro lurpean dagoen neguko gelara. Herensugea, berez, biziaren aita da, baina, gero, bere umeen irensle bihurtzen da, ekaitz, tximista, lurrikara, uholde, lehorte eta ezbehar guztien figuran, eta gizonak hil egiten du. Bide berean egurasten da Mari, lurraren emankortasunaren irudia.

Mendi horien inguruan egiten ziren erlijio paganoen ospakizun nagusiak, eta Eliza indartzen joan zen eran mendietako kultua kristautzen ahalegindu zen. Aralarko elizaren oinarrian erromaniko eta arabiar kutsuko aztarnak baino lehenagokoak aurkitu dira. [...]

Europan zehar, emankortasunaren ildoko mendi santu horiek, done Mikelen izenean bataiatu zituen Elizak, hala nola Farfa Frantzian, Gargano Italian, edota Aralarkoa Nafarroan. Horregatik sartu zituen liturgian Mikel goiaingeruaren bi festa: udaberrikoa maiatzaren 8an eta udazkenekoa irailaren 29an, aurrekoen festaburu zaharretan.

»
Jose Maria Satrustegi[4]

Erromatar Inperioaren azkeneko garaitik eta, bereziki, Gargano Mendiko (V. mendea), Erromako (VI. mendea) eta Avrancheseko (VIII. mendea) Mikel goiaingeruaren agerpenei buruzko berrien ondorioz, Mendebaldeko Europan eliza asko eskaini zioten Done Mikeli. Horietako asko, esan bezala, mendi goialdeetan jasoak; han, gaixoak sendatzeko eta kristau erreinuak babesteko eginkizuna egozten zitzaion aingeruari.

Euskaldunen lurraren ebanjelizazioan ere San Mikelenganako jaiera garrantzitsua izan zen; izan ere, X. mendetik aurrera, Iruñeko erregeek harenganako eta Ama Birjinarenganako debozioa bultzatu zuten bereziki. Horregatik, erreinuko eliza zaharrenetariko asko eta ermita anitz zeruko gudarosteko printzearen babespean jarri zituzten.

Done Mikel in Excelsis tenplua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santutegia eta bere atzean Beriain. Eskuinean, Urbasa mendilerroa. Atzealdean, Toloñoko mendilerroa; eta, atzerago, Ezkarai.

IX. mendeko karolingiar eraikinetik, aztarna hauek gelditzen dira:

  • Erdiko absidean dauden harlandu txiki batzuk, besteak baino kolore ilunagoa dutenak.
  • Ferra formako hiru leiho, erdiko absidean horiek ere.
  • Gurutzaduran dagoen ganga baten barrenak.

Tenplu hura hondatu egin zen (edo hondatu egin zuten, ez baitakigu nola), eta geroztik berriz eraiki zuten. 1032. urtetik aurrera ageri dira Aralarko santutegiaren aipamenak dokumentuetan, eta 1074an sagaratu zuten. Dokumentu haietan, santutegia Zamartzeko Santa Mariaren (egungo Uharte Arakil herrikoa) menpeko gisa ageri da; eta, monasterio horren bitartez, Iruñeko katedralaren menpeko.

XII. mendearen aurreneko erdialdean, santutegiko eraikin erromanikoa amaitu zuten. Garai hartan, erregeek, elizgizonek eta herritar fededunek sostengatutako santutegi hau San Agustin erregelako fraide komunitate batek zaintzen zuen. Denborak aurrera egin ahala, elizbarrutiko apaizen ardurapean jarri zuten, eta halaxe jarraitzen du egun ere. Kapilau nagusia eta kapilau laguntzailea Iruñeko artzapezpikuak izendatzen ditu, eta kaperau horiekin elkarlanean aritzen dira mezamutil, anaidikide eta sanmikelzale asko ere.

Erretaula[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santutegiko aldarea, erretaula eta San Mikelen irudia.

Munduan santutegia famatu duen artelana da. Bi metro luze da, 1,14 metro garai, eta tenpluaren presbiterioan dago. Erromaniko garaiko aldareen apainketaren adibiderik ikusgarrienetakoa da. Antza denez, XII. mendearen amaiera aldekoa, Antso VI.a erregearen garaikoa da. Urreztaturiko eta esmaltaturiko kobrez egina, artelan hau esmaltezko 39 piezek osatzen dute, harribitxiz apaindurik. Erretaularen ikonografiak ondorengo hauek erakusten ditu: Ama Birjina eseririk, Haurra altzoan duela; tetramorfoak, hots, lau ebanjelisten ikurrak; apostoluak; errege magoak; aingeruak Mariari eginiko deikundearen eszena; eta San Jose. Erretaula horren berri dugunetik, hirutan baizik ez da santutegitik atera: 1765ean, Iruñean garbitzeko (erretaulan bertan irakur daitekeenez); 1979an, lapurtu zutelako; eta 2006. urtean, Iruñeko erakusketa baterako.[5]

1979ko lapurretaren egilea René Alphonse van den Berghe izan zen, Erik Belgikarra ezizenez famatu zen eliz artearen ohoina. Ebatsitako 18 dominetatik eta 286 harribitxietatik, 16 eta 191 berreskuratu ziren, hurrenez hurren, 1981etik 1985era. Falta diren piezen hutsuneak nabari zaizkio, beraz, erretaulari.[6][7]

Done Mikelen irudia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erretaula esmaltatua.

Santutegian dagoen irudiaren itxura oso antzinakoa eta berezia da: deabrua lantzaz akatzen edo arimak balantza batean pisatzen beharrean (ohiko irudiak), Gurutze Santuaren eramaile gisa agertzen zaigu gure aingerua, hau da, Kristo Errege berpiztuaren mezulari gisa. Irudi honen jatorrian, dirudienez, Bibliako eta liturgiako zenbait testuk eragina izan zuten. Egungo San Mikel in Excelsis irudia 1756. urtean egin zuten urreztaturiko zilarrez, erlikia ontzi zaharra ordezkatzeko.

Barnean, antzinako zurezko irudiaren hondarrak eta Kristoren gurutzearen erlikia (lignum crucis) daude gorderik. Gaur egun ere, aingeruak kristau askoren (batez ere nafar eta gipuzkoarren) debozioa bereganatzen du. Areago, urtero, Pazko egunez, irudi santua Santutegitik atera eta hiru hilabete ematen ditu Nafarroan barna 280 herri inguru bisitatzen. Hauetako askotan ere, Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiako kide diren familiek ostatu ematen diete aingeruaren irudiari eta eramaileei. Kofradia hori sortua zen XII. menderako.[8]

Herriotan, Aingeruaren bisitak erritual jakin bati jarraitzen dio: soroen bedeinkapena eta ebanjelioen proklamazioa lau haizeetara, gaixoei bisita... Gipuzkoara ere joaten da abuztuaren bigarren igandean Igaratzako erromeriarekin bat eginez.

Aspaldiko ohiturari jarraikiz, aingeru santua Iruñera ere jaitsi ohi da; aste betez bertako parrokia, komentu, ospitale eta ikastetxeei bisita egiteko eta, batez ere, Katedraleko "Dedikazio" jaian parte hartzeko (Pazko zortziurrenaren ondorengo asteartea).

Santutegiaren egun handiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uharte Arakildik gorantz doan bidean, santutegira hurbilduz goazela agertzen den harria. Idazkun hau du: «Mikel gurea zaindu Euskalherria».

Kristau egutegiko ospakizun nagusiekin batera, bi egun dira San Mikelen jarraitzaileentzat bereziki hunkigarriak eta jai handi gisa ospatu ohi direnak: Done Mikelen agerpenaren jaia (maiatzak 8) —kristautasunaren aurretiko ospakizunetan, Sugaar haitzulotik ateratzen zen garaia—, Pio V aita santuak ezarri zuen egun hau Eliza Unibertsalarentzat Monte Garganoko italiar santutegiko antzinako ohituren omenez, eta Dedikazioaren jaia (irailak 29) —Sugaar haitzulora itzultzen zen garaia—, Erromako Via Salariako San Mikel basilikaren sagaratze datarekin bat datorrena. Honetaz gain, Absolbizio eguna (abuztuaren azkeneko igandea) ere ospatzen da, Aralarko tenplu honen dedikazioaren oroitzapen gisa, zeinetan "barkamen osoa" irabaz baitaiteke. Gainera, urte osoan zehar izaten dira fededunen bisitak eta herrien errogatibak eta, bestalde, mendigoizaleek ere badute egun berezirik, Eguberri aurreko igandeko Mendigoizale Egun Handia hain zuzen ere.

Teodosio Goñikoaren elezaharra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Teodosio Goñikoa»
Santutegian dauden Teodosio Goñikoaren ustezko kateak.

Hainbat aldaera ditu elezaharrak, eta horregatik uste da tradizioaren mamia antzinakoa dela, nahiz eta aita Burgik aurkeztutako era XVI.-XVII. mendekoa izan.[9] Honela laburbil genezake:

Antzinako denboretan, Goñerriko Teodosio "Buruzagia" izeneko jauna musulmanen aurka borrokatzera joan zen. Urte batzuen buruan etxera itzultzean, Basajaunez mozorroturiko deabruak (edo ermitau batek) esan zion bere emaztea morroi batekin zebilela. Sumindurik, Teodosio sartu zen logelan eta han zeudenak erail zituen, emaztea eta ustezko amorantea zirela pentsatuz. Laster, ordea, konturatu zen dena engainu bat izan zela, eta bere gurasoak hil zituela. Damutu eta abaildurik, Erromaraino joan zen erromes, eta barkamena eskatu zion Aita Santuari. Horrek horrenbeste egin zuen, zigor hau ezarrita: gorputza kate astun batzuek estutua, Aralarko mendatean ibiliko zen, kateok erori arte. Penitentzia betetzen ari zela, halako batean, herensuge ikaragarri batek eraso egin zion. Teodosiok San Mikelen babesa erregutu zuen. Orduan goiaingerua agertu zitzaion, eta, «Nor Jainkoa adina!» esanda, piztia akabatu zuen. Une horretantxe, Teodosioren kateak lurrera erori ziren, eta Teodosiok, bere esker ona adierazteko, aingerua adoratzeko eliza —Done Mikel in Excelsis tenplua— eraiki eta bertan gelditu zen. Horren guztiaren lekuko, erdiko kaperaren sarreran zintzilik dauden kateak (penitentzia seinale, alde batetik; eta, bestetik, Kristok gizakiarentzat dakarren askapenaren zeinua, Hark hautsi baititu bekatuaren eta heriotzaren kateak) eta paretan dagoen zuloa, non, fededunek, burua sartuta, kredoa errezatzen baitute deabruaren eta indar txarren kontrako exorzismo gisa.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Done Mikel Aralarkoa izena gomendatu zion Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeak Altsasuko institutuari, lehenago Aralarko Mikel Donea izena baitzuen institutu horrek. [Ikus Jose Maria Satrustegi (1999): «Santutegiko done forma Hegoaldeko tradizioan», Euskera, 44. zenbakia, 1999, 2.]
    Euskaltzaindiak berak, euskara baturako eman duen 139. arauan (Euskal Herria izena), «Done Mikel Aralarkoa» aipatzen du.
  2. EIMAren Izen Zerrendan, Aralarko Done Mikel in Excelsis.
  3. Terminologia lantzen duten erakundeetatik kanpora, Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiarena den www.aralar-excelsis.info webgunean (www.aralarkosanmigel.info webgunean errepikatua), beste izen hauek ageri dira: Aralarko San Migel Santutegia, San Miguel Excelsis santutegia, Excelsisko San Migel Santutegia, San Migel in Excelsisko Santuarioa eta San Migel Excelsis santutegia.
  4. Jose Maria Satrustegi (2002): «Udaberriko ohituren sustraiak», Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, ISSN 0590-1871, 34. urtea, 77. zenbakia, 301-306. orrialdeak.
  5. Aralarko erretaula (Nafarroa), 3digitala webgunean (Euskomedia fundazioa).
  6. (Gaztelaniaz) «1979ko lapurreta eta ondorengo berrezkuraketa (sic)», Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiaren webgunean.
  7. «Aralarko San Migel Santutegia», Nafarroako Gobernuaren turismo webgunean.
  8. (Gaztelaniaz) Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Sailaren dokumentua.
  9. Jose Huarte Lerga (1998): «Aralarko Mikel Aingeruari gurtzea. Mitologia erkatuaren saioa», Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, ISSN 0590-1871, 30. urtea, 71. zenbakia, 157-181. orrialdeak.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Herriko Wikiatlasa