San Migel eliza (Oñati)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
San Migel eliza
Bien de Interés Cultural
Oñate - Iglesia de San Miguel 09.jpg
San Migel eliza.
Kokapena
kokapenmapa
Helbidea Mendiola
Koordenatuak 43° 01′ 59″ N, 2° 24′ 51″ W / 43.0331°N,2.41417°W / 43.0331; -2.41417Koordenatuak: 43° 01′ 59″ N, 2° 24′ 51″ W / 43.0331°N,2.41417°W / 43.0331; -2.41417
Historia eta erabilera
Elizbarrutia Donostiako elizbarrutia
Arkitektura
Estiloa Arkitektura gotiko
Ondarea
BIC RI-51-0000616
Artikulu hau Oñatikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «San Migel eliza».

San Migel eliza, edo San Migel Goiaingeruaren parrokia, Oñatin dagoen parroki-eliza nagusia da. Bertako kapera batean, Pietatearenean, erretaula pizkundetar bat du, Euskal Herriko onenetakoa dena. Elizari atxikia kalostra berezi bat du, azpitik ibaia igarotzen baita.

Eliza gotikoa da, hiru nabekoa, erdikoa alboetakoa baino garaiagoa. Zutabe zilindrikoek banatzen dituzte nabeak. Dorrea neoklasikoa da, kareharri grisezkoa eta Manuel Martin Karrerak eraikia.

Erretaulak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erretaula nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erretaula nagusia.

Neurri handiko erretaula nagusi hau estilo churriguerescokoa dugu, zortzi aldeko oina du eta zizeiluaz, hiru kaleko bi gorputzez eta erremateaz osatzen da. 1714-1717 bitartean egin zuen Vianako guneko Juan Bautista de Suso arkitekto maisuak.

Erretaula honetako kaleak zutabe salomondarren bidez banatzen dira eta fruituz eta orbelaz apainduta agertzen zaizkigu. Lehen gorputza binaka elkartutako zortzi zutabez osatzen da, eta bigarren gorputza, berriz, sei zutabez osatzen da, erdikoak binaka elkartuak eta banaka alboetakoak. Zizeiluaren erdiko zatian eta lehen gorputzean santutegia agertzen zaigu tenplete zabal baten modura, zutabetxo salomondarren gainean eta kupula batez itxia. Santutegiaren gainean, erdi-puntuko horma-konka bat agertzen da. Bertan, San Migelen irudia ikus dezakegu. Alboko kaleetan, horma-hilobi dintelduak ditugu, edergarri ugariz apaindutako txartel handiez hornituak. Zutabeek oin hautsiko taulamendua eusten dute, eta taulamendu honen ertzetan busto bana agertzen da errematean. Atikoko solairuan, Kalbarioa ikus dezakegu, alboetara estipite apainduak dituela. Estipite hauek hegal handi batzuk dituzte alboetara, eta tailak muturretan. Atikoaren gainaldean erremate triangeluarra agertzen da aingerutxoen dekorazioarekin.

Erretaula honetako eskulturen artean erliebeak eta mukulu-tailak aurki ditzakegu. Zizeiluaren alboetan San Migelen bizitzako eszenak irudikatzen dira, eta oinarrietan santu martirien irudi txiki batzuk ageri dira. Kanpoko oinarrien barneko aurpegietan Santa Katalina eta Santa Barbararen irudi bana ikus ditzakegu. Lehen gorputzean, San Migelen irudia ageri da erdian, San Pedro eta San Pablo alboetara dituela. Bigarren gorputzean, Andre Mariaren Jasokundea, San Jose eta San Joakinekin ikus dezakegu, eta muturretan San Sebastian eta San Roke. Goiko aldean, erretaularen gailurrean, Kalbarioaren irudia ageri da, errematearen muturretan Jainko Aitaren eta aingeruen irudiak dituela. Altzariaren polikromiak egikera egokia du. Tailak erregosiz eginak dira eta pintzelez eta esgrafiatuz landutako apaingarriak ditu.

Oñatiko erretaula honetan, altzariaren diseinu arkitektonikoa nabarmentzen da bereziki, zutabe salomondarrak erabiltzen baititu. Horrekin batera, aipagarria da, halaber, erretaularen osaketa eta neurria, Gipuzkoako eremuaren baitan estilo churriguereskoko erretaulagintzaren eredu adierazgarria baita. Azkenik, nabarmentzekoa da altzariaren jatorrizko trazaera bera gorde duten gutxietakoa dugula Oñatiko San Migelen erretaula hau.

Pietatearen kaperako erretaula[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pietatearen kaperako erretaula

Erretaula platereskoa, Rodrigo Mercado Zuatzolaren kapera eta panteoian –biak bat baitira- dago. Oñatiar horrek sortu zuen Oñatiko unibertsitatea, eta haren kargura egin zen kapera hau, Pietatea izena duena. Egitura bera Juan de Tordesillas gaztelarrak egin zuen, eta tailak honako eskultore hauek: Juan Olazaranek, Andres Mendigurenek, Miguel Iragorrik eta Juan Aiala gasteiztarrak. Polikromia, berriz, ez dakigu nork egin zuen.

Erretaula kaperaren osotasunaren barruan dago, altzari liturgikoekin, burdin-hesiarekin eta hilobiarekin batera. Erretaula narratiboa da, egitura arkitektonikoa fatxadakoa eta etxetxotan banaturikoa. Bankua, hiru atal eta atikoa; bost kale, eta, azkenean, guztiaren buru, frontoi hiruki handi bat. Zutabetxoak, pilastrak, inpostak eta taulamenduak ditu etxetxoak bata bestetik banatzeko. Etxetxo horietan, hainbat erliebe dago: irudi txikiak eta osaera itxi-itxia. Pilastrak bankuan ageri dira, nahiko nabarmenak dira, eta mukuluko hainbat eskultura daukate idulki gainean eta txirlen aterpean. Erretaularen gainerako zatian, etxetxoak zutabez daude zehazturik; fusteak "a candelieri" apaindurik daude, fin apaindurik gainera, eta, lehen atalean izan ezik, zutabe horiek balaustredunak dira.

Apainketa fina eta ugaria, Lehen Pizkunde hari dagokion legez. Harpe-itxurako apainketa "a candelieri" egina, aingeru-buruak frisoetan, kartelak, txirlak. Apainketa hori geroz eta konplexuagoa da, atikora hurbildu ahala, hainbat piztia hegadunen irudi eta guzti.

Ikonoetan darabiltzan gaiak direla-eta, gai batzuk Andre Mariaren ziklotik aterata daude, beste batzuk Pasiotik, eta beste debozio batzuk ere ageri dira, hala nola, San Roke eta San Sebastian, Oñatiko zaindariak garai batean. Bankuan, profeten irudi artean (irudi horiek erretaulatik aparte daude gainera), honako hauek ere ageri dira: "Baratzean errezoan", "Harrapatu zutenekoa", "Jesus Herodesen aurrean", "Ecce homo" eta "Kalbarioko bidean". Lehenengo atalean honako erliebe hauek daude ikusgai: San Mikel Satan garaitzen, "Jaiotza", "Pietatea", "Agerkundea", "Jesus eta doktoreak" eta batez ere –hauxe azpimarratu behar, fina baita oso-, erdiko kaleko Pietatea. Bigarren atalean, alboko kaleetan, "Ama Birjinaren jaiotza", "Tenplura agertu zenekoa", "Deikundea" eta "Ikustaldia", eta erdiko hobian Ama birjinaren "Jasokundea". Hirugarren atalean, muturretan, San Sebastian eta San Rokeren irudiak ageri dira, aprte, etxetxo txiki batzuetan sartuta, eta azken buruan txirla batzuk dituztela; eta barrukoetan, "Piztuera" eta "Zeruratzea"; eta erdian, Espiritu Santuaren etorrera dago irudikaturik. Atikoan, Aita Betikoaren irudia arku baten barruan. Eta azken-azkenean frontoi hiruki bat eta, erpinean, piztia bat.

Erretaula hau bai tamainaz bai kalitatez da nabarmena, kalitate artistiko bikainekoa baita, eta Pizkundeko euskal erretaulen adibide paregabea dugu. Landuta dagoen moduan, erretaula bizi-bizia da, eta Alonso Berrugueteren eraginik ere badu. Polikromia ere garai hartakoa da, Erromatar izeneko horretakoa, eta irudien estofatua da denetan aipagarriena.

Irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: San Migel eliza (Oñati) Aldatu lotura Wikidatan